Te dastaketaren ebazkizuna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Estatistikan eta probabilitate teorian, te dastaketaren ebazkizuna Ronald Fisher estatistikariak proposatu eta aztertutako probabilitate-ebazkizun bat da, saiakuntza diseinua eta froga estatistikoak ikasi eta aztertzeko aukera ematen duena. Aldi berean, ebazkizunean oinarrituz Fisherek erabilera orokorreko beste froga estatistiko bat ahal izan zuen, egun Fisheren froga zehatz izenez ezagutzen dena.

Ebazkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andre batek te-esnea dastatuz katilura isuri zen lehenengo gaia tea ala esnea izan zen jakiteko gauza dela baieztatzen du. Ahalmen hori frogatzeko, esnea aurretik eta tea aurretik isuri den launa katilu prestatu eta zorizko ordena batean dastatu ditu andreak. Zortzi katiluetan asmatu badu, andreak baieztatzen duen ahalmena sinesgarria dela erabaki behar al da?

Ebazpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken finean, andreak egiten duena zortzi katiluetatik tea lehenengo isuri den lau katiluak hartzea da. Beraz, ebazkizuna ontzi erako ebazkizun moduan azal daiteke, non ontzi batean bi motako launa elementu dauden eta banaka eta itzulerarik gabe lau elementu aterata, mota bateko lau elementuak suertatzen diren. Andreak baieztatzen duen ahalmenik izan ez eta, beraz, zoriz aukeratzen baditu te aurretik isuri diren lau katiluak, katilu guztiak asmatzearen probabilitatea hau da:


p=\frac{{4 \choose 4}{4 \choose 0}}{{8 \choose 0}}=\frac{1}{70}=0.014=%1.4


Probabilitate hori ikusita, zailtzat jotzen da zoriz katilu guztietan asmatzea eta beraz, andreak lehenengo tea ala esnea isuri den jakiteko ahalmena baduela erabaki behar da.

Ebazkizunak saiakuntza diseinuari buruzko galdera interesgarriak sortzen ditu, gainera. Lehenik eta behin, aurretik tea edo esnea isurtzea ez ezik, beste faktoreak (tenperatura, ...) ezin kontrola daitezkeela nabarmendu behar da. Kontrol eza horri aurre egiteko modu bat, katiluak modu nahasian dastatzera eman edo, teknikoki esaten den moduan, aleatorizatzea da, katiluen dastaketa-ordena zoriz erabakiz.

Ebazkizunaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebazkizuna Ronald Fisherek idatzitako Statistical methods for research workers liburuan agertzen da lehen aldiz, baina errealitatean burutu zen esperimentu bat ere ba omen da: Fisherek Rothamsted ikerketa-etxean lan egiten zuen eta bertan, te hartzeko orduan, Fisherek Muriel Bristol ikertzaileari tea eskaini eta honek uko egin zion egun batean, esnea aurretik isuri den tea nahiago zuela adieraziz. Fisherek hori zentzugabea zela adierazi zuen, esnea aurretik edo ondoren isurita diferentziarik ez dagoela adierazi. Bertan zeudenen iradokizunez, saiakuntza burutu eta Bristolek espero zitekeen baino gehiagotan asmatu zuen [1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)   Box, J. F. (1978), R. A. Fisher: The Life of a Scientist ..