Tokio

Koordenatuak: 35°41′22″N 139°41′30″E / 35.6894°N 139.6917°E / 35.6894; 139.6917
Wikipedia, Entziklopedia askea
Tokio
東京都 (Tōkyō-to, Tokio Metropolia)
metropolitan prefecture (en) Itzuli
Administrazioa
Herrialdea Japonia
Uhartea
Eskualdea
Gobernaria
Honshu
Kantō
Yōichi Masuzoe
Zuhaitza
Lorea
Txoria
Ginkgoa
Somei-Yoshino gerezi lorea
Antxeta mokogorria
AlkateaYuriko Koike (en) Itzuli
Izen ofiziala東京都
Едо
Tokio
HerriburuaShinjuku
Tokio
Geografia
Koordenatuak35°41′22″N 139°41′30″E / 35.6894°N 139.6917°E / 35.6894; 139.6917
Map
Azalera2.187,08 km²
Altuera6 m
MugakideakChiba, Saitama, Yamanashi eta Kanagawa prefektura
Demografia
Biztanleria14.264.798 (2022)
217.204 (2020)
Dentsitatea5.727,78 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1868ko irailaren 6a
Ordu eremuaUTC+09:00 eta Japan Standard Time (en) Itzuli
Hiri senidetuakBerlin, New York, Hegoaldeko Gales Berria, Jakarta, Seul, Kairoko gobernazioa, Pekin, Erroma, Paris, Mosku, São Paulo, Londres, Damasko, Amman, Casablanca, Delhi eta Honolulu
http://www.metro.tokyo.jp www.metro.tokyo.jp
1989 urtean, Tokiok irudi hau hartu zuen ikurtzat, T itxurako Ginkgo hostoa, Tokioren garapen eta oparotasun handia, xarma eta lasaitasuna irudikatuz.

Tokio[1][2] (japonieraz: 東京 Tōkyō?, "Ekialdeko Hiriburua", toːkjoː ahoskatua) , ofizialki Tokioko Metropoli (japonieraz: 東京都 Tōkyō-to?) Japoniako hiriburua da. Munduko hiririk jendetsuena da, 38 milioi biztanlerekin metropoli gunean. Honshu uharteko erdi-ekialdean dago, Kantō eskualdean. Tokioko aglomerazioak Japoniako 47 prefekturetako bat osatzen du, baina ofizialki metropoli edo hiriburu (都 -to) deitzen zaio. Hiri hau herrialdeko zentro politiko, ekonomiko eta kulturala da, eta beste hiriek baino komunikabide, finantza instituzio, unibertsitate, ikastegi, museo, teatro eta gune komertzial kontzentrazio handiagoa dauka.

Etimologia

Hasiera batean hiria Edo izenrekin sortu zen, zeinak "estuarioa" esan nahi duen, izan ere Sumida ibaia bertan itsasoratzen baita. 1868an hiriburu bihurtzerakoan izena aldatu zuen gaur egungo Tōkyō ("Ekialdeko Hiriburua") izena hartu zuen. Meiji aroan Tōkei izena ere izan zuen, karaktere beren txinerazko ahoskera da.

Geografia

Kokapen geografikoa

Tokio bi zonalde ezberdinetan banatua dago: Honshu irla nagusian kokatzen den zonaldea, metropolitarra deitua, eta ondoan dauden irlatxoez osatutakoa. Hiriaren koordenatuak hauek dira: 35°41' Iparrerantz, 139°46' Ekialderantz. Honshu irlan dagoen zatiak, ekialdean Chibako prefekturarekin egiten du muga, mendebaldean Yamanashirekin, hegoaldean Kanagawa prefekturarekin eta iparraldean Saitamarekin.

Irlatxoz osatutako zatiak Ozeano Bareko bi uharte-kate hartzen ditu bere baitan: hegoalderantz Izu uharteak, Izu penintsulari paralelo daudenak (Shizuoka prefektura), eta Ogasawara uharteak, uharte nagusitik mila kilometro baino gehiagora daudenak (urrunena Minami Torishima izanki, 1850 Km-tara).

Tokio Tokio Handia zonaldearen parte da, Kanagawa, Saitama eta Chiba prefeturekin batera.

Metropolia

Gaur egun, Tokio gure planetako hiritar gune garrantzitsuenetako bat da. Herrialdeko finantza gune nagusia eta hiriburu politikoa, Tokio munduko tren-sistema konplexuenaren jabe da. Bere tamainako beste hiri batzuekin konparatuta, ez ditu etxe orratz ugari lurrikara arriskuaren ondorioz. Horregatik, hiri honetako eraikinek ez dute 10 solairu baino gehiago izaten.

Japoniar legeak Tokio -to (都, metropoli) gisa izendatzen du, eta haren banaketa administratiboa beste prefekturenaren antzekoa da. Tokioren metropoli zonaldeak 23 Auzo Berezi (特別区, -ku) ditu, 1943 arte Tokio Hiria beraren barne zirenak. Horrez gain, Tokiok 26 hiri satelite (市, -shi), bost herri (町, -chō edo -machi) eta zortzi herrixka (村, -son edo -mura) ditu; bakoitzak bere gobernua duelarik.

Oro har, Tokiok hiru zentzu geografiko ditu:

1.- Tokio hiria, nahiz eta "Tokio" izeneko udalik ez dagoen 1943an bezala. Japoniako hiririk handiena da, 8.336.611 biztanle eta 621,3 km²-ko hedadurarekin. 1943ko hiriaren mugek osatzen dute eta 23 "auzo berezi"-tan banaturik dago.

2.- Tokioko prefektura Tokio hiriak, auzoek, hiri sateliteek etb. osatutako eremua da. 12.527.115 biztanle eta 2.187,08 km²-ko hedadura du.

3.- Tokio Handia (東京圏, Tōkyō-ken) izeneko eremua, Kantō eskualdeko lau prefekturek osatua: Tokio, Chiba, Kanagawa eta Saitama. Guztira 37.818.369 biztanle eta 13.555,8 km²-ko hedadura lortzen dute. Erabat hiritartutako gune honen %35a itsasoari jandako lurretan kokatzen da, gomi izeneko materialaren gainean. Gomia aukeratutako eta zanpatutako zakarrez egina dago, eta eraikinak egiteko erabiltzen da.

Hidrografia

Tokioko Badiaren inguruan kokaturik dago Tokio. Bertan bi ibai itsasoratzen dira nagusiki, Arakawa ibaia eta Sumida ibaia.

Demografia

Tokio munduko hiririk populatuena da. Egunero bi milioi eta erdi pertsona mugitzen dira Tokio barrura eta kanpora. Biztanleriaren gehiengoa japoniarra bada ere, badaude hainbat inmigrante komunitate ere, batez ere txinatarrak (164.199), korearrak (105.522), filipinarrak (29.540) eta estatubatuarrak (17.342).

Klima.

    Datu klimatikoak (Tokio (1981-2010))    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 9.9 10.4 13.3 18.8 22.8 25.5 29.4 31.1 27.2 21.8 16.9 12.4 20
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.5 2.9 5.6 10.7 15.4 19.1 23.0 24.5 21.1 15.4 9.9 5.1 12.9
Pilatutako prezipitazioa (mm) 45 60 100 125 138 185 126 148 180 164 89 46 1406
Prezipitazio egunak (≥ 0.5 mm) 5 7 11 11 10 14 12 10 13 10 7 4 114
Elur egunak (≥ 1 mm) 2.8 3.7 2.2 0.2 0 0 0 0 0 0 0 0.8 9.7
Eguzki orduak 175 150 165 161 182 123 137 177 110 129 137 166 1812
Hezetasuna (%) 49 50 55 60 65 72 73 71 71 66 59 52 61.9
Iturria (1): Japan Meteorological Agency [3]
Iturria (2): The Weather Network[4]

Historia

Meiji enperadorea, Kiototik Tokiora bidaian (1868).
Tokio bonbakatua 1945ean.

Hiriaren sorrera

Kanto lautada k.a. 3.000 urtean populatu zen. Tokio hasiera batean Edo (江戸) izeneko arrantzale herri txikia izan zen baina toki estrategikoan kokaturik zegoenez Edo leinuak XII mendean herrixka gotortu egin zuen. Edo Shigenagak garrantzi militarra eman zion eta 1457an Ota Dokan samuraiak Edo Gaztelua eraiki zuen.

Edo Aroa (1603-1867)

Sakontzeko, irakurri: «Edo Aroa»

1603an, Tokugawa Ieyasuk, shogun titulu ofiziala lortu zuen eta Tokion ezarri zuen bere egoitza. Honi esker Edoren biztanleria azkar hazi zen eta XVIII menderako milioi bat pertsonatik gora bizi ziren bertan. Enperadorea Kyoton egonik hiriburua berau izan arren Edo bihurtu zen Japoniako hiriburu ez ofiziala. 1857ko martxoaren 21ean gertaera lazgarria izan zen, lurrikara batek 100.000 hildako baino gehiago utzi zituen hirian.

Meiji Aroa (1868-1943)

Sakontzeko, irakurri: «Meiji berrezarkuntza»

1866 eta 1869 arteko Meiji berrezarkuntzan samuraien erregimen despotikoak kendu eta aldaketa sozial handiak gertatu ziren Japonian. Enperadoreak bere egoitza Kyototik Edora pasa zuen eta hiria berrizendatua izan zen, Tokio izena hartuz. Edo gaztelua berriztu eta Tokioko jauregi inperiala bihurtu zen. 1900 inguruan trenbideen elkarguneen inguruan dentsitate handiko auzoak eratu ziren. 1923ko irailaren 1ean beste lurrikara handi batek hiria suntsitu zuen. 140.000 pertsona hil ziren.

Tokio prefektura metropolitanoa (1943- )

1943an Tokio hiriak bat egin zuen inguratzen zuen metropoliarekin eta prefektura bereizia bihurtu zen. 1944 eta 1945 artean Bigarren Mundu Gerrako bonbaketak pairatu zituen eta hiriaren erdia erabat suntsitua gelditu zen.

1964ko urrian bertan Olinpiar Jokoak antolatu zituzten, Asian jokaturiko lehenak izan ziren. 70. hamarkadan Japoniak ezaguturiko burbuila ekonomikoari esker Tokioko auzoak eta garraiobideak nabarmen garatu ziren, 1978an Naritako aireportua eraiki zen eta Tokioko metroa munduko erabiliena bihurtu zen.

90. hamarkadan burbuilak eztanda egin zuen eta herrialdea oraindik errekuperazio bidean dago. 2020an berriz ere Olinpiar Jokoak antolatuko ditu.

Garraioak

Tokioko metroak eta East JR trenak sare erraldoia osatzen dute hirian. honetaz gain nazioarteko bi aireportu ere baditu, Hanedakoa eta Naritakoa.

Ekonomia

Japoniako bankua.

Finantza zentrua

Tokioko metropolia munduko ekonomia erdigune handiena da. 1'479 trilioi dolarretako Barne produktu gordina (BPG) dauka hiriak (2008) eta munduko 500 konpainia indartsuenetako 51k bertan daukate beren egoitza, zerrendako bigarren hiria den Parisen bikoitza da hau. Inbertsio bankuak, aseguru konpainiak, garraio konpainiak, publizitatea eta komunikazio industriak dira nagusi.

Munduko hiru ekonomia gidarien artean sartzen da Tokio, New York eta Londresekin batera. Tokioko Burtsa munduko laugarrena da.

Lehen sektorea

Tokioren mendebaldean 8.460 hektareatako nekazal eremua dauka eta barazki eta fruita hornitzaile handia da. Ziazerba eta komatsuna dira gehien ekoizten diren produktuak. Honetaz gain Tokioko lurren %36a basoek estalia dago. Zuhaitz ohikoena Cryptomeria da eta polinizazio garaian arazo handiak sortzen ditu hirian. Japoniako altzifrea ere ugaria da.

Arrantzari dagokionez, garai batean Tokioko badia zen arrantzagune nagusia baina gaur egun badiatik kanpoko uharteak dira arrain hornitzaile nagusiak.

Turismoa

2006an ia bost milioi turista atzerritar hartu zituen, bai eta milioi erdi japoniar turista ere. Turistek batez ere auzo berezietako eremu komertzialak bisitatzen dituzte, baina baita museo nazionala ere.

Ingurumena

Tokio Hiriko bero-uhartearen adibide garbia da. Horregatik 2020 urterako 2000n zeuden negutegi gasen %25a jeisteko helburua azaldu zuen Shintaro Ishihara gobernadoreak. Horretarako hainbat ekintza hasi dira burutzen. Esate baterako 2006an 1.000 hektarea ingurune berde gehitzea erabaki zen, bai eta 10 urteren epean kale ertzetan milioi erdi zuhaitz landatzea ere.

Hezkuntza

Japoniako unibertsitate handienak eta prestigiotsuenak Tokion daude. Aipatzekoak dira:

  • Tokioko Unibertsitatea
  • Hitotsubashi Unibertsitatea
  • Tokioko Teknologia Institutua
  • Waseda Unibertsitatea
  • Keio Unibertsitatea

Kultura eta aisialdia

Sanja Matsuri jaialdia Sensō-ji tenploan.

Tokiok museo ugari ditu, nabarmenenak Ueno parkean kokaturikoak. Tokioko Museo Nazionala, Japoniako Zientzia Museo Nazionala eta Mendebaldeko Artearen Museo Nazionala dira aipagarrienak. Jauregi inperialaren inguruan badago beste museo interesgarri bat ere, Tokioko arte modernoko museoa.

Antzerki tradizionalak ere badu bere tokia. No Antzoki Nazionala eta Kabuki-za antzokia dira honen lekuko.

Pop eta rock musika ere gogor sartu da Japonian azken hamarkadetan. Famatuak dira Shibuyako hainbat areto; Club Quattro, O-West, O-East, Liquid Room eta Akasaka Blitz. Baina japoniarren aisialdia karaoketan eta pachinko aretoetan izaten da gehien bat. Gau girorako aldiz Roppongi auzoa da famatuena.

Jaialdirik ezagunena Kanda Matsuri da. Maiatzean ospatu ohi da eta karrozen desfile erraldoia egiten da. Sanja Matsuri jaialdia Sensō-ji tenploan izaten da, hau ere maiatzean, eta jaialdi erlijiosoa da. Hirugarren jaialdi famatua Sannō Matsuri da, ekainean ospatzen dena.

Arkitektura

1923ko lurrikarak eta Bigarren Mundu Gerrako bonbaketek hiria suntsitu ondoren Tokiok berriztu beharra izan zuen eta arkitektura modernoenaren erakusle diren eraikinak jaso zituen. Tokyo Nazioarteko Foruma, Asahi Beer Hall, Mode Gakuen Cocoon Tower, NTT Docomo Yoyogi Eraikina eta Rainbow Bridge dira aipagarrienak. Ezin alde batera utzi Tokioko bi dorreak, Tokioko Dorrea eta 2012an bukaturiko Tokyo Sky Tree, 634 metrotako altuera daukana.

Kirolak

Ryōgoku Kokugikan sumo estadioa.

Japoniako kirol garrantzitsuenak beisbola eta sumoa dira, baina azken aldian futbolak ere bere tokia hartu du.

  • Beisbol taldeak:
    • Yomiuri Giants
    • Tokyo Yakult Swallows
  • Futbol taldeak:
    • F.C. Tokyo
    • Tokyo Verdi

Borroka-arteak ere asko praktikatzen dira, batez ere judoa, karatea eta aikidoa

Honetaz gain aipatzekoa da 1964ko Udako Olinpiar Jokoak antolatu zituela eta 2020an Olinpiar Joko berriak izango direla bertan.

Ondasun nabarmenak

Erdiguneko auzoak

Sakontzeko, irakurri: «Tokioko auzo bereziak»
Tokio Hiriko 23 auzoak.

Hauek dira Tokio Hiriko 23 auzoen artean interesgarrienak:

  • Bunkyō: Tokio erdialdean kokaturik dago eta batez ere auzo erresidentziala eta unibertsitarioa da.
  • Chiyoda: Auzo honetan daude Enperadorearen jauregia, Japoniako Dieta Nazionala eta Japoniako Epaitegi Gorena. Akihabara barrutia (Electric City) manga eta teknologia berrien eremua da.
  • Chūō: Tokioren erdialdean dago eta batez ere bi barruti dira aipagarriak; Ginza, merkatalguneak, luxuzko boutiqueak, jatetxeak eta kafetegiak dituena eta Tsukiji, Tokioko Arrain Merkatua dagoen barrutia.
  • Kōtō: Tokioko auzo handienetakoa da. Tokioko Badiaren ertzean dago eta Odaiba uharte artifizialaren zati bat ere hartzen du.
  • Minato: Konpainia handien egoitzak eta 49 herrialderen enbaxadak dauden auzoa da. Tokioko Dorrea da eraikinik aipagarriena.
  • Shibuya: Tokioko auzorik garrantzitsuenetakoa da, hiriko denda eta merkataritza gunerik handienak bertan daude. Meiji santutegia ere bertan dago.
  • Shinjuku: Bi eremu oso desberdin ditu. Mendebaldean Tokioko etxe orratzen kontzentrazio handiena duen auzoa dago. Bertan bulegoak eta Tokioko udaletxea daude besteak beste. 250.000 pertsona joaten dira egunero bertako bulegoetan lan egitera. Ekialdean berriz Tokioko entretenimendu eta gaugiroko auzoa dago. Tokion lan egin ondoren etxera bueltan datorren jendeak betetzen ditu Golden Gai eremuko taberna txikiak eta Kabukichō auzo "gorriko" lokalak.
  • Sumida: Sumida ibaiaren ekialdean dagoen auzoa da eta Tokioko auzoen artean dentsitate handienetakoa du. Eraikinik aipagarriena Tokyo Skytree dorrea da.
  • Taitō: Hiriko auzo interesgarrienetakoa da, besteak beste Ueno parkea eta Sensō-ji tenplua daude bertan.
  • Toshima: Tokioko auzo kosmopolitenetakoa da. Ikebukuro barrutia dago bertan, aisialdi eta merkatal barrutia da.

Eraikin aipagarriak

Parkeak

Jaialdiak

Iruditegia

Tokiotar ezagunak.

Herri eta hiri senidetuak.

Tokiok honako hiriekin ditu harremanak:[5]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tokio Aldatu lotura Wikidatan
Tokio prefektura Metropoliaren ikurra
Auzo bereziak : Adachi | Arakawa | Bunkyō | Chiyoda | Chūō | Edogawa | Itabashi | Katsushika | Kita | Kōtō | Meguro | Minato | Nakano | Nerima | Ōta | Setagaya | Shibuya | Shinagawa | Shinjuku | Suginami | Sumida | Taitō | Toshima
Hiriak : Akiruno | Akishima | Chōfu | Fuchū | Fussa | Hachiōji | Hamura | Higashikurume | Higashimurayama | Higashiyamato | Hino | Inagi | Kiyose | Kodaira | Koganei | Kokubunji | Komae | Kunitachi | Machida | Mitaka | Musashimurayama | Musashino | Nishitōkyō | Oume | Tachikawa | Tama
Suprefeturak : Nishitama | Hachijō | Miyake | Ogasawara | Ōshima