Ama Teresa Kalkutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Teresa Kalkutakoa, 1988an

Teresa Kalkutakoa, jaiotzez Agnes Gonxha Bojaxhiu,[1] (Skopje, Mazedonia, Otomandar Inperioa, 1910eko abuztuaren 26a - Kalkuta, India, 1997ko irailaren 5a) albaniar etniako eta indiar nazionalitateko[2] moja katolikoa izan zen, Karitateko Misiolarien kongregazioa sortu zuena. 40 urte baino gehiago egin zituen Kalkutan (India) "behartsuen artean behartsuenak" zirenei laguntzen. Horretarako, hainbat harrera etxe, ospitale eta abar antolatu zituen, kaleetan hiltzen ari ziren behartsuak jaso eta zaintzeko. 1979an Bakearen Nobel Saria jaso zuen eta Joan Paulo II.ak 2003an dohatsu izendatu.

Zenbaitek diote fanatikoa, fundamentalista eta iruzurgilea zela, oso atzerakoia (abortua munduko gaitzik handiena eta bakearen mehatxurik handiena dela esan zuen Bakearen Nobel Saria jasotzean, eta dibortziatzeko eskubidearen aurkako kanpaina egin zuen Irlandan); Indiako pobreen izenean bildu zituen dirutza handiak ez zituela pobre horien bizi baldintzak hobetzeko erabili, eta diru hori nora joan den aztertu beharko litzatekeela, Karitateko Misiolariek sekretupean gordeta baitituzte diru kontuak; pobreei zaintza eskasak eta desegokiak ematen zizkiela, higiene baldintza txarretan eta mediku tratamendu zaharkitu eta urriegiekin, mina kentzeko inolako bitartekorik gabe (Teresa Kalkutakoaren arabera, «sufritzen ari bazara, horrek esan nahi du Jesus musu ematen ari zaizula!»); beste hainbat gezurren artean, Kalkutan 5000 haurrentzako eskola bat zuela maiz esaten zuen arren, halako eskolarik ez dela inoiz izan; eta Indiako pobreen zerbitzura ez, baizik eta Mendebaldeko aberatsen alde lan egin zuela.[3][4][5]

Gaztaroa

Albaniar jatorriko familia batean jaio zen Skopjen (gaur egun Mazedoniako Errepublikako hiriburua).[2] Haren aita, Nikollë Bojaxhiu, politikaria zen, eta albaniarren eskubideen alde lan egiten zuen; Teresak zortzi urte zituela hil zen, 1919an. Teresaren amak bere seme-alabak erlijio katolikoan hezi zituen. Gaztetatik misiolarien historiak entzutea gustatzen zitzaion, eta 12 urte zituenerako beraietakoa izatea erabaki zuen.

18 urte zituela, Loretoko Ahizpen kongregazioan sartu zen Irlandako komentu batean. Ordutik ez zituen gehiago bere ama eta ahizpak ikusiko. Komentu hartan ingelesa ikasten aritu zen buru belarri, moja horiek misio lurraldeetan zituzten ikastetxeetan hizkuntza horretan ematen baitziren klaseak.

1929an Darjeelingera (India) bidali zuten andereño. Bertan egin zituen lehen botoak, eta bere jatorrizko izena utzi eta Teresa izena hartu zuen, misioen zaindari zen Teresa Lisieuxekoaren omenez. 1937an Kalkutako ikastetxe batera bidali zuten.

Teresari irakasle izatea gustatzen zitzaion arren, gero eta gehiago arduratzen zen bere inguruan nagusi zen pobreziaz. Bereziki, 1943ko goseteak eragin zuen aldaketa sozialak bere ikuskera aldatu zuen.

Karitateko Misiolariak

Teresa Kalkutakoa

1946ko irailaren 10ean Teresak argi ikusi zuen pobreziaren aurrean zerbait egin behar zuela. 1948an Loretoko Ahizpen kongregazioko habitu luze ederra utzi eta beste zuri bat jantzi zuen, marra urdinekin, geroago bizitza osoan zehar erabiliko zuena. Medikuntzako oinarriak ikasi zituen eta gaixoak eta hil zorian zeudenak laguntzen hasi zen.

1950ean Aulki Santuak Karitateko Misiolariak izeneko kongregazioa osatzeko baimena eman zion. Kongregazioaren helburua gosetiak, etxegabeak, legenardunak eta gizarteak baztertuta zituenak jasotzea zen. 13 mojekin hasi zen kongregazio hau gaur egun mundu guztian zabaldu da, eta 4000 moja baino gehiago ditu. 1952an Teresak "hiltzen zeudenentzako lehen egoitza" zabaldu zuen. Bertan, kalean hiltzen ari zirenak jasotzen zituzten heriotza duina emateko, bakoitzaren erlijioaren arabera.

1960tik aurrera, Karitateko Misiolariek mundu mailako arreta bereganatu zuten. Ordena mundu zabalean hedatu zen, eta aberats askok dohaintzak eskaintzen zituzten. Teresak bere bizitza osoan zehar sekulako ospea izan zuen egiten zuen karitate lanagatik, baina bere egoitzetan erabiltzen zituen zenbait metodok kritika gogorrak sortu zituen; besteak beste, zenbaitzuek hilzorian zeudenak bere egoitzetara eramatea salatzen zioten, gero han ere bertan behera hiltzen uzteko.

Gaixotasuna eta heriotza

1983an Erroman zela, bihotzeko atake bat jasan zuen. 1989an izan zuen bigarrena. 1991n pneumonia izurrite batek jo zuen eta bihotzeko arazoak gehitu zitzaizkion. Beste gaixotasun larri batzuk ere jasan behar izan zituen, hala nola, malaria, bihotzeko ezker bentrikuluaren akatsa... 1997ko martxoaren 13an ordenako buruzagitza utzi zuen, osasun arazo larriok zirela eta.

Kalkutako artzapezpikuak adierazi zuenez, ospitalean zela exorzismo bat egin zion bere menpeko apaiz batek, Deabruak bereganatuta zeukala uste zutelako.

1997ko irailaren 5ean hil zen, 87 urte bete berritan. Hil zenean mundu zabaleko hainbat agintari eta herritarrek omenaldiak egin zizkioten. Besteak beste, Indiako gobernuak Estatu hiletak antolatu zituen. Eliza Katolikoak 2003an beatifikatu egin zuen eta gaur egun santu izateko bidean dago.

Erreferentziak

  1. "Blessed Mother Teresa". (2007). Encyclopædia Britannica. Eskuratze data: 2011-04-07.
  2. a b (Ingelesez) «Mother Teresa of Calcutta (1910-1997)», Vatikanoaren webguneko artikulua.
  3. (Ingelesez) Christopher Hitchens: «Mommie Dearest — the pope beatifies Mother Teresa, a fanatic, a fundamentalist, and a fraud», Slate web aldizkaria, 2003-10-20.
  4. (Ingelesez) Sanal Edamaruku (Indiako Arrazionalista Elkarteko lehendakaria): «India has no reason to be grateful to Mother Teresa».
  5. (Ingelesez) Walter Wuellenweber: «Mother Teresa: Where are her millions?». Artikulu hori, lehenengo aldiz, Alemaniako Stern aldizkarian argitaratu zen, 1998ko irailaren 10ean.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ama Teresa Kalkutakoa Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Ama Teresa Kalkutakoa