Tiridates I.a Armeniakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Tiridates I.a edo soilik Tiridates Armeniako errege izan zen 53tik hil zen arte, eta lurraldean arsazidar dinastiari hasiera eman zion, dinastia honen administrazioa azken ordezkaria izan zen Artaxias IV.a Armeniakoa 428an hil zen arte mantendu zelarik.

Erromatar Inperioko Neron enperadoreak koroatu zuen 66an, aurrez esan bezala, Tiridatesen erregealdia 53an hasi zen arren, bi etenaldi jasanez, bata 54an eta bestea 58tik 63rako epean, erromatar eta partiarren arteko borrokaren ondorioengatik oso ezegonkorra zen lurralde bat sendotzeko asmoz. Tiridatesen koroaketak aurrekari garrantzitsu bat ezarri zuen, honen bidez Armeniako erregeak partiar printzeak izango zirelarik, euren izendapena Erromatar Inperioaren onarpenaren araberakoa izango zelarik. Gertaera honi gaineratu beharreko beste zeozer, Armenia Erromatar Inperioaren estatu satelite moduko bat bihurtu bazuen ere, egileren batzuentzat, lurraldea, de facto, Partiar Inperioari uztea suposatu zuen.

Tiridates zoroastroar apaiz bat izateagatik ere nabarmendu zen, bere koroaketan ere Erromara beste magi batzuekin batera joan zen. XX. mendearen hasieran Franz Cumontek Tiridatesek mitraismoaren garapenean funtsezko paperen bat bete izanaren aukerarekin espekulatu zuen, erromatartutako zoroastrismotzat hartzen duena. Dena dela, teoria hau zenbait alditan baztertua izan da. Tiridatesek paper protagonistetako bat du Händelen Radamisto operan, baita Reinhard Keiserren Octavia operan ere.

Boterera igoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vonones II.a eta greziar ohaide baten arteko harremanetik jaioa, apenas ezagutzen da ezer bere haurtzaro eta nerabezaroari buruz, soilik Median pasa zuela, bere aitak honen anaia Gotarzes II.aren erregealdian administratu zuen lurraldea. Tiridates izenak Tirrek emana esan nahi du (Tir literaturaren, zientziaren eta artearen armeniar-partiar jainkoa zen, Tishtrya avestarretik zetorrena eta greziar mitologiako Apolo jainkoarekin oso lotua). 51n Kapadoziako erromatar prokuratorea zen Julio Pelignok Armenia inbaditu eta lurraldea suntsitu zuen, garai horretan Radamisto iberiar usurpatzaileak domeinatua zegoena, bere osaba Mitridates Armeniakoa hil zuena.

Inperioarengandik agindurik jasotzea espero gabe, erromatar prokuratoreak Radamisto Armeniako errege berri bezala errekonozitu zuen. Siria probintziako administraria zen Ummidio Quadratok Helvidio Prisco bidali zuen armada handi baten buru lurraldean ordena jartzeko aginduarekin, baina espedizioak gelditu egin behar izan zuen Erromatik Partiar Inperioak probokaziotzat har zezakeen ekintzarik ez egiteko aginduak iritsi zirenean.

52an, Vologeso I.a Partiako erregeak inguru haren ezegonkortasuna probestu eta Armenia inbaditu zuen, Artaxata azkar konkistatuz eta bere anaia txikia zen Tiridates errege berri bezala izendatuz. Ekintza honek Augusto eta Fraates IV.aren artean lortu zen adostasuna hautsi zuen, honen bidez, armeniar erregeak izendatzeko eskubidea soilik erromatarrek zutela argi adierazten zelarik. Vologesok, garai batean bere arbasoen jabetza izan zen Armeniako tronua hiltzaile batek usurpatua izatea ezin zuela onartu adierazi zuen. Neguko izurrite batek eta bere anaia Vardanes II.a buru zuen altxamendu batek Vologesok bere tropak Armeniatik atera behar izatea eragin zuen, une hau Radamistok, itzuli eta armeniar herriaren altxamendua eta Tiridates partiar printzea errege berri bezala izendatzea eragin zuen errepresio politika zorrotz bat hasteko probestu zuelarik.

Radamistok bere emazte Zenobiarekin ihes egin zuen, honen haurdunaldia zela eta, bere senarrari hiltzeko eskatu ziona harrapatua ez izateko. Radamistok mediar daga bat sartu zion eta Araxes ibaira bota zuen gorpua, baina zauria ez zen hilgarria izan, eta Zenobia Tiridatesengana bidali zuten artzai batzuk aurkitu zuten, erregeak adeitsu hartu zuelarik, errege leinuko beste kide bat bezala ere tratatuz. Radamistok Iberiara itzuli ahal izan zuen, non bere aita Farasmanesek hiltzera zigortu zuen errege boterearen aurka konspiratzeagatik.

Gerra Erromarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdean Partiar Inperioak zuen geroz eta eragin handiagoak ezinegon handia eragin zion Neroni, hara Gneo Domizio Korbulon bidali zuelarik armada handi baten buru eta lurralde hartan erromatar domeinua berrezartzeko aginduarekin. Erromatar komandantea kanpainan denbora askotxo egongo zenez, Aristobulo izeneko asmonear batek Armenia Txikiaren administrazioa jaso zuen (funtsean Nikopolis eta Satala hiriek osatzen zutena), Armenia Sopheneren administrazioa Sohaemo Emesakoari egokitu zitzaion bitartean. 58ko udaberrian Korbulon, Kapadoziatik abiatuta Armenian sartu zen, eta Artaxatarantz joan zen, Farasmanes Iberiakoak iparraldetik erasotzen zuen eta Antioko IV.a Komagenekoak hegomendebaldetik beste eraso bat egiten zuen bitartean. Bere anaiaren laguntzarekin, Tiridatesek zutabe mugikorrak bidali zituen erromatar zutabeak zenbait puntutan erasotzeko, baina Korbulonek taktika berberak erabiliz erantzun zuen eta hango moschoi tribuak erabili zituen Armeniako mugetako eskualdeak arpilatzeko. Tiridatesek hiriburutik ihes egin ahal izan zuen hau erromatarrek hartu baino lehen, erraietaraino erre zutena. Uda horretan bertan Korbulonek Tigranocertarantz aurrera egin zuen Taronitidatik igarotzen zen lurralde gogor batean zehar, non ofizial ugari armeniar erresistentziak antolatutako segada batean hil ziren. Alabaina, hiriburura iritsi zirenean, hau errenditu egin zen eta bere ateak ireki zituen, hiri zitadeletako bat izan ezik, inbaditzaileek suntsitu zutena. Puntu honetan, armeniar herritar gehienek erresistentzia baztertu eta Erromak izendatutako printzea onartu zuten.

Neronek Armeniako errege berri bezala Kapadoziako erresumako azken errege oinordekoa izendatu zuen, Arkelao Ktistesen oinordekoa zen Glafiraren eta Alejandro Judeakoaren biloba, azken hau Herodes Arkelaoren anaia eta Herodes Handiaren oinordekoa, Tigranes VI.a Armeniakoa izenarekin errege bihurtu zena. Bere oinordekoa zen Alejandro Iotaparekin ezkonduko zen, Antioko VI.aren alaba zena, eta Ziliziako erresuma lortuko zuen. Inperioaren ekialdean lortutako garaipenek erromatarrak poztu zituzten, euren enperadorea publikoki ohoratu zutelarik, eta honek Korbulon Siriako probintziaren administrazioarekin saritzea eragin zuena. Tigranesek mila legionariok, hiru kohorte laguntzailek eta bi zalditeria dibisiok osatutako goardia bat jaso zuen bere lurraldearen inbasioa eragoz zezan, lurralde honen mugak Korbulonen alde egin zuten erromatar aliatuen administraziopera pasa zirelarik, horien artean Polemon II.a Pontokoa, Farasmanes, Aristobulo eta Antioko zeudelarik.

Aldiz, partiar enperadorea orain nabarmen nahigabetua zegoen Armeniako tronua beste errege atzerritar batena zelako, baina ezin izan zuen berehala bere anaiaren kausa babestu, matxinatu ziren hirkaniarren aurka borrokan ari baitzen. Tigranesek geldialdi hori Adiabene erresuma inbaditu eta partiarren basailua zen Monobazes tronutik kentzeko probestu zuen 61ean.

Vologesok mugimendu hau erromatarren eraso ekintzatzat hartu zuen, eta Armeniako tronuan Tiridates berrezartzeko kanpaina bat hasi zuen Moneses spahbodari, nor adiabenetar katafrakto eta tropa laguntzaileek osatutako armada baten buru izendatu zuen, Tigranes Armeniatik kanporatzeko aginduz. Vologesok berak propio parte hartu zuen kanpainan hirkaniarrak garaitu ondoren. Berehalako erasoaz informatua izan zenean, Korbulonek, berehala, Verulano Severo eta Vetio Bolano buru zituzten bi legio bidali zituen Tigranesi laguntzera, baina, modu agresiboan ordez, kontu handiz aritzeko aginduekin. Neroni gutun bat bidali zion, non beste komandante bat bidaltzea eskatzen zion, orain bi probintzia baitziren, Armenia eta Siria, arriskuan zeudenak. Gainontzeko legioak Eufrates ibaiaren ibarrean ezarriko ziren, eta tropa ez erregularrak gainontzeko gertuko probintzietan. Eskualdeak ur eskasia handia zuenez zubietan defentsak eraikitzea agindu zuen, eta errekaztoak harearekin lurperatuz estali zituen.


Aurrekoa
Tigranes VI.a Armeniakoa
Armeniako erregea
63-?
Ondorengoa
Sanatruzes Armeniakoa