Terreña behi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Terreña» orritik birbideratua)
Terreña behia
Behi arraza
EspezieaBos taurus
Jatorria Euskal Herria  Espainia
( Kantabria Gaztela eta Leon)
SinonimoakBertoko behia. Terreña. Hemengo behia.


Terreña behia edo —euskaraz eta Gorbeia aldean— bertoko behia Euskal Herriko zein inguruko zenbait lurraldetan zabaldutako bertako Bos taurus edo behi arraza bat da.[1] Behi azienda mota hau Kantabriar behi enbor gaztainkaran kokatzen da, baina inguruko behi gorrien (betizu zein piriniar behi) eraginarekin.

Euskal Herrian Bizkaiko mendebaldean, Gorbeia aldean, Enkarterrietan zein Arabako ipar eta mendebaldean (Aiaraldea, Urkabustaiz, Kuartango eta Gaubean) zabaltzen da egun[2]. Terreña behiak aurki daitezke baita ere Burgosko eta Kantabriako Euskal Herriarekiko mugakideak diren hainbat herrietan[3], baina gune haietan arrazak daukan egungo egoerari buruzko datu falta dago.

Historian zehar behi eta idi terreñoak lanerako oso estimatuak zirenez, arraza honetako abereak beste zenbait herrialdetara hedatzen ziren ere, Gipuzkoara esate baterako. Hori frogatzeko joan den mendeko hainbat argazki zahar daude. Hiru erabilera izan dituen arraza izan da; haragitarako, esnerako zein nekazal lanetarako[4]. Ibiltari onak eta larre eskasetan ondo moldatzen direnak.

Garai batean arraza honen abereen zabalpena handiagoa bazen ere, egun terreña behiaren arrazako abelburuen kopurua txikia da, eta desagertzeko arriskuan dago[3]. FAO erakundeak 1996en urtean desagertzeko zorian dagoen arrazatzat onartu zuen. Nekazaritzako lanek ekarri zuten arraza honen idien gainberaz gain, joan den mendeko azken hamarkadetan dezente murriztu zen animalia hauen populazioa, mendiko larretan beste arraza batzuetako zezenekin gurutzatu baitziren arrazako behiak[1].

Narrua gaztain-kolorekoa edukitzen dute, zenbait tonalitatetan, eta baita hur-kolorekoa ere. Muki-zuntzak, berriz, beltzak edo arbel-kolorekoak izan ohi dituzte. Nekez izaten dituzte soin-gurutzera 142 cm. baino garaiera handiagoa. Adar finak dauzkate, zuriak, eta gehienetan beltzak muturrean. Emeek krema koloreko erroak dauzkate, ilez estalita.

Bere haragiaren kalitate handia dela eta[5][6], arrazak bultzada berria hartu du 2010.tik aurera, Euskal Herriko beste zenbait lekuetara zabalduz eta garai bateko hainbat eskualdetara itzuliz[7]. Arraza honetako behiak ugalkortasun handikoak dira, euren landatartasuna dela eta.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenaren etimologiari dagokionez, terreña edo terreño hitz erromantzea, nahiko ezaguna da Araba aldean, eta zera adierazten du: aspalditik bertako abelzainek hazitako behi azienda dela. "Bertakoa" esan nahi du, "Lurrekoa" hain zuzen, frantsesaren "terroir" bezala. Kanpoko arrazako aziendaren aurrean erabiltzen da adiera hau.

Dena den, aipatu behar da hizkuntzaz erromantzaturiko Hego Euskal Herriko zenbait eskualdetan, "terreña" adiera erabilia izan da piriniar behiak izendatzeko ere[8]. Hau dela eta, kontu handiaz erabili behar dira agiri zaharren bidez arrazaren hedapena finkatzerakoan, beste hainbat datuak erabiliz. Aipatzen diren behien ezaugarriak esate baterako.

Azienda terreñari izen horrekin egindako lehen aipamena 1832.en urteko agiri batean azaltzen da. "Terreño" izen hau gainera soilik behi azienda izendatzeko erabiltzen da. Honen antzeko izendapena gazteleraz "Ganado del País" da.

J.M.Bañuelos Atxiaga albaiteroak, joan den mendearen erdi aldean, "Ganado Serrano" deitzen zuen Burgos eta Araba arteko mendiko azienda terreñoa, Artziniega aldean larratzen zena.

Era berean, Orozkon Mendebaldeko euskaraz Bertoko behia euskal izena erabilia izan da, eta Gueñes zein Galdamesen, berriz "Vaca del Pais".

Sanchez Beldak "Razas Bovinas Españolas" bere liburuan "Remedon" adiera erabiltzen du zera gaineratzu, bertakoek halaxe izendatzen dituzte montxina eta terreñak larreten diren mendiaren izena erabiliz[9].

Jatorria eta arrazaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idi terreñoak uztarrian Gipuzkoako baserri batean joan den mendearen hasieran

Duela urte gutxi arte, azienda terreña ez da aipatua izan aparteko arraza bezala liburu teknikoetan, nahiz eta lehen esan den bezala, aski ezaguna izan aspaldidanik abelzainen artean. Harrigarria da ezagupen ofizial eza horren aurrean abeltzain zaharren ezagupen zehatza arrazaren eta bere ezaugarrien inguruan. Baita arrazaren deskribapen hainbat agiri zaharretan[10]. Eta hau guztia nahiz eta ekonomikoki terreñek pisu handia izan duten Euskal Herriko baserri askoren ekonomian, eta nekazal lanetarako tresna garrantzitsua izan. Egoera hau desente aldatu da azken urtetan.

Esate baterako Sanchez Belda adituak 1984en urtean argitaratutako "Razas bovinas españolas". delako gida-liburu mardulean, terreña arraza apenas aipatzen da. "Ganado serrano o Montino" delako zehaztu gabeko multzo batean sartzen da, eta gainera terreña arraza behi montxinarekin nahastutzen du Beldak arraza berbera bezala hartzen du[9].

Errekonozimendu falta honek zera ekarri du; terreña behiei buruzkoa datuak biltzeko zailtasunak aipamen zein agiri historikoetan. T. Etxeberria teknikariak, esate baterako, zera aipatzen du Behi piriniarrei buruzko liburu batean; Arabako Zuian, Ametzaga herrian, bazirela 1920.en urtean piriniar arrazako ez ziren bertako mendiko behiak, mintza ilun eta ilaje gaztainkara iluna zeukatena. Ezaugarri hauek betizuak izatea baztertzen dute, eta adierazten digute seguruenik behei terreñen aurrean gaudela.

Joan den mendearen erdialdean terreña behiaren 15.000 abelburu inguru zeuden Araban eta Bizkaian.

Orohar, historikoki azienda terreñoak errekonozimendu eskasa jaso du teknikarien aldetik, ez laborarien aldetik ordea. 1.861en urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak Alpetar behi arreak inportatzen hasi zen, eta abere hauek inguruko herrialdetara zabaltzen hasi ziren bertako arrazen kaltetan[11]. Gauza berbera gertatu zen Araban bertan 1850ean Arabako Foru aldundiak arraza bereko zezenak ekartzen hasi zenean bertako behi azienda "hobetzeko" asmoz.

L.Sanchez eta F.Berrokalek, 1954.en urtean "Arabako I.en Kontseilu Ekonomiko-Sindikalarentzat" egindako txosten batean zera adierazten dute terreña arrazaren nahiko deskribapen zehatze eginez gero;

« "azienda terreñoa ez da ondo zehaztutako arraza bat, eta gutxi ikertuta dago. Azienda beltzarana da, mendikoa, lanerako eta haragitarako ahalmen gutxiagorekin, baina hala ere landatarragoa. Hazteko mantsoagoak dira, baina kostu gutxikoa, eta gero lanaren aldetik ematen duen etekina luzeagoa da. Arrunta da behi pareak ikustea lanean ondo moldatzen direla 14 edo 16 urtekin, edo are gehiago oraindik". »

A.Solano albaitariak bere aldetik, Zigoitia udalerriko abelgorriei buruz txosten bat egiterakoan, zera aipatzen zuen 358 behi ale "Terraña arrazakoak, edo nahastuak". Kasu honetan "terreña" eta "nahastua" sinonimo gisa erabiltzen zuen. Honek ematen digu abere hauen bariabilitate morfologiko eta faneroptikoaren neurria.

J. M. Bañuelos albaitariak, Arabarekin zein Bizkaiarekin muga egiten duen Burgosko Mena Haranean dauden terreña behian oinarriturik, arrazaren ezaugarri klasikoen aipamena egiten zuen 1951en urtean albaitarien kongresu baterako.

Baina arrazaren ezagupenerako funtsezkoa izan zen Patxi Gonzalez Angulok albaitariak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 1988en urtean egindako lana[10]. Lan honetan behi montxina ere ikertzen zuen. Baita bi arrazen arteko harremana.

Ematen duenez Arabako lurrak, euskal mendien hegoaldean kokaturik, arraza honen jatorrrizko gune nagusia izan dira. Araban, lehen esan bezala, behi gorrien motako azienda zabaldurik egon da aspaldidanik (betizu eta piriniar behiak) Nahiz eta joan den mendeko asken hamarkadetan atzerapen nabarmena jasan zuten. Behi azienda mota honen guneak gero eta trinkoagoak izan dira ekialdera joz. Azienda terreñak aspaldiko uroen eraginaz gain, Iberiar Peninstulako hegoaldetik ekarritako enbor turdetanoaren aziendaren eragina jaso du. Jakina Araba kultura ezberdinen nahasketa-gunea izan da, eta aldi berean, eta ondorioz, bertako etxabereen arrazena. Honen ondorioz Araban nahastu dira Iberiar Penintsulan eta Europako hainbat eskualdetan zabaldu diren Sanchez Belda adituak deskribaturiko behi aziendaren hiru enbor nagusiak:

Terreña arrazako zezena

Alde batetik Iberiar Penintsulako hegoaldetik ekarritako turdetar enbor gorria bertan etxekotutako uroekin nahastuko zuten. Azienda hau, seguruen, Iberiar enborreko azienda beltzarekin nahastuko zen baita ere arraza hauek gure artean izan duten aurrerapen-atzerapen fase ezberdinetan. Aldi berean kantabriar enborrak bere odol ekarpena egingo zuen Euskal Herriko lurretan barrena igarotako edo bertan finkatutako hainbat herrien eskutik, agian zelta beraiek ekarrita[12]. Urteak aurrera joan eta eragin hauek murriztu beharrean, areagotzen joan dira. Horretarako laguntzaile ere eskualde hautean ospatutako azienda azoka ezberdinak. Euskal lurraldeko azoketan, non kanpoko behi eta zezenak ekartzen zituzten saltzeko edota bertako jendeak La Encina, Medina de Pomar edo Reinosako azoketar joz eta bertan kantabriar enborreko arraza ezberdinetako zezenak erosiz beraien behiak "hobetzeko".

Behi gorrien, hau da, betizu eta piriniar behien hedapen mugak ondo finkatuz gero, esan dezakegu terreña behia kantabriar behi enbor-gaiztankararen barnean koka dezakegula[8]. Ezaugarri morfologikoez gain, kontutan hartuz dena den azienda terreñoaren barnean eman den hetereogenitatea eta ezberdintasunak, ezinbestekoa da arraza enbor honen barnean kokatzea. Kontutan hartuz ere terreñoen jatorrizko guneak gune kantabriarrekin betidanik izandako harreman estuak. Azken finean arrazak garai bateko autrigoi euskal tribu aurre erromatarraren lurraldea hartzen du. Lurralde honetan topatu dezakegu egun kantabriar enborrean kokatzen diren behi arrazak, tudanka behiaren kasua, eta aldi berean behi gorrien hedapen gune zaharrak. Hala ere, ezin da zeharo baztertu arrazaren jatorria arraza bakarrekoa edota arraza anitzekoa, nahiz eta azken aukera honek indar-puntu gehiago izan.

Dena den, ezin da zeharo baztertu inolako hipotesik, hau da, arrazaren jatorria arraza bakarrean oinarriturik egon edota arraza anitzekoa izan, nahiz eta azken aukera honek indar-puntu gehiago izan[8]. Garbi dagoena zera da, urteren joan etorriak eta nahasketaz gain, edo beraiek bultzatutik, beraien artean nahiko homogeneoak diren terreña arrazako hainbat gune sortu dira Kantabriar Mendimultzoaren mendebaldeko lurretan.

1832en urtetik arrera Arabako Foru Aldundiak herrialdeko behi aziendaren zentsoak burutu zituen. Bertan terreña arrazako behiak egertzen dira.

Mitologia eta sinesmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Betizuak eta gainontzeko bertako behi arrazek, terreña barne, eragin handia izan dute euskal mitologia eta elezaharretan, non behi itxurako animaliek zezen gorri, ahatxe, ahatxe gorri edota behigorri izena hartzen duten. Mitologiaren betizu behi azienda hau oro har leizeekin eta Mari jainkosarekin lotuta azaltzen dira kondaira zaharretan.

Sakontzeko, irakurri: «Behigorri»

Banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terreña behia, bere txahalarekin. Azken urtetan baino ez da eman arrazaren ezagupen ofiziala

Terreña arrazaren hedapenari dagokionez, Gorbeiako barietatea Gorbeiako Parke Naturalean zein Araba eta Bizkaiko inguru horretako herrietan dago banatuta.

Gorobel mendilerroko terreñak Arabako ipar ekialdean daude.

Lehen aipatu den bezala, arraza azken urtetan Euskal Herriko beste zenbait lekuetara hedatu da, Gipuzkoara esate baterako . Dena den, esan bezala, garai batean arraza askoz zabalduagoa zegoen Euskal Herrian barrena zein Euskal Herriko mendebalarekin mugakideak diren Kantabria eta Burgosko eskualdetan. Azken leku hauetan baliteke oraindik hainbat terreña behik irautea oraindik.

 Madrilgo Erkidegoa. Terreñak Erdialdeko Sistemako mendietan. Guadarrameñas.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriarekiko mugakideak diren Burgos eta Kantabriako aspaldiko gunez gain, terreña izeneko eta itxurako bertako behiak mantendu dira egun arte Lozoyako haranean, Madrilgo Erkidego Autonomoaren Erdialdeko Sisteman, Euskal Herriko gunetatik urruti samar[13]. Eskualdeko argazki zaharretan ageri dira mota honetako behiak, uztarriak lotzeko erabiltzen ziren adar handiekin eta ohiko ilaia beltzakin bizkarrean arraia gorritzagoa nabarmena, hau da, terreña behien ezaugarri nabarmenak.

Dirudienez behi azienda hau Iberiar penintsularen goi-ordokietan zein inguruko mendimultzoetan neolitotik hedatutako Bos taurus ibericus delako uroaren aintzinako aldaeraren etxekotzetik sortua dah[14]. Beraien beste izena mendimultzoko herrietan "guadarrameñas" zen gazteleraz, hau da, Guadarramatarrak, eta Madril, Segovia eta Guadalajarako mendialko herrietan hedatzen ziren.

Behi hauek desagertzeko zorian daude egun, eta antzineko itxurako abelburu gutxi daude. Antza ez dago martxan inolkako berreskuratze plangintza erraginkorrik.

Gainontzeko bertako behi arraza landatarrak bezala beste hainbat arrazek ordezkatu dituzte. Azken hamarkadetan beste behi arrazekin gurutzatzen joan dira, esate baterako avileña behiekin, berain jatorrizko ezaugarriak galduz. Izenaz eta bi gunetako terreña behiek daukaten antz handiaz aparte, ez da ezagutzen bi arrazak konparatzen dituen ikerketarik[15]. Sanchez Beldak "Razas bovinas españolas" bere gida-liburuan Guadarramako behi hauek terreñaren behi mota berbera direla dio, baina datu gehiago eskeini gabe.

Guadarramako terreña hauek, Euskal Herrikoak bezalaxe, oso landatarrak ziren, ama onak, larre eskasetan ohituak eta oso egokiak gurdietatik tiratzeko zein uztarrian ibiltzeko.

Arrazaren lehendabiziko deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terreña behien samalda, Azkoitiako pinudi batean

Patxi Gonzalez Angulo albaitariak bere lana burutu arte arrazaren deskribapen bakarra 1951en urtean J. M.Bañuelosek egindakoa zen[16]. Bertan berak deitutako "ganado serrano" (mendiko azienda) deskribatzen zuen. Arabako eta Burgosko muga artean hedatzen zena eta esate baterako Artziniega herrian larretzen zen azienda deskribatu zuen.

Bañuelosek tamaina ezberdinetako abelburuak biltzen zituen behi mota bat aipatzen du. Beraien artean Ilajea kolore ezberdinetakoa zeukaten abelburuek. Haragi, esne zein lanerako abere aproposak ziren, erabilera anitzekoak beraz. Aparteko gantza emaleak. Itxura oneko abereak ziren, nahiz eta landatarrak izan. Ondo proporzionatutako burua zeukaten, mustur gainekoak zerbait ganbilak, adar ondo zuzendurik, kolore gaztain argia eta hondoa horixka. Kolore beltza hanken aldera eta irekiera naturaletara hedatzen zen. Ondo osatutako errapeak zeuzkaten, nahiz eta txikiak eta iles estaliak izan. Ditiburu mardulak, epitelial ezkatatze ugariekin.

Angulo beraz bere lana burutzerakoan ez zen erreza izan terreña arrazaren ikerketa biotipologikoa burutzea. Garai hartan ez baitzegoen inolako deskribapen zehatzik arraza terreñari buruz, eta hori naiz eta, lehen esan bezala, historikoki garrantzi handiko arrraza izan eta araba eta mendebaldeko Bizkaiaren behi azienda naguzia izan mendetan. Beste zailtasunak arraza definitzeko orduan honakoak izan ziren; arraza hedatzen den biotopo eta paisaia ezberdinak eta garai hartan geratzen ziren arrazako behi populazio eskasa. Populazio honen gainean eragin handia izan du gainean historikoki inguruko behi aziendarekiko gurutzaketak. Haietako asko terreñaren oso gertuko arrazak gainera.

Terreñaren aldaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Autonomi Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkariaren terreñari buruzko dekretuan, zera esaten da;

« Ez dago barietaterik terreña behi-arrazan »

Hala ere nahiko zabaldua dago adituen artean bertako behi hauetan bi aldaera daudela: Gorbeialdeko terreñoa edo gorbeiarra, eta Gorobelgoa edo "Haitzeko terreñoa" delakoa[1]. Patxi Gonzalez Angulo albaiteroak ere, arrazari bere lan mardulean, bi aldaera hauek aipatzen ditu[17].

Gorbeialdeko terreña[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorbeialdeko eta mendimultzo hau Enkarterriko mendiekin lotzen dituzten mendietako baldintza ekologikoek larre nahiko eskasak eskaintzen dizkiote behiei. Kasu askotan aldatutako pinu beltzaren pinudietan larretzen dira, bazka gutxiko larre eremuak beraz. Baldintza hauen eraginez, Gorbeialdeko terreña behiak txikiak dira, pinudietan jateko gutxi dagoelako. Mendi hauen kaskoetako larreak ere Araba Aldeko Arkamu edo Badaiako mendimultzoenak baina eskasagoak dira aldi berean.

Behi hauek joera iheskor eta mesfidati daukate, zeren eta beraien uztiapen moduak horretarako bultzatzen ditu. Behiak mendi-pinudietan askatzen dira libre eta abelburuek sarritan tratu gutxi izaten dute beraien jabeekin. Hau horrela izan da ganaduzaleek industrian lan egiten zutelako eta abelkuntza jarduera marginaltzat zeukatelako edota mendiko terreña hauek baserriaren ia bazterreko jarduera bat zirelako. Eragin guzti hauek esplikatzen dute nola hainbat adituek terreña hauek behi montxinekin nahastu dituzten, arraza berbera direla esanez.

Terreña hauen oinarrian aspaldiko betizu behiak dade, edo antzineko piriniar behiak [18]. Aspaldiko behi hauek "hobetzen" saiatu dira askotan beste arrazekiko gurutzaketa anitzekin baina beti kale eginez, jatorrizko habitaten baldintzak direnak direlako. Azienda hauengan hegoaldeko behi arrazen eragina egon da, kasu askotan tamaina handiagoko behiak. Eragin honek abelburuen tamaina handitu du, baina beti larreek ezartzen dituzten mugak kontutan hartuz.

Oro har oso azienda landatarra da. Kasu batzuetan jabeen arretatik nahiko aparte bizi izan direnak, hainbat ezugarriei dagokienez aldakortasun handiko abereak dira eta etekinen aldetik ez oso emankorra. Hau, jakina, terreñek aparteko gasturik ez izatearekin (bazka eta pentsuetan) orekatzen da. Gorbeialdeko terreña hauek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte behi montxinoekin eta hau dela eta, garai batean, hainbi arrazen ezaugarriak finkatu baino lehen, zenbait adituek bi arraza nahasten zituzten.

Badaiako mendimultzko terreñoak talde honetan sailkatu daitezke ere. Badaiako azienda honek piriniar behien eragin handia izan du, bertan arraza honetako behiak larretzen zirelako.

Haitzetako edo Gorobelgo terreña[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terreña mota hau bereziki Araba aldean hedatzen da. Gorobel eta Gibijo mendimultzoetan. Baita Badaiako mendietan zein Arkamoko mendilerroan ere

Arrazaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terreña behia, arrazaren ezaugarri ohikoekin.

Arrazaren ezaugarri morfologikoak[19][aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ezaugarri orokorrak.

Ezaugarriei eta itxura orokorrari dagokienez, arraza eumetrikoa, ortoidea eta sublongilineoa da. Oso gogorra da eta gorputz-garapen txikia du. Abere sendoak dira eta euren ingurune naturalean itxura dotorea dute. Euren gorpuzkera ikusirik, trakziorako abere onak direla nabari da.

Ezaugarri zehatzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Profil ortoidea duen arraza da[4].

Burua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Iharra da eta proportzio egokiak ditu. Bekokia zabala da, eta zuzena, inoizka subkonbexutasun apur bat duten abereak azaltzen badira ere. Arrek aurpegia laburragoa dute, eta emeek fina eta liraina, emetasun handikoa. Orbitak handiak dira, markatuak, eta aurpegiaren lerro berean daude. Begiak tamaina ertainekoak dira, biziak. Belarriak: txikiak dira, elipse-itxurakoak eta oso mugikorrak.
  • Adarrak: ondo garatuak dira, lodiera ertainekoak, eta kokotearen luzapen-lerroan dute lotunea. Emeen adarrek lira altuaren edo baxuaren itxura dute. Hasierako zatia etzana da, palek aurrerantz eta gorantz egiten dute eta muturra kanporantz eta gorantz irekitzen da. Arren adarrek ilargi erdiaren itxura dute. Hainbat abelburu zaharretan adarrak ikusgarriak eta tamaina handikoak dira[20].

Lepoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lepoa tamaina ertainekoa da. Arrek lepo gihartsua dute baina lepogain mehea. Emeen lepoa fina da, gihar gutxi duelako, eta ertz-zuzena. Sorbaldarekin "lantzakada" modura lotzen da.

Gorputz-enborra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Paraleloen artean, eta apur bat luzanga. Sakonera eta perimetro onak ditu, saihets-hezurrak bananduta daudelako eta erdiko herenean kakoak direlako. Soinkurutzea luzea eta nabarmenduxea da. Bizkar-gerrialdeko lerroa zuzena eta horizontala da. Zerra zabala da aurreko herenean, hanka irtenak ditu, eta iskoen artean ez da zabala. Horizontalerantz jotzen du, oso inklinazio txikia baitu. Sabelaldeak proportzio egokiak ditu eta pixka bat baino ez dago barrurantz sartuta. Buztanaren hasiera goian dago, eta batzuetan gorantz egiten du arkua eratuz. Buztana luzea da eta motots handia du. Atzeko belaunburua baino beherago jaitsi behar da.
  • Errapeak tamaina ertainekoak dira baina ondo lotuak, eta titiak ertainak dira, egokiro kokatuak eta bereiziak. Testikuluak ondo garatuak dira; ez dute azpimarratzeko ezaugarririk.
Terreña behi baten errapea, ohiko ile luzeekin
  • Gorputz-adarrak:
  • Aurrekoak: jarrera eta proportzio zuzenak dituzte eta egitura finekoak dira, baina guztiz indartsuak. Sorbalda laburra eta gihartsua da. Besoa luzea da eta besaurrea ertaina, biak ere oso sendoak. Kanabera mehea baina sendoa da. Apoak tamaina ertainekoak dira, ondo eratuak eta ibiltzeko moldatuak.
  • Atzekoak: jarrera irmoa dute, eta angelu irekiak. Izterra eta hanka zapalak dira, gihar handirik gabekoak. Ipurmasaila zuzena eta argala da. Belaunburua egitura sendokoa da, lehorra, eta loturako tendoiak argi bereizten zaizkio. Kanabera eta apoa aurreko hankenak bezalakoak dira.
  • Azala:

Beltza eta malgua da. Kokospe handia eratzen du, eta lepoko tauletan toles nabarmenak ditu.

  • Kolorea eta ilajea:

Kolorea marroia dute, oso tonu ilun eta ubeletatik hasi eta hurritz tonu argietaraino, ilunune zentrifugoekin (burua, bularra eta gorputz-adarrak).

  • Mukosak beltzak dituzte eta muturraren inguruan zilar koloreko orla daukate, batzuetan gorrituta. Degradazioak dituzte galtzarbe eta iztarteetan, nabarmenagoak kolore argiko abereetan.
  • Buztanaren mototsa, apoak eta adar-puntak beltzak dira. Belarriak barrutik zurixkak dira, eta ertzetan zerrenda beltza dute. Errapeak eta testikuluak arrosak dira, baina azpialdean kupula edo kasko beltza dute.
  • Ilea leuna eta fina da. Urtaro batetik bestera aldaketa nabariak izaten ditu inguruneko egoeraren arabera. Bekokian ile ugari dute, kopeta-ile edo motots antzera hazten dena. Belarri barruetan eta errape aldean ere ilea luzeagoa da. Batzuetan ile luze-luzeak eta oso ugariak izaten dituzte alde horietan.

Neurriak eta pisua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zezen terreño baten burua

Arraza eumetrikoa da. Neurri harmonikoak ditu, bere gorpuzkerari dagozkionak. Ez dago tamainaren eta pisuaren batez besteko estandarrik. Beraz, askotariko neurriak onartzen dira, hazkuntzaren eta beste inguruabar batzuen araberakoak.

Izaera eta portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abere bizkor, bizi eta orekatuak dira, eta gogortasun handikoak. Txikiak eta landatarrak dira. Gehien bat nekazaritzarako erabili izan ohi dira eta aipagarria da arraza honetako idien lan bikaina. Beste alde batetik, horren landatarrak izanik, amatasun handikoak dira.

Terreñaren gertuko behi arrazak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terreña eta montxina arrazak, azpimultzo bakarrean kokatzen dute adituek[8]. Kanpotik erakarritako arrazez gain, bertako haragi-behi arraza bik bere garapena zanpatu dute, ekialdetik Piriniar behiak eta Kantabria aldetik Tudanka behiak, montxinaren kasuan bezala beraz.

Behi montxina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behi montxina

Montxina Euskal Herriko eta Kantabriako mendietan aspalditik bizi den bos taurus espeziearen basa-behiaren arraza da. Egun behi montxinak betizuengandik zenbait ezaugarrietan nahiko ezberdindurik baldin badaude, ezaguna da garai batean kolorez askoz gorriagoak zirela, adarrak lira itxurakoak zeuzkatela eta finean betizuen barietate bat omen zirela. Batzuen ustez, montxina behia da terreña behiari, betizua piriniar behiari dana, hau da, antzineko arbaso arkaikoagoa eta menditarragoa.

Sanchez Beldak montxina arraza eta terreña arraza edo behi mota berberatzat jotzen du[21].

Patxi Fernandez Angulok, terreña behien eta montxinen inguruko bere ikerketan, arrazak bereizten ditu; baina, era berean, montxina terreñaren arraza "antzinakoa" dela jotzen du. Betizua piriniar behiaren kasuan bezalaxe[8].

Sakontzeko, irakurri: «Behi montxina»

Piriniar behia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Piriniar behiak

Piriniar behia, Euskal Herrian abelgorri izenaz ezaguna izan dena, bertako behi arraza bat da.

Uste da piriniotar behiaren jatorria betizu arraza dela.

Piriniar behia terreñaren arbasoa da, Tudanka behia eta egun desagertutako beste zenbait kolore iluneko behiekin batera.

Sakontzeko, irakurri: «Piriniotar behi»

Tudanka behia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tudanca edo duranga behia

Tudanka behia edo "tudanka", euskaraz "duranga" aldarea erabiltzen da, Kantabriako bertako behi arraza bat da, bereziki komunitatearen mendebaldeko aldean hedaturik dagoena. Hauetako zenbait behi, bere estimu handia zela eta, Kantabriarekin mugakideak dieren zenbait euskal eskualdetan erabiliak izan dira ere. Bizkaiko Karrantzan zein Enkarterriko beste hainbat herrietan bereziki. 1.832en urtetik aurrera Arabako Foru Aldundiak herrialdeko behi aziendaren zentsoak burutu zituen eta bertan aipatzen ziren tudanka arrazako idi pareak herrialdean.

Tudanka behiak, eta bere antzeko arraza desagertuek, campurriana behiak eta lebaniega behiak, eragin nabarmena izan dute terreña behian.

Sakontzeko, irakurri: «Tudanka behi»

Pasiega behia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasiega behi arraza duela urte gutxi berreskuratzen hasi da Kantabria aldeko Pas ibaiaren eskualdean. Behi mota hau desagertzeko zorian egon da eta mantendutako hainbat abelburuen esker berreskurapena abiatu ahal izan dute. Kolore gorriko behiak dira. Esne behia da, baina uste da terreñatik datorren arraza bat dela[22].

Sakontzeko, irakurri: «Pasiega behia»

Arrazaren egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Autonomia Erkidegoan 450 abelburu zeuden erroldaturik 1996en urtean[1]. Hazitarako bost zezen baino besterik ez zeuden[23].

 Araba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela ehun urte terreña behia herrialdeko arraza nagusia zen. 1960en hamarkadan, Araban zeuden behien % 60 terreñak ziren[10]. Duela bi hamarkada berriz ehun buru baino ez ziren geratzen herrialde osoan[7].Ez da hamarkada asko, zikiratutako zekor terreñoak euskal herri kirol mota bat diren idi-demetan erabiltzen zirela, baina zoritxarrez gaur egun kanpoko beste idi arrazek hartu dute beraien lekua, terreñen kaltez. Joan den mendean herrialdan nekazaritzako lanerako zeuden idi pareen %30-%40 artean arraza terreñokoak ziren. 1916en urtean Araban 13.346 idi zeuden zenbaturik. Jakina, traktoreak agertu eta zabaltzea kolpe handia izan zen arrazarako.

Arabako Foru Aldundiak, 1988an, arraza hau gordetzeko plan bati ekin zion. 1999en urtean terreña arrazako 450 behi eta 4 zezen zeuden Araban. Gutxiegi oraindik arrazaren etorkizuna bermatzeko. Gainera adinez zaharrak ziren abereak ziren kasu askotan.

Beraz, nahiz eta XX. mendean zehar dexente murriztu den animalia hauen populazioa, mendiko larretan beste arraza batzuetako arrekin gurutzatu baitira, abeltzain batzuek arraza hau gordetzeko erakutsi duten gogoari esker, arbasoek utzi ziguten ondare hau mantentendu da eta antza gure mendearen hasierako hamarkadan arraza bultzateko interesa berpiztu da[7].

Arabako Foru Aldundiak behi samalda bat mantentzen du Valderejoko natura parkean gordekin genetiko gisa eta arrazaren berreskurapena bultzatzeko.

Araban gehien zabaldutako terreñaren barietatea, Garobel Mendizerrako Terreña edo "hitzetakoa", Arabako ipar ekialdean hedatzen da bereziki.

  • Arraza ikusgai dagoen azoka nagusiak Araban

Oinazetako ostiralean Laudion, San Isidrotan Arespalditzan, San. Roketan Amurrion eta arrazari buruzko azoka monografika Kuartangon maiatzeko bigarren igandean.

 Bizkaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terreña eta beste bertako arrazen iraupenerako funtsezkoa da jendeari ezagutaraztea. Terreñak eta arrazari burzuko informazioa Ormaiztegiko Euskal Herriko bertako arrazen azokan

Bizkaiko Foru Aldundiak 1996an urtean arraza berreskuratzeko plan zehatz bati ekin zion, duela gutxi sortu den abeltzainen elkartearekin batera.

1996an Bizkaian egin zen azken erroldaren arabera, Bizkaian arraza garbiko 122 eme zeuden, eta 150 ziren abere nahastuagoak. Hazkuntzarako erabili moduko zezenak denera lau ziren.

Bada arraza honetako elkarte bat Bizkaian, BITEBEL (Bizkaiko Terreña eta Betizu Elkartea) izenekoa, 1996an sortua. Elkartean 18 abeltzain zeuden, 122 arraza garbiko terreña zituztelarik.

Gai kriogenikoen kontserbazioari dagokionez, badaude Aberekin, S.A. enpresan 11 zezenen 6.689 hazi-dosi eta 60 izoztutako enbrioi gordeta. Bizkaiko Foru Aldundiak arrazaren samalda bat mantentzen du gordekin genetiko gisa eta herrialdean arrazaren berreskurapena bultzatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak arraza bultzatzen du ekimen ezberdinen bidez[24].

Gorbeiako barietatea, Bizkaina zabalduen dagoena, Gorbeiako Parke Natural inguruko herrietan eta Araba eta Bizkaiko inguruko herrietan dago banatuta.

  • Arraza ikusgai daogen azoka nagusiak Bizkaian:

Markinan urriaren bigarren larunbatean burutzen den Euskal Herriko Arrazen Erakusketan. Santa Luzia egunetik (abenduak 13) hurbilen dagoen larunbatean Orozkoko ferian. Azken hau monografikoa izaten da[25].

 Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialdean Gipuzkoako Terreña eta Betizu Elkartea arduratzen da arrazaren sustapenaz. Garai historikoetan oso arraza estimatua izan da uztarrian ibiltzeko. Bai behiak eta bai idiak. Indalecio Ojangurenen argazki askotan agertzen dira terreñak joan den mendeko Gipuzkoako baserrietan.

Mende honen hasierako hamarkadan arraza hedatzen joan da herrialdean, eta hainbat baserrietan ikusi daiteke egun. 2010. urtean Gipuzkoako Terreña Elkarteko 17 kidek osatutako elkarteak 17 kide zituen, eta hauen artean, bi urtetik gorako kalifikatuak 167 buru zituzten.

  • Arraza ikusgai dauden azoka nagusiak Gipuzkoan:

Ormaiztegiko bertako arrazen azoka, urrian.

Uro berriak eta terreñak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heck azienda Edinburgoko zoologikoan. Nabarmena da terreña behiekin dituzten berdintasun morfologikoak

Uro berriak edo "Heck azienda" izenez ezaguturiko bobido edo betabereak[26], 1920. urtean Lutz eta Heinz Heck anaia eta biologo germaniarrek XVII. mendean desagertutako uroa berreskuratzeko saiakeren ondorio dira.

Ikerlari hauen teoriaren arabera, espezie bat ez da guztiz iraungitzen bere ondare genetikoa erabat desagertzen ez den bitartean, eta antzineko uroen zenbait ezaugarri gordetako hainbat behi arraza irauten dutenez gero, posiblea ikusten zuten haien bidez arraza berreskuratzea. Kontutan hartu behar da Heck anaiak nazizaleak zirela eta uroek eragin handia izan dutela germaniar mitologian.

Sakontzeko, irakurri: «Uro»

Beraien lana burutzeko Europako antzineko hainbat behi arraza erabili zituzten. Harenondorioz Heck azienda (Bos taurus) mota bat da finean. Heck anaien ustez, desagertutako uroen erregresio bat lortu zuten antzinako behi azienden arteko gurutzaketen ondorioz. Hala ere egitasmoa oso eztabaidatua izan da. Akatsak ikusten zaizkio bai genetikaren aldetik, baita fenotipoari dagokionez ere. Heck anaiek zenbait marrazki zahar eta labar pinturak erabili zituzten beraien "uro ideala" zehazteko, eta hauetako hainbat marrazkien benetakotasuna zalantzan dago. "Benetako azken uroak 1627. urtean desagertu ziren Poloniako basoetatik.

Animali hauek parke zein zoologikoetan erakusteaz gain, uro berri hauek erabilera dute zenbait natura babesleku zein natura parketako landaretzaren oreka mantentzeko. Orokorki, etxeko behiak baino gogorragoak izanik, antzinako belarjale handiek (uroak barne) betetzen zuten paper ekolojikoa betetzen dute. Esate baterako, zenbait hezegune (zohikaztegiak, aintzirak...) mantentzeko guztiz beharrezkoa da belarjaleen lana. Baita bazka aldetik eta etxeko aziendari begira eskasak diren txilardegi zein larre naturalak. Esan daiteke Heck azienda gaur egun bereziki zabaldu dela hainbat lekuetan desagertutako megafaunaren lana egiteko ekosistemetan. Horretarako erabiltzen dituzte Alemanian zein Herbehereetan.

Argi dago Heck azienda horrek antzekotasun handia duela terreña behiekin. Baita Kantabriar behi enborreko beste hainbat arrazekin, esate baterako behi sayaguesarekin edo alistanarekin, behi arraza hauek terreñaren antzekoak izanik ere. Dena den, azienda terreñoa tamainaz txikiagoa da Heck azienda baino, honek zer ikusirik izan dezake bare hauen bizi baldintzekin eta larretzen diren parajeen larre kalitate eskasarekin. Bizi diren habitatekin lotutako tamaina ezberdintasun hau terreña beraren bi aldaera artean ematen da, leheneago aipatu denez.

Aipatzekoa da terreñaren hedapen gunearen bihotzean, Gibijo mendimultzoan eta Txiripi leizean egindako indusketa arkeologikoetan, aztarna ugari agertu zirela bai uroenak, baita etxeko aziendarena eta baita ere bion arteko nahasketarenak[27]. Honek agerian uzten du bertako uroak etxeko behiekin nahastu egin zirela. Txiripiko leizeabn neolitoko aztranak daude, baina baita erromatarren garaikoak eta baita gerokoak ere.

Heck anaien egitasmoarekin ados bai, baina ez erabat beraiek egindako lanarekin, "Taurosproject" egitasmoak Hecken anaien ideia jarraitu nahi dute baina haientzako egokiagoak diren behi arrazak eta gurutzaketak erabiliz[28]. Haietako batzuek terreña gertuko arrazak, haien artean lehen aipatutako sayaguesa arraza.

Arrazaren etorkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terreña arrazako behi samalda bat. Arrazaren etorkizunaren irudi?

Arrazaren etorkizuna, bertako beste zenbait arrazen kasuan bezala, faktore ezberdinen baitan dago.

Alde batetik aipatu beharra dago arrazaren balore kultural eta ekologikoa, baliabide eskaseko larreak kudeatzeko tresna gisa. Larre hauek gainera askotan balore ekologiko eta paisajistiko handiko lekuetan egoten ohi dira, babestutako gunetan eta abar. Erabilera hau berdina da aldez aurretik aipatutako "uro berriena" Europako hainat gune babestuetan.

Bestalde, ezin ahaztu hainbat mendetan terreña behiek laborantzarako nahiz idi demetarako abere ugari eman dutela. Beraz, gure kulturarekin eta herri kirolekin lotura handia dute.

Egokia litzateke beraz idi-demetan dabilen mundua ere, bertako arrazei begira jarriko balitz beraien zaletasunari erantsitako balorea bezala.

Europako Erakundeek onartu zuten, bertako beste hainbat arrazekin batera, terreña arrazaren okela Eusko label izendapenerako[29] kanpoko hainbat behi arrazak baztertuz.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d https://web.archive.org/web/20071026215330/http://www.nekanet.net/razas/terre%C3%B1a_e.htm
  2. "Contribución al estudio de poblaciones vacunas marginales en las provincias de Alava y Vizcaya: Agrupaciones bovinas Monchina y Terreña". Egilea, Patxi Gonzalez Angulo. 1991.
  3. a b http://www.feagas.com/index.php/es/razas/bovino/terrena
  4. a b http://es.scribd.com/doc/54313088/Luis-Barona-libro-Guia-campo-razas-autoctonas-espanolas
  5. http://www.noticiasdealava.com/2011/05/09/sociedad/euskadi/las-vacas-terrenas-se-echan-a-la-calle[Betiko hautsitako esteka]
  6. http://slowfoodaraba.es/carne-de-vaca-terrena
  7. a b c https://web.archive.org/web/20090330222400/http://www.gara.net/paperezkoa/20090322/128348/es/La-vaca-terrena-vuelve-echar-monte
  8. a b c d e Gonzalez Angulo, Patxi (1991), Contribución al estudio de poblaciones vacunas marginales en las provincias de Álava y Vizcaya: Agrupaciones bovinas Monchina y Terreña
  9. a b "Razas bovinas españolas". Egilea, Sanchez Belda, Madrid, 1984.
  10. a b c https://web.archive.org/web/20160304223234/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/naturzale/14/14101104.pdf
  11. Madariaga, B. 1970. La ganadería en la provincia de Santander. Publicaciones del Instituto de Etnología y Folklore. Volumen II. 173-210 horrialdeak. Diputación Provincial de Santander.
  12. Contribución al estudio de poblaciones vacunas marginales en las provincias de Alava y Vizcaya: Agrupaciones bovinas Monchina y Terreña". Egilea, Patxi Gonzalez Angulo. 1991.
  13. http://www.turismoactivolozoya.es/contenido/que-ver/patrimonio-natural/ganaderia/la-vaca-terrena[Betiko hautsitako esteka]
  14. ttp://www.uclm.es/profesorado/produccionanimal/TAUROLOGIA/Origen.pdf
  15. http://www.sendanorte.es/sendavieja/spip.php?article353[Betiko hautsitako esteka]
  16. Bañuelos Achiaga, J. M. (1951). Ganadería burgalesa en el valle de Mena. II. Congreso Internacional Veterinario de Zootecnia, tomo II. 423-442 horriladea. Madrid.
  17. Gonzalez Angulo, Patxi (1991), Contribución al estudio de poblaciones vacunas marginales en las provincias de Álava y Vizcaya: Agrupaciones bovinas Monchina y Terreña
  18. A. Rekagorrik Angulori egindako komunikazioa
  19. https://web.archive.org/web/20040705195056/http://www.euskadi.net/cgi-bin_k54/ver_e?CMD=VERDOC&BASE=B03D&DOCN=000052818&CONF=bopv_e.cnf
  20. http://cantabriafotografiaviva.blogspot.com.es/2010/06/vaca-raza-terrena.html
  21. "Razas bovinas españolas". Egilea, Sanchez Belda, Madrid, 1984.
  22. http://www.soscaballolosino.com/Entrada-razasautoctonas/2-Entrada%20vacas/Otras%20vacas/Otras%20razas%20vacunas.htm
  23. Euskal Herriko betizuak. Europako azken basa-behiak, Saturnino Napal Lekunberri y Alberto Pérez de Muniain Ortigosa, Bizkaiko Aldundia, 2006. ISBN 84-7752-409-2
  24. http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia/Contenido_Noticia.asp?Not_Codigo=8995&Idioma=CA
  25. http://1276orozko.wordpress.com/2011/12/11/v-lehiaketa-concurso-euskadi-terrena-orozko-bizkaia/
  26. http://fr.wikipedia.org/wiki/Aurochs_de_Heck#cite_note-0
  27. https://web.archive.org/web/20111105054523/http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/informe_estudio/sima_txiripi/es_doc/adjuntos/memoria.pdf
  28. http://www.taurosproject.com/
  29. http://www.diariovasco.com/v/20110621/al-dia-local/europa-decide-excluir-razas-20110621.html

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • "Razas bovinas españolas". Egilea, Sanchez Belda, Madrid, 1984.
  • "Contribución al estudio de poblaciones vacunas marginales en las provincias de Alava y Vizcaya: Agrupaciones bovinas Monchina y Terreña". Egilea, Patxi Gonzalez Angulo. 1991.
  • La raza bovina Terreña. Egileak, Gómez Fernandez, Mariano eta Lauzurika Ortiz de Zarate, Antonio, 1999.
  • "Las razas bovinas autóctonas de España en peligro de extinción. García-Dory, M.A. Quercus, 23: 14-21.
  • Euskal Herriko betizuak. Europako azken basa-behiak, Saturnino Napal Lekunberri y Alberto Pérez de Muniain Ortigosa, Bizkaiko Aldundia, 2006. ISBN 84-7752-409-2
  • Bañuelos Achiaga, J. M. (1951). Ganadería burgalesa en el valle de Mena. II. Congreso Internacional Veterinario de Zootecnia, tomo II. 423-442 horriladea. Madrid.

Bideoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]