Stanley Kubrick

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Stanley Kubrick (1928ko uztailaren 26a - 1999ko martxoaren 7a) Ameriketako Estatu Batuetako zinema zuzendari eta ekoizle goraipatua izan zen.

XX. mendeko zuzendari eraginkorrenetakoa da, bere zinema erabat berritzailea baita. Haren film gehienak literaturako lanetan oinarriturik daude, eta istorio laburra badute ere, oso argiak eta zorrotzak dira. Teknikoki biziki landuak, pop zein musika klasikoa nahasten dira.

Oscar bat irabazi zuen efektu berezien arloan 2001: A Space Odyssey filmarengatik. Txikitatik interesatu zen argazkigintzan, eta bere graduazio egunetik argazkilaritzako Look aldizkarirako egin zuen lan, hasieran freelance gisa, eta langile bezala ondoren. Zinema inguruan egindako lehen lanak, RKO Picturesentzako zuzendu eta ekoiztu zituen grabazio promozional eta dokumental motzak izan ziren.

Stanley Kubrick zuzendari, gidoilari eta produktore estatubatuarraren zinemaren ezaugarririk nagusienak perfekzio teknikoa eta sinbolismo intelektual sakona dira. Oso zehatza izan zen bere pelikuletan, detailerik txikiena era kontrolatzen zuen eta mugaraino eraman zituen bere eskura zituen baliabide zinematografikoak. Lehen pelikulak James B. Harris ekoizlearekin egin zituen: Atraco perfecto, Senderos de gloria eta Lolita, adibidez.

Stanley Kubrick 1928ko uztailaren 26an jaio zen Bronxen (New York, AEB), nahiko maila altuko familia batean. Gazte-gaztetik erakutsi zuen musika, batez ere jazza, ajedreza eta argazkigintzarako zaletasuna. Zaletasun horiek eragina izango zuten gero izango zuen zuzendari lanean. Oraindik ikaslea zela argazki batzuk saldu zizkion Look aldizkariari eta 17 urterekin lana lortu zuen bertan.

1951an, lehen filma egiteko erabili zuen aurreratuta zeukan dirua, Walter Cartier boxeolariari buruzko dokumentala izan zen: El dia de la pelea. Padre Volador (1951) eta Los marineros (1953) film laburrak egin zituen ondoren.

Urte horretan, 1953an, lehen film luzea egin zuen Miedo y deseo, jaberik gabeko lurren alde borroka egiten duen soldadu talde bati buruzko pelikula. 10 langile baino gutxiagorekin egin zuen eta bera arduratu zen ia lan gehienetaz; bi lagunek eta lehen emazteak (Toba Metz, 18 urterekin ezkondu zen berarekin) lagundu zioten. Pelikula honen kopia askorik ez dago, Kubrickek berak eskatu zuen deuseztatzeko, bere esanetan, pelikula "gaztaroko akatsa" zen.

Pelikulak ez zuen arrakasta handirik izan, baina hurrengo lana finantzatzen lagundu zion: El beso del asesino (1955), mafioso baten alaba ezagutu eta berarekin maitemintzen den boxeolari baten istorioa kontatzen du intrigazko pelikula honek. Film honetan bere bigarren emaztea izango zenak egiten du lan, Ruth Sobotka. Baliabide gutxirekin egin zuen film hau, baina Kubrickek zuri-beltzezko argazkiekin zuen maisutasunak James B. Harrisen, NBCko produktore baten, arreta piztu zuen.

1956an, Kubrick eta Harrisek ekoiztetxe bat sortu zuten eta bien artean Atraco perfecto pelikula egin zuten, Lionel Whiten nobela batean oinarrituta dago eta Sterling Hayden da protagonista. Hipodromo batean egindako lapurreta kontatzen du filmak. Garai hartan berrikuntza handia izan zen Kubrickek film honetan nola erabili zuen denbora zinematografikoa.

Hollywoodeko pertsonaia batzuen arreta piztu zuen lan horrek, horien artean, Kirk Douglasena. Bost pelikula egiteko kontratua sinatu zuten aktorearekin. Taldearen lehen pelikula Senderos de gloria (1957) izan zen. Douglas bera zen protagonista, Dax koronelaren papera egin zuen, Lehen Mundu Gerran, etsaiaren aurrean koldarrak izateaz akusatu zituzten soldaduak defendatu beharko ditu koronelak. Kubricken lehen film polemikoa izango zen. Senderos de gloria pelikulan bere alderik humanistena eta sentikorrena erakusten du Kubrickek, inoiz egin den amaierarik hunkigarriena dauka. Filma egiten ari zela, hirugarren eta azken emaztea ezagutu zuen, Suzanne Christianne.

1960an Douglasekin egingo zuen berriz topo Kubrickek. Aktorea, Espartaco egiteko zuzendari bila zebilen, Anthony Mannen ordez. Kubrickek proposamena onartu zuen, hain aurrekontu handia zuen pelikulak bere ibilbideari bultzada handia emango ziolako. Pelikulak hiru Oscar sari irabazi zituen eta zinema-aretoetan lortu zuen lehen arrakasta izan zen. Kubriken lanak bultzada handia izan zuen.

Douglasekin beste hiru pelikula egiteko zuten kontratua bertan behera uztea lortu zuten Kubrick eta Harrisek. Bien artean egindako hurrengo lana Lolita (1962) pelikula izan zen, Vladimir Nabokoven nobela batean oinarritutakoa. Zalaparta handia sortu zuen filmak. Humbert Humberten (James Masonek antzeztua) istorioa kontatzen du, adin ertaineko gizon hau 14 urteko neska batekin maiteminduko da eta, bera lortzeko, neskatilaren amarekin ezkonduko da. Beste maisulan bat da pelikula, Kubrickek istorioak kontatzeko zuen gaitasun bikaina erakusten du. Hainbat arrazoiengatik, Ingalaterran egin zuen.

Stanley Kubrickek, James B. Harris produktorearengandik banandu ostean, bakarka ekoiztu zituen pelikulak. Bere filmeetan entzute handiko idazleen lanak egokitzen jarraitu zuen: ¿Telefono rojo? Volamos hacia Moscu, La naranja mecanica eta Barry Lindon, adibidez. 60ko hamarkadan Britainia Handira joan zen bizitzera eta, ordutik, han egin zuen lan. Zuzendariaren azken pelikula hil ostean estreinatu zen: Eyes wide shut.

Lolita egin ostean, Harris eta Kubrickek elkartea desegin zuten eta zuzendariak bakarka ekoiztu zuen hurrengo pelikula. Gerra hotza eta Kubako misilen krisiaren garaian, 1964an, ¿Telefono rojo? Volamos hacia Moscu filma egin zuen. Hasieran gai hori seriotasunez lantzeko asmoa zuen arren, azkenean umore beltzeko komedia bat egin zuen. Peter Sellers aktoreak hiru pertsonaiaren papera egin zuen pelikula horretan. Arrakasta handia izan zuen, baina baita kritikak ere, AEBko defentsa sistemari buruz ematen zuen irudi txarragatik.

1968an, zinemaren historiako pelikularik moderno eta arriskutsuenaz etorri zitzaion bere ibilbidearen une gorena: 2001: Una odisea del espacio. Zientzia-fikziozko film honetan gizakiaren etorkizuneko eboluzioa kontatzen du eta berarekin ibilbideko Oscar bakarra irabazi zuen, efektu berezi onenarena. Zinemaren historiako pelikularik onenen artean dago 2001: Una odisea del espacio.

60ko hamarkadaren amaieran Britainia Handira joan zen bizitzera Kubrick eta han egingo zituen hurrengo pelikulak.

1971an Anthony Burgessen nobela bat egokitu zuen Kubrickek La naranja mecanica pelikulan. Alexen istorioa kontatzen du. Gazte oso oldarkorra da eta bere denbora-pasa gogokoenak bortxaketa, ultrabortzikeria eta Beethoven dira. Pelikulan erakusten ziren irudi gogorrak eta kalean hainbat eszena imitatu zituztelako, zinema-aretoetatik kentzeko eskatu zuen Kubricek. Oscar sarietarako hiru izendapen jaso zituen: moldatutako gidoi onenarena, zuzendari onenarena eta ekoizle onenarena.

Pelikula futurista biren ostean, gaia aldatu eta Barry Lyndon lana egin zuen. XVIII. mendean kokatutako istorioa da eta William Makepeace Thackerayk XIX.ean idatzi zuen. Kritikak aspergarri eta klasikoegia zela esan zuen. Hala ere, Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso zituen, zuzendariaren aurreko edozein pelikulak baino gehiago.

1980an Stephen Kingen nobela batean oinarritutako beldurrezko pelikula bat estreinatu zuen, El resplandor. Filmak arrakasta ekonomiko handia izan zuen; kritikak ordea, ez zion harrera ona egin. Gaur egun, genero honetako pelikula onenen artean dago.

Hurrengo filma egin zuenerako zazpi urte pasa ziren. 1987an La chaqueta metalica estreinatu zuen. Berriz gerraren gaia jorratu zuen, baina oraingoan Vietnamekoa. La chaqueta metalicarekin ospea berreskuratu zuen eta kultuzko zuzendari bihurtu zuen.

1990eko maiatzean, Martin Scorsese, Woody Allen, Francis Coppola, Steven Spielberg, Robert Redford, Sidney Pollack eta George Lucas zinemagileekin batera, Film fundazioa sortu zuen, pelikulen zaharberritzea eta zaintza bultzatzen dituen erakundea.

Kubricken azken lana Eyes Wide Shut (1999) izan zen, Arthur Schnitzlerren nobela batean oinarritutako drama psikologikoa da. Tom Cruise eta Nicole Kidmanek New Yorkeko bikote baten papera egiten dute bertan, itxuraz pozik bizi dira euren etxean, baina ametsetan eta fantasietan benetan nolakoak diren agertuko da. Pelikula hau zuzendaria hil ostean estreinatu zen, izan ere, muntaia amaitu eta egun batzuk geroago zendu zen, lo zegoela bihotzekoak emanda, 1999ko martxoaren 7an.

Kubriken lana hainbat alditan saritu dute. Oscar sarietarako 13 izendapen jaso zituen, baina bakarra irabazi zuen bere izenean, efektu bereziena 2001: Una odisea del espacio pelikulagatik. 1997ko martxoan Director Guild of Americak ematen duen saririk handiena jaso zuen, David Wark Griffith izenekoa; eta irailean berriz, bere ibilbide guztiari eskainitako Urrezko Lehoia eman zioten Veneziako Mostran.

[aldatu] Filmografia


[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak