Transistore
Transistoreak[1] solido-egoerako dispositibo elektronikoak dira, hau da, solidoa den material erdieroalez (Silizioz, batik bat) eginda daude. Gehienek hiru terminal dauzkate: mutur gisako bi eta kontrol-terminal bat. Muturren arteko erresistentziaren balioa kontrol-terminalaren bitartez aldatzeko ahalmenean datza transistoreen erabilgarritasuna. Hain zuzen ere, 'transistore' terminoa transfer resistor hitzen kontrakzioa da, ahalmen hori aditzera ematen duena.
Bestalde, azpimarratzekoa da portaera interesgarri hori gauzatzeko, transistoreak transistore efektuaz edota eremu-efektuaz balia daitezkeela. Gertakizun fisiko horien garrantziaren erakusle, transistore efektuaren aurkikuntzak merezi izan zuen 1956ko fisikako Nobel Saria daukagu[2].
Eduki-taula |
Motak eta Sailkapena [aldatu]
Oraintsurarte, hiru transistore-mota nagusi hauek bereizten izan dira:
- Junturadun transistore bipolarra (laburdura: BJT).
- Junturadun eremu-efektuko transistorea (laburdura: JFET).
- Ate isolatudun eremu-efektuko transistorea (laburdura: IGFET), gehien-gehienetan 'MOS egituradun eremu-efektuko transistore' (laburdura: MOSFET) esaten bazaie ere, atearen isolamendua gauzatzeko egitura zein den azpimarratuz.
Horiek horrela, liburuetan ohikoa da batetik BJTak aztertzea, eta, bestetik, FET biak (hau da, JFETak eta MOSFETak); izan ere, BJTak transistore efektuaz eta FETak eremu-efektuaz baliatzen direnez, kategoria bakoitza (BJT, FET) efektu fisiko bati (transistore efektua, eremu-efektua) lotzen zaio.
Aspaldi honetan, ordea, laugarren transistore-mota bat agertu zaigu merkatuan, ate isolatudun transistore bipolarra (laburdura: IGBT), gero eta aplikazio-esparru zabalagoa eskuratzen dagoena. Kontua da IGBTa bai transistore efektuaz bai eremu-efektuaz baliatzen dela, eta, beraz, kategoria bi horietan kabitzen dela, eta ezeinetan ere ez, aldi berean. Alegia:
| Transistore-mota | Transistore efekturik? | Eremu-efekturik? |
|---|---|---|
| BJTa | Bai | Ez |
| JFETa | Ez | Bai |
| MOSFETa | Ez | Bai |
| IGBTa | Bai | Bai |
Hori dela-eta, sailkatzeko beste irizpide bi hauek nagusitzen ari dira azken urteotan:
- Kontrol-terminalaren izaera: isolatugabea bada, junturadun esaten zaie, eta isolatua bada, ate isolatudun (horrelakoetan, kontrol-terminalari ate esaten zaio eta).
- Korrontean parte hartzen duten eramaile-motak: mota bakar batekoak (elektroiak edo hutsuneak) badabiltza, monopolar esaten zaie, eta mota bietakoak (elektroiak eta hutsuneak) badabiltza, bipolar.
| Irizpideak | Monopolarra | Bipolarra |
| Junturaduna | JFETa | BJTa |
| Ate isolatuduna | MOSFETa | IGBTa |
Erabilerak [aldatu]
Gaur egungo elektronikan oinarrizko osagaia da eta bera erabiliz kommutadore elektroniko, ate logiko, memoria eta beste dispositibo asko lor daitezke. Zirkuitu analogikoen kasuan transistoreak anplifikadore, osziladore eta uhin sortzaile moduan erabiltzen dira.
Bilakaera historikoa [aldatu]
Hiru elektrodoko (triodo) huts balbularen ordezkoa den transistore bipolarra AEBtako Bell Laborategietan asmatu zuten 1947an John Bardeen, Walter Houser Brattain, eta William Bradford Shockleyek. Hirurek Fisikako Nobel Saria irabazi zuten 1956an.
Walter Hoser Brattain, John Bardeen eta William Bradford Shockley-k 1948an asmatu zuten (1956 urtean jaso zuten Fisikako Nobel saria) eta iraultza bat izan zen informatikarako, zeren eta berari esker sortu ziren txipak eta txartel elektronikoak, eta hauekin batera, gero eta trinkoagoak ziren prozesatzeko unitateak. Honi guztiari teknologian izan zen hobekuntza gehitu behar zaio, (teknologia magnetikoa, optika eta magnetiko-optikozko disko gogorrak, CD eta dvd-rom ) Gainera, beste tresna eta periferiko batzuk sortu dira ere eta eurei esker ordenadoreak, testuaz gain, irudiak, soinua, grafikoak eta bideoa ere erabili ditzake.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Zehazki Hiztegia, Euskal Herriko Unibertsitatea
- ↑ 1956. urteko fisikako Nobel saridunak [1] (Ingelesez)