Suleiman I.a

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Suleiman» orritik birbideratua)

Suleiman I.a


Otomandar Inperioko sultana

1520ko urriaren 10a - 1566ko irailaren 17a
Selim I.a - Selim II.a
Bizitza
JaiotzaTrabzon1494ko azaroaren 6a
Herrialdea Otomandar Inperioa
BizilekuaTopkapı jauregia
HeriotzaSzigetvár (en) Itzuli1566ko irailaren 6a (71 urte) (71 urte)
Hobiratze lekuaTomb of Suleiman the Magnificent (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: disenteria
Familia
AitaSelim I.a
AmaAyşe Hafsa Sultan
Ezkontidea(k)Gülfem Hatun (en) Itzuli
Fülane Hatun (en) Itzuli
Mahidevran Gülbahar Hatun (en) Itzuli  (1514 -  1566ko irailaren 7a)
Hürrem Sultan  (1531 (egutegi gregorianoa) -  1558ko apirilaren 15a (egutegi gregorianoa))
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
LeinuaOsmanliar Dinastia
Hezkuntza
Hizkuntzakturkiera
Jarduerak
Jarduerakpoeta, agintaria, legegilea, buruzagi militarra eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama

Find a Grave: 4439 Edit the value on Wikidata

Suleiman I.a (otomandar turkieraz: سليمان , Suleymān; turkieraz: Süleyman; (Trabzon, 1494ko azaroaren 6a - Szigetvár, 1566ko irailaren 6a) Otomandar Inperioko hamargarren sultana izan zen. Haren erregealdiak 1520 eta 1566 artean iraun zuen, eta luzeena izan zen. Bere maila handienetara eraman zuen Inperioa. Bere administrazioaren mendean, Otomandar estatuak, gutxienez, 25 milioi pertsona gobernatzen zituen[1]. Mendebaldean, Suleiman Bikaina edo Handia du ezizentzat[2]; Ekialdean, berriz, Legegile deritze (turkieraz: Kanuni; arabieraz: القانونى, al‐Qānūnī), otomandar sistema legala guztiz eraberritu zuelako.

Aita, Selim I.a sultana, ordezkatu zuen 1520ko irailean, eta erregealdia hasi zuen Erdialdeko Europan eta Mediterraneoan potentzia kristauen aurkako kanpaina militarrari hasiera emanez. Belgrad 1521ean erori zen; 1522-1523an, Rodasen txanda izan zen, San Joaneko Zaldunen menderatze luzetik kenduz. Mohácseko guduan, 1526ko abuztuan, Suleimanek Hungariako indar militarra suntsitu zuen, eta Luis II.ak, hungariar erregeak berak, bizia galdu zuen. Safaviden Inperioarekin gatazkan zebilela, Ekialde Hurbileko zati handi bat (Bagdad barne) eta Afrika iparraldeko eremu zabalak ere bereganatu zituen, Aljeriako mendebalderaino. Bere agindupean, otomandar flotak itsasoak menderatzen zituen Mediterraneotik Itsaso Gorriraino, Persiako golkoa zeharkatzen zuena.

Hedatzen ari zen inperio baten buruan, Suleimanek lege-aldaketa garrantzitsuak sustatu zituen gizartearen, hezkuntzaren, fiskalitatearen eta zuzenbide penalaren arloetan. Ebussuud Efendi inperioko funtzionario judizial nagusiarekin lankidetzan egindako erreformek bi zuzenbide otomandarren arteko harremana harmonizatu zuten: Estatuko zuzenbidea (Kanun) eta erlijio-zuzenbidea (Shari'ah). Suleiman poeta eta urregile bikaina ere izan zen, baita kulturaren mezenas handia ere. Otomandar Inperioaren «Urrezko Aroa» gainbegiratu zuen, eta, ondorioz, haren garapen artistikoa, literarioa eta arkitektonikoa sustatu zituen.

Poeta izateaz gain, kultura eta arteak bultzatu zituen bere erresuman. Sei hizkuntza menderatzen zituen: otomandar turkiera, arabiera, serbiera, txagataiera, persiera eta urdua.

Otomandar ohitura hautsiz, Hürrem Sultanekin, bere haremeko neska batekin, ezkondu zen, Ruteniako jatorria zuen kristaua, islamera bihurtu zena; Mendebaldean Roxelana izenez ezagutu zen, beharbada, ile gorria zuelako[3].​ Haren semeak, Selim II.ak, ordezkatu zuen aita hil zenean, 1566an, berrogeita sei urteko erregealdiaren ondoren. Gainerako balizko oinordekoak (Sehzade Mehmed eta Sehzade Mustafa) hilda zeuden dagoeneko; lehenengoa, baztangaz hil zen, eta, bigarrena, itota. Beste seme bat, Şehzade Bayezid, 1561ean exekutatu egin zuten, lau semeekin batera, sultanaren beraren aginduz, hark antolatutako matxinada baten ondoren. Adituek, normalean, heriotzaren osteko aldia krisi eta egokitzapentzat jotzen zuten gainbehera soiltzat baino. Suleimanen erregealdiaren amaiera mugarria izan zen otomandar historian. Suleimanen ondorengo hamarkadetan, inperioa aldaketa politiko, instituzional eta ekonomiko garrantzitsuak izaten hasi zen, askotan Otomandar Inperioaren Eraldaketa deritzon fenomenoa.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa eta boterera igotzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selim I.a sultana, Suleimanen aita.

Ezer gutxi ezagutzen da Suleimanen bizitzako lehen urteez; garai hartan ez zegoenez arrazoi zehatzik etorkizunean sultan bihurtuko zela pentsatzeko, kronistak ez ziren haurtzaroko gertaera jakin bat erregistratzen saiatu. 1494ko azaroaren 6an jaio zela uste da, Trabzonen, gaur egungo Turkian, bere aitak, Selimek, probintzia hartan agintzen zuenean[4]. Haren ama, 17 urteko Ayedo Hafsa Sultan gaztea, odol errealekoa zen, ziur aski Krimeako Meñli I Girayko khanaren alaba. Heziketa zazpi urterekin hasiko zen, ziur aski, eta Korana, aritmetika, musika, idazketa, Arkularitza ikasi zituen, eta, ia ziur, baita persiar eta arabiera ere. Goi-agintarien seme-alabentzat ohitura zenez, hamaika urte inguru zituela izan zen erdaindua; ama, utzi, eta bere etxera joan zen bizitzera[5].​ Hamabost urte zituela, aitonak, Bayezid II.a sultanak, Karahisarreko gobernadore izendatu zuen, eta, bi urte geroago, Caffako (gaur egungo Feodosia), gobernadore, aspaldian Genovako kolonia eta Iran, India eta Europaren arteko antzinako merkataritzaren bidegurutzea. 1509ko abuztuaren 6an, Suleiman abiatu zen, hirira iritsi eta jabetza hartzeko[6][7].

1512an, Selimek abdikatzera behartu zuen bere aita, sultana zena, eta, aldi berean, bere anai-arrebak eta beste oinordeko batzuk hil zituen, otomandar errege-etxean ohikoa zena; horrela, gerra zibila amaitu, eta sultan legitimoa bihurtu zen[8].​ Garai hartan, 17 urte zituen Suleimanek, eta, Caffa gobernatzeaz gain, beste administrazio-lan batzuk egiten zituen aitaren izenean; Iranen, kanpaina militar batean hartu zuen parte; Edirne gobernatu zuen, eta Magnesiako bidelapurren aurka borrokatu zuen, Eta han gelditu zen, 1512tik aurrera agintea hartzeko[6][9][10].​​​ Magnesian, adiskidetasun estua izan zuen Pargalı İbrahim Paşa-rekin, gertuko aholkulari bihurtuko zen esklaboarekin. Bien bitartean, Otomandar Inperioak hedatzen jarraitu zuen Selimen gidaritzapean, eta Buryi dinastiako mameluko zirkasiarren egiptoar sultanerria garaitu zuen. Horren ondorioz, turkiarrek Siria, Egipto, Palestina eta Arabia bereganatu zituzten, eta, horrela, Meka, Medina eta Jerusalemgo hiru hiri sakratuak kontrolatu zituzten[10][11].

Suleiman Otomandar Inperioaren sultan bihurtzen. Miniatura, Txantiloi:Siglo mendekoa.

Etorkizuneko sultana inperioaren administrazioaz arduratzen zen bitartean, Selim, aita, Konstantinopla eta Edirne arteko bidaia batean hil zen. Berri hori ezkutuan gorde nahi izan zuten, semearen zain, armadan matxinadarik izan ez zedin. Hala ere, Suleimán aitaren hilkutxara iritsi zenean, jenizaroek, armadako eliteko infanteriako tropek, ondorengotza onartu zuten eta, dolu-seinalez, txanoak kendu zituzten inolako zalapartarik gabe[10], neurri batean sultan berriak bere leialtasuna bermatzeko emandako 5.000 asproneko, buruko, opariari esker[12].​ Konstantinoplara itzultzean hileta-segizioaren buruan, azaroaren 1ean, Suleimanek dibanaren aretoan jaso ahal izan zituen goi-mailako agintarien omenaldia: ulemak eta muftí handia, eta, ondorioz, hamargarren otomandar sultan gisa igo zen tronura ofizialki. Bere lehen ekitaldi ofizialen artean, Yavuz Selim-en meskita eraikitzeko eta armadako kideei ohiko onurak emateko aginduak daude. Gainera, Selimek agindutako xedapen gogor batzuk indargabetzea erabaki zuen, eta seiehun egiptoar aipagarri askatu zituen, aitak bere bizitzako azken urteetan hasitako erregimen gupidagabeari amaiera emateko[13].

Hala ere, ordena publikoarekiko lehen kezka Siriatik etorri zen, non hasita baitzegoen Damasko, Beirut eta Trípoliren jabe egin zen Janbirdi al-Ghazali goi-agintariaren matxinada bat. Suleimanek berehala erantzun zuen, Ferhad Pasharen aginduetara kontingente bat bidalita; matxinatuak menderatu, eta altxamendua zapaldu zuen[9][14]. Beraz, erabaki eta gaitasun administratiboa erakutsi zuen, bere mendekoen arabera, garai hartan oso handia zen inperio baten gainean erreinatzeko zuen ezaugarriak, batez ere mundu musulmana nagusi zena eta bere bizitzan zehar zabaltzen jarraituko zuena[15][16].​

Lehenengo zabalkundeak: Belgrad eta Rodas[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suleiman Belgrad konkistatu ondoren.

Bere agintea otomandar mugetan ezarri ondoren, Suleiman kanpo-politikaz arduratu zen. Garai hartan, Europan, etengabeko gatazkek eta katolizismoaren eta protestantismoaren arteko barne-banaketa bortitzek zailtasunak eragiten zituen. Erromatar Inperio Sakratuaren mugak defendatzeko, Fernando Habsburgokoa (Karlos V.a, Erromatar Inperio Santuaren Enperadorearen anaia) ekialdean kokatu zen[17].

1503ko bakeak, Turkia eta Veneziako gerraren amaieran sinatuak, otomandarrei urtero zerga bat ordaintzea aurreikusten zuen. Hungariarren dirua jasotzera joan zen mandatariaren hilketa Casus belli izan zen Suleimanek Danubioko kristauei eraso egin ziezaien Belgrad konkistatzeko, hiri estrategiko horretatik aurrera egin baitzezakeen Vienarantz eta Budapesterantz. 1520ko negu osoan, inperioa espedizioaren prestakuntzan ibili zen, Suleimanen lehenengoa[18]. Hurrengo urteko otsailaren 6an, sultanak zuzendutako armadak Konstantinopla utzi zuen ospakizun arranditsuen erdian[19].

Hiru zutabetan hainbat hilabetez bidaiatu ondoren, tropak Belgradeko ateen aurrean bildu ziren, eta, beraz, hiriaren setioa ekainaren 25ean hasi zen; sultanari bere dignatario gorenek lagundu zioten eragiketen zuzendaritzan: besteak beste, Paşa Pargalı İbrahim, Piri Mehmed bisir handia eta Mehmet Beg Mihaloglu. Azken hori, gero, de facto, Valakiako gobernadore bihurtuko zen. Hasieran eraginkorra izan zen hiriaren defentsa, baina katolikoen eta ortodoxoen arteko erlijio-banaketak sumatu zirenean, bidea erraztu zieten otomandarrei. Hala, bonbardaketa luze baten ondoren, Suleiman hirian sartu zen abuztuaren 29an, non ostiraleko Yumu'ah-ren otoitza berak errezitatu zuen[20][21][22].​​

Suleiman Rodasko setioan (1522).

Belgraden izandako arrakastagatik animatuta, Suleimanek berriro heldu zion bere aita Selimek Rodasko gotorleku kristauari eraso egiteko egindako planari. Jada 1480an, Mehmed II.a saiatu zen ekimen hori aurrera eramaten, baina ez zuen arrakastarik izan. Rodas uhartea, une hartan San Joango zaldunen eskuetan, benetako arriskua zen otomandarrentzat; izan ere, aspalditik, kortsario kristauentzako base bat zen erromes musulmanei eraso egiteko Mekarako Haj bidaian eta merkataritza-ontzien salgaiak lapurtzeko. Jakinik europarrek ez zuketela parte hartuko barne-gatazketan nahasturik baitzeuden, sultanak harekin bukatu nahi izan zuen[21][23].​

1522ko ekainaren 1ean, gutuna bidali zion Philippe Villiers de L'Isle-Adam zaldunen maisu handiari irlaren errenditzea eskatzeko, eta Suleimanek agindu zion Lala Kara Mustafa Paşa espedizioko buruari otomandar armadak Konstantinoplako portua utzi eta Rodarantz nabigatzeko bere hirurehun ontzirekin. Handik egun gutxira, ekainaren 18an, sultana bera lehorretik abiatu zen ehun mila gizoneko segizio batekin Üsküdarretik, zalditeriari gerra egiteko. Uztailaren 2an, Kütahyara iristean, Rumelia eta Anatoliako gobernadoreak emandako beste indarrekin bat egin zuen. Otomandar armada uztailaren 28an iritsi zen Marmarisera. Ehun kanoi baino gehiagoren tiroak agurtuta, sultanak Rodasen setioa hasi zuen[24][25].

Otomandar jenizaroek Rodas erasotzen.

Isle-Adamek hiria defendatzeko indar txiki bat bazuen ere, zazpi mila soldaduk eta zazpiehun zaldunek osatua, oso motibatua zegoen. Hala ere, maisu handirentzat argi zen berrehun mila otomandar geldiarazteko estrategia posible bakarra Europako gainerako indar kristauen esku hartze azkara zela. Setioaren luzapenaz arduratuta, irailaren 23an, Suleimanek Rodasko harresiei eraso egiteko agindua eman zuen, eta ezin izan zuen zaldunen defentsa nekagarria hautsi; bi taldeek galera handiak izan zituzten[26].​ Hurrengo hilaren 12an beste eraso-saio bat ere porrotarekin amaitu zen, jenizaroen ağa (komandantea) zauritu ostean. Abenduaren 10ean, egun batzuk lehenago eraso bakar batean 3.000 soldadu baino gehiago galdu ondoren, Suleimanek errendizioa negoziatzea eskaini zien kristauei. Eskaintza aztertu ondoren, Isle-Adam konturatu zen ez zuela inoiz mendebaldeko kristauengandik espero zuen laguntza jasoko, eta ezin izango zuela setioari askoz denbora gehiago eutsi[27].​ Beraz, amore emateko akordio batera iritsi ziren: zaldunek uhartea arriskurik gabe utzi eta gainerako biztanleek zergetatik eta devşirme-tik salbuetsita bost urtez; hala ere, komandanteek ezin izan zuten jenizaroak gelditu, eta hiria arpilatu eta leku sakratuak profanatu zituzten[28][29].

Suleimanek berak jaso zuen maisu handia, hiria utzi, adiskidetasunez tratatu eta kontsolatu aurretik; sultanak bisir handiari esan omen zion benetan atsekabetuta zegoela agure hura jauregitik bota zuelako. 1523ko urtarrilaren 1ean, bizirik atera ziren zaldunek uhartea utzi, eta Mesinara joan ziren, erbestera (handik urte batzuk geroago, Maltan kokatu ziren); Suleimanek irabazi zuen ez zailtasunik gabe, beste behin ere, eta, ondorioz, beldurra sortu zuen Europako kristau-populazioan[22][28][30].

Barruko gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pargalı İbrahim Paşa, Suleimanen lagun mina eta 1523az geroztik inperioko bisir handia.

Konstantinoplara itzuli zenean, Suleimanek bere lagun zaharra, Pargalino Ibrahim Paşa, Otomandar Inperioko bisir handia eta armada osoko komandante izendatu zuen, jenizaroena izan ezik, ohitura zen moduan. Sultanaren eta Ibrahimen arteko adiskidetasun eta konfiantza handiko harremanak beti interesatu izan ditu historialariak eta garaikideak, eskandalizatu; 1494an, kristau jaioa, Pargan segur aski, Epiroko antzinako Veneziako jabetza bat. Ibrahim preso hartu zuten, eta, gero, Suleimani eskaini zioten. Berehala nabarmendu zen bere adimenagatik eta ikasteko gaitasunagatik, eta hezkuntza egokia jaso behar zuela erabaki zen. Suleiman sultan bihurtu zenean, Ibrahimek bizkor gora egiteko aukera izan zuen inperioaren hierarkian, eta, beraz, «bisir handi» bihurtu zen berehala, 1523ko ekainean. Hala ere, badirudi Ibrahimek berak, bere segurtasunaz arduratuta, bere lagun sultanari eskatu ziola hain lanpostu ospetsu eta arriskutsutzat ez emateko, baina Suleimanek uko egin zion bere eskaera kontuan hartzeari baldintzarik gabeko babesa bermatuz[31][32].​

Hürrem Sultan-en XIX. mendeko erretratua.

1524ko maiatzaren 18an, Hürrem Sultan (1502-1558) hasekiak, (konkubina gogokoena) eta Suleimanen emazteak, Selim semea erditu zuen. Ezer gutxi ezagutzen da Hürremen jatorriaz, Mendebaldean Roxelana izenaz ezaguna zena, segur aski, harem inperialari emandako esklabu tartaroa zen. Nolanahi ere, laster bihurtu zen Suleimanen gustukoena, eta Mahidevran Gülbahar lehen hasekia alboratu zuen, zeinak, 1515ean, Şehzade Mustafa lehensemea eman baitzion Manisako gobernadore zela. Selim baino lehen, Hürremek beste bi seme-alaba izana zen sultanarekin, 1521ean jaiotako Sehzade Mehmed eta 1522an jaiotako Sehzade Abdullah, hiru urte geroago hil zena. Asko hitz egin da Roxelanari buruz; denbora gutxian, haremeko esklabotik ohaidetzara igarotzeko gai izan zen, eta, azkenik, legezko emaztea izatera, otomandar ohituren aurka; eragin handia izan zuen sultanarengan; izan ere, historialari batzuen ustez, trama-ehulea zen; azkenean, inperioko politika guztia eta, bereziki, sultanerriaren ondorengotza baldintzatu zuen, eta «emakumeen sultanerriaren» hasletzat hartu zuten[33][34].

Inperioa gogor gobernatzen zen arren, matxinadak nahiko ugariak ziren, seguru asko, Ibrahim Paşa bisir handi izendatu izanarekin pozik ez zeudelako; haren lehiakide Ahmed Paşak, Egiptoko gobernadore izendatu berriak, matxinada bat antolatu zuen, eta, horren ondorioz, hasiera batean lortu zuen mamelukoen dignatarioen, Jerusalemgo Ospitaleko Zaldunen maisuaren, Ismail I.a Persiako Xahren eta baita Aita Santuaren laguntza ere. Hala ere, mamelukoek, baztertu, eta laster hil zuten, eta matxinada bertan behera gelditu zen[35].​ Egipto matxinadarako lur emankorra zela jakinik, Suleimanek Ibrahim bidaltzea erabaki zuen, misio baterako erabat fidagarria zen pertsona bakarra[36].​ Urtebetean, bisir leial handiak matxinatuak menderatu, legeak aldarrikatu eta boterearen administrazioa berrantolatu zuen; haren arrakasta hain izan zen handia, ezen, inguru hartan, ez zen beste matxinadarik ezagutu hiru mende baino gehiagoz[37].

Suleiman Rodasko setioan (1522).

Azken espedizioa eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1566an, Suleimanek 72 urte zituen, eta horietatik 46 inperioa gobernatzen eman zituen; sultan zaharrak hezueriaz sufritzen zuen, eta gurpil-aulkian mugitzera behartuta zegoen. Habsburgoko Maximiliano II.a bere aita Fernando I.aren ondorengoa izan zen Erromatar Germaniar Inperio Santuaren tronuan, eta bizitza berria eman zien Habsburgotarrek Danubioko herrialdeei buruz zituzten asmoei. Horrek Transilvaniaren auzia berriro jarri zuen mahai gainean, urte batzuetan alboratuak otomandarren garaipenen ondoren[38].

Szigetvár-eko setioa.

1566ko maiatzaren 1ean, sultana Konstantinoplatik abiatu zen inoiz izan den armadarik handienetako baten buru zela. Dirudienez, hamahirugarren kanpaina militarrerako, artilleriaz hornituriko hirurehun mila soldaduko armada erraldoi bat antolatu zuen. Hamar urte baino gehiago zeramatzan espedizio batean pertsonalki parte hartu gabe, eta, horregatik, bisirrek zein herri xeheak kritikatu egiten zuten, izan ere, otomandar buruzagiaren betebeharra etengabe borrokatzea baitzen, islamaren mugak zabaltzeko. Badirudi kanpaina erraza izan zela, eta, seguruenik, ez zen borrokarik behar izan[39].

Hala ere, gaixotasunak sakonki ahuldu zuen; ezin zuen zaldi gainean ibili, eta tropen atzetik gurdi bati esker jarraitu behar zuen. Arrazoi naturalengatik mantsotutako eta 49 egun iraun ondoren, Solimán Belgradera iritsi zen, eta, gero, Zemun-era jo zuen. Han, Juan Segismundok jaso zuen ospe handiz[40][41].

Suleimanen hileta-segizioa

Tisa eta Transilvaniaren arteko lurraldeetan boterea eman ondoren, sultana Szigetvarrera joan zen, eta abuztuaren 6az geroztik setio baten pean jarri zuen. Borrokek irailaren 8ra arte iraun zuten, baina Suleimanek ezin izan zuen amaiera ikusi: bere dendan hil zen irailaren 5etik 6rako gauean. Armadan istiluak saihesteko, kanpainan jarraitzen baitzuen, Sokollu Mehmet Bajá bisir handiak sultanaren heriotzaren berria ezkutuan gordetzea erabaki zuen, Selim oinordekoa aitaren hilkutxara iritsi arte behintzat. Une hartan, geratzen zen printze bakarra Kütahyan zegoen, gobernadore, eta, informazioa jaso bezain laster, Sokollurekin bat egitera abiatu zen. Itxaronaldian, bisir handiak jende guztiari eragotzi zion Suleimanen gorpua zegoen dendan sartzea, eta aginduak eman zizkien tropei, hildako sultanetik bailetorkeen. Armada Konstantinoplara itzuli zenean ere, sekretua gorde egin zen Hegoaldeko Transdanubiako operazioak amaitu ondoren[42]. Segizioa Belgradetik hurbil zegoela iritsi zen Selim, eta orduan zabaldu zen albistea[43][44].​

Sultanaren baltsamatutako gorpua Konstantinoplara eraman zuten Roxelanarekin batera Süleymaniyen meskitatik gertu eraikitako mausoleoan ehorzteko. Haren bihotza, gibela eta beste zenbait organo, berriz, Turbéken lurperatu zituzten, Szigetvar-en kanpoaldean, eta hantxe zenotafio bat eraiki zen, zeina sakratu eta erromesaldi leku bihurtu zen. Hamarkada batean, meskita bat eta sufi-ostatu bat eraiki ziren inguruetan, eta zenbait dozena soldadu jarri ziren lekua zaintzeko. Historialariek ez dute sultan handiaren hileta-zeremoniarik ezagutzen; oso sinplea izan behar izan zuen, islamean ohikoa zen bezala[45].

Irudi fisikoa eta nortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suleiman gaztearen irarlana, Hieronymus Hopfer (1526).

Bartolomeo Contarini diplomatiko veneziarrak Suleiman sultan bihurtu zen uneko itxuraren lehen deskribapenetako bat utzi zuen: «Hogeita bost urte besterik ez ditu (berez, 26), altua eta mehea da, baina gogorra, aurpegi fin eta hezurtsu duena. Aurpegian, ilea nabaria da, baina ia ez du. Sultana atsegina eta umore onekoa da. Suleimanek izen egokia duela esaten da, irakurtzea gustatzen zaiola, ondo informatuta dagoela eta sen ona duela»[46][47].​​ Aurreko irudi bat Lehenago marraztutako irudi bat Albrecht Dürerena da, 1526an egina, baina hark ez zuen inoiz ezagutu otomandar sultana, baizik eta Konstantinoplan egon ziren veneziar merkatarien deskribapenetan oinarritu zen. Hala ere, Durer-en irudikapenaren zehaztasuna Hieronymus Hopfer-ek egindako marrazkiaren antzekotasunak berresten dute; bi kasuetan, sultan handiak lepo luzanga, sudur okertua eta belarri txikiak ditu; ezaugarri somatikoak, neurri handi batean Mehmed II.a birraitonaren antza dutenak, Gentile Belliniren erretratu ezagunetik adierazi bezala[46].​ Haren heldutasun-urteen ondorengo deskribapen batek honela deskribatzen du: «Gizon gaztea, mehea eta oso ahula, baina esku indartsua duena eta arkua inork baino hobeto jaurti dezakeena»[43].

Suleiman Tiziano Vecellioren tailerreko koadro batean.

Bestalde, Ogier Ghislain Bousbecquekoa Suleiman zahar baten deskribapena egiten du, Amasyan sartu zeneko urteetan (1555): «Haren aurpegia triste egon arren, haren adierazpenak maiestate handi baten sentsazioaren iturri izaten jarraitzen zuen. Bere osasuna ona da bere gorpuzkera txarragatik ez bada, baizik eta gaixotasun sekreturen baten seinale. Baina, emakumeek bezala, denboraren kalteak ondo jasan ditzake. Makilatu egiten da, batez ere enbaxadoreak agurtzen dituen egunetan»[48].

Gehiengoak, lasai eta gogoetatsu gisa deskribatzen du sultanaren izaera, Selim I.a[46] aitaren izaera odolberotik oso urrun; Veneziako diplomatiko batek, berriz, 1530 inguruan otomandar gortean, zera dio: «Haren izaera kolerikoa eta malenkoniatsua da, eta ez da oso ona lanean, ezen inperioa bisir handiaren esku utzi du, eta, ez berak, ez beste inork ez baitu erabakirik hartzen haren aholkurik gabe; Ibrahim, aldiz, ez Jaun handia, ez beste inor kontsultatu gabe hartzen ditu erabakiak»[43]. Izan ere, bere garaikide europarrek agintari handitzat hartu bazuten ere, ez zuten utzi Roxelana emaztearenganako eta Ibrahim Paxarenganako menpekotasun handiegiaren aitortza eta bere seme-alaben heriotzen salaketa[49].

Nolanahi ere, iruzkingile guztiak bat datoz esatean «musulman errukitsu, fanatismo orori immune eta kristauenganako tolerantea» zela, sinesgabeen eskubideak bermatzen zituena (Dhimmi), baina baita heresia txiitakotzat jotzen zuenaren aurkakoa ere[15]. Sinetsita Jainkoa alde zuela, otoitz sutsuak errezitatzen zituen gudu garrantzitsu bakoitzaren aurretik eta, hiri bat konkistatu orduko, meskita batera joaten zen garaipenagatik eskerrak ematera. Administratzen ari ez zenean, gorteko adituekin eztabaida teologikoetan parte hartzen zuen, filosofia eta liburu sakratuak ikasten zituen, eta Suleimanek berak kopiatutako Koranaren zortzi ale gorde dira[43].

Suleimanek itsas-armadako almirantea, Hayreddin Bizargorria, agurtzen.

Legezko musulman gisa, bizimodu neurriduna erakutsi zuen, baina ez lehen sultanen parekoa. Iruzkingileek xehetasunez adierazi izan dute bere baxera portzelanazkoa zela, eta behin bakarrik erabili zituela ontzi preziotsuak, baina juristek errieta egin zioten. Zahartzaroan, are kontu handiagoz ibili zen, eta loza besterik ez zuen erabili. Gaztetan onartu zituen edari alkoholdunak ere, gero debekatu egin zituen[49][50].​​ Hala ere, bere irudi publikoa beti egon zen oparotasun-aura batez inguratuta. Gorteak berak garatutako zeremonia ikaragarria jarraitzen zuen, eta agurtzen zituen enbaxadoreak harrituta gelditzen ziren hainbeste aberastasunaren aurrean. Bere bizitza markatu zuten kanpaina ugarietako batean sartzeko Suleimanek bere armadarekin hiriburua uzten zuen bakoitzean, festa zoragarriak ospatzen ziren. Kasu horietan, sultana oihal ederrez jantzi eta bitxi ederrak eraman zale zen[51].

Zahartzaroan, Suleimanek, gaixotasunarekin eta etengabeko kanpaina militarrekin nazkatuta, gaztaroan nabarmendu zitzaion sena gerlariaren zati bat galdu zuen; Antonio Barbarigo nobleak sultanaren irudi bat ematen du 1558an: «Gizon honek 66 urte ditu, eta zorioneko 32 urteko erregealdia bete du; garaiera ertainekoa da, gogorra beste modu batekoa baino, zurbila, begi beltz handiak ditu, eta sudur iletsua; zaldun zuzena da, onbera eta oso erlijiosoa bere eskubidean, nahiz eta gaztetan belikoa eta gerraren maitalea izan; argi dago, orain zaharra denez, printze ororekin bakea nahi duela eta inoiz ez diola inori gerrarik egingo, borrokan dabilenekin edo gezurrezko ministroek horretara behartzen ez badute. Badaki herrialde eta erresuma askotako jauna dela, eta bakean dituenekin gozatu nahi du. Oso gustuko du historia, eta etengabe irakurtzen ditu Alexandro Handiaren eta pertsiarren historiak. Gizona hezueriz jota dago, eta, horregatik, bere medikuen aholkuz, urtero Adrianopolisera joaten da negua igarotzera»[52].

Genealogia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Italieraz) «Sulaimā´n I - Treccani» Treccani (Noiz kontsultatua: 2024-04-02).
  2. Merriman, Roger Bigelow. (1944). Suleiman the Magnificent, 1520–1566. Cambridge, Massachusetts: Harvard University Press OCLC .784228.
  3. Downey 1961, 255-256 orr. .
  4. Clot 1986, 35 orr. .
  5. Clot 1986, 36-37 orr. .
  6. a b Vercellini 1997, 9 orr. .
  7. Clot 1986, 37 orr. .
  8. Clot 1986, 38 orr. .
  9. a b Mantran 1999, 164 orr. .
  10. a b c Clot 1986, 39 orr. .
  11. Mantran 1999, 162-163 orr. .
  12. Downey 1961, 22 orr. .
  13. Clot 1986, 40-41 orr. .
  14. Clot 1986, 43 orr. .
  15. a b Clot 1986, 42 orr. .
  16. Downey 1961, 23-24 orr. .
  17. Clot 1986, 45 orr. .
  18. Clot 1986, 47 orr. .
  19. Clot 1986, 48-49 orr. .
  20. Clot 1986, 50 orr. .
  21. a b Vercellini 1997, 12 orr. .
  22. a b Mantran 1999, 165 orr. .
  23. Clot 1986, 51-52 orr. .
  24. Clot 1986, 53 orr. .
  25. Downey 1961, 55-61 orr. .
  26. Clot 1986, 54 orr. .
  27. Clot 1986, 55 orr. .
  28. a b Clot 1986, 56-57 orr. .
  29. Downey 1961, 60-65, 70-71 orr. .
  30. Downey 1961, 77-78 orr. .
  31. Clot 1986, 61-62 orr. .
  32. Downey 1961, 84-87 orr. .
  33. Clot 1986, 64, 84 orr. .
  34. Mansel 1997, 82-83 orr. .
  35. Clot 1986, 64-65 orr. .
  36. Clot 1986, 65 orr. .
  37. Clot 1986, 66 orr. .
  38. Clot 1986, 182 orr. .
  39. Clot 1986, 182-183 orr. .
  40. Clot 1986, 184 orr. .
  41. Downey 1961, 335-336 orr. .
  42. Clot 1986, 186 orr. .
  43. a b c d Clot 1986, 87 orr. .
  44. Mantran 1999, 174 orr. .
  45. Clot 1986, 188 orr. .
  46. a b c Clot 1986, 41 orr. .
  47. Mansel 1997, 61 orr. .
  48. Clot 1986, 162 orr. .
  49. a b Mantran 1999, 179 orr. .
  50. Clot 1986, 88, 163 orr. .
  51. Clot 1986, 94-95 orr. .
  52. Vercellini 1997, 5 orr. .

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturri gehigarriak, sarean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Finkel, Caroline. (2005). Osman's Dream: The Story of the Ottoman Empire, 1300–1923. New York: Basic Books ISBN 978-0-465-02396-7..
  • Süleyman the Second and His Time. Istanbul: The Isis Press ISBN 975-428-052-5..; deals with Suleiman 1494–1566
  • Lamb, Harold. Suleiman the Magnificent Sultan of the East (1951) online
  • Necipoğlu, Gülru. The Age of Sinan: Architectural Culture in the Ottoman Empire (Princeton University Press, 2005)Txantiloi:ISBN?
  • Parry, V. J. "The Ottoman Empire, 1520–1566." in The New Cambridge Modern History II: The Reformation 1520–1559 (2nd ed 1990): 570–594 online
  • Yermolenko, Galina I., ed. Roxolana in European literature, history and culture . (Routledge, 2016) ISBN 9780754667612

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]