Tomas Zumalakarregi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tomas Zumalakarregi
Tomas Zumalakarregi
Tomas Zumalakarregi ormaiztegiarraren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Tomas Zumalakarregi Imatz
Ezizena Osaba Tomas
Jaio 1788ko abenduaren 29a
Iriarte Erdikoa baserria,
Euskal Herria Ormaiztegi, Gipuzkoa
(Euskal Herria)
Hil 1835eko ekainaren 24a
Euskal Herria Zegama, Gipuzkoa
(Euskal Herria)

Tomas Zumalakarregi Imatz (1788ko abenduaren 29a, Iriarte Erdikoa baserria, Ormaiztegi, Gipuzkoa - 1835eko ekainaren 24a, Zegama, Gipuzkoa) euskal militarra zen, eta Lehen Karlistaldian jeneral garrantzitsua izatera iritsi zen. Osaba Tomas ezizenaz ere ezaguna izan zen.

Jaiotetxean, haren omenezko Zumalakarregi Museoa dago.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zumalakarregi zaurituaren garraioa.
C. F. Henningsen kapitainak egindako Zumalakarregiren erretratua, egiazko bakarra..

Euskal Herriko Ormaiztegi udalerrian dagoen Iriarte Erdikoa baserrian jaio zen 1788ko abenduan. Idiazabalgo eskribaua zuen aita, eta haren bidetik jarraitu nahi izan zuenez eskribau‑ikasketak egin zituen. Ironikoki, bere anaia helduago bat, Migel Antonio Zumalakarregi, garaiko politiko liberal nabarmenetarikoa izan zen, eta absolutisten errepresioa pairatu zuen. Iruñean ikasten ari zen Napoleonen inbasioak bere etorkizuna aldatu zuenean. Jauregi “Artzaia”ren gerrillarekin bat egin zuen 1812an. Gerran izan zuen parte hartzeak San Martzialgo guduan jo zuen gailurra, eta kondekoratu egin zuten gudu haren ondoren.

Gerra bukatzean kapitain maila zuen, eta karrera militarrarekin jarraitzea erabaki zuen. Hainbat lekutan ibili zen jardunean, harik eta 1820ko iraultza gertatu zenean agintetik kendu zuten arte, miliziako sektore kontserbatzaileenen aldekoa zelako.

1822an matxinatu errealistekin bat egin zuen, Genaro Quesada matxinadak Nafarroan zuen arduradunaren aginduetara. Liberalen aurka borrokatu zen, Nafarroako Boluntarioen bigarren batailoiko komandante bezala. Espainiako esperientzia liberalari amaiera emateko, Europako potentziek "San Luisen Ehun Mila Semeak" bidali zituztenean, Angulemako dukeak gidatutako indar horretan sartu zen, 1823ko urrian Lleidako setioan lagunduz.

Hurrengo urtean Nafarroako Boluntario Errealisten batailoia antolatzeaz arduratu zen, Iruñeko batzorde militarrean liberalen aurkako errepresioan parte hartzen zuen bitartean. Karrera militarrarekin jarraitu zuen, eta Huescan, Toledon, Sorian, Zaragozan eta Madrilen ibili zen lanean. 1832an Ferrolgo gobernadore militar izendatu zuten. Calomarderen gobernu kontserbadorea boteretik kendu zuen matxinada absolutistan ez zuen oso jarrera garbia izan, eta auzitegi militarrean erantzun behar izan zuen horregatik. Azkenean errugabetu egin zuten arren, Fernando VII.aren erregealdiko azken urtean agintetik baztertu egin zuten. Iruñean erretiratzeko eskatu zuen, eta hantxe zen Fernando VII.a hil eta Don Karlosen jarraitzaileak matxinatu zirenean.

Urrian matxinatuekin bat egin eta haien buruzagi bihurtu zen, Nafarroan aurrena eta Euskal Herri osoan handik gutxira. Antolakuntzarako dohain handiak erakutsi zituen, hilabete gutxiren buruan hor zehar sakabanatutako gerrilla-taldeak elkartu eta Espainiako tropa onenei aurre egiteko gai zen armada eraginkorra antolatu baitzuen. Gerrilla‑taktikak erabili zituen Elisabet II.aren alde ziharduten jeneral entzutetsuenekin borrokatzeko. 1834ko uztailean erregegaia iritsi zenean, bere jarraitzaileen buruzagi militar karguan berretsi zuen hark, eta urtebeteko epean Espainiako armadako militar gorenak menderatu zituen: Rodil, Espartero, Carondelet, O’Doyle, Córdova, Espoz y Mina eta Valdés.

1835eko apirilean Eliot ituna sinatu zuen. Gerra zibil odoltsu hura baretzeko bidalitako enbaxadore ingelesarengatik jarri zioten izen hori itunari, eta hura sinatu zenetik, lehiakideak presoak hartzen eta zaurituak errespetatzen hasi ziren. Itun hura karlista armadaren nazioarteko onarpena ere izan zen.

Karlistek Deskargan Espartero menderatu eta Ordizia hartu ondoren, tropa liberalak hiriburuetan babestu ziren, eta gainerako euskal lurraldeak karlisten esku gelditu ziren ia oso osorik.

Ekainean Bilbo menderatzen ahalegintzeko agindu zuen Erregegaiak. Setioa hastean belaunean zauritu zuten Zumalakarregi, eta sendatzeko Zegamara eramateko eskatu zuen. Zaindu zuten petrikiloek ez zuten uste zauria larria zenik, baina handik bederatzi egunera hil egin zen zauri haren ondorioz.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Tomas Zumalakarregi

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]