Su Ta Gar
Wikipedia(e)tik
| Su ta Gar | ||
|---|---|---|
Su ta Gar taldearen emanaldia MUren 10. urteurreneko kontzertuan.
|
||
| Datuak | ||
| Ezizenak | suta | |
| Jatorria | Eibar (Gipuzkoa) | |
| Musika mota | Heavy Thrash Metal Speed Metal |
|
| Urteak | 1987 - gaur egun | |
| Diskoetxeak | Zarata Esan Ozenki Gaztelupeko Hotsak GOR Jo Ta Ke Ekoizpenak |
|
| Webgunea | www.sutagar.com | |
| Taldekideak | ||
| Aitor Gorosabel Igor Oiarbide Xabier Bastida Galder Arrillaga |
||
| Lehenagoko taldekideak | ||
| Borxa Arrillaga(1987tik 1995era) Iban Zugarramurdi(1996tik 2001era) Asier Osoro (1987tik 2007ko bukaerara arte) |
||
Su ta Gar 1987an Euskal Herrian, Gipuzkoako Eibar herrian sorturiko talde heavya da.
Aitor Gorosabel, Asier Osoro, Xabier Bastida eta Borxa Arrillaga ziren taldearen sortzaileak. Eibartarrek lehen kontzertua 1988an eman zuten eta lehen grabaketa euren kontura izan zen 1989an. Maketa honek arrakasta handia izan zuen lokaletan eta bigarren proiektu bati ekin zioten.
Bigarren maketa honek beraien lehen diskoa ateratzea eragin zuen. Lehen diskoa Jaiotze basatia 1991an argitaratzen da eta Euskal Herriaz gain, Austria, Suiza eta Alemanian aurkeztu zuten. 1992an, Su Ta Garrek Esan Ozenki diskoetxea aukeratzen du bigarren diskoa ateratzeko. Disko honek "Hortzak Estuturik" du izena, heavya thrash metal estiloarekin nahasten dute, oso musika azkarra, gogorra eta, aldi berean, melodikoa eginez. Azpimarratzekoa da lan honek taldea ezagutarazi zuela Euskal Herrian zehar.1993an taldeak bira bat egin zuen Europan zehar, E.H Sukarrarekin batera. Biraren azken kontzertua Eibarren eman, bideoan grabatu eta "More Volumen Tour" edo "Su Ta Gar Zuzenean" izenekin kaleratu zuten.
Urte honen irailean berriro estudioan sartu eta "Munstro Hilak" izeneko lana kaleratu zuten. Disko horretan eboluzioa nabarmena da, abestiak astunagoak dira baina indarra galdu gabe.
1995ean Borxak istripua eduki zuen eta eragin handia izan zuen taldean, Galder, Borxaren anaia hasi zen orduan baterian.
1996eko maiatzean "Sentimenak Jarraituz" izeneko diskoa kaleratu zuten. Lan honekin batera, lehenengo aldiz, bideoklip bat aterako zuten, diskoari izena ematen dion abestiaren inguruan. Bideoklip honek hainbat sari jaso zituen. Musikaren aldetik, "Sentimenak jarraituz" nahiko disko bariatua da, non, bitxikeria gisa, ska abesti bat sartzen den.
Esan behar da, "Munstro hilak" eta "Sentimenak jarraituz" lanetan, nabaria dela Aitorren ahotsean aldaketa bat dagoela. Bere ahotsa orain grabeagoa da, lehen soinua agudoagoa izanik. Lan hau Frantzia eta Espainia aldean aurkeztu ondoren, berriro bateria jole aldaketa egongo da. Orain Iban Zugarramurdik hartuko du baketen ardura. Bateria jole hau, Baldin bada taldean aritutakoa zen, besteak beste.
1997ko iraila eta urria bitartean "Agur jauna gizon txuriari" lana kaleratu zuten. Disko honetan thrash metal indartsu eta pisutsua jorratuko zuten. Soinu geldoagoa lehenengo diskoekin konparaturik, eta Aitorren ahotsa urratuagoa. Urte hartako azaroan diskoa Kuban aurkeztu eta abenduan Euskal Herrian aurkeztu zuten.
1999ko ekainean jarraitzaileek eskatuta beraien bi maketak berrargitaratu zituzten "Su ta gar 1987-1989" izenburupean Gaztelupeko hotsak diskoetxearen eskutik. CDak kartoizko kutxa darama taldekideen argazki eta PCetarako egokitutako bideo batekin. Bideoa "Jo ta ke" abestiarena da.
Urte bereko uztaila eta iraila bitartean estudioan sartu ziren disko berria grabatzeko asmoz. Azaroaren 8an Gor diskoetxearekin batera "Homo Sapiens?" izeneko lana atera zuten. Lan honetan lehenengo diskoetako freskotasuna berreskuratzen dute, neurri batean, thrash metalarekin nahastuta baina "Agur Jauna gizon txuriari" baino pixka bat azkarrago eta melodikoagoa.
Diska honek salmenta kopurua handituko zuen, eta askorentzat beraien diskarik onenetariko bat da. Zuzenean aurkezteko argi muntaia berezia erabili zuten, horregatik soilik Euskal Herrian aurkezpenak egingo zituzten. Beraien espektakulua argitaratzeko asmoz, Iholdi Iparraldeko herrian, 2000ko apirilaren 1ean, bideoa grabatu eta "Homo Sapiens Tour 2000" izenarekin argitaratu zuten.Hau disketxe berberarekin atera zuten. Zinta honetan azken hiru disketako 14 kanta bilduko zituzten.
2000aren bukaeran eta 2001aren hasieran lau kontzertu grabatu ostean, zuzeneko diska bikoitza prestatu eta 2001eko apirilean atera zuten, "Jo Ta Ke" izenarekin. Oso diska arrakastatsua izango da eta toki askotan aurkeztuko dute, jendetza handia bilduz. "Jo Ta Ke" aurkezpen bira hasi bezain laster, Iban Zugarramurdik baketak utzi eta bere lekuan Galder Arrillaga berriro sartuko da taldean. Borxaren anaia orain arte egongo da taldean.
Hainbat kontzertu egin ondoren, 2003ko apirilean "Itsasoz beteriko mugetan" 12 abestiko estudioko zazpigarren lana atera zuten. Lan honetan musika gogorra zein lasaiagoa egingo dute. "Agur Jauna gizon txuriari" eta "Homo sapiens?" diskako Thrash Metal doinua pixka bat leunduko dute, eta heavy klasikoa zein hard rock-a landuko dute, balada hunkigarri eta toke modernoekin. Aipatzekoa da azken orduan sartu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren "Zu zara Egunkaria" izeneko omenezko kantua. Bossannova landuz beraien estilotik urrun dagoena, baina komunikabide honen itxiera dela eta prestatu zutena.
Aurkezpen kontzertu batzuk bertan behera gelditu ziren Aitorrren eztarriko ebakuntza bat zela medio. Bestalde Asociación de Víctimas del Terrorismo Espainiako erakundeak, taldearen hitzetan terrorismoari apologia interpretatuko du eta kontzertu batzuen bertan behera geratzea lortuko zuen. 2004-an Iker Trebiño klip ekoizlearekin, "Bizitzaren Borroka" abestiaren inguruko bideo klip-a grabatu zuten. Diska berria atera baino lehen hiru urte egon ziren emanaldiak eskaintzen. Azpimarratzekoa da 2005eko Gernikako Metalway jaialdian eman zutena, Saxon bezalako talde ezagunekin.
Diska hau izango zen GOR disketxearekin argiratuko zuten azkena.
2006ko apirilaren hasieran "Jainko Hilen Uhartean" izeneko zortzigarren estudioko lana atera zuten. Aldaketa nabarmena da oraindik aurrera disketxe propioa sortuko dutela, soilik beraien lanak argitaratzeko. Beraz diska "Jo Ta Ke Ekoizpenak" izeneko diskoetxe berri batekin editatuta dago.
Horrez gain, Juanma Bajo Ulloa zine zuzendari famatuarekin "Itxaropen Hitza" abestiaren inguruko bideoklip-a grabatu eta diskoan sartu zuten. Klip honek sari dexente jaso ditu. Diska honek 11 kanta ditu, non Heavy klasikoa, thrash metal-a eta batzuetan Nu Metal kutsu bat bi abestietan tartekatzen dituzten. Azken lan honetan aspaldiko disketako ("Homo sapiens'" esate baterako) baladen doinu akustikoa berreskuratzen dute bi kantuetan.
"Jainko hilen uhartean" leku askotan aurkeztuko dute, aspaldiko partez Inglaterrara ere joango dira. Oraindik taldearen kontrako kanpainia politikoak jarraitzen du, Madrileko kontzertu bat bertan behera utziz.
2007ko apirilean "Su Ta Gar zuzenean More Volumen Tour" bideoa DVD formatuan berrrargitaratuko zuten, eta bira horretako argazki sorta gehi gaztelera, frantsesaz eta ingelesesz egindako azpitituluak sartuz edizio berrian.
Urte horren abenduan, Durangoko azokari begira "Une iraunkorrak" DVD berria aterako dute. Han "Jainko Hilen Uhartean" birako hiru kontzertuen irudiekin osatutako 75 minutuko kontzertu bat bira, estudioko, zein azken bideoklip-aren grabaketako irudiekin osatuta dago.
Su Ta Garrek 2007an 20 urte bete zituen musika munduan eta horrela ospatu nahi izan dute. Gaur egun Euskal musikaren klasiko eta erreferente bihurtu dira. Beraiek izan ziren euskaraz egindako heavya-ren aitzindariak. Beraien pausoei jarraituz Latzen edota Idi Bihotz bezalako taldeak sortu dira.
2008 urtearen hasieran taldea sortu zenetik izandako baxujole, Asier Osorok, taldea utzi eta Drindots berbena taldean aritutako Igor Oiarbidek hartuko du bere lekua. Orain baxujole defenitiboaren bila dabiltza, web-ean irakur daitekeenez.
Indar handiko taldea da eta lehenengo diskoetan batez ere nabari daiteke betiko Heavy Metal estiloa, Gorosabelek ahotsa ipintzeaz aparte soloetaz arduratzen da.
[aldatu] Diskografia
- Jaiotze Basatia (Zarata, 1991).
- Hortzak Estuturik (Esan Ozenki, 1992).
- Munstro Hilak (Esan Ozenki, 1993).
- Sentimenak Jarraituz (Esan Ozenki, 1996).
- Agur Jauna Gizon Txuriari (Esan Ozenki, 1997).
- Su ta Gar 1987-89 (Gaztelupeko Hotsak, 1999).
- Homo_Sapiens? (GOR, 1999).
- Jo Ta Ke (GOR, 2001). *Zuzeneko 2 CD.
- Itsasoz Beteriko Mugetan (GOR, 2003).
- Jainko Hilen Uhartean (Jo Ta Ke Ekoizpenak, 2006).

