Teogonia

Wikipedia, Entziklopedia askea
16th century manuscript of Theogeny

Teogonia (antzinako grezieraz: Θεογονία, Theogonía, literalki, "Jainkoen Jatorria"), Hesiodok idatzitako lan poetiko bat da, greziar mitologiaren Hasiera bezala dena. Eztabaidan dago K.a. VII. mendean edo K.a. VIII. mendean datatu behar ote den.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertan, kosmosaren sorrera eta greziar mitologiako jainkoen leinua kontatzen da, ordura arte, ahoz aho soilik hedatua. Lehen pertsonan idatzia, Hesiodok, munduan, funtsezko mailen arabera pentsatzeko zuen grina islatzen du. Epika grekolatindarreko funtsezko lanetako bat da.

Idazlanaren ardatza jainkoen segida bortitz baten inguruan antolatzen da eta Zeusen garaipenarekin amaitzen. Ardatz honen inguruan mitoak eta genealogiak gehitzen ditu. Hesiodoren mitoek ekialdeko beste kontakizun batzuekiko harremanak dituzte, Egeo inguruan bat egin zuten zibilizazio ezberdinen ondorioa ziurrenik.

Hesiodoren Teogoniak jatorri hirukoitza du. Batetik, beoziarrek orduan ere mantentzen zuten fedea eta Hesiodok ezagutzen zituen beste tradizio batzuk; bestetik, Homeroren jainkoen mundua; eta, azkenik, Hesiodo beraren baliabideak.

Teogoniaren kontakizuna laburbilduz, honako eskema aurki daiteke[1]:

a)   Hitzaurrea: Musak aurkezten ditu eta haien kantuen hartzaileen zerrenda, ondoren Musak laudatzeko eta haiei laguntza eskatzeko.

b)  Kosmogonia: hasieran Kaosa zen, eta haren gainean Lurra etzan zen, gainontzeko izakien egonleku. Eros indar sortzailea dugu.

c)   Jainkoen lehen belaunaldia: Gea eta Uranoren seme-alabak.

d)  Jainkoen bigarren belaunaldia: Gauaren, Erisen eta Lurra eta Pontoren  seme-alabak.

e)   Jainkoen hirugarren belaunaldia: Pontoren seme-alaben ondorengoak, Uranoren seme-alaben ondorengoak.

f)   Zeusek boterea hartzen du: Titanomakia kontatzen da.

g)  Jainkoen laugarren belaunaldia: Zeusen boterea sendotzen da bere seme-alaben bitartez.

h)  Heroien katalogoa.

i)    Emakume heroien katalogoaren hitzaurrea.

Teogoniak, Hesiodoren ondorengo lana funtsatzeko balio izan zuen, moralistagoa eta eguneroko bizitzarako gida praktiko bat bezala diseinatua, non lanaren jainkotiar justifikazioa azaltzen duen, jainkotiarra, errealitatearen sortzaile bezala ulertzen den testuinguru batean, baina soilik, bere presentzia eta errealitatea, egunero, munduko gertaeretan ziurtatzen diren heinean.

Homeroren testuetan ez bezala, Teogonia Egia bezala irakurtzeko idatzia dago, egileari Helikon mendiko Musek egin zioten adierazpen bat bezala, testuaren lehen zatia osatzen duen istorioa. Teogoniako istorioak, homeroar tradizioko jainkoen gehiegizko gizakitzearen erantzun bezala idatziak dirudite.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Martín Sánchez, Adelaida eta María Ángeles. (1986). HESIODO, Teogonía, Trabajos y días, Escudo, Certamen. Alianza.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]