Teleskopio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nizako behatokiko teleskopioa.

Teleskopioa astroak ikusteko erabiltzen den tresna da. Normalean, instrumentu optikoak dira. Lurrean nahiz espazioan kokatuta egon daitezke.

Lehen, teleskopioetan irudien fokalizazioa lente-sistemen bidez egiten zen; geroagokoetan, ispiluez baliatu ziren. Teleskopio optiko horiek guztiek argia jasotzen dute; 1930eko urteetan erabiltzen hasi ziren irrati-teleskopioetan, ordea, astroek igorririko uhin elektromagnetikoek moldatzen dute irudia. Berrikiago, beste uhin-luzerako bandak, bereziki ultramoreak, X izpiak, infragorriak eta gamma erradiazioa jasotzen dituzten teleskopio bereziak, zenbaitetan sateliteetan ezarriak, erabiltzen hasi dira.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Teleskopioaren historia»

Lehenbiziko teleskopio optikoen artean Galileo izenekoak zeuden, astronomo italiarrak eginikoen arabera moldatuak; tresna horiek hodi batean ezarritako bi lentez osatuak ziren. 1610. urtearen inguruan, Keplerek okular ganbila behatzailearen begiaren eta fokuaren artean ezartzean, geroztikako errefrakziozko teleskopioen oinarri izan zena osatu zuen; modu horretara, gutxienez 1.000 bider handitzeko ahalmena lortu zuen. Erreflexio-teleskopioetan, bestalde, ispilu nagusiak, parabolikoa gehienetan, alderantzizko irudi erreala moldatzen du bere plano fokalean. Lehenengo ispilu horren fokuan kokatua eta askoz txikiagoa den bigarren ispilu batek albo batera edo ardatzaren norabide berean islatzen ditu argi-izpiak, teleskopioaren hoditik kanpora, behatzaileak irudiari antzemateko moduan. Antza denez, lehen erreflexio-teleskopioak Newton-ek moldatu zituen 1671n.

Tresna horietan ispilu nagusia esferikoa da, eta bigarrena laua, teleskopioaren ardatzarekiko 45 gradu makurturik dagoena. Herschelek bigarren ispilua kendu zuen bere teleskopioan (1783), ispilu nagusiari makurtze-maila egokia ematen ziola. Cassegrain-en teleskopioan, bigarren ispilua hiperboliko ganbila da, ispilu nagusiaren ardatz berean kokatua, eta ispilu horretan egindako irekigune batera islatzen ditu argi-izpiak; era horretara, distantzia fokala askoz luzeagoa da (irudi handiagoak). Newton eta Cassegrain sistemak konbinaturik agertzen dira Foucault-Cassegrain izeneko tesleskopioan, baita geroago erabili direnetan ere. Nolanahi ere, arazo bat sortzen dute tresna horiek, teleskopioak zenbat eta gehiago handitu hainbat eta ikuseremu txikiagoa hartzen baitute. Ikuseremua zabaltzean, ispilu ahurrak sortzen duen deformazioa (esferizitate-aberrazioa) gero eta handiagoa izaten da. Hori zuzentzeko eta ikuseremu handiak behatu ahal izateko, 1932an Bernhard Schmidt estoniarrak errefrakzioa eta erreflexioa konbinatzen dituen teleskopio bat sortu zuen. Hamar minutu inguruko arkuaren ordez, Schmidten teleskopioak hamarka graduko eremua hartzen zuen. Ispilu nagusia esferikoa da, eta haren gainetik jarritako lente berezi batek ispiluak sortutako aberrazioa deuseztatzen du. Modu horren arazo nagusia eragiten duen eremu-kurbatura handia da; horregatik, argazkiak pelikula edo plaka kurbatu esferikoetan hartzen dira.

Irrati-teleskopioak ispilu nagusi paraboliko batez hornituak izan ohi dira. Erresoluzio-ahalmen handiagoa lortzearren, bi antena paraboliko edo gehiago loturik dituzten interferometro-sareak erabiltzen dira. Lurreko atmosferak 3.000 angstrom baino gutxiagoko uhin-luzerako erradiazioari pasatzen uzten ez dionez, sateliteetan 100 km-ko garaiera inguruan ezarritako teleskopioak erabiltzen dira. Uhin infragorriekin lan egin behar duten teleskopioak eraikitzeko zailak dira, ispiluek eta euskarriak berak izpi infragorriak igortzen baitituzte zenbaitetan espaziotik datozenak baino indartsuagoak direnak, eta, gainera, zenbait uhin-luzerari dagokienez, garaiera handiagoak beharrezkoak dira erabateko gardentasuna lortu ahal izateko.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Teleskopio
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: teleskopio .

Erreferentziak