Urubi arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Strix aluco» orritik birbideratua)
Urubi arrunta
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaStrigiformes
FamiliaStrigidae
GeneroaStrix
Espeziea Strix aluco
Linneaus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 426 g (helduen pisua)
emea: 524 g (helduen pisua)
Zabalera99 cm
Kumaldiaren tamaina3,2
Eguneko zikloagaueko
Strix aluco sylvatica

Urubi arrunta (Strix aluco) strigidae familiako hegazti harraparia da[1].

Eurasiako eskualde epeletan bizi den hegaztia da Bretainia Handia eta Iberiar Penintsulatik Koreako penintsularaino eta Iran eta Himalaiaraino. Strix aluco mauritanica azpiespeziea ipar-mendebaldeko Afrikan bizi da.

Urubiak lumaje arre-grisaxka kriptikoa, buru handia, aurpegi zapala eta begi beltzak ditu. Habia zuhaitzetako zuloetan egiten du normalean, baina harkaitzetako zuloetan edo eraikuntza zaharretan ere egiten du. Ornodunak jaten ditu, batez ere ugaztun txikiak. Ikusten zaila den arren, bere kantu ozena ia nonahi entzuten da. Euskal Herriko harrapari gautar arruntenetakoa da.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urubi arruntak ez du xehetasun anatomikorik hurbileko ahaideengandik bereziki bereizten duenik. 37 eta 46 cm bitarteko neurriarekin eta 340 eta 459 gramo bitarteko pisuarekin, hontz-ertaina baino trinkoagoa eta indartsuagoa da. Buruan ez du gandorrik, beraz, urubiaren aurpegiak profila biribilagoa du. Hontzek, apo-hontzek eta mozoloek, laranjak edo horiak dituzte begiak, honek beltzak ditu erabat. Harrapari hauen lumajea bi fase edo kolore motatakoa izan daiteke: grisa eta arrea. Normala da urubien bikotean bat grisa eta bestea arrea aurkitzea.

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere kantu indartsua, urteko edozein sasoitan igortzen duena, neguko gau luze eta isiletan zazpi edo zortzi kilometrorainoko distantziara irits daiteke. Urubiak urtaro guztietan ulua egitea, gaueko harrapari hau oso lurraldekoia delako gertatzen da. Bere deiarekin, bere lurraldea markatzen du lehiakideen aurrean. Bere kantua askoz sarriago entzuten da estaltze-garaia hurbiltzen denean.

Basoko espeziea da, eta enbor-barrunbeetan egiten ditu habiak. Koniferoen basoetan beleen habia zaharretan ere egiten ditu, lurrean ere egiten du, eta ez die muzin egiten habia-kutxei edo tamaina eta neurri egokiak dituen beste edozein barrunberi. Behin kumeak hazteko leku egokia aurkituz gero, denbora luzez erabil dezake, 10 eta 15 urte arteko bizitza izan dezake eta, baldin eta ehiztari amorratu batek hiltzen ez badu, edo ibilgailuren batek harrapatzen ez badu; izan ere, larriki kezkatzeko moduko etsai natural gutxi ditu hemen,

Estaltzearen ondoren, emea erruten hasten da, eta gaueko beste harrapariak bezala, gorabehera handiak izaten ditu, harrapakinen kopuruaren arabera. 2 eta 5 arrautza artean jartzen ditu, otsailaren erdialdetik apirila arte, bi eta hiru egun arteko tartearekin. Emeak bakarrik txitatzen ditu, eta arra arduratzen da elikagaiak ekartzeaz. Kumeak txikiak diren bitartean, emea arduratuko da arrak ekarritako harrapakinak zatitzeaz eta banatzeaz.

28 eta 30 egun bitarteko inkubazioaren ondoren, eklosioa gertatzen da, eta kumeak lumatxo zuri-grisaxka batekin jaiotzen dira, tanto gris fin-finekin, begiak itxiak, bi aste ingura zabaltzen dituzte, tonalitate urdinxka erakutsiz, pixkanaka iluntzen joango dira, helduen kolore beltza hartu arte. Jaiotzean, gutxi gora behera 29 gramo pisatzen dute eta habian egiten dituzten 28 edo 30 egunera helduek adinako pisua eta tamaina hartzen dute.

Habia, hegan egiten jakin baino lehen uzten dute, inguruko zuhaitzen adarretan gora igoz, hegan egiten duten heinean gero eta urrunago joateko, gurasoen lurraldearen mugak zeharkatuz, haiek elikatuko dituzte eta ehizan irakatsi uda iritsi arte, ondoren, aitaren lurraldetik kanporatuak izango dira, eta mendietan zehar ibili beharko dute okupatu gabeko lurralde berri baten bila.

Gure latitudeetan, urubiak sedentarioak dira. Gauez harrapatzen dituzten harrapakin ugariz elikatzen dira. Fisiologikoki eta anatomikoki oso ondo egokituta daude harrapakinak ilunpetan harrapatzeko, bai bere hegaldi isilagatik, bai bere pertzepzio-organoen ezaugarriengatik.

Entzumena oso garatua eta oso sentikorra dute. Begi handiek gaueko ikuspen ona ematen diete; iluntasuna ia zulatu egiten dute. Hala ere ez dira mugitzen, beren barrunbeetan geldik egoten dira. Geldi egotea dela eta, ikuseremua ez da 180 gradutara iristen, eta, beraz, eguneko harrapariek baino txikiagoa du. Baina gabezia hori lepoaren konformazioari esker ordezten dute, eta horri esker burua biratu dezakete 270 gradu arteko angelua eginez, mugimendu horretan gorputzak esku hartu gabe.

Urubiaren harrapakin ohikoenak arratoiak, saguak, lursaguak, muxarrak eta bestelako mikromamiferoak dira, bere dieta hegazti, intsektu, anfibio eta narrasti ugarirekin osatuz.

Espezie gutxik dute urubiak adina konfiantza bere kamuflajean. Oso zaila da estrigido hau egunez ikustea, geldirik dagoen bitartean, ia beti enbor edo adar lodi bati materialki itsatsita. Gaitasun kriptikoan konfiantza handia dute, eta horrek, batzuetan, jende asko ibiltzen den lekuetan gelditzera bultzatzen ditu, hala nola ibai-baso txikietan, hiri handietako parkeetan edo herrietatik gertu dauden bideen ertzetan.

Urubi kumea

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urubiak banaketa Paleartikoa du. Europako, Afrikako iparraldeko eta Asiako eremu epeletan eta mediterraneoetan hazten ditu kumeak. Europan, Eskandinaviako hegoalderaino igotzen da. Ohikoa da Iberiar Penintsulako zuhaitz-eremu guztietan.

Basoko espeziea da; nahiago ditu zuhaitz handiak dituzten hostoerorkorren formazio zaharrak, habiak egiteko barrunbe egokiak aurki ditzakeenak, baina ia zuhaitz mota guztietara egokitzen da, baita koniferoetara ere. Baso menditarretatik hasi eta itsas mailako landazabaleko zuhaiztietara iristen da, eta ez da arraroa hiri inguruko parkeetako zuhaitz zaharretan. Oso ohikoa Euskal Herrian, non gaur egun agian gaueko harraparirik ugariena da. Ohikoagoa da isurialde kantauriarrean eta eremu subkantabrikoan, Ebro bailaran baino zuhaizti hobeak daudelako, hala ere, ez da batere arraroa ibar-basoetan, makaldietan eta inguru horretako beste zuhaizti zaharretan. Beraz, oso banaketa orokorra du gure lurraldean.[3]

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiespeziea Bizilekua Aditua
Strix aluco aluco Ipar eta erdialdeko Europa, Eskandinaviatik Mediterraneo eta Itsaso Beltzaraino Linnaeus, 1758
Strix aluco sylvatica Mendebaldeko Europa, tartean Bretainia Handia Shaw, 1809
Strix aluco nivicola Nepaletik hego-ekialdeko Txinaraino, Birmania eta Thailandia (Blyth, 1845)
Strix aluco biddulphi Ipar-mendebaldeko Pakistan eta Kaxmir Scully, 1881
Strix aluco willkonskii Palestinatik iparraldeko Iran eta Kaukasoraino (Menzbier, 1896)
Strix aluco mauritanica Marokotik Tunisia eta Mauritaniaraino (Witherby, 1905)
Strix aluco sanctinicolai Mendebaldeko Iran eta ipar-ekialdeko Irak (Zarudny, 1905)
Strix aluco ma Ipar-ekialdeko Txina eta Korea H. L. Clark, 1907
Strix aluco harmsi Turkmenistan (Zarudny, 1911)
Strix aluco siberiae Erdialdeko Errusia, Uraletatik mendebaldeko Siberiaraino Dementiev, 1933
Strix aluco yamadae Taiwan Yamashina, 1936

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bergmann, Carl (1847). Über die Verhältnisse der Wärmeökonomie der Thiere zu ihrer Grösse. Göttinger Studien 3 (1): 595–708. orr.
  2. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 130 or. ISBN 84-87114-09-1..
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 200 or. ISBN 84-7542-639-5..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.