Tió de Nadal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tió de Nadal delakoa.

Tió de Nadal (beste izendapen batzuk: Tió, Tronc de Nadal, Soca, Xoca edo Tronca) Kataluniako mitologiako pertsonai bat da, Eguberrietakoa. Katalunian oso barneratua dagoen ohitura hau Okzitanian (Cachafuòc edo Soc de Nadal) eta Aragoin (Tronca de Nadal edo Toza) ere badago.[1]

Atzealdetik hustutako enbor aurpegidun bat da, burualdean barretina (katalanen txapela tradizionala) duena, eta manta batez estalia dagoena.

Tradizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abenduan zehar, enborrari jateko eta edateko ematen diote, gero gustuko opariak eman ditzan. Tiók, gauean, ematen diotena jaten du. Gabon gauean katalanek enborrari makilakadak ematen dizkiote, “Tió-ren kanta”abesten duten bitartean. Abestian enbor magikoari opariak emateko eskatzen diote. Gau horretan Tiók, umeekin pozik badago, opariak aterako ditu. Opari hauek gozokiak izan ohi dira; normalean turroia edo barkilloak (katalanez: neules).

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tió hasieran etxeko tximinian erretzen zen enborra zen, bertan bizi zen familiari beroa eta argia “oparitzen” ziolarik, Eguberria ondo pasatzeko. Denborarekin ideia hau gauzatuz joan da; eta gaur egun enborrak argia eta beroa oparitu ordez, gozokiak eta Eguberri ospakizunerako erabiltzen diren opariak ematen ditu.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kataluniako masia batean, hainbat mutiko egongelan berotzen ari ziren. Bat-batean, tximiniaren barnealdetik ahots bat entzun zuten:

-Ai banoala, jaisten naizela!

Mutikoek ausartarena eginez jaisteko esan zioten. Orduan tximiniatik Tió lodi bat erori zen. Horren jarraian beste bat. Eta horrela bost aldiz. Mutikoek bost tióak tximiniatik atera zituzten. Orduan bost tióak elkartu egin ziren enbor itsurako agure bat sortuz. Zaharrak masiako jabeari altxor baten kokalekua adierazi zion, eta altxor hori hurrengo egunean baserriko atean joko zuen eskaleari eman beharko ziola adierazi zion.

Tióren abestia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanta hau umeentzat egina denez, oso oroiterraza da. Gaur egun bertsio ugari daude, baina erabilienak hauek dira:[2]

« Caga tió

ametlles i torró
no caguis arangades
que són massa salades
caga torrons
que són més bons
Caga tió
ametlles i torró
si no vols cagar
et donaré un cop de bastó

»
« Tió, tió,

caga turró,
de aquell tant bó,
si no en tens més,
caga diners,
i si no en tens prou,
caga un ou!

»

Aragoieraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aragoian abesti desberdinak ezagutzen dira. Hau ezagunena:

« Güen Tizón, güen Barón

güena casa, güena brasa
que Dios mantenga a paz en ista casa
y en toz os que i son

»

Non ospatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katalunian ez ezik, Aragoin ere ospatzen da ohitura hau. Okzitanian ere bada jendea, Tió ospatzen duena, nahiz eta han Cachaufuòc edo Tronca de Nadal deitu.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Egile Batzuk. La Navidad en Aragón. CAI bilduma 100 (9. zk.), Zaragoza, 1998.
  2. http://www.ccma.cat/324/Fer-cagar-el-tio-una-tradicio-dorigen-precristia/noticia/2258654/

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]