Tajikistan

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tajikistango Errepublika
Ҷумҳурии Тоҷикистон
Tajikistango bandera
Bandera

Tajikistango armarria
Armarria

Goiburua: Ez du
Nazio ereserkia:
Surudi milli
Tajikistan: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Duxanbe
38°33′N 68°48′E / 38.550°N 68.800°E / 38.550; 68.800Koordenatuak: 38°33′N 68°48′E / 38.550°N 68.800°E / 38.550; 68.800
Hizkuntza ofiziala(k) Tajikera, persiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Emomalii Rakhmon
Kokhir Rasulzoda
Independentzia
SESBetik

1991eko irailaren 9a
Eremua
• Guztira
• Ura

143.100 km² (92.)
% 0,3
Biztanleria
• Zenbatespena (2006)
• Errolda (2003)
• Dentsitatea

Herritarra

7.320.815 (100.)
7.011.556
51 biztanle/km² (120.)

tajikistandar, tajik
Dirua Somoni (TJS)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

Ez (UTC +5)
Interneteko domeinua .tj
Telefono aurrezenbakia +992

Tajikistan[1], Tajikeraz: Тоҷикистон / تاجیکستان / Tojikiston, Asiako erdialdeko estatua, itsasbazterrik gabea, Sobietar Batasun ohiko errepublika izana. Izenak Tajik-en Herria esan nahi du. Hiriburua Duxanbe da. Beste hiri nagusiak Khojand (Leninabad izana) eta Kuljab dira.

Muga hauek ditu: iparraldean, Kirgizistan; ekialdean, Txina; hegoaldean, Afganistan; mendebaldean eta ipar-mendebaldean, Uzbekistan.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tajikistan lurralde menditsua da. Irudian, Pamir eskualdeko mendiak.

Oso lurralde menditsua da; izan ere, lurraldearen erdia baino gehiago 3.000 m-tik gorakoa da. Asiako erdialdeko Tian Shan mendikate handiaren mendebaldeko eta hegoaldeko mendiek (Kuramin, Mogoltau, Turkistan, Zeravshan, Gissar eta Alai mendien parte batek) hartzen dute Tajikistango iparraldea eta erdialdea, eta beti elurretan dagoen Pamir-Alai mendialdeak hego-ekialdea. Mendi garaienak Pamir mendialdeko iparraldeko Lenin (7.135 m) eta Komunismo edo Ismoil Somoni (7.495 m) dira. Hego-mendebaldea, erdialdeko Gissar mendien eta Afganistanekin muga egiten duen Panj (edo Amu Daria) ibaiaren artekoa, sakanez eta oso ibar zabalek ebakitako mendi txikiagoz osatua da. Ibarrek lurraldearen % 10 hartzen dute, baina biztanleen % 90ren bizitoki dira. Handienak iparraldeko Ferganako haranaren mendebaldea, eta hegoaldeko Gissar, Vakhx, Yavansu, Obikiik, Kafirnigan eta Panj dira. Lurraldearen egitura geologikoa dela eta, lurrikarak izateko arrisku handia da Tajikistanen (700 hildako 1989ko urtarrilaren 23an). Ibai nagusiak lurraldearen iparraldeko eta hegoaldeko muga egiten duten Sir Daria eta Panj dira; Aral itsasoan isurtzen dute ura. Haien adar nagusiak Zeravxan, Vakhx eta Kafirnigan dira. Pamir mendialdeko erreka batzuk ur gaziko Karakul aintziran isurtzen dira; izan ere, Pamir mendialdean glaziar izandako aintzira batzuk daude.

Tajikistanek klima kontinentala du mendialdean eta subtropikala ibarretan. Ibarrek oso uda bero eta lehorrak dituzte, eta negu gogorrenetan -20 Â°C-ko hotza ere izaten da. Iparraldean (Khujanden), batez beste, 27 Â°C-ko beroa dute udan, eta -0,9 Â°C-ko hotza neguan; hego-mendebaldean (Kuljaben), 30 Â°C eta 2 Â°C dira uda-neguetako batez besteko tenperaturak. Euri gutxi izaten da: 150-200 mm. Lurralde garaietan (Murgaben), berriz, -20 Â°C inguruko neguak izaten dira, baina -46 Â°C eta gehiagoko hotza ere egiten du, eta euri gutxi. Nolanahi ere, mendebaldeko haize hezeek 800-1.500 mm bitarteko elurra uzten dute mendi garaienetan. Lurraldearen egitura eta klima direla eta, Tajikistanen 5.000 landare-espezie baino gehiago hazten dira. Basoak lurraldearen % 4 hartzen du; gainerakoak belardiak, zuhaixkak eta sastrakadiak dira.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tajik etniakoak dira Tajikistango biztanle gehienak. Irudian, tajik etniako haurrak.

Tajikistango biztanleen erdiak baino gehiago tajik etniakoa da; etnia hori da Asia erdialdean turkiarren sailekoa ez den bakarra. Uzbekak % 25 eta errusiarrak % 3,3 dira. Erlijioen banaketa hau da: musulman suniak, % 80; musulman xiitak, % 5. Burujabetasunaren garaia arte, errusiar asko bizi zen Tajikistanen, baina burujabetasuna lortu zuenez gero, emigrazio nabarmena izan da errusiarren taldean. Tajikistango hizkuntza ofiziala tadjikera da, baina errusiera eta tokian tokiko dialektoak erabiltzen dira. Biztanleen bi heren-edo hegoaldean bizi dira, nekazari-inguruetan; heren bat inguru bizi da hirietan (inguru hartako urbanizazio-maila apalena duen herrialdea da). Asiako erdialdeko beste herrialde batzuen antzera, biztanle kopurua bizkor ari da igotzen (% 1,4, 1999ko estimazioen arabera), eta % 41 inguruk 15 urte baino gutxiago du. Bizi-itxaropena 64 urtekoa da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pamirreko mendialde bakartuena izan ezik, Tajikistango historia antzinako Baktriana eta Sogdiana (Transoxiana) lurraldeei lotua egon da. K. a. VI.-K. a. IV. mendeen bitartean, persiar akemenestarren mende egon zen lurraldea, eta geroago, K. a. 331-250 urteetan, Alexandro Handiaren eta haren ondorengoen mende. Geroago, Kusan erresuma (K. o. I.-IV. mendeak), sasandarrak eta Turkiako khanerriak (552-740) lurraldea beren mende hartzen ahalegindu ziren.

VIII. mendean, arabiarrek Amu Daria ibaia igaro eta tadjiken lurraldea, Sogdiana, menderatu zuten. Arabiarren islamizazioari uko egin zioten Zoroastroren jarraitzaileak mendietan babestu ziren. X. mendetik aurrera, lurraldea turkiar musulmanen mendean egon zen, Gengis Khan mongoliar (XIII. mendea) eta Tamerlan tartariar (XIV. mendea) konkistatzaileen mendean erori baino lehen. XVI. mendearen hasieran, Uzbekiako khanerriko probintzia bihurtu zen. Tadjikek Asiako erdialde osora hedatu zen turkiar kulturaren zabalkundeari aurre egin zioten, beren hizkuntza galdu gabe.

XVIII. mendearen erdia arte, tadjikak Bukharako emirerriaren mende egon ziren, baina orduan, afganiarrek Amu Daria ibaiaren hegoaldea eta hego-mendebaldea hartu zituzten, han bizi ziren tadjikak eta tadjiken kulturaren hiri nagusietako bat zen Balkh barne. 1860 eta 1870 geroztikako urteetan, Errusiako Inperioak Asiako erdialdean egin zituen konkisten ondorioz, Zeravshan eta Fergana ibarretako tadjikak errusiarren mende geratu ziren. Bien bitartean, 1868an, Bukharako emirerria Errusiaren protektoratu bilakatu zen.

Tajikistan, Sobietar Batasuneko Errepublika Sozialista (SESB)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiar Iraultzaren ondoren, Tajikistango lurraldea 1918ko apirilean sortu zen Turkistango Sobietar Errepublika Sozialista Autonomoaren eta Bukharako emirerriaren artean banatua zegoen. Baina 1920an, Tajikistango parterik handiena hartzen zuen Bukhara Sobietar Batasuneko errepublika bihurtu zen, eta 1921aren hasieran, Sobietar Batasuneko gudarosteek Duxanbe eta Kuljab konkistatu zituzten. 1922 eta 1930 bitartean, basmatxiek boltxebikeei aurre egin zieten. 1924an, Tajikistango Sobietar Errepublika Sozialista Autonomoa sortu zen, Uzbekiako Sobietar Errepublika Sozialistaren barruan. 1925ean, Gorno-Badakshan errepublika autonomoa sortu zen Pamirren, Kara-Kirgiziako eta Tajikistango lurrekin. 1929ko abenduaren 5ean, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko errepubliketako bat izatera pasatu zen Tajikistan. Urte horretan bertan, Khodjango eskualdeak Tajikistanekin bat egin zuen. Gobernuak islamaren aurkako eta ateismoaren aldeko jarrera izanagatik, erlijio-maisu musulmanek, ezkutuan, lanean jarraitu zuten.

Gorbatxoven Perestroikarekin batera, askatasun handiagoa eman zitzaien islamari eta nazionalismoari.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991n Tajikistanek burujabetasuna lortu zuenez gero, barne-gatazka larriak izan dira, islamisten eta kontserbadore komunisten artean, batez ere. Sobietar Batasuna desegin aurretik ere gatazka larriak izan ziren etnien eta erlijio desberdineko taldeen artean, eta gatazka horiek areagotu egin ziren burujabetasuna lortu zelarik; izan ere, Tajikistan da Sobietar Batasun ohiko errepublika guztietan erlijioak indar gehien duen lurraldea.

1991ko hauteskundeetan 1981-1985 bitartean alderdi komunistako idazkari izandako Rakhman Nabievitx Nabiev atera zen garaile, baina oposizioa kontra agertu zen, eta 1992an istilu larriak izan ziren. Nabievek dimisioa eman behar izan zuen, baina iparraldeko komunistek eraso gogorra egin zuten oposizioaren kontra, eta komunistazaleek berreskuratu zuten aginpidea. Herri Fronteko buru Emomalii Rakhmon izendatu zuten lehendakari. Komunistazaleek zapalkuntza gogorra bideratu zuten oposizioaren kontra, eta milaka lagunek ihes egin behar izan zuten. Dena dela, Tajikistango istiluetan alderdi politikoen arteko gorabeherekin batera eskualdeka antolaturiko leinuen arteko gatazka odoltsuak izan ziren; errusiarrek ihes egin behar izan zuten, eta milaka tadjikek erbesteratu. Bi eskualdek, Kuljabek eta Khojandek, aginpidea zutenen alde egin zuten, hau da, komunisten alde; beste biak, hego-mendebaldekoek, aldiz, nazionalisten eta islamdarren aldekoak ziren. Eskualdekako zatiketa horrek garbiketa etnikoa ekarri zuen. Su-etena sinatzeko zenbait ahalegin egin ondoren, 1997. urtean bake-hitzarmena sinatu zen, baina oso mantso bideratu ziren neurriak. Oposizioko Tadjiken Batasuna osatu zuten oposizioko taldeek eta, 1997ko hitzarmenari jarraituz, Imamali Rahmanoven gobernuak talde haren ordezkaritza onartu behar izan zuen gobernuan; Adiskidantzarako Nazio Batzordea osatu, eta amnistia onartu zen.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tajikistango konstituzioa 1994koa da. Errepublika parlamentarioko erregimena du; lehendakaria da estatuburua, eta gobernuburua da ministro-kontseiluaren buruzagia. Bi kargudun horiena da aginpide betearazlearen ardura. Aginpide legegilea, berriz, Biltzar Gorenaren erantzukizuna da. Lurraldea bi oblastetan eta beste oblast autonomo batean dago banatua.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tajikistan munduko herrialderik behartsuenetako bat da: berak du Sobietar Batasun ohiko barne-produktu gordin apalena, eta pobreena da errepublika sobietar ohietan. Nekazaritza da ekonomiaren oinarri nagusia; gehien lantzen den gaia kotoia da, baina fruta, laboreak, mahatsa, barazkiak etab. ere lantzen dira. Baliabide natural ugari dago, baina kopuru txikietan guztiak: zilarra, urrea, uranioa, ikatza eta tungstenoa; petrolio eta gas naturaleko erreserbak ere badira. Industria askotarikoa da, nekazaritzari eta energia-ekoizpenari lotua bereziki. Industriak eta laborantza-abeltzaintzak antzeko portzentajea hartzen dute barne-produktu gordinean. Tajikistango ekonomia oso ahulduta gelditu zen 1992ko gerra zibilaren eraginez (droga-trafikoa eta kontrabandoa zabaldu ziren), eta Moskuren laguntzak eten eta merkatuak galdu izanaren ondorioz; ekonomiaren aurrerapenerako eragozpen handia dira, orobat, klima gogorra eta komunikabide txarrak. Errusiaren eta Uzbekistanen laguntzen mende eta laguntza humanitarioaren mende egon zen garai hartan Tajikistango ekonomia, bertako behar oinarrizkoenak asetzeko. 1997an bake-hitzarmena sinatu zen arren, arazo larriak izan zituzten gerrako iheslariak eta borrokalariak bertako ekonomian txertatzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tajikistan Aldatu lotura Wikidatan