Stanley Prusiner

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Stanley B. Prusiner, 2007an.

Stanley Ben Prusiner (Des Moines, Iowa, AEB, 1942ko maiatzaren 28a) estatubatuar biokimikaria eta neurologoa da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak egin, eta bi urtez Kaliforniako Unibertsitatean ikertzaile aritu ondoren, irakaskuntzan aritu da batez ere, Berkeleyn eta San Franciscon, Neurologiako, Birologiako eta Biokimikako irakasle gisa. 1991tik aurrera sari asko jaso ditu, gehienbat neurologiaren alorrean egindako lanarengatik. 1997an Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, prioiak aurkitzeagatik. Beste era batera esanda, neuronak hondatzen dituzten eta entzefalopatia espongiformeak deritzen zenbait eritasun, besteak beste, behi eroen eritasuna, eta Creutzfeldt-Jakobena gizakiengan, eragiten dituzten proteina kutsagarriak aurkitzeagatik.

Duela 25 urte baino gehiago hasi zen ikertzen, Creutzfeldt-Jakoben gaitza (behikiak pertsonei kutsa diezaiekeenaren antzekoa) zuen pertsona baten heriotzaz geroztik. Adituek bazekiten burmuineko alderdi kutsatuek kutsa zezaketela eritasuna, baina ez zekiten gai kutsatzailea zein izan zitekeen. Hamar urteko ikerketen ondoren, Prusinerrek prioiak identifikatu zituen. Prioiak zelula proteina gisa bizi dira organismoan, hari inolako kalterik egin gabe, baina beren egitura oso forma egonkorrera aldatzeko gaitasuna dute, eta, azkenean, partikula hondatzaile bihur daitezke, neuronak hondatzen baitituzte, garun-ehunetan pilatuz gero. Beraz, buruko eritasunak eta erotasuna eragin dezakete pertsonengan eta animalietan. Prusinerren ustez, prioiek eragindako eritasunak herentziazkoak izan daitezke, eta elikagaien bidez igor daitezke, besteak beste, baina bat-batean ere sor daitezke. Gaitz hori harrapatzen duten pertsonek giharren, oroimenaren eta loaren kontrola galtzen dute, besteak beste. Aurkikuntza horren bidez, Prusinerrek gai kutsatzailearen kontzeptu berri bat sortu du, bakterioarenaz edo birusarenaz beste.

Hainbat erakundetako kide da; besteak beste, 1992an, Zientzietako Akademia Nazionaleko kide hautatu zuten, eta gobernu-kontseiluko kide 2007an. Arte eta Zientzietako Akademiako kide hautatua da (1993), eta Royal Society delako erakundekoa (1996).

Gaur egun Kaliforniako Unibertsitateko Institute for Neurodegenerative Diseases-eko (Endekapenezko Gaixotasunen Institutua) zuzendari da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Stanley Prusiner Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]