Tintinen abenturak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tintin-chaque-jeudi.png

Tintinen abenturak (frantsesez Les Aventures de Tintin) komiki sail bat da, Hergé kazetari eta idazle belgikarrak (Georges Remi, 1907–1983) sortutakoa. Tintin kazetariaren abenturak, 1929an hasita, 24 liburukitan zehar munduko hizkuntza askotara itzuli dira, euskarara tartean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1929ko urtarrilaren 10ean argitaratu zen Tintinen lehen komiki atala, Belgikako Le Vingtième Siécle egunkari katolikoak gaztetxoentzat kaleratzen zuen gehigarrian. Lehen abentura (Tintin sobieten herrialdean) aldizkari horren zuzendari Wallez apaiz integristaren eskariz egin zuen, gazteen artean komunismoarekiko gorrotoa pizteko. Hergé berak uko egin zion bizi zen artean liburuxka hori berrargitaratzeari. Horregatik, gaur egun Tintinen abentura guztietatik koloretan argitaratu gabe dagoen bakarra da.

Naziek Belgika konkistatu zutenean, Le Soir egunkarian argitaratu ziren hurrengo istorioak. 1945etik aurrera Tintin aldizkaria sortu zen, eta bertan argitaratu ziren abentura berriak.

Hergék osorik argitaratu zuen azken abentura Tintin eta Pikaroak izan zen (1976). Izar Misteriotsua (1943) izan zen koloretan argitaratu zen lehen liburua, eta hortik aurrerakoak zuzenean koloretan argitaratu ziren, baita aurrekoen berrargitarapenak ere (Tintin sobieten herrialdean izan ezik). Berrargitarapenek, sarritan, jatorrizko edukian aldaketak ekarri dituzte, momentuko egoera politikora hobeto egokitzeko.

Tintinen abenturek arrakasta ikaragarria izan dute hasieratik. 40 hizkuntza baino gehiagotan argitaratu dira, eta orotara 250 milioi ale baino gehiago saldu dira (edizio piratak kontatu gabe). Era guztietako bildumazaleen harribitxi bihurtu da mundu osoan. Hainbesterako ze, Charles de Gaulle presidente frantziarrak esan zuen nazioartean bere pareko etsai bakarra Tintin zuela.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tintin eta Milu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tintin eta Milu dira istorio guztietan agertzen diren pertsonaia bakarrak. Tintin kazetari belgikar bat da, bere jakin-minagatik era guztietako nahasteetan sartzen da, baina zuhurtasunez lortzen du beti onik ateratzea. Milu bere fox-terrier arrazako txakurtxo zuria da. Hitz egiteko gai ez den arren, komikietan bere pentsamenduak sarritan agertzen dira gainerakoenekin parez pare. Hezurrekiko eta whiskyarekiko duen zaletasunak, sarri, egoera komikoak sortzen dizkio, baita zenbait buruhauste ere bere jabeari.

Haddock kapitaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziar jatorriko marinel ospetsu baten (Haddoqueko zaldunaren) ondorengoa da. Tintinen adiskide onena da, Urrezko hagindun karramarroa abenturan elkar ezagutu zutenetik. Hala ere, protagonistaren guztiz bestelakoa da: irain ugari botatzen ditu, alkoholzale porrokatua da, izaera ahulekoa... nahiz eta pixkanaka pertsonaia jatorragoa bihurtzen den.

Bere arbasoen ondasunekin Moulinsarteko gaztelua erosi zuen, eta bertan girotuko dira Tintinen abentura batzuk.

Dupond eta Dupont[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polizia agenteak dira, bata bestearen kopia dirudite, nahiz eta ez den inon azaltzen senideak direnik. Trajez eta kapelaz jantzita joan ohi dira, baina beti ahalegintzen dira atzerrira joatean tokiko jantzi herrikoiak jazten (gehienetan hankasartze galantak egiten dituzte). Faraioaren Zigarroak liburuan agertu ziren lehen aldiz.

Tintinen lagunak dira, nahiz eta beraien lehenengo agerpenetan bera atxilotu nahian ibiltzen baziren ere. (Faraoiaren zigarroak, uharte beltza, loto urdina) Dena den azken momentuan beti konturatzen ziren hanka sartzen ari zirela eta azkenean tintinen lagun minak bihurtzen dira. Beraien izaera bereziagatik sarritan arazoak korapilatu baino ez dituzte egiten.

Tournesol irakaslea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rachkam Gorriaren Altxorra liburuan agertzen da lehen aldiz. Bere munduan bizi den zientzialaria da, nahiko gorra denez inguruan zer gertatzen den jakiteko arazoak baititu. Egoera barregarriak bizi ditu zenbaitetan, baina era berean, superpotentziek bere jakituria erabili nahi dute bonba atomikoa lortzeko (Tournesol Auzia liburuan).

Bianca Castafiore[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tintinen abenturetan protagonismo erlatiboa duen emakumezko bakarra da. Ottokarren zetrua abenturan ezagutu zuen Tintin. Opera abeslaria da, fama handikoa, baina abesteko duen era ez da inolaz ere Tintin eta Haddocken gustokoa.

Beste pertsonaia batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tintinen abenturetan era guztietako pertsonaiak azaltzen dira. Horien artean honako hauek aipa daitezke: Nestor (Haddocken morroia), Rastapopoulos (Tintinen etsairik handiena), Tchang (Tintinen lagun min txinatarra), Irma eta Wagner (Castafioreren zerbitzaria eta pianojolea), etab. Gehienak fikziozko pertsonaiak dira, nahiz eta Herge bere inguruko pertsonengan oinarritzen zen horiek sortzeko. Agertzen den pertsonaia historiko bakarra Al Capone mafiako buruzagia da.

Tintinen abenturak (argitaratze ordenan)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abentura hauek jatorriz aldizkarietan argitaratu zirenez (atalka) jarrita dagoen urtea historia bera argitaratzen amaitu zen urtea da. Abentura hauek guztiak Elkar argitaletxeak euskaraz argitaratuta ditu, lehenengoa (Tintin sobieten herrialdean) eta azkena (Tintin eta Alpha-Art) izan ezik.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tintinen abenturak Aldatu lotura Wikidatan