Thor Heyerdahl

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Thor Heyerdahl
Thor Heyerdahl
Thor Heyerdahl norvegiar esploratzailearen irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Thor Heyerdahl
Jaio 1914ko urriaren 6a
Norvegia Larvik (Norvegia)
Hil 2002ko apirilaren 18a
Italia Colla Micheri (Italia)

Thor Heyerdahl (1914ko urriaren 6a, Larvik, Norvegia - 2002ko apirilaren 18a, Colla Micheri, Italia) norvegiar esploratzailea, etnografoa eta abenturazalea izan zen. Horretaz gain, zoologia, geografia eta antropologiako ezagutza sakonak ere bazituen. Antzinako zenbait herriren migrazio ereduei buruzko teoriengatik da batez ere ezaguna.

Thor Heyerdahlen aipua, Kon Tiki Museoaren kanpoaldean (Oslo, Novegia).

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osloko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1947an Kon-Tiki espedizioa egin zuenean famatu zen. Bidaia horrekin frogatu nahi zuen Hego Amerikako indiarrek Ozeano Bareko uharteetara emigratu ahal izan zutela. El Callaotik (Peru) abiatuta, Tuamotu uharteetaraino (Polinesia) 5000 miliako (8000 km) bidaia egin zuen, laguntzaile talde txiki batekin, 101 egunetan, Peruko indiarrek antzina erabiltzen zituztenak bezalako baltsa batean (Kon-Tiki deitua). Hego Amerikako enbor, landare eta material naturalez egindako almadia edo baltsa hartako eskifaia sei gizonek osatu zuten: Heyerdahl, Knut Haugland, Bengt Danielsson, Erick Hesselberg, Torstein Raaby eta Herman Watzinger.

Bere migrazio teoria frogatzeko beste saio batean, espedizio arkeologikoak egin zituen Galapago uharteetara (1954), Pazko uhartera, eta Ozeano Bareko ekialdera (1955-1956).

Ra II ontzia, Kon Tiki Museoan.
Tigris ontzi kanaberazkoaren maketa (Güímarko Piramideak, Tenerife, Kanariak).

Geroago, antzinako egiptoarrek, duela lau mila urte, Hego Ameriketara iritsita azteka eta inka zibilizazioak sortu ahal izan zituztela frogatu nahirik, Ozeano Atlantikoa zeharkatzen ahalegindu zen papirozko ontzi batean, Afrika iparraldetik abiatuta (Ra I, 1969an; Ra II, 1970ean). Lehen ahaleginak huts egin zuen, 4.500 kilometro egin ondoren. Bigarrenak, ordea, Bridgetownen lehorreratzea lortu zuen, Barbados uhartean, 57 bidaia egunen ondoren.

1970eko hamarraldiaren bukaeran, 9.980 kilometroko bidaia hasi zuen kanaberazko ontzi batean (Tigris), sumertarrek duela bost mila urte Iraketik Indiako ozeanora joateko erabili ahal izan zuten migrazio bide bat bazela frogatzeko. Bidaia hura bertan behera utzi behar izan zuen, ordea, Etiopiako gerrarengatik.

Gaur egun, Norvegiako Oslo hiriburuan dago Heyerdahlen espedizio ospetsuenari buruzko Kon-Tiki Museoa.

Lan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kon-Tiki-ren espedizioa, Aku-Aku, Pazko uhartearen sekretua (1958)
  • Ra-ren espedizioak (1970)
  • Ameriketako indiarrak Pazifikoan (1958)
  • Tigris-ko espedizioa (1973).

Kon-Tiki bidaiaren filmazioak Oscar saria irabazi zuen 1951n.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Thor Heyerdahl Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]