Tortura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inkisizioa homosexual bat torturatzen. XVIII. mendeko irarlana.

Tortura gizaki edo animalia bati nahita min fisiko edota psikologikoa eragitea da.

Helbururik ohikoena biktimaren edo hirugarren lagun baten aitorpena edo informazioa lortzea izaten da. Beste helburu batzuk biktima pertsona gisa ezeztatzea edo torturatzaile sadikoaren entretenimendu gisa erabiltzea izaten dira.

Torturatzean, oinazea hainbat eratara eragiten da. Oinaze fisikoa eragiteko: kolpeak, hezurrak haustea, muskuluak urratzea, zulaketak, mozketak, deskarga elektrikoak, sua, muturreko tenperaturen erabilera, produktu kimikoak jatera bultzatzea, bortxaketak, loaren debekua, postura deserosoak, eta abar. Oinaze psikologikoa eragiteko, berriz, gabetze sentsoriala, isolamendua edo gezurrezko exekuzioak erabili ohi dira.

Tortura Euskal Herrian

Euskal Herriko ingurugiro gatazkatsuaren barnean, tortura kasuak ugariak izan dira, dela Francoren diktaduraren garaian, dela trantsizio garaiaz geroztik. Euskal Memoria Fundazioak hainbat garaitako 4.716 tortura testigantza dokumentatu ditu, torturaren «iraunkortasunaren eta zigorgabetasunaren» erakusgarri.[1]

1980ko hamarkadan, euskal gizartean oihartzun handia izan zuten tortura kasu andana gertatu zen, ETAren eta Komando Autonomoetako kideen edo ustezko kideen aurka, besteak beste. Mikel Zabaltza gazte orbaiztarraren kasua ezaguna izan zen, Guardia Zibilak atxilotu ondoren, hilda agertu baitzen Bidasoa ibaian, eskuak eskuburdinez lotuta zituela. Polizien arabera ihes egin bazuen ere, aurrerago torturaren ondorioz hil zutela jakin zen, Zabaltzak biriketan zuen ura zela eta, besteren artean.[2][3][4]

1981eko otsailaren 13an Joxe Arregi Izagirre etakidea hil zen Madrilgo (Espainia) ospitale batean, egin zizkioten torturen ondorioz.[5] Hiltzear zegoela, Oso latza izan da esaldi ezaguna esan zien gela berean zeuden PCE (r)-ko bi kideri. Haren omenez, torturaren aurkako Euskal Herriko kolektibo batzuek Torturaren aurkako eguntzat dute otsailaren 13a.[6]

1980ko hamarkadatik aurrera, ETAri aurre egiteko asmoa azalduz, atxilotuen inkomunikazioa ahalbidetzen duen legea dago indarrean Espainian, Lege antiterrorista gisa ezagutzen dena. Horren arabera, "terrorismo" gaiekin lotutako atxilotuak bost egunez egon daitezke poliziaren eskuetan, epailearen aurretik pasa arte.[7] Lege hori nazioarteko hainbat erakundek salatu dute hainbatetan, "tortura errazten duelako".[8][9] Inkomunikazio egoera hori egun gehiagotara luza dezake epaileak, espetxean modu horretara egoteko. Lege hori, ETAko ustezko kide edo laguntzaileez gain, ezker abertzaleko edota beste sektore batzuetako lagunei (Euskaldunon Egunkariko langile eta buru batzuei, esaterako) ezarri zaie Euskal Herrian.

1990eko eta 2000ko hamarkadan ere tortura kasuak izan ziren, batzuk besteak baino ezagunagoak. Ospetsuenen artean, Unai Romano gasteiztarraren kasua dago.[10] Hedabideetan Romanoren aurpegia erabat ubeldua erakusten zuten argazki batzuk erakutsi ziren. Epaitegiek, beste batzuetan gertatu bezala, salaketa atzera bota zuten eta Romanoren aurka ekin zuten. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariaren kasua ere aipagarria da.[11] Kasu horretan, Otamendi inkomunikazio egoeratik atera berria zegoela, ETBko kameren aurrean salatu zuen Goardia Zibilak torturatu zuela. Espainiako estatuak bere tortura salaketa ikertzen ez zuela-eta, Otamendik Europako Giza Eskubideen epaitegira jo zuen.[12]

Torturaren Aurkako Taldeak bildutako datuen arabera, 733 euskal herritar torturatu zituzten 2000. urtetik 2012ra bitartean.[13] 2010eko abenduan lau guardia zibil 4 urtera arteko espetxe zigorrera zigortu zituen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2008an Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik.[14] Torturen ondorioz, Igor Portuk 27 egun eman zituen Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean.[15]

2012ko otsailaz geroztik (ETAk ekintza armatuak behin betiko utzi eta hilabete gutxira), tortura salaketarik ez du jaso Torturaren Aurkako Taldeak (TAT). Aurrerakada historikoa den arren, inkomunikazioa oraindik indarrean denez, tortura amaitutzat ezin dela jo adierazi zuen TATek.[13]

2014ko abenduaren 9an, Herria 2000 Elizak, Euskal Herriko Apaizen Koordinadorak eta Kristau Elkarte Herritarrak bilkura egin zuten Gasteizen Euskal Elizari, eta gotzainei, tortura gaitzesteko eskatzeko[16].

Tortura isilaraztea

Espainiako justizia sistema hainbatetan saiatu da tortura salaketak isilarazten, tortura salatzen zutenak epaitegian salatuz edota tortura deitoratzen zuten buruzagi politikoen aurka eginez. Esaterako, Arnaldo Otegik, 2003an Espainiako erregea "torturatzaileen buruzagia" zela salatzeagatik, urtebeteko espetxe zigorra jaso zuen; baina, 2011n, Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Espainia zigortu zuen, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik.[17]

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Jokin SAGARZAZU: «Ilunpean korapiloak askatzen», Berria, 2012-11-30.
  2. El análisis del agua que contenían los pulmones de Zabalza ratifica que murió ahogado en el Bidasoa El País, 1986ko urtarrilaren 9a
  3. Extraña muerte en el Bidasoa. El gran amañador en el 'caso Zabaltza' El País, 1996ko maiatzaren 13a
  4. Un informe del Cesid confirma que Zabalza murió en Intxaurrondo El Mundo, 1997ko apirilaren 15a
  5. El informe forense reconoce que José Arregui fue torturado El País, 1981eko otsailaren 17a
  6. 13 de Febrero, dia contra la tortura en Euskal Herria, Aniversario del asesinato de Joxe Arregi 2006ko otsailaren 10a
  7. Medidas antiterroristas en España Human Rights Watch, 2004ko urtarrila
  8. Amnistía Internacional denuncia la ley antiterrorista El País, 1982ko abenduaren 15a
  9. NBEko errelatoraren txostena 2004ko otsailaren 6a
  10. Unai Romanoren tortura salaketa
  11. Martxelo Otamendiren tortura salaketa
  12. Otamendik Espainia Europan salatu du, jasotako torturak ez ikertzeagatik, Berria, 2008ko irailaren 14a
  13. a b «Urtebeteko arnasa», Berria, 2013-02-22.
  14. Lau guardia zibil zigortu ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Portu eta Sarasola torturatzeagatik, berria.info, 2010eko abenduaren 30a
  15. Condenados a varios años de prisión cuatro guardias civiles por las torturas a Portu y Sarasola, gara.net, 2010eko abenduaren 30a
  16. «Tortura salatzeko eskatu diete Elizako hainbat taldek gotzainei», EiTB, 2014-12-09
  17. Estrasburgok Espainia zigortu du, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik, berria.net, 2011ko martxoaren 15a

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tortura Aldatu lotura Wikidatan