Stenka Razin
Stenka Razin (Zimoveyskaya-Donu, Errusia, 1630 - Mosku, Errusia, 1671) kosakoen buruzagia izan zen. Errusian, 1667-1670 urteetan, nekazariek egin zuten matxinadako buruzagia eta heroia.
Kosakoen espedizio bateko buruzagi izan zen 1667an, Volga ibairaino; espedizio horrekin bat egin zuten morrontzatik ihesi zihoazen laborariek. Gudaroste horren buru zela, ontzi batzuez jabetu zen Volga ibaian eta Kaspio itsasoan, eta Persiarako ibilbidean bidelapur jardun zuen; 1670ean Volga ibaian gora egin zuen, eta Tsaritsin, Astrakhan eta Saratov hiriak konkistatu zituen. Moskuko eskualderaino ere iritsi zen, baina Simbirskeko hirian gudua galdu eta Don ibaiaren inguruan ezkutatu zen. Aristokraziako jende-taldeek atxilotu ondoren, Moskuko buruzagien esku utzi zuten Razin, eta laurdenkatu egin zuten. Herri-kanta ugaritan aipatzen da Razin heroia.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.