Tove Jansson
Tove Jansson (Helsinki, Finlandia, 1914 - 2001) suedierazko idazlea eta ilustratzailea izan zen. Helsinki eta Stockholm hirietan marrazkia eta pintura ikasi ondoren, 1945 arte egunkari batzuetan eta besteetan lan egin zuen ilustratzaile eta karikaturagile gisa. Orduan, bere liburuak idazten eta ilustratzen hasi zen, batez ere, hamaika liburutan kaleratu zuen Mumindarrei buruzko bere saila. Aipagarrienak dira: Kometaren etorrera (1946), Mumin familia (1949), Aita Muminen oroitzapenak (1950), Troll-en negua (1957). Mumindarrak idazleak asmatutako troll familia bat dira; haiek eta gainerako izaki txikiak itsasoaren eta mendien arteko ibar batean dagoen etxe urdin biribilean bizi dira.
Egileak haurrentzat idatzi zituen istorio horiek, baina hazteak berekin dakartzan aurkikuntzak eta galerak eta horrelako gaiak darabiltzanez, heldu askoren interesa ere piztu zuten. Suediako eta Japoniako zenbait telebista enpresak bere pertsonaietan oinarritutako marrazki bizidunak egin zituztelarik, asko zabaldu zen bere ospea. Ipuin horiek 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira, baina idazle finlandiarrak gauza gehiago ere idatzi ditu, besteak beste, 1968an argitaratu ziren bere oroitzapenak, eta narrazio laburren bilduma bat, Dockskåpet (1978).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.