Telesforo Monzón
Telesforo Monzón, 1933ko Aberri Egunean hitzaldia ematen, buruzagi jelkidetzat. |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Telesforo Monzón Ortiz de Urruela | |
| Jaio | 1904ko abenduaren 1a | |
| Hil | 1981eko martxoaren 9a | |
(Euskal Herria) |
||
Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Olaso dorrea, Bergara, Gipuzkoa, 1904ko abenduaren 1a - Baiona, Lapurdi, 1981eko martxoaren 9a) euskal idazlea eta politikari nazionalista izan zen.
Bigarren Errepublikaren garaian Eusko Jaurlaritzako kidea izan zen, buruzagi jelkidetzat. Gerra Zibila galdu ondoren, erbestera ihes egin beharra izan zuen. 40 urtez Ipar Euskal Herrian bizi izan zen; aldi hartan aldaketa ideologiko sakona izan zuen, eta Hego Euskal Herrira itzuli zenean Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen.
Eduki-taula |
Bizitza [aldatu]
Telesforo Monzon Bergaran (Gipuzkoa) jaio zen familia aberats batean, Olaso dorretxean. Madrilen egin zituen Zuzenbide ikasketak, bukatu ez zituen arren. Familia karlismo tradiziokoa zen, baina Telesforo gaztea euskal nazionalismorantz hurbildu zen. Berriro ikasi zuen euskara, ia ahaztua zuen hizkuntza, eta jelkide egin zen 1930ean, Bigarren Errepublika hastear zela.
Errepublika garaian Bergarako EAJko zinegotzi hautatu zuten. Hizlari aparta, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere.
1933an, Bigarren Errepublika garaiko Legebiltzarreko diputatu [1] hautatu zuten EAJren izenean.
1931ko apirilaren 12an Gipuzkoako diputatu izan zen Madrilgo parlamentuan eta Eusko Jaurlaritzan barne-arazoetako kontseilari.
Espainiako Gerra Zibilaren bukaeratik Franco diktadorea hil bitartean, Mexikon emandako aldi batez kanpo, Donibane Lohizunen bizi izan zen.
Gerra Zibila [aldatu]
1936ko uztailaren 18an altxamendu militarra izan zen eta Espainiako Gerra Zibila hasi zen. EAJk Errepublikaren alde egin zuen eta Monzon Gipuzkoako Junta de Defentsako kide izan zen. Handik gutxira dimitituko zuen, talde kontrolgabeak egiten ari ziren fusilamenduen aurka baitzegoen. Eusko Gudarostea antolatzeko lanetan parte hartu zuen, Eusko Jaurlaritzaren armada erregularra izango zena.
Eusko Jaurlaritza osatu zenean, Gobernazioko sailburu[1] izendatu zuen Jose Antonio Agirrek. Kargu horretatik eraiki zuen Ertzaintza, gerra garaian ordena mantendu ahal izateko.
Gernikako bonbardaketan testigu izan zen.
Frankistek Euskadi okupatu zutenean, 1937ko abuztuaren 23an, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera egin zuen ihes Santandertik Frantziarantz.
Idazlea [aldatu]
Olaso ezizenez sinatu zituen bere lanak deserrian zebilen bitartean. Olerkigintzan hasi zen lehenengoz, eta 1945ean Mexikon argitaratu zuen Urrundik. 1947an Frantziara itzuli zen, eta Gudarien Eginak argitaratu zuen, bere obrarik ezagunenetakoa. 1950eko hamarkadan antzerkigintzan ere aritu zen, komedia batzuk idatzi zituelarik. 1966an, euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Hala ere, Monzóni ospe handiena kantek eman zioten. Izan ere, hainbat abesti abertzale sortu zuen, doinu ezagunen bati erantsita: Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu eta segi aurrera, Kanta aberria, Aupa gizona, Kalera, kalera...
Idazlanak [aldatu]
Poesia [aldatu]
Telesfororen idazlanik ospetsuenak musikatutako olerkiak ditugu, makina bat euskal abesti abertzaleren hitzak sortu baitzituen: Bai Euskarari, Batasuna, Itziarren semea eta abar (ikus zerrenda osatuago bat hemen). Beste hainbat olerki, aitzitik, idatziz argitaratu zituen:
- Gudarien egiñak. Olerkietan (1947, Graf. Moderne)
- Hitzak eta idazkiak. 4 (1986, Jaizkibel)
- Urrundik. Bake-oroi. Lenengo idaztia (1945, Graf. Cultura)
Antzerkia [aldatu]
- Behorraren ostikoa (1961, Egilea editore)
- Eneko Bizkai eta Maria Lorka (1966, Graf. Hernani)
- Gure behia hila da! (1960, Egilea editore)
- Hazparne-ko Anderea. Antzerkia hiru zatitan (1984, Elkar)
- Menditarrak (1957, Euzko Gogoa)
Herri Batasuneko garaia [aldatu]
1977ko udan itzuli zen eta abuzturako Altsasuko Mahaia osatu zuen, KAS Alternatibaren inguruan antolatzeko grinaz. Urtebete geroago sortu zen Herri Batasuna Altsasun (Nafarroa). Koalizio horretan EAE/ANV, ESB, HASI eta LAIA alderdiek parte hartu zuten, hainbat independenterekin batera.
1979ko martxoko Espainiako hauteskundeetan koalizioak 170.000 boto lortu zituen, Hego Euskal Herrian emandakoen %13. Monzon Kongresurako hautatua izan zen Gipuzkoako barrutian, 46 urte lehenago gertatu zen bezala, orduan EAJko kide moduan. Oraingoan, Monzonek 74 urte zituen eta osasun arazo ugari. Horrez gain, atxilotu egin zuten eta kartzelan gehiago gaixotu zen. Diputatu izateagatik lortu zuen espetxetik irtetea, baina ez zen Kongresura inoiz joan, gaixoegi baitzegoen. 1979ko abenduan Letamendia eta biak epaitu zituzten terrorismoaren apologia egitea egotzita. 1980ko martxoan legebiltzarkide aukeratu zuten EAEko lehen autonomia hauteskundeetan, baina segituan dimititu egin zuen, Antonio Ibargurenek kargua okupatuz. Ez zen Legebiltzarrera joan ere egin, osasun arazoak zirela-eta.
Ezker Abertzalera hurbildu izanaz, bere bizitzaren amaieran Monzonek «HBko Mahai Nazionalaren sei hilabeteetan, langileen egoeraren inguruan, aurreko 70 urteetan baino gehiago» ikasi zuela aitortu zuen.
Baionan hil zen 1981eko martxoaren 9an, eta Bergaran lurperatu zuten.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ a b Eneko Azkarate: «Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko», Goiena.net, 2011-02-11.
Kanpo loturak [aldatu]
- Telesforo Monzonen biografia. Auñamendi Entziklopedia.
- Telesforo Monzoni eskainitako alea, Bidegileak bilduman.
- Telesforo Monzon. Literaturaren Zubitegia.
- Goiena papera 452. zenbakia, 2011ko otsailaren 11. 11. orrialdea. Telesforo Monzon gogoan
- Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko
- 2011ko Pastorala, Monzonen ingurukoa
- (Euskaraz) Joseba Aurkenerena: Monzon eta Orhipeko pastorala [1]
| Eusko Jaurlaritzako Sailburuak (1936) |
|
Jesus Maria Leizaola (Lehendakariordetza eta Justizia eta Kultura) • Telesforo Monzon (Herrizaintza) • Eliodoro de la Torre (Ogasuna) • Santiago Aznar (Industria) • Juan de los Toyos (Lana, Aurreikuspen eta Komunikazioa) • Juan Gracia (Laguntza Soziala) • Ramon Maria Aldasoro (Merkataritza eta Hornikuntza) • Juan Astigarrabia (Herri Lana) • Alfredo Espinosa (Osasuna) • Gonzalo Nardiz (Nekazaritza eta Arrantza) • |
- Telesforo Monzón
- Espainiako Trantsizio Demokratikoa
- Eusko Jaurlaritzako Sailburu ohiak
- Jeltzaleak
- Ezkertiar abertzaleak
- Gipuzkoako idazleak
- Euskal idazleak
- Euskaltzain urgazleak
- Euskal Herriko Aro Garaikidea
- Bergararrak
- 1904ko jaiotzak
- 1981eko heriotzak
- Euskal Herriko frankismoaren erbesteratuak
- Euskal kazetariak
- Euskal antzerkigileak