Thomas Sankara

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Thomas Sankara

Coat of arms of Upper Volta.svg
Volta Garaiko 5. presidentea
1983ko abuztuaren 4a – 1984ko abuztuaren 4a
Aurrekoa Jean-Baptiste Ouedraogo
Ondorengoa Inor ere ez (herrialdea Burkina Faso bihurtu zen)

Coat of arms of Burkina Faso 1984-1991.svg
Burkina Fasoko 1. presidentea
1984ko abuztuaren 4a – 1987ko urriaren 15a
Aurrekoa Inor ere ez
Ondorengoa Blaise Compaoré

Jaiotza 1949ko abenduaren 21a
Yako, Nord (Burkina Faso Burkina Faso)
Heriotza 1987ko urriaren 15a
Uagadugu (Burkina Faso Burkina Faso)
Ezkontidea Mariam Serme Sankara
Lanbidea Militarra, politikoa
Web http://thomassankara.net

Thomas Isidore Noël Sankara (Yako, orduan Volta Garaia, 1949ko abenduaren 21a-Uagadugu, Burkina Faso, 1987ko urriaren 15a) Burkina Fasoko liderra izan zen. Haren gobernupean, 1960an, Volta Garaia izen koloniala utzi eta "Burkina Faso" izena hartu zuen.

Volta Garaia zeritzonak independentzia formala eskuratu bai, baina oraindik metropoliaren eraginpean segitzen zuen. Afrikako deskolonizazioaren buruzagi erreferentzialenetakoa izanik, xarma pertsonal handia demokrazia partehartzailearen ikutua zuen politikarekin konbinatu zuen. Ustelkeriaren kontrako borroka, hezkuntza eta nekazaritzaren garapena eta emakumeen egoeraren hobekuntza bultzatu zituen haren ekimen iraultzaileak. Horregatik, zenbaitek "Afrikako Che Guevara" ezizena jarri zioten[1][2][3]. Sankara Frantzia aginte kolonial ohiak eta herrialdeko zenbait sektore tradizionalen oposizioak bere kontra bultzatutako estatu-kolpean hil zen, 1987ko urriaren 15n.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziak menpean hartutako Volta Garaian jaio zen 1949an. Marguerite (2000n hila) eta Sambo Joseph poliziaren (19192006) semea zen[4]. Familia katoliko batean hazia, "Thom'Sank" Silmi-Mossi izeneko gizataldekoa zen; talde hori gizon mossi eta andrazko fulanien seme-alabek osatzen dute eta mossi herriaren kasta-sisteman mailarik baxuena da. Lehen hezkuntza Gaouan eta Bigarrena herrialdeko bigarren hiririk handiena den Bobo-Dioulasson egin zituen.

Bigarren Mundu Gerran aitak frantses armadan borrokatu zuen eta naziek atxilotu egin zuten. Familiak Thomas apaiz katolikoa bihurtzeko nahia zuen; beraz, ideia marxisten defendatzailea izanik ere, kristautasunaren eragin zuzena izan zuen eta Korana ere ezagutzen zuen: gauza inportantea azken hau, Burkina Fason gehiengo musulmana baitago.

Militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1966an Bigarren hezkuntzan oinarrizko prestakuntza militarra jaso eta gero, 19 urterekin karrera militarra hasi zuen. Urtebete geroago Madagaskarrera bidali zuten Antsirabe hirian ofizial izateko ikasketak egin zitzan. Han, 1971 eta 1972ko herri-matxinadak ikusi zituen. Azken urte honetan Volta Garaira itzuli eta 1974an Malirekiko gerran parte hartu zuen. Bi estatu hauek Frantziarekiko independentzia formala 1960an eskuratu zuten.

Uagadugu hiriburuan ezagun egin zen. Jendartean ospea izaten lagundu zioten, alde batetik gitarra jotzaile ona izateak (Tout-à-Coup Jazz taldean jotzen zuen) eta bestetik motozikletak gustuko izateak.

1976an Pôn kokatuta zegoen militarren trebatzeko zentroaren komandante bilakatu zen. Urte berean, Marokon Blaise Compaoré ezagutu zuen. Saye Zerbo koronelaren presidentzian ofizial gazte talde batek "Ofizial komunisten taldea" (Regroupement des officiers communistes, ROC) erakunde sekretua eratu zuen. Sankara eta Compaorérekin batera, kiderik ezagunenak Henri Zongo eta Jean-Baptiste Boukary Lingani ziren. Taldearen arabera independentzia formalak ez zien herritarrei garapen eta aldaketarik ekarri, eta funtsean herria egoera neokolonialean zegoen.

Presidente[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Blaise Compaorék antolatutako estatu-kolpeari esker, Sankara 1983ko abuztuaren 4an, 33 urterekin beraz, presidente bihurtu zuen. Sankarak iraultzaile eta antiinperialista definitzen zuen bere burua, eta Kubako eta Ghanako gobernuek bezala, "iraultza demokratiko eta popularra" bultzatu zuen, Jerry Rawlingsen eraginpean. Poliziaren lana ustelkeriaren, baso-soiltzearen eta gosearen kontra bideratu zuen eta hezkuntza eta osasungintza publikoak sustatu zituen. Herrietako buruzagi tradizionalen pribilegioak ezeztatu zituen.

1984an iraultzatik urtebetera, estatuari izen berria ipini zioten: "Burkina Faso" ("gizaki zintzoen lurraldea" mossiera eta diuleraz); bandera eta ereserkia ere aldatu zituzten. Sankarak bere gobernuan andrazko batzuk sartu zituen eta emakumeen estatusa hobetzen aitzindaria izan zen; ablazioa eta poligamia ilegal bihurtu zituen eta kontinenteko lehen gobernuburua izan zen HIESa Afrikarentzako mehatxu larria zela salatzen. Gobernuaren Mercedes ibilgailuak saldu eta ministroentzako auto ofizialak izateko Renault 5ak (herrialdeko auto merkeenak) hartu zituzten. Sankararen zaintza pertsonala motozikletadun emakumeek osatzen zuten. Uagaduguko armadaren armategia estatuko lehen supermerkatu bilakatu zen.

Horrek guztiak oso popular bihurtu zuen herritarren artean eta nazioartearen arreta erakarri zuen. Munduan Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren buruetakoa izan zen; bere hitzaldietan batez ere Frantziaren kolonialismo eta neokolonialismoa salatzen zuen eta baita frantses gobernuarekin interes-loturak zituzten Boli Kosta eta Maliko gobernuak ere. NBEn bertan herrien jateko, edateko eta hezkuntza jasotzeko duten eskubideaz hitz egin zuen.

1985eko errolda egiten ari zenean Frantziak lagundutako Maliren aldekoen ekimenak suertatu ziren eta tentsio horiengatik ehun bat lagun hil ziren bost eguneko gerra hasi zen; hildako gehienak Maliko hegazkin batek Ouahigouyako azokaren kontra jaurtitako bonbak eragin zituen. Gerrari "Gabonetako gudua" izena eman zitzaion, gertatu zen egunengatik.

Hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1987ko urriaren 15ean Blaise Compaoré buru zuten 12 ofizialek osatutako taldeak eman zuten estatu-kolpean Sankara hil zuten, nahiz eta mediku militar batek "heriotza naturala" izan zela idatzi zuen. Kolpearen arrazoitzat inguruko herrialde batzuekiko harreman txarrak zituelako aipatu bazen ere, kanpo zorra ez ordaintzeko zuen asmoak eragindako erreakzio kontzertatua (interesak zituzten kanpokoen eta burkinafasoarrena) izan zelako hipotesiak indar handia du.

2006an NBEren Giza eskubideetako komiteak kolpearen ostean osatutako gobernuak inolako ikerketa abiatu ez izanak kondenatu zuen. Beste aldetik, orduko Frantziako gobernuak (Jacques Chirac eta François Mitterranden arteko "kohabitazioak") eta frantses gobernuaren interesekin bat egiten zuten gobernu afrikar batzuek hilketa honetan zerikusi zuzena izan zutelako, hau da Françafrique kontzeptuaren barruko ekimena izan zelako susmoa dago. Inpunitatearen kontrako borrokan ikerketarik egon ez zelako, kondena hori nazioartean aitzindaria bada ere, ez zen nahikoa izan pertsona zehatzen ardurak epaiketetara eramateko[5].

2006ko Bamakoko Afrikako foro sozialean eta 2007ko Nairobiko mundukoan Sankara "afrikar gazteriarentzat eredu" izendatu zuten. 2007an, hilketaren 20. urteurrenean Mariam Serme Sankara bere alargunak lehen aldiz Thomasen ustezko hilobia bisitatu ahal izan zuen.

Baionan gogoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sankara Ostatua Baiona Ttipian.

Baiona Ttipiko Agosti Xaho kaian "Sankara Ostatua" izeneko taberna-biltokia dago; urte batzuetako iraupena izan duen kolektiboaren proiektu ekologiko eta sozialaren barruan dago eta Euskal Herri mailan zein munduarekiko elkartasun lanerako egitasmoak bultzatzeko pentsatua da. Hori dela eta burkinafasoarraren izena aukeratu zuten eta Sankararen ideia nagusiekin (emakumeen eskubideak, kanpo zorra, arlo sozialak...) bat egiten dute. Azken denboretan tokiko Bizi! bezalako kolektiboak eta objektu erabiliak konpartitzeko kooperatiba baten modukoa suspertzen ari da[6][7].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Frantsesez) Jaffré, Bruno: Biographie de Thomas Sankara : La Patrie ou la Mort... 1997. ISBN 2-7384-5836-X. 268 or.
  • (Frantsesez) Jaffré, Bruno: Les années Sankara de la révolution à la Rectification, 1997 (2. edizioa). ISBN 2-7384-5967-6 336 or.
  • (Frantsesez) Yambanga Sawadogo, Alfred: Le président Thomas Sankara, Chef de la Révolution Burkinabe: 1983-1987, 2001, L'Harmattan. ISBN 2-7475-0588-X.
  • (Frantsesez) Gakunzi, David: Thomas Sankara,"Oser inventer l'avenir" La parole de Sankara, 2005, Pathfinder eta L'Harmattan. ISBN 2-7384-0761-7.
  • (Frantsesez) Some, Valère: Thomas Sankara, l'espoir assassiné, 2005, L'Harmattan. ISBN 2-7384-0568-1.

Dokumentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]