Stockholm

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Stockholm

Stockholmgo bandera

Stockholmgo armarria

Izen ofiziala Stockholms stad
Estatua SuediaSuedia
Konderria Stockholmgo konderria
Probintzia Södermanland eta Uppland
Herritarra stockholmdar
Koordenatuak

59°21′N 18°4′E / 59.350°N 18.067°E / 59.350; 18.067Koordenatuak: 59°21′N 18°4′E / 59.350°N 18.067°E / 59.350; 18.067

Stockholm non dagoen adierazten duen Sweden-ko/-go/-eko mapa
Stockholm
Eremua 377,30 km²
Biztanleria 788,269 bizt. (2007)
Dentsitatea 2,09 bizt./km²
Sorrera 1252
Telefono aurrizkia 08
http://www.stockholm.se

Stockholm[1] Suediako hiriburu eta hiri handiena da, bai eta Eskandinaviako hirigunerik handienetakoa ere.

Hiriak berak uhartedi bat osatzen du,14 uhartez osatua dago eta 53 zubiz lotua. Horregatik, zenbait turismo-sustatzailek ahaleginak egin dituzte "Iparraldeko Venezia" izendapenari bultzada ematearren.

Administratiboki Stockholmgo konderriko udalerria da eta 765.044 biztanle ditu, eta metropoliak 1.704.930. Suediako gobernuaren eta parlamentuaren egoitza da. Stockholm XIII. mendetik izan da Suediako erdigune politiko eta ekonomikoa.

Hiriaren ikuspegi tipikoenetako bat

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stockholm gauez.

Saga nordikoetan, Stockholmen kokalekua Agnafit izenaz identifikatuta agertzen da, batez ere Agne erregeari lotuta.

Idazkietan, Stockholm izena lehenbizikoz 1252an ageri da, Bergslagengo meatzeak zirela-eta burdinaren merkataritzarako toki garrantzitsua zenean.

Izenaren lehen zatiak (stock) "enbor" esan nahi izan lezake, edo "gotorleku" esan nahi duen hitz aleman zahar batekin (Stock) zerikusia izan lezake, Izenaren bigarren zatiak (holm) "uhartetxo" esan nahi du, eta, uste ohi denez, Stockholmen zentroan dagoen Helgeandsholmen irla dauka aipagai.

Pentsatzen da hiria Birger Jarl-ek fundatu zuela, atzerriko itsas armaden itsas-inbasio batetik Suedia babesteko eta Mälaren lakuaren ertzeko Sigtuna bezalako herrietan lapurretarik ez gertatzeko.

Hiriaren muin edo Alde Zaharra, suedieraz Gamla Stan deiturikoa, 1300etik 1500era bitartean eraiki zen, Helgeandsholmen-en aldameneko irla zentralean.

Stockholmek garrantzia hartu zuen Hansako Ligak Itsaso Baltikoan eginiko merkataritza-jarduerari esker. Garai horretan, Stockholmek lotura ekonomiko eta kultural sendoak ezarri zituen Lübeck, Hamburg, Danzig, Vixby, Reval (gaur egungo Tallinn) eta Rigarekin. 1296tik 1478ra bitartean, Stockholmgo udalbatzak 24 kide izan zituen, eta haien erdiak Hansako Ligaren ordezkariak ziren.

Dokumentu ezberdinetan adierazten denez, 1270ean Stockholm jadanik egiazko hiri bihurtua zen, eta 1289rako Suediako hiririk handiena izatera iritsi zen. Bertako biztanleriaren lehen estimazio fidagarria XV. mendekoa da: garai hartan, gutxi gorabehera mila familiaburu zeuden, eta horrek esan nahi du guztira populazioa bost eta sei mila biztanle bitartekoa zela.

1350ean, hiriak Izurri Beltza pairatu zuen, eta horrek ondorio lazgarriak izan zituen.

Hiriak zeukan garrantzi estrategiko eta ekonomikoa zela-eta, Stockholm munta handiko faktorea izan zen Kalmar-eko Batasuneko errege daniarren eta independentzia nazionalaren aldeko mugimenduaren artean, XV. mendean. 1520an, Christian II.a errege daniarrak hirian sartzea lortu zuen, 1520ko azaroaren 8an oposizioko ordezkarien exekuzio masiboak egin ziren, Stockholmgo sarraskia deiturikoan. Sarraski horrek matxinada gehiago eragin zituen, eta prozesu horrek, azkenean, Kalmar-eko Batasuna haustea erakarri zuen. 1523an Gustav Vasa tronura iritsi eta errege-boterea ezarri zenean, Stockholmgo biztanleria hazten hasi zen, eta 1600erako hamar milakoa izatera iritsia zen.

XVII. mendean, Suedia Europako botere nagusietako bat bihurtu zen, eta horrek bere isla izan zuen Stockholm hiriaren garapenean. 1610etik 1680ra bitartean, populazioa seikoiztu egin zen.

Stockholmgo Gamla Stan (Alde Zaharra) delakoan dagoen kale bat

1634an, Stockholm Suediako inperioaren hiriburu ofizial bilakatu zen. Horrez gain, zenbait merkataritza-arau onetsi ziren, Stockholmi monopolioa ematen ziotenak merkatari atzerritarren eta Suedia nahiz Eskandinaviako beste lurraldeen arteko merkataritzaren gainean.

1713tik 1714ra bitartean, Stockholmek Izurri Beltza jasan zuen. Iparraldeko Gerra Handia amaitu eta hiriko zenbait auzune 1721ean suntsituak izan ondoren, hiriaren garapena zeharo geldotu egin zen. Biztanleriaren hazkundea geratu egin zen eta hazkunde ekonomikoa moteldu. Hala eta guztiz ere, Stockholmek eutsi egin zion Suediako erdigune politikoa izateari, eta Gustav III.aren agintepean kulturaren alorrean garatzen segitu zuen. Hiriko errege-opera garai horren erakusgarri arkitektoniko ona da.

XIX. mendearen bigarren erdirako, Stockholmek bere aitzindaritza ekonomikoa berreskuratu zuen. Industria berriak sortu ziren, eta Stockholm merkataritza eta zerbitzu gune garrantzitsu bihurtu zen, bai eta Suedia barruko oinarri-oinarrizko igarobide ere. Halaber, garai horretan populazioak hazkunde nabarmena izan zuen, gehienbat immigrazioaren ondorioz: mende horren amaieran, hiriko biztanleen % 40 baino gutxiago ziren Stockholmen jaiotakoak. Auzuneak hiriaren mugez haratago eraikitzen hasi ziren.

XIX. mendean, institutu zientifiko mordo bat ireki zen Stockholmen; besteak beste, Karolinska Institutua. 1897an, Arte eta Industria Erakusketa Orokorra egin zen.

XX. mendearen bigarren erdian, Stockholm hiri moderno, teknologikoki aurreratu eta etnikoki anitza bihurtu zen. Eraikin historiko ugari eraitsi zituzten, Klara-ko auzo historiko osoa barne, eta haien ordez arkitektura modernoko eraikinak altxa zituzten. Mende osoan zehar, industria ugari iragan ziren lan intentsiboko jardueretan aritzetik puntako teknologia eta zerbitzuen alorrak jorratzera.

Hiriaren hedapenak aurrera segitu zuen, eta auzo berriak sortu ziren, hala nola Rinkeby eta Tensta. Horietako zenbaitetan, biztanleriaren zati handi bat etorkinek osaturikoa da.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katedralaren dorrea
Errege Jauregia

Suedieraz Gamla Stan deitzen diote hiriaren alde zaharrari. Hiriaren erdialdeko uharte txiki batzuen gainean kokatuta dago, hiria sortu zen lekuan. Bertako kaleen trazadura Erdi Arokoa da.

Hiriaren alderdi honetako eraikin aipagarrienetako batzuk honakoak dira: Katedrala, suedieraz eskuarki Storkyrkan gisa ezagutua, XIII. mendean fundatu zen, baina XVIII. mendeko kanpoalde barrokoa dauka. Dorre bakarreko eraikin hau Suediako "adreiluzko gotiko"aren erakusgarri nabarmena eta Stockholmgo gotzainaren egoitza da. Hortik oso hurbil, estilo barrokoko Errege Jauregia dago (Stockholms slott), Suediako erregearen egoitza ofiziala (nahiz eta ez den bertan bizi, baizik eta Drottningholm jauregian, hiriaren kanpoaldean). Nabarmentzekoak dira, halaber, Eliza Alemana (Tyska kyrkan), tamaina handiko eraikina, eta jauregi nahiz etxalde mordo bat: Riddarhuset (nobleen etxea), Bonde jauregia, Tessin jauregia eta Oxenstierna jauregia. Stockholmgo eraikinik zaharrena Riddarholmen eliza (Riddarholmskyrkan) da, XIII. mendekoa. Eliza honetan daude hilobiratuta Suediako errege-erreginak.

XV. menderako, hiria jadanik bere jatorrizko mugetatik haratago hedatuta zegoen. Garai horretako eraikin txiki batzuk, industria-aroa baino lehenagokoak, aurki daitezke, oraindik ere, Södermalm izeneko aldean.

XIX. mendean eta industrializazio-garaian zehar, Stockholm azkar asko hazi zen, eta bertako arkitektura eta hirigintza-planek Berlin eta Viena bezalako europar hiri handiak zeuzkaten inspirazio-iturri. Garai honetako eraikin aipagarriak dira Suediako Errege Operaren eraikina, eraikin publikoen artean, eta Strandvägen-eko luxuzko etxebizitzak bezalako ekimen pribatuak.

XX. mendean, mugimendu nazionalistak arkitektura-estilo berri bat sustatu zuen, Erdi Aroko eta Pizkundeko ezaugarriek inspiratua eta Jugendstil eta Art Nouveau korronteen eragina ere bazeukana. Horrela, hiriaren eraikinik bereizgarrienetako bat, Stockholmgo Udaletxea, 1911tik 1923ra bitartean eraiki zen. Ragnar Östberg arkitektoaren lan bat da. Garai horretako beste obra azpimarragarri batzuk dira Stockholmgo liburutegi publikoa eta Skogskyrkogården hilerria, "basoko hilerri" gisa ezagutua.

Konserthuset

Ezin aipatu gabe utzi garai berean eraikitako Konserthuset (Stockholmgo Kontzertu Aretoa). Ivar Tengborn-ek diseinatua da, eta 1926an inauguratu zen. Stockholmgo Errege Orkestra Filarmonikoaren egoitza da, baina famatua da, batez ere, areto horretan egiten delako, urtero, Nobel sarien sari-emate ekitaldia (Bakearen Nobel sariarena izan ezik, horren emate-ekitaldia Osloko Udaletxean egiten baita). Konserthuset oso erraza da identifikatzen, kanpotik kolore urdin oso bereizgarriz margotuta dagoelako.

1930eko hamarkadan, Modernismoak bere arrastoa utzi zuen hazten ari zen hiriaren zenbait aldetan. 1950eko hamarkadan, Stockholmgo metroaren sorrerak fase berri baten mugarria ipini zuen Stockholmen hazkundean. 1960ko hamarkadan hiri-aldirien garapenak aurrera segitu zuen, baina garai hartako estetika nagusi zela: masa-produkzioan ekoitzitako etxebizitza-blokeek, industrializazioarekin hain lotuta egon ohi direnek, kritika ugari izan zuten.

Sergels Torg plaza, hiriaren zentroan

Hiri-aldirien garapen horren aldi berean, hiriaren zentroko gune garrantzitsu asko birdiseinatzen hasi ziren. Horrela, Sergels Torg (suedieraz, "Sergel-en plaza") famatua, hiriaren bihotzetako bat, eta bere bost eraikin garaiak 1960ko hamarkadan egin ziren, eta jarraian espazio handiak libre utzi ziren, proiektu berriei tokia egiteko. Garai horretako eraikinik aipagarrienak dira Kultur Etxeak, Hiriko Antzokiak eta Banku Nazionalak osatzen duten multzoa, Sergels Torg-en kokatua eta Peter Celsing arkitektoak diseinatua.

1980ko hamarkadan Modernismoaren hirigintza-ideiak auzitan jartzen hasi ziren, eta dentsitate handiagoko auzoak sortu zituzten, hala nola Skarpnäck. 1990eko hamarkadan, ideia horretan sakonduz, hiri-zentrotik hurbil zegoen industrialde zahar bat birmoldatu zen, eta horren emaitza izan da Hammarby Sjöstad auzune berria.

Udalak hiriaren edertasuna babestu eta zaintzeko batzorde bat eratu du, Skönhetsradet izenekoa.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kulturgintza jori eta aktiboa duen hiri handi bat izateaz gain, Stockholm, Suediako hiriburua den aldetik, erakunde kultural nazional ugariren kokalekua da.

Stockholmen inguruetan UNESCOren Gizateriaren Ondare diren bi toki daude: Drottningholm Errege Jauregia eta Skogskyrkogården hilerria, "basoko hilerri" gisa ezagutua.

Stockholm izan zen 1998ko Europako kultura-hiriburua.

Museoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stockholmek museo-aukera oparoa dauka, milioika pertsonak bisitatzen dituzten 100 museo inguru baitauzka.

Vasa Museoa, kanpotik ikusia
Vasa gerraontzia, 300 urtez urpean hondoratuta egon ondoren berriro lehorreratua, museoan erakusgai

Alabaina, eta dituen arte-museo muntadunez hitz egin baino lehen, komenigarria litzateke bere originaltasun eta interesarengatik arreta oso berezia merezi duen museo aski berri bat (1990ean ireki zen) aipatzea: Vasa Museoa. Objektu bakar bat erakusteko eraiki zen: XVII. mendeko Vasa gerraontzia, munduko gerraontzi boteretsuena izateko asmoz egina, 1628an bere inaugurazio-itsasoratzean hondoratu zena, diseinu-akats baten ondorioz. Hirurehun urte baino gehiagoz Stockholmgo uren azpian galduta egon ondoren, XX. mendean aurkitu eta itsaso azpitik atera zuten. Abentura horren guztiaren nondik norakoei buruzko azalpen zehatzak eta, garrantzitsuago dena, itsasontzia bera, urpean modu harrigarrian kontserbatu zena, erakusgai daude Vasa Museoan.

Museo Nazionalak Suediako arte-bildumarik handiena dauka_ 16.000 margo-lan eta bestelako 30.000 arte-lan. Bildumak XVI. mendean du sorrera, Gustav Vasa-ren garaian, eta harrezkero handituz joan da, Rembrandt eta Antoine Watteau bezalako artisten lanekin, eta Suediako arte-ondarearen funtsezko osagaiak ditu, hala nola Alexander Roslin, Anders Zorn, Johan Tobias Sergel, Carl Larsson, Carl Fredrik Hill eta Ernst Josephson bezalako artisten obrak.

Arte Modernoaren Museoa (suedieraz, Moderna Museet) da Suediako arte modernoaren museo nazionala. Dituen obren artean aipagarri dira Picasso eta Salvador Dalí-renak.

Beste museo aipagarri batzuk:

  • Stockholmgo udal museoa.
  • Skansen: 1891n inauguratua, aire zabaleko museoen adibide eredugarria.
  • Museo Nordikoa: Suediako historia kulturalari eta etnografiari buruzkoa.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu klimatikoak (Stockholm)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) -0.7 1.1 6.0 10.4 16.7 21.2 23 21.2 16.2 11.6 4.9 1.6 11.1
Batez besteko tenperatura (ºC) -2.9 -3.1 0.0 4.6 10.5 15.4 17.2 16.3 12.0 7.3 2.6 -1.1 6.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -5.0 -5.3 -2.7 1.1 6.3 11.3 13.4 12.7 9.0 5.3 0.7 -3.2 3.6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 39 27 26 30 30 45 72 66 55 50 53 46 540
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 16 16 12 10 10 9 9 10 10 10 12 15 139
Eguzki orduak 50 82 155 205 276 302 290 251 184 119 64 43 2021
Iturria: [2]

Stockholmdar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Stockholm Aldatu lotura Wikidatan