Thorstein Veblen

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Thorstein Veblen

Estatu Batuetako ekonomialaria eta soziologoa (Manitowoc, Wisconsin, 1857 - Kalifornia, 1929). Estatu Batuetako erakunde sozialak eta ekonomikoak, eta haien oinarri psikologikoak, aztertu zituen. Orobat, lehen obretan bereziki, Darwinen bilakaeraren teoria, bizitza ekonomiko modernoari aplikatu zion, eta aitzindari izan zen teknikariek gizartean betetzen duten zeregina aztertzen. Veblenen ustez oinarrizko kontraesan bat da industriaren prozesu modernoaren eta negozio eta finantzen bide zentzugabeen artean, alegia, batetik gauzak eta bestetik dirua egitearen artean. Betiere, ekonomiari buruzko ideia horiek gizartearen beste alorretara zabaldu zituen (entretenimenduak, moda, erlijioa, kirolak, estetika), eta ospe handiagoa lortu zuen gizartearen kritikari gisa ekonomian baino; izan ere, ekonomialari askok kritika zorrotzak egin izan dizkiote, ekonomiaren teoria ortodoxoa kontuan hartzen ez zuelako. Beste askok, ordea, Veblenen ideia batzuen zorroztasuna eta originaltasuna azpimarratu izan dute. Obra nagusiak: Theory of the Leisure Class (1899, Klase aberats alferraren teoria), The Theory of Business Enterprise (1904, Enpresen teoria) eta The Engineers and the Price system (1921, Ingeniariak eta prezioen sistema).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Thorstein Veblen Aldatu lotura Wikidatan