Trajano

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Trajanoren zutabea.

Trajano[1], latinez Marcus Ulpius Nerva Traianus, (53ko irailaren 18a - 117ko abuztuaren 9a) erromatar enperadorea izan zen, 98tik hil zen arte. Haren agindupean, Erromako Inperioak hedadura handiena lortu zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estreinako urteak eta boterearen eskuratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trajano Marko Ulpio Trajano senatariaren semea izan zen. Ulpia leinua Hispaniako Baetica probintzian finkatu zen. Familia horrek erromatar politikari ospetsu gehiago eman zuen Trajanoren ostean ere.

Trajano Rhin ibaiaren mugan, Erromako arriskutsuenetakoan, hezi zen. Domizianoren germaniarren kontrako kanpainetan parte hartu zuen. 96rako Inperioko jeneralik ospetsuenetakoa eta arrakastatsuena izan zen.

Nerva enperadore berriak armadaren errespetua bereganatuko zuelakoan, Trajano semetzat eta oinordekotzat hartu zuen 97ko udan. Hadrianok, enperadorea izatekoa zenak, eman zion Trajanori izendapen horren berri, hortaz, Trajanoren babesa eskuratu zuen bizitza osorako. 98ko urtarrilaren 27an, Nerva hil zenean, Trajanok inolako arazorik gabe jarraitu zion. Italiarra ez zen lehen enperadorea bihurtu zen honela.


Trajanoren hautaketari harrera bikaina eman zioten herritarrek. Trajanok gobernu on eta orekatuaren bidez erantzun zien. Nervaren politika suspertu zuen: Domizianok bidegabe atxilotutako asko aske utzi zuen, eta bahitutako ondasunak bueltatu zizkien. Hain zen ospetsua non Senatuak optimus (hoberena) titulua eman zion.


Daziako gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adamclisi kontrako garaipenako monumentua.

Hala ere, Trajanoren ospea kanpaina militarrei zor zaie. 101ean, zigor-kanpaina egin zuen Daziako erresuman, Danubioren iparraldean. Decebalus erregea errenditzera behartu zuen hurrengo urterako, Sarmizegetusa hiria hartu ondoren. Erromara itzulirik, Dacicus Maximus titulua eman zitzaion.

Decebalus berriro matxinatu zen mugan, aldameneko erresumak bere alde jo ahalegindutakoan. 106an, ikaragarrizko zubia eraiki ostean, Dazia osoa menderatu zuen Trajanok. Sarmizegetusa erabat suntsitu zuen eta Decebalusek bere buruaz beste egin zuen.

Trajanok hiri berri bat eraiki zuen, "Colonia Ulpia Traiana Augusta Dacica Sarmizegetusa". Izen bera izan arren, beste leku batean kokatu zuen Trajanok. Inperioko probintzia bihurturik, erromatarrek kolonizatu zuten Dazia. Estatuak, gainera, Daziako urrea eskuratu ahal izan zuen.

Ekialdeko hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi berean, Erromako menpean zegoen Nabateako Rabbel II.a erregea hil zen. Hilotza horretaz baliatuta, Trajanok Nabatea anexionatu zuen, Siria eta Egiptoko legioen bitartez.

107rako, Inperioak beste probintzia bat zeukan, Arabia Petraea izenekoa, zeinek Petra eta Bostra hiriak zituen. Hori zela eta, Inperioa gaur egungo Jordania eta Arabiara iritsi zen.

Bakealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo 7 urtetan, gobernu zibilean murgildu zen Trajano. Garai horretan Plinio Minorrekin adostu zen zer nolako erantzuna eman behar zien Pontoko kristauei. Bakean uztekoak ziren baldin eta haien erritoak publikoki ospatzen ez bazituzten.

Monumentu eta errepide berriak eraiki zituen, batez ere Italian eta Hispanian. Haren izeneko foroan Trajanoko zutabea eraiki zen, daziarren kontrako garaipenak oroitarazteko. Gaur egun ere zutik jarraitzen du.

Inperioa hedadura handienean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Inperioa 117an, hedadura handienean.

113an borrokatzeari berriro ekin zion Trajanok. Partiarrek Armenian errege onartezina kokatu zuten erromatarren irudietarako. Armenia erresuma bi inperio handi horien artean egonda, bien artean aukeratzen ziren armeniar erregeak.

Trajano Armeniara abiatu zen lehen. Erregea kendu eta probintzia anexionatu zuen. Orduan Partia aldera joan zen. Babilonia, Seleuzia eta, azkenean, Ktesifon hiriburua hartu zituen 116rako. Persiar Golkoraino ere iritsi zen, eta Mesopotamia Erromako probintzia izendatu zuen. Alexandro Handiaren adina eduki ez izana tamaldu zen, hura bezalako inperioa eraiki ahal izateko.

Hala ere, Trajano ez zen hor gelditu. Susa hiria harturik, erregea bota zuen eta haren ordez erromatarren menpeko beste bat kokatu zuen. Erromako Inperioa ez zen berriz hain urrun iritsi ekialdean.

Hatra hiriak, ordea, ez zuen amore ematen. Trajano bera joan zen gotorleku hori hartzeko, baina ezin. Orduan, juduak eta Mesopotamia matxinatu ziren. Trajanok atzera egin behar izan zuen, behin-behineko erretreta zelakoan. Nolanahi ere, bere azken kanpaina izan zen.

Gaixoturik, Italiara bueltatu behar izan zuen, eta, 117ko udan, hil egin zen. Hadriano hautatu zuen oinordeko, zeinek Mesopotamia probintzia partiarrei itzuli zien. Trajanok konkistatutako gainerako eremuek Inperioan jarraitu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Trajano Aldatu lotura Wikidatan