Tamerlan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Txantiloi:Agintari infotaula

Timur Lang, Timur Lenk edo Tamerlan[1] (persieraz تيمور لنگ Timür-i lang, «Timur herrena») edota Timur soilik (persieraz تیمور Timūr, txagataieraz Temür «burdina») (Kesh, Samarkandatik hurbil, Uzbekistan, c. 1336 - Tximkent, Kazakhztan, 1405) XIV. mendean ekialdeko, erdialdeko eta mendebaldeko Asia menperatu zuen konkistatzaile, buruzagi militar eta politikoa izan zen, timuridoen dinastiaren sortzailea. 1405ean hil zen, Txina inbaditzeko zorian zela.

Timurren inperioa.

Turkiar eta mongol jatorriko noble musulman honek Eurasiaren zati handi bat konkistatu zuen bi hamarkadetan. 1382 eta 1405 artean, bere armadak Delhitik Moskurainoko lurraldeak zeharkatu eta konkistatu zituen, eta hiri asko suntsitu. Haren erasoaldien artean, aipatzekoa da Delhiko arpilaketa 1398an, eta Otomandar Inperioaren aurkako garaipena 1402an. Timur Inperioa osatu zuen Asiako erdialdean (1370-1405), baita timuridoen dinastia ere, zeinek 1857 arte iraun zuen Indiako Mughal Inperioan. Hala ere, inperioaren handitasunak ez zuen fundatzailearen heriotza baino askoz gehiago iraun. Oinordekoek matxinaden aurka borrokatu behar izan zuten. Hauek izan ziren Tamerlanen lau semeak: Djahangir (1376an hila), Omar Xeikh I.a (1391an hila), Miran Xaa (1408an hila) eta Xaa Rukh. Nolanahi ere, zientziaren eta arteen garapena bultzatu zuten, eta Pizkunde Timuridoa izeneko garaia eragin XV. mendean.

Timur mongoliar buruzagi nagusietako bat izan zen, Gengis Khanen parekoa. Haren eta haren ondorengoen garaian, munduko hiri ederrenetako bat izan zen Samarkanda, eta artea eta kultura loratu ziren Asiako erdialdeko lurretan. Indian, Persian eta Europan, ordea, musulman munduko hiri nagusietako batzuk gupida gabe suntsitu zituen mongol buruzagi ankerraren irudia zabaldu zen.

Bizitza

Indiako eta Mongoliako lurraldeetatik Mediterraneo aldeko lurretara zabaldu zen haren inperioa. Transoxianan, egungo Uzbekistanen, finkatu zen barlas mongol leinuko kidea zen. Lang deitzen zioten persiar etsaiek, gudu batean hanka bat elbarritu zitzaiolako, eta izen hori zabaldu zen Europan zehar.

Mongoliar soldadu nomada batzuen buruzagi gisa hasi zen; 1364an, abentura eta gorabehera askoren ondoan, Ilias Khoja Transoxianako erregea menderatu zuen, eta 1366-1370 bitartean, Mongoliar Inperioko khan nagusi bihurtu zen, Samarkandako hirian.

1370-1380 bitartean, Turkistan aldeko khanerriak menderatu eta, Krimeako mongoliar agintarien laguntzaz errusiarrei eraso zien. 1380an sartu zen Moskun, eta lituaniarrak garaitu zituen Poltavako guduan.


Timurren ehorzlekuak, Gur-e Amir mausoleoak zutik dirau gaur egun ere, Samarkandan.
Timurren ehorzlekuak, Gur-e Amir mausoleoak zutik dirau gaur egun ere, Samarkandan.

1383an Persiako konkistari ekin zion: 1383-1385 bitartean Khorasan eta Persiako ekialdea konkistatu zituen, eta 1386-1394 bitartean, Farz, Irak, Azerbaijan, Armenia, Mesopotamia eta Georgia geratu ziren haren mendean. Urte haietan, Tokhtamish Krimeako mongoliar khana izan zuen arerio nagusi; 1391n menderatu zuen Tokhtamish, eta Moskuko hirian egon zen ondoren, urtebetez.

1398an, Indiari eraso zion bertako musulmanek hinduen aurrean toleranteegiak zirelakoan, eta urte bereko abenduan Delhiko hiria suntsitu zuen. 1399ko apirilean irten zuen Indiatik eta espedizio bat antolatu zuen Egiptoko mamelukoen eta Baiazid I.a otomandar sultanaren aurka. 1401ean mamelukoak menderatu zituen Sirian, eta sakaila handia agindu zuen urte berean Bagdadeko hirian, bere aurka matxinatu zitzaiolako.

1402an hartu zuen Ankara eta 1404an erretiratu zen Samarkandara, Bizantzioko enperadoreak eta Egiptoko sultanak men egin ondoren. Hiri hartara iritsi orduko hasi zen Txinako konkista prestatzen, baina gaixotu eta hil zen. Gur-e Amir mausoleoan ehortzi zuten, Samarkandako hirian. Hil ondoren, seme eta biloba nagusien artean banatu zen haren inperio handia.

Erreferentziak


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tamerlan