Star Trek V: The Final Frontier

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 22:06, 22 urtarrila 2016

Star Trek V: The Final Frontier (euskaraz Star Trek V: Azken Muga) 1989ko William Shatner estatubatuar zinema zuzendari eta aktoreak zuzendu eta antzeztutako zientzia-fikziozko filma bat da. William Shatner, Leonard Nimoy, DeForest Kelley, James Doohan, Walter Koenig, Nichelle Nichols, George Takei eta David Warner aktoreek antzeztu zuten.

Gene Roddenberry gidoigile eta ekoizlearen Star Trek telesaila ospetsuan oinarritutako film saileko bigarren filma izan zen, Star Trek: The Motion Picture (1979), Star Trek II: The Wrath of Khan (1982), Star Trek III: The Search for Spock (1984) eta Star Trek IV: The Voyage Home (1986) filmeen jarraipena da, ondoren jarraipen hauek izan zituen: Star Trek VI: The Undiscovered Country (1991), Star Trek: Generations (1994), Star Trek: First Contact (1996), Star Trek: Insurrection (1998), Star Trek: Nemesis (2002), Star Trek (2009), Star Trek Into Darkness (2013) eta Star Trek Beyond (2016).

Lehenbiziko eszenetan Kirk kapitaina eskalatzen agertzen den harkaitzezko hormatzarra Yosemite Parke Nazionaleko Kapitain Handia deritzon horma ospetsua da.

Argumentua

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

2287. urtea. James T. Kirk (William Shatner), Spock jauna (Leonard Nimoy) eta Leonard McCoy (DeForest Kelley) medikuak euren Lurreko egonaldia ezustean eten beharrean aurkituko dira, Nimbus III planetako Paradisu Hirian matxinatu talde batek hainbat pertsona bahitu berri dituztenez, Izarretako Flotako agintariek haiek askatzeko agindua eta ardura eman baidiete. Bahituak aipatutako hiriko lurtar, klingondar eta romulanotar enbaxadoreak dira, eta matxinatuen buruzagia, Sybok vulkaniarra (Laurence Luckinbill), vulkaniarren usadiozko logikaren filosofiari muzin egiteaz gain, Spocken anai ordea dela jakingo da.

Sybokek jarraitzaileak bereganatzea lortu du (tartean bahituak ere bai), horretarako bere biktimak "oinazetik askatzearen" bidezko teknika mental bitxi bat erabili du, trukean sorreraren hastapenaren lekua "bilatzen lagun diezaioten"... Esne Bidearen erdigunean dagoen planeta batean Edena eta Jainkoa bera dagoela sinistuta.

Bere Nimbus III planetako matxinadaren benetazko helburua Enterprise espaziontzia erakarri eta bereganatzea da, era berean, hausnartutako espazio bidaia burutzea. Enterpriseko eskifaia osoa, Kirk, Spock, McCoy eta Scotty (James Doohan) ez beste, Syboken eraginpean eta esanetara geldituko da, Enterprise espaziontzia planeta ezezagun horretarako bidaian zehar loria gura duen eskarmentu eskaseko klingondar kapitain handigura baten agindupeko espaziontzi batek jarraituko du. Baina helmugara iristean, Sybokek ez du inongo Jainkorik topatuko, bai ordea izaki estralurtar arriskutsu eta oldarkor bat, estralurtarrak Kirk hiltzen eta espaziontzia bereganatzen saiatuko da. Sybokek gainontzekoak bertatik ihes egin dezaten bere burua sakrifikatuko du, eta Kirk bere aldetik, klingondarren espaziontzian dagoen Spock jaunak salbatuko du, bertako klingondar kapitaina Nimbus III planetako Korrd klingondar enbaxadorearen aginduz baretuko baita.

Aktoreak

Saila

Kanpo loturak