Star Wars IV. Atala: Itxaropen Berria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Star Wars Episode IV: A New Hope (Izarretako Gerrak, IV. Atala: Itxaropen Berria), Star Wars (Izarretako Gerrak) jatorrizko izenez, George Lucasek idatzitako eta zuzendutako 1977ko filma da. Laugarren atala izanda ere, Star Wars sagako lehen kaleratutako filma da. Efektu berezien erabilpenean guztiz berritzailea, historiako filmik arrakastatsuenetakoa izan da.

Flash Gordon eta Akira Kurosawaren samurai filmetan oinarrituta, Lucasek 1974an ekin zion film honen lanari. 11 milioi dolarreko aurrekontua edukita, egundoko emaitzak lortu zituen filmak zinemetan, AEBetan 215 eta kanpoan 337 milioi dolar eskuratu baitzituen. Sari andana ere jaso zituen, hala nola Oscarrerako 10 izendapen. Behin baino gehiagotan zinemaratu dute berriro, batzuetan aldaketa nabarmenak egindakoan. 1997 eta 2004ko bertsioetan, ordenagailuek sortutako irudiak tartekatu zituzten.

Filma hau 2005eko Star Wars III. Atala: Sitharren Mendekua filmaren jarraipena eta 1980ko Star Wars V. Atala: Inperioaren Kontraerasoa filmaren aurrekaria da.

Argumentua

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

« Orain dela denbora asko oso urrun, urruneko galaxia batean [...] Gerra Zibil garaia da. Ezkutuko babesleku batetik Inperio Galaktikoa erasotzen duten errebeldeen espaziontziek heuren lehenbiziko garaipena lortu dute. Guduan zehar, inperioaren arma berrienaren plano sekretuak ohostea lortu zuten, Izar Hiltzailea, planeta oso bat suntsitzeko ahalmena duen blindatutako espazio-estazioa. Inperioko agente ilunek atzetik jarraika dituela, Leia printzesa bere ontzian etxera itzultzekotan da, bere herria salbatu eta galaxiara askatasuna ekar dezaketen lapurtutako planoak berarekin bat dakartzalarik [...] »
1977ko Star Wars IV. Atala: Itxaropen Berria filmaren sarrerako testua.[1]

Galaxiako Inperioa eratu eta 19 urte geroago kokatzen da filma, Izar Hiltzailea, planeta bat suntsitzeko gai den arma erraldoiaren eraikuntza amaitzear dagoenean. Printzesa Leiak, Matxinoen Aliantzako buruetako batek arma horren plano sekretuak jaso ondoren, Darth Vader inperioko militarrak atzeman zuen. Plano horiek, kasualitatez, Luke Skywalker nekazariaren eskuetara iritsi ziren. Etxea suntsituta eta familia eraila, Obi-Wan Kenobi maisuarekin eta jedien jakinduriaz eta trebeziez lagunduta printzesa salbatzen saiatu zen.

Tunisiako Matmata herriko lur azpiko bizilekua, Tatooine planetan Luke Skywalker-en etxea filmatzeko erabilia

Aktoreak

Erreferentziak

  1. Star Wars: A New Hope script. 2009ko ekainaren 10a. BlueHarvest.net (Ingelesez)

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Star Wars IV. Atala: Itxaropen Berria Aldatu lotura Wikidatan