Tibetar budismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nyingmapa Padmasambhava

Tibetar budismo Tibeten, erdialdeko Asian eta Mongolian hedaturiko budismo-eskola da, lamaismo ere deitua. Tibeten errotu eta moldatu zelako du izena. Budismoa Tibeten VII. mendean Srong-tsan-ganpo erregearen eskutik sartu zen. Funtsean, lamaismoa budismo mahāyāna motakoa da, nahiz bertako antzinako erlijioaren (Bön) elementuak beretu dituen, vajrayāna edo tantrismo budikoaren praktikekin batera (Padmasambhava hinduak VIII. mendean zabaldurikoak).

XI. mendeko Atisha bengaliarra lehenbizi, eta XIV. mendeko Je Tsongkhapa bereziki izan ziren lamaismoaren erreformatzaile nagusiak; haiek finkatu zituzten geroko lamaismoaren ezaugarriak, eta antzinako praktika magikoak alboratu. Dena den, aztikeriez eta magiaz beteriko lehengo erlijioaren eraginez, hasierako budismotik at garatu zen lamaismoa, eta zenbait elementu bereziz hornitu, hala nola mantrak, erritu landuak, Budaren haragiztatze bizia diren zenbait lamaren gurtza eta maila desberdineko jainko eta deabru ugariak. Sanskritoz idatzitako testu budistak lehen mendeetatik itzuli eta gorde zituzten, halako eran non jatorrizko hizkuntzan galdutako testu asko (budismoa XIII. mendean desagertu zen Indian) tibeterazko bertsioan soilki ezagutzen diren. Hala, XIV. mendeko bi testu-bilduma lamaismoaren oinarritzat hartuak izan dira: Kan-jur (Budaren hitzen itzulpena) eta Tan-jur (Tratatuen itzulpena), itzulpenez, iruzkinez eta lan originalez osaturikoak. XVII. mendetik bi bodhisattva, Dalai Lama eta Pantxen Lama, Tibeteko agintari politiko eta erlijioso nagusiak izan dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tibetar budismo Aldatu lotura Wikidatan