Sun Yat-sen
Sun Yat-Sen, txineraz 孫文 / 孫逸仙 (Zhongshan, Guangdong, Txina, 1886ko azaroaren 12a - Pekin, Txina, 1925eko martxoaren 12a) Txinako iraultzailea izan zen.
Biografia[aldatu]
Medikuntzako ikasketak egin zituen Hawaiin eta Hong Kongen, eta sendagile izan zen Makaon. 1894an Txina Berriro Antolatzeko Elkartea sortu zuen Filipinetan. Triades izeneko ezkutuko elkarteko kide izan zen, eta monarkiaren aurka borrokatu zen. Londresa erbesteratu behar izan zuen, eta 1908an Liga Iraultzailea sortu zuen, gero Kuomintang alderdia bilakatu zena.
1911ko bukaeran, iraultza hasia zelarik, Shanghaira joan zen, eta berehala, Txinako Errepublikako lehendakari izendatu zuten; baina, Yuan Xikai jeneralari aurre egiteko indar militarrik ezean, erbesteratu egin behar izan zuen berriro. 1918an beste gobernu iraultzaile bat egin zuen Shanghai eta Guangdongen, nazio indartsuekiko berdintasuna, demokrazia eta ekonomia-aurreramendua aldarrikatzen zituena.
1921ean Japoniara ihes egin zuen, eta mendebaldeko nazioen laguntza eskatu zuen; alferrik ordea. Sobietarrek, berriz, laguntza eskaini zioten, eta Txinako komunisten lankidetza ere onartu zuen. 1923an Txinako iparraldeko jauntxoak garaitu zituen sobietarren laguntzaz. 1924an Kuomintangek programa politiko berria jakinarazi zuen.
1925ean Sun Yat-Sen Pekinen sartu zen, eta handik gutxira hil zen. Txina modernoaren sortzailetzat hartua izan da.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.