Tolosaldea
|
Tolosaldea |
|
|---|---|
| Azalera | 331,4 km² |
| Biztanleria | 46.337 (2011) |
| Dentsitatea | 137,28 bizt / km² |
| Udalerriak | Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Villabona-Amasa, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Bedaio, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Zizurkil |
| Herririk handiena | Tolosa (18.232 biztanle) |
| www.tolosaldea.net | |
Tolosaldea Gipuzkoako ekialdean dagoen eskualdea da. 332 km²-ko azalera du. Lurralde historikoan jende gutxien duen eskualdea da (45.000 biztanle inguru). Baina, aldiz, udalerri gehien ditu, 29.
Eskualdea Toloserri izenez ere ezagutzen zen, hegoaldean dagoen Goierri eta iparraldean dagoen Beterri eskualdeez bestera, baina izen hau gutxi erabiltzen da gaur egun.
Eskualdeko udalerri garrantzitsuena Tolosa da, eta hortik datorkio izena. Historikoki beti hala izan da, eta gainera, iraganean Tolosaldeko udalerri guztiak Tolosaren zati izan ziren, pixkanaka banantzen joan ziren arte.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Orografia [aldatu]
Eskualde menditsua da Tolosaldea, nahiz eta Hernio eta Herniozabal izan 1.000 m-ak gainditzen dituzten mendi bakarrak. Aipagarriak dira, ekialdetik mendebalera, Uzturre (735 m), Erroizpe (802 m), Urdelar (849 m) eta Ipulino (935 m) mendiak, eskualdearen erdialdean, Otzabio (897 m) eta Ulimendi (859 m) mendiak Tolosaldearen hegoaldean eta Hernioko mendialdea (1.072 m) ekialdean.
Hidrografia [aldatu]
Ibai sarea garrantzitsua da Tolosaldean. Gipuzkoako ibai nagusiak, Oriak, igarotzen du Tolosaldeko eskualdea hegoaldetik iparraldera. Inguruko mendietatik jaisten diren erreka ugarik isurtzen dute ura Oria ibaian Tolosaldean zehar: Amezketa, Araxes eta Eldua eskuinaldetik eta Otsarain, Lizarrandi, Bazurka eta Malakapio, ezkerraldetik.
Klima [aldatu]
Klima ozeanikoa da, tenperaturak epelak dira eta giroa hezea. Landaredia asko aldatu da joan den mendeaz geroztik, papergintza zabaldu zenetik, batez ere. Pinuak nagusitu zaizkie jatorrizko harizti, pagadi eta gaztainadiei.
Mugakideak [aldatu]
Mugakide hauek ditu: ekialdean Nafarroa, iparraldean Beterri edo Donostialdea, hegoaldean Goierri eta mendebaldean Urola Kosta. Oria ibaiak zeharkatzen du eskualde gehiena.
Udalerriak [aldatu]
Oria ibaiaren haranean iparraldetik hegoaldera daude eskualdeko biztanle-gunerik handienak, hau da, Aduna, Villabona, Zizurkil, Irura, Anoeta, Tolosa, Ibarra, Alegia eta Ikaztegieta eta. Etxeak eta industria-poligonoak ia jarraiak dira Tolosa eta Andoain artean (azken herri hau Tolosaldearen iparraldean dago, ia Donostialdean).
Gainerako udalerriak Oria ibaira isurtzen diren erreken hegietako haranetan kokatzen dira, esaterako Aiztondokoa, Araxesekoa, Berastegikoa edo Amezketakoa; edota Oriaren beraren ondoko haranetan. Udalerri hauek txikiagoak dira oro har.
|
|
Euskara [aldatu]
Erdialdeko euskararen aldaera bat da eskualdeko berezko hizkera, erabilera maila probintzia osoko altuenen artean dago.
Ikastola bi Tolosan ("Inmaculada" eta "Laskorain") eta bana Anoeta, Ibarra ("Uzturpe") Irura, Zizurkilen ("Jesusen Bihotza") eta bertso-eskola bana Alegia, Asteasu, Berastegi, Tolosa, Villabona eta Zizurkilen eskura dituzte.
Batez beste, 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen % 72,3 euskaldunak ziren, % 13,2 ia-euskaldunak eta % 14,5 erdaldunak. Nolanahi ere, euskarari dagokionez, alde handiak daude udalerri handien eta txikien artean. Ia erabat euskalduntzat har daitezke herririk txikienak. Euskaldun kopururik txikiena zeukan udalerrian ere, Zizurkilen, euskalduntzat zuten beren burua biztanleen % 64k.
Ekonomia [aldatu]
Alor ekonomikoan, eskualdea bere osotasunean hartuz gero, Gipuzkoako batezbestekoaren gainetik gelditzen da biztanle bakoitzeko sortzen den Barne Produktu Gordina. EAEko indize bateratzeailea 100 eta Gipuzkoakoa 102 izanik, 111n zegoen Tolosaldea eskualdean 1996a: 2.539.000 milioi pezeta biztanleko eta urteko. EAEko, Gipuzkoako eta eskualdeko batezbestekoa aise gainditzen zuten Adunak (717 indizea), Albizturrek (176), Altzok (197), Anoetak (140), Asteasuk (154), Belauntzak (325), Berastegik (149), Elduainek (156), Ikaztegietak (197), Irurak (296) eta Zizurkilek (152). Aipagarria da Adunaren kasua (16.393.000 milioiko BPG sortu zen bertan biztanleko 1996. urtean), Arabako Legutiorekin eta Bizkaiko Zamudiorekin hori baita EAEn biztanleen kopuruari dagokion proportzioa kontuan hartuta aberastasun handiena sortzen duen udalerria. Batezbesteko guztien erabat azpitik dauden udalerriak ere biltzen ditu eskualdeak, hala nola, 50 indizera heltzen ez diren Gaztelu, Hernialde edota Ibarra, Tolosaldearen egitura ekonomikoaren lekuko.
Jarduera ekonomikoei dagokienez, eskualde erabat industriala da Tolosaldea. 1996an, esaterako, eskualdean sortu zen balio erantsiaren ia erdia industriak ekarri zuen, Gipuzkoako batezbestekoaren gainetik ia 12 puntu. Zerbitzuen ekarpena, aldiz, Gipuzkoako batezbestekoaren azpitik zegoen, 15 puntu, (Lurralde Historikoko balio erantsiaren % 54 ekarri zuen urte hartan alor horrek, eta Tolosaldearen % 39 baino ez). Lehen sektoreak, berriz, eskualdean sortutako balio erantsiaren % 3 ekarri zuen (% 1,5 Gipuzkoak urte hartan), nahiz eta eskualdeko hainbat udalerritan (Orendainen, Orexan, Larraulen edo Baliarrainen) jarduera nagusia izan, eta garrantzi handikoa Abaltzisketa, Alkiza, Elduain eta Gaztelun. Esan beharra dago, gainera, industria, beste eskualde batzuetan ez bezala, ez dela udalerri jendetsuetara mugatzen, biztanle askorik ez duten hainbat udalerritan ere Altzon, Albizturren, Belauntzan, Berastegin edota Berrobin, esaterako, industriak ekartzen baitu bertan sortutako balio erantsiaren zatirik garrantzitsuena. Zerbitzuei dagokienez, Ibarra, Tolosa eta Villabona dira eskualdeko zerbitzugunerik garrantzitsuenak.
Tolosaldear ezagunak [aldatu]
- Fernando Bengoetxea Pernando Amezketarra (1764-1823) (bertsolaria) (Amezketa)
- Nikolas Ormaetxea Orixe (1888)idazlea (Orexa)
- Jesus Altuna (1932) (antropologoa eta arkeologoa) (Berastegi)
- Miguel Angel Alonso Oiarbide Periko Alonso (1953)(futbolari ohia) (Tolosa)
- Jose Irazu Bernardo Atxaga (1951) (Idazlea) (Asteasu)
- Martxelo Otamendi (1957) (kazetaria) (Tolosa)
- Jose Ramon Eizmendi (1960) (futbolari ohia eta futbol entrenatzailea) (Ikaztegieta)
- Kike Amonarriz (1961), soziolinguista, umorista eta telebistako aurkezlea (Tolosa)
- Edurne Ormazabal (1963) (kazetaria) (Tolosa)
- Julen Lopetegi (1966) (futbolari ohia) (Asteasu)
- Mikel Loinaz (1967) (futbolari ohia) (Andoain)
- Jexux Mari Irazu (1972) (bertsolaria) (Larraul)
- Edurne Pasaban (1973) (mendizalea eta alpinista) (Tolosa)
- Abraham Olano (1970) (txirrindulari ohia) (Anoeta)
- Gari Uranga (1980) (futbolaria) (Ibarra)
- Mikel Alonso Olano (1980(futbolaria) (Tolosa)
- Xabier Alonso Olano (1981)(futbolaria) (Tolosa)
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Tolosaldea Garatzen
- (Euskaraz) Tolosaldea Tour
- (Euskaraz) Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza, eskualdeko egunkaria
- (Euskaraz) Alegiatik mundura!!!
- (Euskaraz) 28 kanala, Tolosaldeko telebista
- (Euskaraz) Txolarre irratia, Tolosaldeko irratia
|
|||||||
| Gipuzkoako eskualdeak | ||
|---|---|---|
|
Bidasoaldea | Debabarrena | Debagoiena | Donostialdea | Goierri | Oiartzualdea | Tolosaldea | Urola Erdia | Urola Garaia | Urola Kosta |
||
|
|||||||||||||||||||||||||
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.