Tirso de Molina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tirso de Molina.

Tirso de Molina, jaiotza-izenez Gabriel Téllez (Madril, Espainia, 1579ko martxoaren 24a - Almazan, Soria, Espainia, 1648ko martxoaren 12a) espainiar antzerki-idazlea izan zen. Lope de Vegaren jarraitzaile handiena izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alcala de Henaresko Unibertsitatean ikasi zuen, eta 1601ean Mesedeetako Ordenako fraide egin zen. Ordenako kronikari izendatu zuten 1632an, eta haren historia idatzi zuen 1637an. Ospe handia izan zuen, halaber, teologo gisa.

1616an Ameriketako Hispaniola uhartera bidali zuten, eta 1618an Toledon finkatu zen eta geroxeago Madrilen. 1621ean idatzi zuen Los Cigarrales de Toledo (1621, "Toledoko lorategiak"), bertso, kontakizun eta antzerki-obra txikien bilduma, eta Trujilloko eta Toledoko komentuetan bizi izan zen ondoren.

Hirurehun antzerki-obratik gora idatzi zituen (laurogei inguru ezagutzen dira), tragediak, komediak, Biblian eta historian oinarrituriko lanak eta erlijio-dramak (auto sacramental deituak). Lope de Vegaren modura, ez zituen antzerki klasikoaren arauak errespetatu, eta zorroztasun berezia zuen pertsonaien psikologia aurkezterakoan.

Bost partetan argitaratu zituen antzerki-lanak, 1627tik 1636ra bitartean. Bi tragedia daude bere lan ospetsuenen artean: El burlador de Sevilla y convidado de piedra (1625, "Sevillako engainatzailea eta harrizko gonbidatua"; obra horretan agertzen da aurrenekoz antzerkian Don Juan pertsonaia) eta El Condenado por desconfiado (1635, "Fio ez zelako kondenatua"). Bi obra horiez gainera, ospe handiko beste obra batzuk ere aurkeztu zituen: El vergonzoso en palacio (1611, "Lotsatia jauregian"), La venganza de Tamar (1634, "Tamarren mendekua"), Don Gil de las calzas verdes (1635, "Don Gil galtza berdeduna"), La prudencia en la mujer (1635, "Emakumearen zuhurtzia"), Los Amantes de Teruel (1635, "Teruelgo maitaleak").

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tirso de Molina Aldatu lotura Wikidatan