Transakzio kontratu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Transakzio kontratua alderdiek egiten duten akordio bat da, zeinaren bidez beren artean duten eztabaida juridikoari amaiera ematen dioten, elkarrekiko emakiden bidez. Modu horretan, auzi baten sorrera ekiditen dute edo jada martxan dagoen auziari amaiera ematen diote.[1] Beraz, alderdiak konponbide adiskidetsu bat lortzen dute eta garestia den bide judiziala ekiditen dute.

Kontzeptua eta esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzio akordio xedatzaile oro da, elkarrekiko prestazio eta sakrifizio bidez, zintzilik dauden edo etorkizunean aurrera eramango diren epaiketak -timor litis- ezabatzea helburu duena. Halaber, transakzio kontratuak alderdien harreman juridikoaren inguruan dagoen ziurgabetasun egoera ezabatuko du eta, behin akordioa eginda, harreman juridiko horrek derrigortasun, ziurtasun eta zehaztasun izaera hartuko du.

Harreman juridiko zehatz baten inguruan eztabaida sortzen denean, alderdiek epaitegira joanez konpondu dezakete. Alabaina, epaitegiek eskaintzen duten babes jurisdikzionala ez da harreman juridiko gatazkatsuak konpontzeko baliabide bakarra. Izan ere, bestelako bide edo instrumentuak existitzen dira, harreman juridiko baten alderdiak izan ditzaketen interes gatazkak konpontzera zuzentzen direnak. Hainbat metodo daude epaiketa baten alternatibak eskaintzen dituztenak, hala nola, mediazioa, arbijea eta transactio erromatarra. Transakzioa azken horretan du ardatza. Bere jatorrian itun soil bat zen, baina, gaur egun, kontratu izengabeen artean sailkatu da  eta erregulazio sakona dauka.

Horrenbestez, babes jurisdikzionala ekidinez edo babes jurisdikzionalari amaiera jarriz, alderdiek beren desadostasunak konpondu ahal izango dituzte elkarrekiko emakidak ematean oinarritzen den akordio baten bidez, transakzioaren bidez, alegia. Horrela, prozesu judizial edo arbitral bat ekidin edo jada hasia den prozesuari amaiera emango diote[2].

Beraz, transakzioaren zergatia alderdiek beren pretentsioari edo interesari egiten dioten ukoan oinarritzen da. Hau da, alderdietako batek beste alderdiaren aurrean duen pretentsioari uko egingo dio, horren truke, beste alderdiak bere pretentsioari uko egingo diolakoan.

Transigitzea hiru zutabe hauen inguruan eratzen da:

  • Oinarria: Harreman juridiko gatazkatsua -edo res dubia-: hau da, alderdien artean eztabaidatsua eta ziurra ez den harreman juridiko baten existentzia beharrezkoa da, gatazka juridiko bat eragiten duena (beharrezkoa izan gabe prozesu baten hasiera). Eztabaida hori alderdiek beren eskubide, posizio edo interesen inguruan duten ziurgabetasunean oinarritzen da[3]. Nahikoa da ziurgabetasun hori alderdietako batengan egotearekin. Izan ere, transakzioa, ziurgabea den harreman juridiko bati amaiera ematean datza, akordioaren bidez ziurra eta zehaztua izango dena.
  • Helburua: Alderdien intentzio edo xedeari egiten dio erreferentzia. Hau da, alderdiek segurtasun eza sortu duen harreman juridikoari amaiera emateko eta ziurra eta eztabaidaezina izango den harreman juridiko batean ordezkatzeko intentzionalitatea izan behar dute.
  • Bitartekoa: Alderdiek elkarrekiko emakidak eman behar dituzte, nolabaiteko sakrifizio bat eginez. Hau da, alderdi bakoitzak, gauza bat emanez, promes eginez edo gordez, behin betikoa izango den sakrifizio bat egin behar dute. Izan ere, sakrifizio horrek alderdien arteko gatazka konpontzeko funtsezko oinarria osatzen du. Ez da beharrezkoa alderdiek egiten duten sakrifizioa zentzu hertsian baliokidea izatea intentsitate eta espezie aldetik. Desberdina izan daiteke, beti ere, alderdien helburu komuna eztabaidari amaiera ematea denean. Bestela, alderdiek beren eskubideari besterik gabe uko egiten badiote, uko egite soil hori ez da transakzio kontratutzat hartuko.

Jatorria eta bilakaera historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzioa Erroma zaharrean erabiltzen hasi zen. Aipatzekoa da orduan, oraindik ez zela kontratu bat, akordio edo itun soil bat baizik. Beraz, bake-instrumentu gisa erabiltzen zen akordio soil bat zen.

Transakzio-kontratoaren jatorria

Bere jatorrian, pactum figuraren antza zuen (oinarri baketsu eta adiskidetsua zuena eta delitu baten biktimaren eta errudunaren artean egiten zena). Hortaz, Erroma zaharrean alderdien arteko akordioak egiten ziren, pertsona iraintzaileak pertsona irainduari egiten zion kalte-ordainean oinarritzen zirenak eta biktimak errudunaren aurka mendeku pribaturik ez hartzeko helburuarekin egiten ziren. Hala, alderdien arteko emaitza baketsu bat lortzen zen.

XII Tablen Legean, adierazi zen transakzio ituna (ondoren "transakzio kontratua" izenarekin ezagutuko zena) autokonponketa adiskidetsua oinarri zuen akordio bat zela eta iraintzaile eta irainduaren artean egiten zela. Horrela, jada prestatzen ari zen prozesuari eta pretoreari uko egiten zioten.

Horrenbestez, transigitze itunaren bidez bilatzen zena elkarrekiko pretentsioei uko egitea zen, akordioa eratuz, gatazkari amaiera emanez eta bakea berrezarriz. Akordioa “in iure” fasean egiten zen, eta “litis contestatio” baino lehen prozesua etetea ahalbidetzen zuen, epaiketa ekidinez.

Akordio soil bat izan arren, bere betetzea bermatu ahal izateko klausula batzuk atxikitzen zituzten, klausula penala edo aquiliana, hain zuzen. Beraz, orduko transakzioa, alderdien aukeraren arabera, akordio soil bat izan zitekeen edo klausulen bidez indartutako tresna bat izan zitekeen. Horrela, alderdiek “actio ex stipulatio” akzioaren bidez itundutakoaren betetzea erreklamatzeko aukera zuten. Helburu berarekin, pretoreak transakzioaren betetzea ahalik eta gehien bermatzeko beste akzio bat eskaini zuen, actio de dolo izenekoa. Akzio hori, akordioa betetzea ukatzen zuten pertsonentzako aurreikusia zegoen. Beraz, nahiz eta oraindik kontratu bat ez izan, behintzat akordioa bete zuen alderdiak hainbat mekanismo zituen itunaren betetzea erreklamatzeko.

Horrenbestez, zuzenbide klasikoan, transakzioa itun soil bat zen, klausulen bidez indartu zitekeena. Hau da, oraindik ez zen kontratu bat. Itun baten eta klausula baten bidez osatutako negozio konplexu bat zen, klausulari esker exekutagarria egin zitekeena. Hortaz, transakzioaren bilakaeran, honako joera ikusi daiteke: transakzioari ahalik indar betearazle handiagoa ematea, transakzioaren ez-betetze kasuan, dagokion akzioa egikaritzeko aukera izateko. Hots, itun figuratik kontratu figurara igarotzeko trantsizioa.

Garai postklasikoan, transakzioaren bilakaeraren ezaugarri nabarmenena kontratuaren ideiaren orokortasunean oinarritu zen. Denbora tarte horretan, kontratua kategoria orokor gisa ezartzeko bi faktore egon ziren: alde batetik, izengabeko kontratuen figuraren prestakuntza, eta bestetik, transakzioaren inklusioa izengabeko kontratu horietan. Bigarren faktore hori izan zen itunaren eta kontratuaren figuren hurbilketa eragin zuena, hain zuzen ere.

Garai justinianotarrean, ius civile eta ius honorarium arteko fusioa gertatu zen. Modu horretan, alderdien borondatea pixkanaka garrantzia eskuratzen joan zen eta, gaur egun, kontuan izan behar den funtsezko eta oinarrizko elementu garrantzitsua da.

Transakzioa itun soil bat bezala eta estipulatio bidez indartua dagoen transakzioaren arteko desberdintasuna desagertzean, forma edozein izanda, berezko akzioa izango zuen: actio praescriptis verbis. Horrenbestez, transactioa jada kontratu bat zen.

Hau da, ius civile eta ius honorarium arteko nahasketak itunaren eta kontratuaren arteko hurbilketa eragin zuen. Horren ondorioz, transakzioa berezko akzioa -actio praescriptis verbis- duen kontratu izengabetzat hartuko da.

Transakzioa bilakaera historikoak erakutsi duena da transakzioa sortu denetik orain arte bere esentzia, objektua eta irismena aldatu ez direla.

Transakzio kontratuak - Alderdien arteko akordioa

Izaera juridikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transigitze kontratuaren inguruan gehien eztabaidatu den kontuetako bat izaera juridikoa da. Transigitzea epaiketa bati amaiera emateko edo ekiditeko modu bat da, betiere, alderdien arteko emkaidak daudenean. Elkarrekiko emakida horiek ez dute zertan baliokideak izan behar. Horrenbestez, transigitze kontratuaren izaera juridikoa ezin da bateratua izan.

Hainbat teoriek transigitze kontratuaren izaera juridikoa azaldu dute:

  • Deklarazio-izaera juridikoa. Lehen teoriaren arabera, transigitze kontratuak deklarazio-izaera soila dauka. Doktrinaren gehiengoak teoría horren aldeko jarrera erakutsi du. Teoria horren arabera, alderdi batek besteari eskubide jakin bat aintzatesten dionean, ez du esan nahi eskubide horren esleipena egiten ari denik, ezta eratzen, aldatzen edo iraungitzen ari direnik. Esan nahi duena da alderdiek honakoa erabaki dutela: alderdietako batek eskubide hori beste alderdiaren aurrean egikaritzeko aukera izango du.
  • Atribuzio-izaera juridikoa. Beste teoría batek transigitze kontratua atribuzio-izaera duela defendatu du. Teoria hau aurrekoaren kontrakoa da, transigitzearen bidez egoera juridikoaren aldaketa gertatzen dela defendatzen duelako. Aldaketa hori alderdiek egiten dituzten elkarrekiko emakiden bidez sortzen da. Elkarrekiko sakrifizio horiek alderdien eskubideen xedapena, ukoa edo desagerpena eragin dezakete. Horrenbestez, transigitzean eskubide gatazkatsuen lagapena gertatuko da.
  • Izaera eratzilea. Hirugarren tesiaren arabera, transigitze kontrtuak konstituzio-izaera dauka. Horren arabera, aurrez existitzen den egoeraren aldaketa gertatuko da, harreman juridikoen eraketa, iraungipena edo aldaketaren ondorioz. Beraz, transigitzea harreman juridikoa aldatzeko edo iraungitzeko bidea izango da.

Doktrinaren gehiengoa transigitze kontratuaren deklarazio-izaeraren alde egin du. Teoria horri jarraiki, transigitzean alderdien eskubideak zehazu egiten dira, eta horiek, harreman juridiko gatazkatsuak behar duten irismena ezartzen du. Horrenbestez, transigitze kontratuak ez ditu eskubideak eratuko, zehaztu baizik.

Transigitze kontratua eta jabetzaren transmisioa.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transigitze kontratuak hitzartutakoa betetzera derrigortzen ditu alderdiak, baina berez, ez ditu promestutako eskubideak transmititzen (transmisio hori egiteko tradizioa eskatzen badute).

Horrenbestez, transigitze kontratuaren objektua eskubide erreal bat denean, eskubidearen titularitatea transmititzeko geroko egintza bat beharrezkoa izango da: eskubidearen objektu den gauzaren entrega (traditio).

Beraz, transigitze kontratuak (bere izaera edozein izanda) gauzaren jabetzaren transmisioa eragin ahal izango du. Horretarako ondasunen “traditio”a galdatuko du, hau da, gauza entregatzeko obligazioa ezartzen du.

Elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Subjektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-Alderdiak: harreman juridiko gatazkatsua duten alderdien existentzia beharrezkoa da.

-Transigitzeko gaitasuna: Arau orokor bezala, transakziorako gaitasuna dute egoera edo harreman juridiko-material batean beraien posizio juridikoaren inguruan eztabaidatzen dutenek (edo haien borondatezko edo legezko ordezkariek), beti ere, obligatzeko gaitasuna baldin badute.

Hala ere, kontuan izanda transakzioak gatazka bat konpontzea dakarrela elkarren artean emakidak eginez, ohikoa da zuzenbidean, Zuzenbide erromatarraz geroztik, transakzioari besterentzearen arau berak aplikatzea gaitasunari dagokionez.

Gurasoek, haien seme-alaben interesak legez ordezkatuz ondasun eta eskubideekin transakzioa egiten dutenean, beroriek besterentzeko erregela berberak aplikatuko dira.

Aldiz, transakzioa borondatezko ordezkariak egiten duenean, muga bat dago ordezkaritza-boterearen inguruan: Transakzioa egiteko, besterentzeko, hipotekatzeko edo jabari hertsiko bestelako egintzak gauzatzeko bezala, esanbidezko mandatua beharko da.

Objektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-Objektua (elkarrekiko emakidak): transakzioa edozein gauzaren, eskubide (kredituzko, erreal etab.) edo harreman juridikoren gainean egin daiteke, beti ere, partikularren xedagarritasunekoa bada.

Jakina, transakzioak beti posiblea, zilegia eta zehatza izan beharko du.

Partikularren xedagarritasunetik kanpo egoteagatik, eta ordena publikoa errespetatzen aldera, ezingo dute transakzioaren objektu izan pertsonalitatearen eskubide deiturikoak, egoera zibilak, bizitzeko ezinbestekoak diren jakiak etab

-Forma eta interpretazioa: legeak ez du baldintza formalik eskatzen transakzio kontratua baliozkoa izateko. Interpretazioari dagokionez, nahiz eta transakzioa interpretatzeko kontratuen inguruko arau orokorrak baliozkoak izan, kontratu honen eragin amaitzailea kontuan izanik, jurisprudentziak behin eta berriz beharrezkotzat jo du transigitzen den harreman juridikoaren objektuak benetakoa, zehatza, eta ezaguna izan behar duela.

Transakzioaren ezaugarriak[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Transakzio kontratua adostasunezko kontratua da, alderdien adostasun soilarekin osatzen delako, kanpo formalitate beharrik gabe.
  • Aldebiko kontratua da, transigitzeak elkarrekiko prestazioak behar dituelako gatazka ekiditeko edo jada hasia den gatazkari amaiera emateko. Halaber, “eman, erretenitu edo promes egin” erreferentziak elkarrekiko obligazioa isladatzen du. Izan ere, alderdi batek bere uziari uko egiten dio erabat edo partzialki, diru kantitate baten truke, beste objektu baten truke edo bestelako prestazio baten truke.Bestela Bestela, alderdi batek bakarrik laga egiten badu eta behar den emakida ematen badu, ez da transigitzea izango, uko egite edo dohaintza soil bat baizik. . Beraz, transigitze kontratuaren aldebikotasunak transigitzea beste antzeko kontratu batzuekin duen desberdintasuna aztertzea ahalbidetzen du[4].
  • Kostubidezko kontratua da, alderdi bakoitzak gauza bat eman, promes egin edo erretenitu behar duelako gatazka konpontzeko. Beraz, ez da inoiz doakoa izango. Baina, horrek ez du esan nahi alderdien emakidak intentsitate berekoak edo espezie berekoak izan behar direnik. Bestela, elkarrekiko emakidarik gabe ezin da transigitze kontraturik egon. Hortaz, transigitze kontratuaren bidez alderdi bakoitzak lortzen duena, beste zerbait ematearen trukean lortzen du. Beraz, kostubidezko ezaugarria transigitze kontratuaren aldebikotasun izaeraren onodorio da.
  • Azkenik, derrigorrezkoa da, alderdiek kontratua egiten dutenean obligazioak bere gain hartzen dituztelako eta, esan den bezala, obligazio hori zerbat eman, promes egin edo erretenitzean oinarrituko da. Kontratua burututa dagoela ulertuko da alderdiek beren artean derrigorrezko prestazioak ezartzeko adostasuna eman dutenetik.

Transigitzearen eraginkortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transigitzearen eragina nolakoa den zehazteko, judizioz kanpoko transakzioa eta transakzio judiziala bereizi behar dira. Horrela, transakzioa judizioz kanpokoa bada beste kontratu batek duen indar bera du, eta transakzioa judiziala denean, berriz, sententzia irmo baten indarra dauka.

Efektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzioa, gainerako kontratuek bezala, obligaziozko harreman bat sortzen du alderdien artean, alderdiak behartzen ditu adostutakoa betetzera eta ezin da erreklamatu beste alderdiei aitortu zaiena. Izan ere, kontratu honek aurrekoa ezabatu eta harreman juridiko berri bat sortzen du.

Hala ere, transakzioak ez ditu besterik gabe eskubideak transmititzen aipatze hutsarekin, transmisioa gertatzeko eskualdaketa eman beharko da (traditio-a). Era honetan, esaterako, transakzioa egiterakoan A alderdiak B alderdiari gauza bat emateko promesa egin bazion, B alderdiak gauza horren jabetza eskuratzeko gauza entregatu beharko dio.

Transigitzeak lotura berriak sortzeko aukera ematen du, aurreko loturak ordeztuz edo eraldatuz. Transakzio akordioa egin duten alderdiek lotura berri horiek bete beharko dituzte.

Gainera, beste edozein kontratu bezala, ez du eraginik hirugarrenen aurrean. Printzipioz, transakzioak, kontratu gisa, bakarrik alderdi kontratatzaileen artean sortzen ditu efektuak[5].

Baina, hala ere, efektu horiek luzatuko dira transakzio prozesalean epaile batek homologatzen duenean edo prozesu aurreko transakzioan -pre-procesal- eta prozesuz kanpoko transakzioan , eskritura publikoan jasotzen denean.

Transakzioaren efektuak hurrengoak dira:

  1. Prozesuaren amaiera.
  2. Efikazia exekutiboa.
  3. Gauza epaituari parekatzen zaion efikazia.

Prozesuaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzioa kontratu bat da zeinaren bidez alderdiek gauza bat emanez, promes eginez edo erretenituz, epaiketa bat ekiditen dute edo jada hasia den epaiketari amaiera ematen diote.

Beraz, transakzio kontratuaren oinarrizko helburuetako bat, prozesuari amaiera ematea da. Hau da, transakzioak duen berehalako efektuetako bat, behin epaileak transakzioa homologatu duenean prozesuaren amaiera da. Prozesua amaitzen da epairik eman gabe, baina transakzioak izango dituen efektu prozesalak epai batek dituen efektuen parekoak izango dira.

Prozesuari amaiera ematen dion ebazpen bati parekatzen denez,  bere akzioa, ez-betetze kasuan, egikaritu beharko da zenbatekoaren arabera dagokion epaiketa deklaratiboaren bidez.

Titulu exekutiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaldu den bezala, transakzio kontratua titulu exekutibo baten parekoa izan daiteke:

  • Transakzio prozesalean - zintzilik dagoen prozesua bitartean gauzatzen dena eta auto bidez egiaztatzen dena - judizialki homologatu denean. Epaileak homologatutako transakzio hauek, epai judizialarekin parekatzen diren titulu exekutiboak dira.
  • Prozesu aurreko transakzioa eta prozesuz kanpoko transakzioa, eskritura publikoan jaso daiteke. Modu horretan, gerta daiteke titulu exekutibo izaera lortzea edo gerta daiteke ere efektu hori ez izatea eta alderdien artean efektuak izango dituen kontratu bat besterik ez izatea.

Gauza epaituaren agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzioaren homologazio autoak gauza epaituaren efektua duen ala ez, Transakzioaren inguruan doktrinak eta jurisprudentziak gehien eztabaidatu duten gaietako bat izan da. Doktrina ezberdinek jarrera ezberdinak aurkeztu dituzte:

  • Lehen jarrerak -doktrinaren gehiengoa osatzen duenak- gauza epaituaren efikazia ukatu behar dela defendatzen du, gauza epaitua auzigaia ebazten duten epaien efektu prozesala delako. Jarrera honen ustez, transakzioa kontratuen deuseztasun-akzioaren menpe dago.
  • Kontrako jarrerak, transakzioaren efikazia epai irmoak duen efikaziarekin parekatzen du eta efektu prozesal berdinak sortzen dituela defendatzen du. Bere arabera, transakzioa epaiketaren baliokide edo ordezkoa da, eta epaiak efektu berak izan behar ditu. Beraz, zentzu horretan, transakzioak alderdientzako gauza epaituaren agintea izango du.

Baina formula horrekin esan nahi deena da alderdientzako indar loteslea izango duela.

Azken batean, transakzioak, berez, alderdi kontratatzaileen artean baino ez ditu efektuak sortzen. Egia da gauza epaituari parekatzen zaizkion efektuak sortzen dituela, baina deuseztasun-akzioa egikaritu ahal izango da deuseztasun kausa bat existitzen dela uste denean.

Iraungipena eta baliogabetasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzioaren iraungipenari arau orokorrak aplikatzen zaizkio. Horrela, alderdiek adostu dezakete baliorik gabe uztea, edo batek ezeztapena lor dezake beste alderdiaren ez-betetzeagatik.

Baliogabetasunari dagokionez ere, printzipioz, arau orokorrak aplikatzen dira.

Hala ere, badaude xedapen berezi batzuk arau orokorra aplikatzen dutenak; baina badaude baita ere beste xedapen berezi batzuk arau orokorrei salbuespenak ezartzen dizkietenak.

1. Transakzioaren xedapen bereziak arau orokorrak aplikatzen dituztenak: Kontratu honi buruzko kodeko xedapen batzuk arau orokorrak aplikatzen dituzte. Esaterako, transakzioan okerra, doloa, indarkeria edo agiri-faltsutzea izan bada, transakzio hori arau orokorraren menpe egongo da.

Gauza bera gertatzen da auzia epai irmoaren bidez erabakita egon arren, auzi horren gain transakzioa egiten bada alderdi interesdunetatik batek epai irmoari buruz ez duelako berririk izan, alderdi horrek eskatu ahal izango du transakzioa hutsaltzea.

2. Transakzioaren xedapen bereziak arau orokorren salbuespenak ezartzen dituztenak: Kodeko beste xedapen batzuk salbuespen batzuk ezartzen dituzte, esaterako, baliogabetzeko kausa ez izatea egitatezko edo Zuzenbidezko akatsak, beste alderdia hasitako gatazkatik aldendu denean transakzioaren bidez.

Transakzio motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gogoratu behar dugu transakzio kontratuaren bidez, alderdiek gauza bat emanez, promes eginez edo gordez, epaiketa bat ekiditen dutela edo jada hasia zen epaiketa bati amaiera ematen diotela.

Epaiketa bat ekiditea edo jada hasia den prozesu bati amaiera ematea, suposatzen du transakzio kontratua bi momentutan gauzatu daitekeela:

  • Epaiketa eragin baino lehen
  • Jadaneko epaiketa bitartean -hau da, jada hasia dagoen epaiketa bitartean-

Horrenbestez, bi transakzio mota bereiztu daitezke[2]:

  • Prozesu judiziala ekiditea helburu duena eta, horrenbestez, pre-prozesala edo prozesuaren aurrekoa dena.
  • Jada hasia den epaiketari amaiera ematera zuzendutako transakzioa. Azken hau bi motatakoa izan daiteke: prozesala eta prozesuz kanpokoa -extraprocesal-.
- Alde batetik, transakzio prozesala izango da, prozesuaren ezagutza duen epaileak transakzioa homologatzen ari denean. Kasu horretan, auto bidez amaiera emango zaio. Normalean, egoera honetan, epailea bera da alderdiak transakzioa egitera bultzatzen edo animatzen dituena.
- Bestalde, transakzioa prozesuz kanpokoa izango da, transakzioa prozesu judizialean homologatzen ez denean, baina bestelako mekanismo prozesalen bidez prozesuari amaiera ematen zaionean.

Horregatik esaten da hiru direla aztertu behar diren transakzio motak, eta ez bi. Hona hemen horien azalpena:

Transegitze prozesuak - Eskema
1. Prozesu judizialaren aurretik egindako transakzioa: transakzio pre-prozesala.
Bere helburua prozesu judiziala ekiditea da eta sortu daitekeen epaiketa baino lehen gauzatzen da. Beraz, egoitza judizialetik kanpo Aurrera eramaten da.
Halaber, transakzio pre-judizialak eskritura publikoan jasota egon daitezke edo ez. Eskritura publikoan jasotzen badira, transakzioak “dual” izaera jasotzen du, izaera kontraktuala mantentzen duelako eta, aldi berean, eskritura publikoan jasotzeak titulu exekutibo bihurtzen duelako.
Bestalde, alderdien arteko kontratu bat besterik ez bada, ez da titulu exekutiboa eta, horrenbestez, ez du exekuzioa eragiten. Kasu horretan, soilik alderdien arteko -inter partes- efektuak sortzen dituen kontratutzat hartuko da.
2. Prozesu judiziala zintzilik egiten diren transakzioak. Esan bezala, epaiketa zintzilik egonda Aurrera eramaten diren transakzioak bi motatan sailkatu daitezke: transakzio prozesala -hots, prozesuan bertan epaileak homologatu duenean- eta prozesu kanpoko transakzioa – prozesuaren bitartean egiten dena baina prozesutik kanpo-.
  • Transakzio prozesala: prozesuan epaileak homologatzen duena: Prozesua zintzilik, epaitegien aurrean gauzatzen dena da eta auto bidez ziurtatzen da, epaileak egiten duen transakzio akordioaren homologazioaren bidez. Homologazioa egiteko, epaileak egiaztatu behar duena honakoa da: transakzioaren objektuan erabilgarria eta eskuragarria dela eta alderdiek transakzioa egiteko gaitasuna dutela. Horrenbestez, epaileak ez du epaitzen, ez du deklaraziorik egiten. Gauzak behar bezala egin direla egiaztatzen du[6]. Horrenbestez, transakzio prozesal judizialean, hasia den prozesu bateko alderdiek, gauza bat emanez, promes eginez edo erretenituz, prozesuari amaiera ematen diote eta prozesua ezagutzen duen organo jurisdikzionalak emandako akordioa auto bidez onartu egiten da. Halaber, exekuzio fasean transakzioa posible da, prozesu zibilean oinarri den printzipio xedatzaileari esker -beti ere, bere materia erabilgarria denean-. Epaileak homologatzen dituen transakzio hauek titulu exekutiboak dira, epai judizialarekin parekatzen dena. Aurreko atalean azaldu den bezala, transakzio pre-prozesalak izaera duala eskuratzen du eskritura publikoan jasotzen denean, kasu horretan, alderdien arteko kontratu baten gisa eta titulu exekutibo gisa funtzionatzen du. Ba, transakzio prozesal judizialak ere izaera duala dauka, izan ere, bere izaera substantiboa mantentzen du eta, onarpen judizialak, prozesuari bukaera ematen dion egintza baten gisa, izaera prozesala atxikitzen dio transakzioari. Horrek, bere exekuzioa posible egingo du, sententzia bat izango balitz bezala.
  • Prozesuz kanpoko transakzioari (transakzio extra-prozesala): Aurrera eramaten da jada prozesu judiziala hasia dagoenean, baina prozesutik kanpo egiten da, hots, alderdien arteko akordioa ez da prozesura iristen, arrazoi ezberdinak direla-medio: alderdiek esekitzea eskatu dutelako eta instantzia epea iraungitzea utzi dutelako, prozesuari amaiera emateko bestelako mekanismo prozesalak erabili dituztelako (adibidez, uko egitea, amore ematea etab.). Transakzio mota honen barruan, dokumentu publikoan ematen direnak eta alderdien arteko kontratu soilak direnak desberdindu behar dira. Prozesu aurreko transakzioan bezala, prozesuz kanpoko transakzioa eskritura publikoan jasotzen bada titulu exekutiboa izango da -eta gainera, bere kontratu izaera mantenduko du-. Transakzio prozesalarekin duen desberdintasuna da, azken honetan, epaileak homologatzen duen momentutik auto forma eskuratuko duela eta titulu exekutiboa izango duela.

Transigitze kontratu motak azaltzeko bestelako sailkapenak egin dira:

  • Transigitze kontratu propioa eta inpropioa: lehenengoa, kontratatzaileek Aurrera eramaten dutena da. Bigarrena honako kasuan gertatzen da: arbitrajearen baldintzak bete gabe, transigitzea hirugarren baten ardurapean jartzen denean. Jurisprudentziak azaldu du hirugarren horren parte hartzeak ez duela transigitze kontratuaren izaera eta esentzia kaltetzen.  (1968 ekainaren 10eko Auzitegi Gorenaren Epaiak (R.A.3.179) transigitze inpropioaren kasua aurreikusi zuen).
  • Transigitze garbia eta konplexua. Alde batetik, transigitze kontratua garbia izango da alderdien elkarrekiko emakidak eskubide gatazkatsuaren gain egokitu direnean. Adibidez, alderdien arteko gatazka gauza baten jabetzaren titularitatean oinarritzen bada, gauza hori zatitzea transigitze garbia izango da, alderdien sakrifizioa eskubide gatazkatsuaren gain erori delako. Bestetik, transigitze kontratua konplexua izango da, akordiora iristeko konpentsazioa alderdien arteko gatazkatik at dauden gauza edo eskubideen bidez egiten denean. Adibidez, alderdietako batek besteari gatazkaren objektu den gauzaren jabetza onartzen dio, eta horren truke, beste alderdiak diru kantitate bat ematen dio[7].

Transakzioaren abantailak eta desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Transigitze kontratuak auzitegien aurrean “filtro” gisa jarduten du. Izan ere, transigitzeari esker, Auzitegietara iristen diren kasuen portzentai altua ekiditea ahalbidetzen da. Gainera, ez du Justiziarentzat arrisku bat suposatzen (Justiziaren zentzu etikoaren ikuspuntutik), transigitzeak barneratzen dituen kasuak “garrantzi txikiagoa” dutenak direlako.
  • Transigitzea alderdientzako probetxugarria izango den instrumentua da, epaiketa batek dakartzan atzerapenak, desadostasunak, atsekabeak, gastuak eta estresa ekidin ahal izango dituelako.
  • Transigitze kontratuan alderdien arteko armonía ahalbidetzen da. Epaiketan, ordea, alderdi garaituak alderdi garailearen aurrean etsaitasun jarrera hartuko du eta epaia errekurritzeko nahia eragingo du.

Desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Transigitze kontratuan alderdien arteko desoreka egon daiteke negoziatzeko trebetasun eta gaitasunari dagokionez. Kasu horretan, alderdi indartsuak bere arrazoiak inposatuko dizkio alderdi ahulari. Beraz, ez dago alderdien arteko neutraltasuna ziurtatzeko bermerik.
  • Konponbide justu bat lortzeko bermea, diruaren eta denboraren menpe dago. Horregatik, berehalako hartan, normala da hiritarrek epailearengan konfiantza handiagoa izatea. Izan ere, judiziozko prozesua gatazka bati konponbide justu bat emateko aukera gehien ematen dituen mekanismo gisa egituratu da[8].

Transakzioaren eta beste figuren arteko desberdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzio kontratuak antzekotzat hartzen diren beste figura batzuekin harremana dauka, figura horiek prozesuaren bukaera anormala eragiten duten mekanismo prozesalak direlako:

  • uko egitea
  • amore ematea
  • atzera egitea
  • instantziaren iraungipena
  • prozesuz kanpoko asebetetzea

Hala ere, transakzioaren eta figura horien artean, desberdintasun gehiago daude antzekotasunak baino. Jarrian, transakzioak figura horiekin dituen desberdintasunak xehetasunez azalduko dira.

  • Uko egitearekin eta amore ematearekin: transakzioak uko egitearekin eta amore ematearekin duen desberdintasuna argia da: uko egitea eta amore ematea epaiaren edukia zehazten duten egintza prozesalak dira, baina ez dute epaia bera ekiditen.
Hau da, prozesuari amaiera ematen diote epai kondenatzaile edo demandatzailearen uzia onartzen duen epai baten bidez (amore ematearen kasuan; demandatuak bere contra ezarri den pretensioa onartzen duela aitortzen duenean eta uko egitearen kasuan; demandatzaileak berak bere akzioari uko egiten dioenean).
Transakzioak, ordea, epaia ekiditen du eta prozesuari amaiera ematen dio, epaia objektu gabe uzten duelako. Izan ere, alderdiak beren artean existitzen zen harreman juridiko gatazkatsuari -res dubia- amaiera emateko akordio bat egin dute. Horrenbestez, transakzioaren kasuan, epaia ez da beharrezkoa[9].
Halaber, transakzioa (uko egitea eta amore ematea ez bezala) aldebiko egintza bat da, alderdi bakoitzaren sakrifizio bat galdatzen duena. Uko egitea eta amore ematea, aldiz, ez dira aldebiko egintzak, aldebakarreko egintzak baizik. Izan ere, uko egitea demandatzailearen egintza da, eta amore ematea, demandatuaren egintza da.
  • Atzera egitearekin eta instantziaren iraungipenarekin: Transakzioak beste figura batzuekin ere desberdintasunak ditu, atzera egitearekin eta instantziaren iraungipenarekin, hain zuzen ere.
Alde batetik, atzera egitea, demandatzailearen egintza prozesal bat da zeinaren bidez zintzilik dagoen prozesua bertan behera uzten duen eta prozesuaren bukaera eragingo du uzi prozesalaren inguruan erabakirik hartu gabe. Beraz, alderdi berdinekin, objektu berarekin, kausa berdinarekin, prozesua berriro hasteko aukera izango du, harreman juridiko materialaren gain eraginik ez duelako, prozesuaren gain baizik.
Bestalde, iraungipena gertatzen da legeak ezarritako denbora jakin batean zehar alderdien jarduera-ezaren ondorioz. Hau da, prozesua bukatzen da alderdiek jardun ez dutelako. Horren efektua, prozesuren iraungitzea da, epaitegiak auzibitartetik askatzeko.
Bi figura hauek (hau da, atzera egiteak eta instantzia iraungipenak) amankomunean dute prozesua xedatzeko moduak direla. Transakzioa, berriz, prozesuaren objektua xedatzeko modua da. Horrenbestez, atzera egiteak eta instantzia iraungipenak demanda berriro objektu eta kausa berarekin aurkeztea ahalbidetzen dute, bakarrik prozesuaren amaiera eragiten duten arren, objektuarengan eragiten ez dutelako. Transakzioak, aldiz, objektuarengan eragina dauka.
  • Prozesuz kanpoko asetzearekin. Azkenik, transakzioarekin antzekotasun handia duen beste figura bat dago: prozesuz kanpoko asetzea, alegia.
Prozesuz kanpoko transakzioan gertatzen den bezala, prozesuz kanpoko asetzean prozesua bukatu egiten da, epaiketa hasi ondoren demandatzaileak defendatzen zuen interes legitimoa desagertzen delako (prozesutik kanpo demandatzailearen uzia ase delako). Baina prozesuaren amaiera gerta dadin, beharrezkoa da uziaren asetze osoa edo objektu prozesalaren galera osoa. Horrenbestez, uziaren eta egitatearen, egintzaren edo negozio juridikoaren artean baliokidetasuna egon behar da (hots, berdinak izan behar dira). Hori da, hain zuzen, prozesuaren amaiera eragingo duena.

Transakzio kontratuan, aldiz, alderdiek beren uziari egiten dioten ukoa ez dute zertan intentsitate eta espezie aldetik baliokideak izan behar.

Espainiar ordenamenduaren eraentza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transakzio kontratua Kode zibilaren 1809 eta 1819 artikuluen artean dago araututa[10].

Espainiar Kode zibilaren 1809 artikuluak honakoa dio: “La transacción es un contrato por el cual las partes, dando, prometiendo o reteniendo cada una alguna cosa, evitan la provocación de un pleito o ponen término al que había comenzado.”

Hau da, transakzioa kontratu bat da zeinaren bidez, alderdiek, zerbait eman, hitzeman edo atxikiz, auzia hastea eragozten dute edo hasitakoari amaiera ematen diote.

  • Transakziorako gaitasunari dagokionez, kode zibilak honako eraentza egin du:
Kode zibilaren 1810 artikulua: “Para transigir sobre los bienes y derechos de los hijos bajo la patria potestad se aplicarán las mismas reglas que para enajenarlos.” Beraz, guraso-ahalpeko seme-alaben ondasun eta eskubideekin transigitzeko, beroriek besterentzeko erregela berberak aplikatuko dira.
Kode zibilaren 1811 artikulua: “El tutor no puede transigir sobre los derechos de la persona que tiene en guarda, sino en la forma prescrita en el presente Código.” Hau da, tutoreak ezin du transakziorik egin bere zaintzapeko pertsonaren eskubideekin, kode honetan agindutako moduan egiten ez badu.
Halaber, Kode ziblaren 1713.2 artikulua: “Para transigir, enajenar, hipotecar o ejecutar cualquier otro acto de riguroso dominio, se necesita mandato expreso.”  Hots, transigitzea egiteko, besterentzeko, hipotekatzeko edo jabari hertsiko bestelako egintzak gauzatzeko, esanbidezko mandatua behar da.
1812 artikulua: “Las corporaciones que tengan personalidad jurídica sólo podrán transigir en la forma y con los requisitos que necesiten para enajenar sus bienes.” Beraz, Nortasun juridikodun korporazioek transakzioa egin dezakete, euren ondasunak besterentzeko forma eta betekizun berberekin.
  • Transakzioaren objektuari dagokionez, honakoa arauak daude:
Kode zibilaren 1815 artikulua: “La transacción no comprende sino los objetos expresados determinadamente en ella, o que, por una inducción necesaria de sus palabras, deban reputarse comprendidos en la misma."
La renuncia general de derechos se entiende sólo de los que tienen relación con la disputa sobre que ha recaído la transacción.” Hau da, Transigitzeak kontratuan bertan zehatz adierazitako objektuak baino ez ditu bere barruan sartzen edo kontratuaren hitzek nahitaez erakartzen dutenaren arabera bertan sartuta daudela ulertu behar direnak Eskubideei orokorrean uko egiten bazaie, ulertzen da transigitzearen eztabaidarekin zerikusirik duten eskubideei bakarrik uko egiten zaiela.
Kode zibilaren 1813 artikulua: “Se puede transigir sobre la acción civil proveniente de un delito; pero no por eso se extinguirá la acción pública para la imposición de la pena legal”. Horrenbestez, Transigitzea egin daiteke delituakeratortzen duen akzio zibilarekin; baina horren ondorioz ez da azkendukolegezko zigorra ezartzeko akzio publikoa.
Kode zibilaren 1814 artikulua: “No se puede transigir sobre el estado civil de las personas, ni sobre las cuestiones matrimoniales, ni sobre alimentos futuros”. Hau da, ezin da transigitzerik egin pertsonen egoera zibilarekin, ezkontzaren arazoekin, ezta etorkizuneko mantenuarekin ere.
  • Transakzioaren efikaziaren inguruan, honako xedapenak daude:
Kode zibilaren 1816 artikulua: La transacción tiene para las partes la autoridad de la cosa juzgada; pero no procederá la vía de apremio sino tratándose del cumplimiento de la transacción judicial.” Hau da, Transigitzeak alderdientzat gauzaepaituaren indarra du; baina premiamendu-bidea ez da bidezkoa izango epaiketazko transigitzea betetzeko baino.
  • Transigitzearen efikazia ezari dagokionez, Kode zibilak honakoa ezarri du:
Kode zibilaren 1817 artikulua: “La transacción en que intervenga error, dolo, violencia o falsedad de documentos, está sujeta a lo dispuesto en el artículo 1265 de este Código.
Sin embargo, no podrá una de las partes oponer el error de hecho a la otra siempre que ésta se haya apartado por la transacción de un pleito comenzado.” Hau da, Transigitzean akatsa, doloa, indarkeria edo agiri-faltsutzea izan bada, transigitze hori kode honetako 1265. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo da. Hala ere, alderdi batek ezin izango du bestearen aurka egitatezko errakuntza jarri, azken hori transigitzearen ondorioz hasitako auzi batetik baztertu baldin bada. (Kode zibilaren 1265 artikuluak zera dio: Deuseza izango dela oker, indarkeria, larderia edo doloaren ondorioz emandako adostasuna).
Kode zibilaren 1818 artikulua: “El descubrimiento de nuevos documentos no es causa para anular o rescindir la transacción, si no ha habido mala fe”. Beraz, Agiri berriak aurkitzea ez da transigitzea deuseztatu edo hutsaltzeko arrazoia, fede gaiztorik izan ez bada.
Kode zibilaren 1819 artikulua: “Si estando decidido un pleito por sentencia firme, se celebrare transacción sobre él por ignorar la existencia de la sentencia firme alguna de las partes interesadas, podrá ésta pedir que se rescinda la transacción.
La ignorancia de una sentencia que pueda revocarse, no es causa para atacar la transacción.”. Horrenbestez, Auzia epai irmoaren bidez erabakita egonda, auzi horren gain transigitzea egiten bada alderdi interesdun batek epai irmoari buruz ez duelako berririk izan, alderdi horrek eska dezake transigitzearen hutsaltzea. Bestalde, ezeztatzeko moduko epaiaren berri ez izatea, ez da transakzioa erasotzeko arrazoia.

Ordenamendu ezberdinen eraentza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Transigitze kontratua nazioarteko begirada bat:

Italia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Italian: Il contratto di transazione - Art. 1965-1976 del Codice Civile[11].

Frantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Frantzian: Le contrat de transaction - Articles 2044 à 2052 du Code Civil[12].

Portugal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Portugalen: Transacçao - Capítulo XVI del Código Civil (artigo 1248 a 1250)[13].

Alemania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Alemania: Begriff des Vergleichs - Bürgerliches Gesetzbuch (BGB) (artikel 779)[14].

Transigitze kontratuaren adibidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

.....................................-(a)n, ................(data)................................... NIRE AURREAN, .................... (Notarioaren erreferentzia).............
AGERTZEN DIRA:
Alde batetik:
........... (A alderdia)............................................... (izena, egoera zibila, lanbidea, helbidea eta NAN zenbakia). Bere izenean parte hartzen du.
Eta beste aldetik,
............ (B alderdia) ..............................................(izena, egoera zibila, lanbidea, helbidea eta NAN zenbakia). Bere izenean parte hartzen du.
Naziokotasun eta erresidentzia espainiarrekoak dira biak. Auzokotasun zibila espainiarra:
Jakinarazi duten Nortasun Agiri Nazionalaren bitartez identifikatzen ditut, non koinziditzen duten Identifikazio Fiskaleko zenbakiekin; nire ustez legitimazioa eta ahalmena dute TRANSIGITZE ETA AKORDIO OSAGARRI hau xedatzeko ETA ADIERAZTEN DUTE:
I.- Agertu diren andereen artean gatazka sortu da hurrengo auziari buruz:
Eztabaidatzen dena lursail baten zortasun eskubiea da.
II.- Agertu diren alderdiak, auzi bat ekidin nahian haipaturiko gaiari buruz adostu dute:
a) Bi alderdiak lursailaren baliozkotasuna onartzen dute, edozein akzio judizial alde batera utziz horri buruz.
b) Transigitze kontratu honen bitartez, hurrengo adostasuna hartzen da:
Lursailaren jabea den A-Alderdiak zortasun eskubidea aitortzen dio B-Alderdiari bere lursailetik A-Alderdiaren semeak lursail horretan etxebizitza bat egitera aurreikusten duten obrak hasi arte.
c)  Orain adostutakoaren arabera uko egiten dute bi aldeak beren artean epaitegietara jotzea eta idazki honen bitartez gatazka ebatzitzat ematen da.
d)  Idazki honen kostua bi alderdien bitartez ordainduko dira eta itun honetatik eratorritako kostuak ere bi aldeek ordainduko dituzte.
DATU PERTSONALEN BABESA. Ohartarazten diet hemen agertzen direnei haien datuak notarioen dokumentu eta protokolora nahiz administrazio eta organizazio fitxategira txertatuko direla. Horretaz gain, datu hauek administrazio publikora laga daitezkela beti ere lege indarreko arau batek ahalbidetzen badu. Oharrak behin eginda.
ZIN EGITEA ETA BAIMENA.- Behin erreserba eta oharrak eginda; hemen agertzen direnei eragin fiskalen inguruan duten betebeharrez jakinarazi diet eta aurkeztu beharreko dokumentuak epe barruan. Baita ere dokumentu hauek epe barruan aurkeztu ezean aurre egin beharreko zergadun erantzunkizunak.
Ni, notario naizenak, zin egiten dut adostasuna libreki eman dela eta hau legera eta ondo informaturiko borondatera egokitzen dela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. PANERO GUTIERREZ, R.. (2008). Derecho Romano. (4. argitaraldia) Valencia: Tirant lo Blanch, 658 or..
  2. a b c SAN CRISTOBAL REALES, S.. (2011). Anuario Jurídico y Económico Escurialense. (XLIV. argitaraldia), 277-302 or..
  3. O'CALLAGHAN, C.. (2012). Compendio de Derecho Civil. Tomo II. Derecho de Obligaciones. Madrid: Editorial Universitaria Ramón Areces, 627 or..
  4. GULLÓN BALLESTEROS, A.. (1964). La transacción. Madrid: Instituto Nacional de Estudios Jurídicos, 47 or..
  5. SAN CRISTOBAL REALES, S.. (2011). Anuario Jurídico y Económico Escurialense. (XLIV. argitaraldia), 285-286 or..
  6. MOXÓ RUANO, A.. (1950). «Notas sobre la naturaleza de la transacción» Revista de Derecho Privado (402): 675..
  7. ALBALADEJO GARCÍA, M.. (1979). Derecho Civil. Barcelona, 439 or..
  8. TAMAYO HAYA, S.. (2002). El contrato de transacción. Madrid: Civitas, 46 or..
  9. SILVOSA TALLÓN, J.M.. (2009). «La transacción en la LEC» Revista internauta de Práctica Jurídica (24): 18..
  10. Real Decreto de 24 de julio de 1889 por el que se publica el Código Civil.. .
  11. Codice Civile Italiano - Il contratto di transazione.. .
  12. Code Civil des Français - Le contract de transaction.. .
  13. (PDF) Código Civil Portugûes. .
  14. (PDF) Kode Zibil Alemaniarra (Bürgerliches Gesetzbuch - BGB). .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]