Tomás de Iriarte
Tomás de Iriarte Oropesa (Orotava, Tenerife, Espainia, 1750 - Madril, Espainia, 1791) idazle neoklasikoa izan zen.
Bizitza[aldatu]
Hamahiru urte zituela joan zen Madrila, eta han heziketa klasikoa jaso zuen. José Cadalsoren eta Fernández de Moratínen adiskide izan zen. Itzulpen-lanetan aritu zen hasieran Espainiako Estatu Idazkaritzarako, eta Espainiako Gerra Kontseiluko artxibozaina izan zen aurrerago. Iriarteren literatura-arrakasta hiru lani zor zaio: Horazioren Ars Poeticaren itzulpena (1777); Fábulas literarias (1782, Literatura alegiak), olerki satiriko eta moralzaleen bilduma; eta Los literatos en Cuaresma (1779, Literatura jendea Garizuman) satira-lana. Garai hartan ohi zenez, eztabaida ugari izan zituen idazle askorekin.
Hiru komedia moral idatzi zituen hitz neurtuetan: El señorito mimado (1790); La señorita malcriada (1788) eta El don de gentes (1790), eta antzezlan bat pertsonaia bakarrarentzat: Guzmán el Bueno (1787).
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.