Trebiñu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Trebiñu (argipena).

Trebiñu

 Gaztela eta Leon
Trebiñu
Trebiñu herriaren ikuspegia

Trebiñuko armarria

Izen ofiziala Condado de Treviño
Estatua
Erkidegoa
Probintzia
Eskualdea
 Espainia
 Gaztela eta Leon
Flag Burgos Province.svg Burgos
Trebiñuko barrendegia
Alkatea Ignacio Portillo (Indep.)
Koordenatuak

42°44′5″N 2°44′50″W / 42.73472°N 2.74722°W / 42.73472; -2.74722Koordenatuak: 42°44′5″N 2°44′50″W / 42.73472°N 2.74722°W / 42.73472; -2.74722

Trebiñukomapa.jpg

Trebiñu non dagoen adierazten duen Espainia-ko/-go/-eko mapa
Trebiñu
Eremua 260,71 km2
Distantzia 100 km Burgosera
Postakodea 09215
Biztanleria 1.465 bizt (2012)
Dentsitatea 5,62 bizt/km²
Sorrera 1161
http://www.condadodetreviño.es/


Trebiñu[1][2] (ofizialki Condado de Treviño) Burgos probintziako (Gaztela eta Leon, Espainia) udalerria da, Gasteizen hegoaldera dagoena. Udalak zenbaitetan izenaren balizko bertsio elebiduna —Condado de Treviño/Trebiñuko Konderria— erabiltzen du[3]; baina Euskaltzaindiak Udalaren izen ofizialaren euskal ordaina Trebiñu Konderria dela zehaztu du[2]. Bereizi behar denean Trebiñu Uda ere erabil daiteke[4].

260,71 kilometro koadro[5] eta 1.460 biztanle ditu (2010), hainbat herrixkatan banaturik. Geografikoki Araban egon arren eta bere biztanle gehienek Arabako parte izatearen aldarria hainbatetan azaldu arren, administratiboki Burgosko parte da. Argantzunekin batera Trebiñuko barrendegia osatzen du. Udalerriburua izen bereko herria da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñu izenaren jatorriari buruzko hainbat teoria daude, baina onartuena —Julio Caro Barojarenaerromatarren garaiko trifinium (hiru muga) hitzetik datorrela da, zeren eta bertan kokatzen zen barduliar, karistiar eta autrigoi tribuen arteko muga. Hala ere, toponimo hori herria bera deitzeko erabiltzen zen hasieran, eta ondoren hedatu zen eskualde osora. Hori baino lehen, eskualdearen izena Uda zen[6].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñuko udalerria Ihuda ibaiaren haranean dago, eta ibaiaren arroa izan da, hain zuzen, udalerriaren mugak hein handi batean baldintzatu dituenak. Muga naturalak dira iparraldean Gasteiz mendiak, ekialdean Izki ingurua eta hegoaldean Ihudaren arroa ixten duten mendixka txikiak. Hego-mendebalderantz muga ez da horren naturala, Trebiñuk Ihudaren beheko atalaren arroan kokaturik dagoen Berantevilla udalerriarekin muga egiten baitu.

Udalerri mugakideak hauek dira:

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñu klima ozeanikoaren eta klima mediterraneoaren arteko trantsizio gunean dago, Araba gehiena bezala. Gehiago zehaztuz, Trebiñuko klima submediterraneoa da, alegia, klima epela baina iparralderago baino euri gutxiagorekin.

Udalerriaren garaieraren ondorioz, tenperaturak iparralderago eta hegoalderago baino apur bat baxuagoak dira oro har. Bestalde, itsasotik hurbil ez dagoenez, klimak ezaugarri kontinentalak edukitzea eragiten du, hau da, oszilazio termikoa itsasotik hurbilagoko eskualdeetan baino handiagoa da urtean zehar.

2008tik 2011ra (3 urte) Trebiñu herriko estazio meteorologikoan egin diren neurketen batez bestekoak hauek dira:

Datu klimatikoak (Trebiñu)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura (ºC) 4.04 5.04 7.47 10.85 13.34 16.39 19.02 19.09 15.7 12.01 7.9 4.1 11.2
Pilatutako prezipitazioa (mm) 83.5 80.6 55.8 80.7 73.2 80.3 25.0 8.1 60.7 117.9 110.0 136.4 912.2
Iturria: Gaztela eta Leongo Junta[7]

Kontuan izan balio hauek ez direla oraindik esanguratsuak, normalean 30 urteko datuak erabiltzen baitira batez bestekoak kalkulatzeko. Prezipitazioari dagokionez, fidagarriagoa izan daiteke Gasteizko eta Miranda de Ebroko estazioen datuei erreparatzea, Trebiñun bien arteko balioa baitago. Gasteizen batez beste urtean 823 mm prezipitazio botatzen du, eta Mirandan 521 mm.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñuren erliebeak ez dauka garaiera handiko mendirik, baina oso gora-beheratsua da ia udalerri osoan. Ihuda ibaiaren arroaren goiko aldean kokaturik egonik, mendilerroz inguraturik dago hego-mendebaldean izan ezik. Erliebea berdintzen den toki nagusia Añastro inguruak dira, mendebaldean, Argantzunekin muga egiten duen tokian.

Udalerriaren punturik gorena Butxisolo mendia da (1.135 metro), Kapilduiren mendigunean dagoena, ipar-ekialdean. Punturik baxuena, berriz, udalerriaren mendebaldeko ertzean Zadorra ibaiak muga egiten duen tokian dago, Manzanos eta Burgeta herrien artean (470 metro).

Udalerriko mendilerro nagusia Gasteiz mendiak dira. Iparraldeko muga ia modu perfektuan markatzen du mendilerro horrek. Garaiera txikiagoa du mendebaldean; ekialderantz joz gero, apur bat garaiagoak diren mendiak aurkituko ditugu. Bertako mendi nagusietako batzuk, mendebaldetik ekialdera: Bustu (978 m), Zaldiaran (978 m), Arrieta (1.001 m), San Cristobal (1.045 m) eta Butxisolo (1.135 m).

Udalerriaren ekialdean, Ihuda ibaiaren lehen ibaiadarrak Bernedoko udalerriaren baitan daude, nahiz eta geografikoki Trebiñuren haran berean egon. Markiz eta Arluzea herrien lurrak dira horiek. Eskualde horren hegoaldean, aldiz, Trebiñuko udalerria Izki ibaiaren bailaran sartzen da, hain zuzen Obekuri eta Baxauri herrietan.

Hegoaldeko mugetan mendilerro bat osatzera iristen ez diren zenbait mendi daude, ibai arroaren mugan: Moraza (1.054 m) eta La Rasa (977 m) inguruetako muinoak dira. Ingurune honetan badaude geografikoki Ihuda ibaiaren arrokoak diren baina Trebiñuko udalerrikoak ez diren bi herri: Faidu eta Baroja.

Udalerriaren mendebaldean beste bi muinotxo daude, Ihuda ibaiaren bi alboetan, ibaia udalerritik irteten den tokian. Ibaiaren iparraldean San Formerio (752 m) dago, hain zuzen udalerriaren patroia denaren baseliza dagoen tokia; eta hegoaldean Cerro (900 m) mendiaren mendilerrotxoa dago.

Gasteiz mendiak Arrieta herritik ikusiak.

Hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ihuda ibaia Bernedo udalerrian dagoen Okinan jaio, eta berehala Trebiñun sartzen da Saseta paretik. Hegoalderantz doa, eta Markizko errekaren urak jazotzen dituen lekuan mendebalderantz egiten du, Urarten. Ondoren, udalerria zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera. Azkenik, Burgeta parean udalerritik irten eta Berantevillan sartzen da.

Trebiñu herria bera Ihuda ibaiaren ertzean dago, muino baten pean. Ibaiaren adar nagusiak, Trebiñuko udalerriaren barruan, hauek dira: iparraldetik Saratsu, Ibia, Askartza eta Arrieta ibaiak; hegoaldetik Barruntia eta Riorrojo ibaiak.

Mendebaldeko muturrean, Zadorra ibaiak muga egiten du Trebiñu eta Erriberagoitia artean.

Trebiñun urtegi nagusi bat dago, Arrietako urtegia, batez ere nekazaritza lurrak ureztatzeko erabiltzen dena. Bertako urak muinoetan estrategikoki kokatutako erregulazio baltsen bidez banatzen da nekazarien artean.

Trebiñuko landaredia.
██ Ameztiak██ Artadiak██ Hariztiak██ Pagadiak██ Erkameztiak ██ Karraskalak██ Baso landaketak██ Ipurudi eta sastrakak██ Txilardiak ██ Pretxilardiak██ Larre eta belardiak██ Parkeak██ Hiri eta herriak

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñuko landaredia hiru faktore nagusik baldintzatzen dute:

Trebiñuko mendilerroak ekialdetik mendebaldera luzatzen dira, nagusiki ipar-mendebaldekoak diren haizeen aurrean hesi modura jokatuz. Hori dela eta, itsasotik datozen euri-fronteek euria mendien ipar isurialdean uzten dituzte gehien bat, eta hegoaldeko mazeletara prezipitazio gutxiago iristen da, Foehn efektuaren ondorioz. Horren eraginez, mendietako iparraldean hezetasun gehiago behar dituzten basoak daude: pagadiak eta hariztiak, eta hegoaldean artadiak, karraskalak eta erkameztiak. Baxauri eta Obekuri inguruetan ameztiak daude, alboan dagoen Izkiko natura parkean gertatzen den bezala.

Ihuda ibaiaren eta bere adarren ibarretako lurrak nekazaritzarako luberritu ziren, eta orain udalerriaren azalera gehienean laboreak ereiten dira. Hala ere, XX. mendeko nekazaritza krisiaren eraginez, lursail asko, batez ere gune malkartsuetan daudenak, utzi egin dira. Toki horietan landaredia leheneratzen hasi da, eta ipurudiak, sastrakadiak eta txilardiak sortu dira. Beste toki batzuetan, udalerriko muino askotan adibidez, mota bereko landaredia dago, baina kasu horietan higaduraren eraginez da.

Mendiko gune batzuetan, Gasteiz mendietan, abeltzaintzarako erabiltzen diren larreak eta belardiak daude. Bestalde, Gasteiz mendietan eta Izki inguruko mendietan zura ekoizteko egin diren baso landaketak ikus daitezke.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerriko lurretan Paleolito garaiko hondakinak aurkitu izan dira. Lañu herriko Mendiguri izeneko tokian Behe Paleolitoko Acheulear kulturako tresneria aurkitu da[8]. Torre herriko Murba aztarnategian, berriz, Erdi Paleolitoko Mousteriar kulturakoak diren hondarrak aurkitu dira[9]. Kasu honetan, aire zabaleko lantegi bat zen, harrizko tresnak egiteko erabiltzen zena.

Mesolitoan sartuta (duela 10.000 urte), Saseta inguruetan dagoen Mendandia aztarnategia aipatu behar da. Oso aztarnategi garrantzitsua, bertan harrizko tresnen 18.000 hondar eta zeramikako zatien 1.000 hondar aurkitu [10]. Toki honetan bi arotako aztarnak daude, zaharrenak Mesolitokoak eta berrienak Neolitokoak, orain dela 7.200-6.400 urte ingurukoak. Bigarren multzo honetan daude zeramikako piezak, datazioen arabera Iberiar penintsulako lehenak direnak.

Neolitokoak dira (duela 6.000 urtekoak) Sanmartinzar herriko San Quilez inguruan aurkitu diren aztarnak[11]. Kasu honetan hileta-tumuluak dira aurkitutakoak. Hileta-tumulu hauen egiturak eta inguruko lurretako (Arabako Lautada eta Errioxa) hileta-tumuluenak oso desberdinak dira, baina bi eskualde horien artean zegoen hutsune bat bete zuten. Halaber, zenbait ehorzketatako hondakinak eta etxeko hornidura gutxi batzuk ere berreskuratu ziren.

Lehen indoeuroparrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi Brontze Aroan (Kristo aurreko 1.000 urte inguruan) eskualdera lehen tribu indoeuroparrak iritsi ziren, eta haiekin batera, metalurgia iritsi zen[12]. Talde nagusia zeltak izan ziren, K. a. 800. urte inguruan. Kultura honen bereizgarri diren kastroak eraiki zituzten Santuste (Ozilla) eta San Formerio (Pangua) bezalako gune garaietan, babes modura.

Erromatarrak iritsi zirenerako, dirudienez Trebiñuko populazioan bi kultura bizi ziren elkarrekin: jatorrizkoa, glaziazioen ondoren kantauriar kostaldetik bertaratu zena; eta indoeuropar jatorrikoa, herrixketan bizi zena, kultura material aurreratuagoa zuena, eta jatorrizko populazioaren gainean nolabaiteko nagusitasuna zuena[13].

Antzinako Erroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira Argoten eta Uralden[14]. Sasoi hartan Trebiñu Burdigala (Bordele) eta Asturica Augusta (Astorga) lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren eta inguruko hiri handiena zen Veleiaren eraginaren pean zegoen, eta bertan asentamendu erromatar txikiagoak sortu ziren. Dirudienez, sasoi hartakoa da Trebiñu toponimoaren jatorria izan daitekeen trifinium hitza, baina orduan bailarako herri nagusia deitzeko soilik erabiltzen zen, ez bailara osoa. Trifinium hitzak eskualdean hiru tribuk (karistiarrek, barduliarrek eta autrigoiek) muga egiten zutela esan nahi du, itxura batean.

Argoten K.o. I. mendetik V. mendera arte egon zen erromatarren presentzia. Etxeko tresnen hondarrak aurkitzeaz gain, dolium eta amphora izeneko edukiontziak, eta eraikuntzarako materialak aurkitu ziren. Horrez gain, aldare-harri bat ere aurkitu da. Urarten, bestalde, zenbait hondakindegi aurkitu ziren, nekazaritzara dedikatutako establezimendu nahiko handi batenak izan daitezkeenak, I. mendetik V. mendera arte okupatuta egon omen zena. Etxeko hornidurak, eraikuntzarako materialak, animalien hondarrak, etab. aurkitu ziren bertan.

Goi Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi Erdi Aroan datatutako aztarnategien artean, ezagunena Lañuko Las Gobas eta Santorkaria izeneko guneetan existitzen diren koben multzoa da. Herri honetako haitz labarretan gizakiak eginiko koba batzuk existitzen dira, eta bere jatorriari buruzko hipotesi tradizionala Erdi Aroan sortutako mugimendu zenobitikoaren ondorioz ermitauen bizileku zirela izan da. Agustin Azkaratek 2007an gidatutako lanetan, hala ere, beste hipotesi batzuk indar gehiago zutela ondorioztatu zuen[15]. Alde batetik, kokagunearen sorrera VII. mendean omen dago, eta hainbat mendez erabili zen, IX. mendearen amaieran utzi egin ziren arte. Harrian egindako koba hauen inguruetan beste eraikin batzuen aztarnak aurkitu dira, mendi mazeletan. IX. mendetik aurrera kobak bizileku modura utzi eta hilerri gisa erabiltzen hasi ziren. Bertako bizilagunak Lañu herria sortu zutenak izango omen ziren. Beren funtzioari dagokionez, ez da baztertzen haietako koba batzuk ermitauen bizileku izatea, baina kasu gehienetan baserritarren asentamenduak zirela ondorioztatu da. XVI. mendean berriro okupatu ziren, orduan nekazaritzarako erabilera emateko.

Udalerriaren mendebaldeko beste herri batzuetan eta ingurukoetan ere sasoi honetan okupatuta egon ziren koba artifizialak aurkitu dira: Faidun, Sarratxon, Urarten eta Markizen[16].

Goi Erdi Aroaren hasieratik, Erromatar Inperioaren erorketaren ondoren, jadanik ez da antzinako tribuez hitz egiten kronika zaharretan, eta Trebiñu eta Araban bizi den jendeari buruz aritzean, baskoiez hitz egiten da. Aro honetan eskualde osoa bazterreko kokapenean geratu zen, iparraldean bizi ziren frankoen eta hegoaldean zeuden bisigodoen artean, eta euskararen presentzia asko indartu zen. Donemiliagako goldea agirian ageri den Trebiñuko herrien izenetan ikusten denez, XI. mendean Trebiñuko herri askoren izenek euskal jatorria zuten, batez ere udalerriaren ekialdekoek[17]. Trebiñuko aipamena (eskualdeak Rigo de Ivita, egungo euskaran "Ihuda ibaia", izena dauka dokumentu horretan) hauxe da:

« Rigo de Ivita, XXXV regas: Prango et Prango, duas regas. Armendihi una rega. Atazaval; una rega. Betruz, una rega. Argote, una rega. Sancti Meiano, una rega. Torre, una rega. Sancti Martini, una rega. Galbari, una rega. Cimentu, una rega. Barolha, una rega. Loza, una rega. Alma, una rega. Paldu, una rega. Mesanza, una rega. Savastian, una rega. Bergilgona, una rega. Langu, una rega. Guzkiano, una rega. Guzkiano de suso, una rega. Bustia, una rega. Gogate, una rega. Agellu, una rega. Pudio, una rega. Barizahaza, una rega. Sagassaheta, una rega. Orzalzan, una rega. Uarte, una rega. Marquina de iuso, una rega. Carrelucea, una rega. Marquina de Suso, una rega. Bassahuri, una rega. Hobecori, una rega. Hassarte, una regga.  »

Trebiñuren fundazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. eta XII. mendeetan Udako lurraldea Nafarroako erresumaren mende egon zen. 1161. urtean Antso Jakituna Nafarroakoak eman omen zion hiribildu titulua. Hala izatekotan, Nafarroako Erresumaren hiribildu arabar zaharrena litzateke[18]. Aipatutako muinoaren gailurrean, gaur egun telekomunikazio-antena andana jasotzen dituen horretan, Nafarroako Erresumaren gaztelu bat zegoen, 1199. urteko eraso gaztelarrak konkistatu ezin izan zuena[19]. Fundazio hau Nafarroaren eta Gaztelako Erresumaren arteko tirabiretan ulertu behar da, sasoi hartan eskualdea mugako tokian baitzegoen.

1200an Gaztelako Alfonso VIII.ak Nafarroako mendebaldean sartu eta Gipuzkoa eta Araba anexionatu zituen. Trebiñuren kasuan, erasoa pairatu zuen, baina gaztelauek ez zuten lortu hura konkistatzerik. Orduan Antso VII.a Nafarroakoak eta Gaztelako erregeak ituna egin zuten, eta Trebiñu Gaztelaren esku geratu zen Nafarroa Miranda Arga, Mendavia, Larraga eta beste herri batzuk mantentzearen truke.

Konderriaren sorrera eta Arabako Ermandadea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1366ko apirilaren 8an Henrike II.a Gaztelakoak Pedro Manrique I.a Larakoari eman zizkion dohaintzan Udako lurraldeak, jaurerri gisa goberna zezan. 1453an Pedro Manriqueren birbiloba batek, Diego Gómez Manriquek, Trebiñuko konde izendapena jaso zuen Gaztelako erregearengandik.

1417an Trebiñuk, Gasteizek eta Agurainek ermandade baten sorrera sustatu zuten, nobleziaren gehiegikerien eta gaizkileen aurka egiteko. Arabako lehen ermandadea izan zen hau. Hala ere, batasun honek ez zuen iraun eta laster desegin zen. Arabako Ermandadea sortzeko behin betiko saialdia 1458an izan zen, baina orduan Trebiñu ez zuen parte hartu, eta horrela, gaur egungo Arabako probintziaren ernamuina izan zenetik kanpo geratu zen.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñuko guduaren koadroa, Francisco Oller margolariarena.

XIX. mendearen lehen erdialdean Trebiñu Burgosko probintzian sartu zuten. Sasoi horretan probintziak sortzeko hainbat saio egin ziren Espainian[20]. Azkenik, 1833. urtean gaur arteko banaketa administratiboa izango zena egin zen, eta horretan Trebiñuko konderria, Argantzunekin batera, Burgosko probintziaren mende geratu zen.

XIX. mendean Trebiñu Gerra Karlisten jokaleku izan zen bi aldiz. Lehen Gerra Karlistan, Zumalakarregik Trebiñu hartzeko setioa antolatu eta bi eguneko erasoen ondoren menderatu zuen, 1835eko maiatzaren 11n. Hirugarren Gerra Karlistan, 1875eko uztailaren 7an, Trebiñuko gudua deitu zena izan zen, oso ospetsua egin zena zalditeriaren oldarraldiagatik[21].

Espainiako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibilean Trebiñu nazionalen aldean geratu zen, Araba bezala, eta frontetik urruti. Horren ondorioz, ez zituen zuzenean pairatu guduak. Hala ere, nazionalen errepresioa jasan behar izan zuten errepublikaren aldeko trebiñarrek.

Añastron 3 lagun hil zituzten, besteak beste herriko medikua eta maisua (Godofredo Colina, Antonio Paredes eta Luis Velasco). Dordonizen 4 lagun hil zituzten 1936ko abuztuan: Angel Corcuera Puelles, Gregorio Corcuera Echevarria, Jeronimo Ortiz eta Jesús Velasco. Trebiñu herrian sei izan ziren hildakoak: Ricardo Landa, Alejandro Landa, Fortunato Arrieta, Fausto Arrieta, Moises Ruiz Monje eta Vicente López Moraza[22].

Herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñu udalerriaren barnean hainbat herri edo biztanlegune dago:

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñu nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako eskualdea izan da tradizionalki. Gaur egun sektore horren garrantzia gero eta txikiagoa da, eta beste fenomeno bat sortu da ekonomiari dagokionez: gero eta trebiñar gehiagok udalerritik kanpo egiten dute lan, batez ere Gasteizen. Barrendegi osoko langileen %73ak Gasteizen egiten du lan, %22ak barrendegian, %2k EAEko beste toki batzuetan eta %2k Burgosko beste toki batzuetan[23], batez ere Miranda de Ebron.

1999ko nekazaritza zentsuaren arabera[24], Trebiñun 212 nekazari eta abeltzain zeuden. Horietatik, gazteak (34 urte arte), 28 ziren soilik. Nekazariak langile guztien %14 dira, langile arruntak %21 dira eta enplegatuak %33 dira[25].

Trebiñarren lan jarduera honela zegoen banaturik 2007ko ikerketa baten arabera[26]:

Jarduera Ehunekoa
Bere kabuz lanean %21
Besteren kontura %45
Langabe %4
Etxeko lanak %5
Ikaslea %11
Erretiratua %14

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doroñun XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran egindako etxebizitza multzo berriak.

Bere kokapen geografikoagatik, Trebiñu beti izan da eskualde ia erabat nekazaria. Hala ere, XX. mendeko industrializazio prozesuak ez ziren oharkabean igaro biztanleriari dagokionez, baina ez zentzu positiboan, negatiboan baizik: Trebiñuko herrixketako jende asko garapen lekuetara —besteak beste, Gasteiza— aldatu zen lan hobearen bila. Despopulazio prozesu honetan eragina izan zuen, baita ere, nekazaritzaren munduan XX. mendearen erdialdean gertatu zen iraultzak, eta batez ere mekanizazioak, lehen eskulan asko behar zen tokian langileak soberan egotera igaro baitzen.

XX. mendetik eta XXI.era bitarteko aldaketaren bueltan, Miranda de Ebrorekin eta batez ere Gasteizekin lotzen zituen errepideak hobetzean, Gasteizko etxebizitzen prezioak neurrigabeki haztean eta automobil pribatua ugaritzean, Trebiñu biztanleria erakartzen hasi zen. Hala ere, biztanle berri horietako gehienek ez zuten bertan lan egiten, eta nahiz eta Trebiñuko erroldan egon, bizia (lana, haurren eskola, erosketak, aisialdia...) udalerritik kanpo egiten zuten.

Beraz, Trebiñuko udalerrian, barrendegi osoan bezala, jendeen hiru multzo aski desberdin bereiz daitezke[27]:

  • Bertan jaiotakoak, gaur egun biztanleriaren laurdena dena, gehienek bertan lan egiten dutenak, nekazaritzan, eta 50 urtetik gora dutenak.
  • XXI. mendearen hasieran Gasteiztik iritsitakoak, gehienak 30-50 urte bitarteko bikoteak eta haien seme-alabak, oro har Gasteizen lan egiten dutenak.
  • Bigarren multzokoak baino lehenago iritsi zirenak eta haien seme-alabak, biztanleriaren herena inguru.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñuko udaletxea, Maria Diaz de Ure plazan

2003ko udal hauteskundeetan Trebiñu Araban integratzearen aldeko Agrupación Electoral Independiente hautes-elkarteak 5 zinegotzi lortu zituen eta Alderdi Popularrak 4.

2007ko udal hauteskundeetan PPk 4 zinegotzi eskuratu zituen, independenteek 3 eta PSOEk eta EAE-ANVk bana.

2011ko udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, PPko Inmaculada Ranedok jarraitu zuen alkate. PPk 3 zinegotzi lortu zituen, Agrupación Ciudadanos Condado de Treviño (ACUDE) 2 zinegotzi, Agrupación Electoral Independiente (AEICT) 2 zinegotzi, EAJ eta Bilduk zinegotzi bana.

2012ko abenduan AEICT, ACUDE eta Bilduren zinegotziek zentsura mozioa aurkeztu zuten alkatearen kontra, eta haren ondorioz, AEICT taldeko Ignacio Portilla hautatu zuten alkate.[28] AEICT, ACUDE eta Bildu Trebiñu Araban integratzearen aldekoak dira, eta arrazoi hori izan zen ekimenaren arrazoi nagusietako bat. Alkate berriak Trebiñu Arabara batzeko prozesua hasiko zuela esan zuen lehen adierazpenetan.[29] 2013ko martxoaren 8an, bozketa bidez, Burgostik bereizteko eta Araban sartzeko tramiteak hasteko eskatu zuen udalbatzak, aldeko 6 botorekin eta 3 abstentziorekin.[30]

2014ko otsailaren 6an Eusko Legebiltzarran Trebiñuk Arabarekin bat egiteko eskaera Espainiako Kongresura eramateko eskaera onartu zen, EAJ, EH Bildu eta PSEren aldeko eta PPren aurkako bozkekin.[31]

2014ko otsailaren 6an Eusko Legebiltzarran Trebiñuk Arabarekin bat egiteko eskaera Espainiako Kongresura eramateko eskaera onartu zen, EAJ, EH Bildu eta PSEren aldeko eta PPren aurkako bozkekin.[32]

Trebiñuko udalbatza

Izena Zinegotziak Boto kopurua[33]
Espainiako Alderdi Popularra (PP)
3
216 (%31,35)
ACUDE
2
124 (%18,00)
AEICT
2
120 (%17,42)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
1
89 (%12,92)
Bildu
1
80 (%11,61)
Espainiako Alderdi Sozialista (PSOE)
-
39 (%5,66)

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñun garraiorako modu nagusia automobil pribatua da. Bi errepide nagusik zeharkatzen dute udalerria, gurutze bat osatuz:

  • A-2124 errepide probintzialak iparretik hegora zeharkatzen du udalerria. Trebiñuren mendebaldeko eta erdialdeko herriak Gasteizekin lotzen ditu iparralderantz, eta hegoalderantz Errioxaraino iristen da Herrera mendatetik.
  • BU-741 errepide lokalak ekialdetik mendebaldera doa, eta Argantzun - Armentia Trebiñu - Bernedo lotzen ditu.

Bi errepide hauek bat egiten dute Armentia Trebiñu herrian, hain zuzen Ventas de Armentia ("Armentiako bentak") izeneko tokian.

Horrez gain, garrantzi gutxiagoko errepideak daude:

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrendegiko 2007ko datuen arabera haurren laurdenak (%25) besterik ez zuen barrendegian bertan ikasten. Gainerakoetatik, gehienek (%67k) Gasteizen ikasten zuten, %5ek Mirandan, eta %2k beste zenbait lekutan.

Bi eskola daude Trebiñun. Bata 0 eta 3 urte arteko haurtzaindegia da eta Armentiako urbanizazio batean dago kokaturik. Hezkuntza elebiduna eskaintzen du (gaztelania-euskara). Bestea Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola da (3 urtetik 12 urtera artekoa), Trebiñu herrian bertan dagoena. Ikastetxe honek hezkuntza elebiduna (gaztelania-ingelesa) eskaintzen du.

Bigarren Hezkuntza jasotzeko, Trebiñuko gazteek Gasteizera edo Mirandara jo behar dute.

Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasun zentroa dago Trebiñu herrian. Era berean, farmazia bat ere badago herrian.

Azken urteetan hitzarmenak sinatu dira Arabaren eta Trebiñuren artean, Trebiñuko barrendegiko biztanleek Arabako ospitaleetan eta, oro har, EAEko osasun sisteman artatuak izan daitezen.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an egindako azterketa soziolinguistikoaren arabera[34], Trebiñuko biztanleen %14,5 elebidunak ziren urte horretan, eta %12 elebidun hartzaileak. Kopuru hauek hazten doaz, 2002an egindako azterketak erakutsi baitzuen orduan Trebiñuko enklabeko herritarren %10ak soilik hitz egiten zekiela euskaraz, eta %8 zela elebidun hartzailea.

Datu eta joera hauek bat datoz Araban gertatzen ari den berreuskalduntzearekin.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Trebiñu herriko hirigunea
  • Trebiñu herriko San Petri eliza
  • Lañuko Erdi Aroko kobak
  • San Vicentejoko Sorkunde baseliza

Argazkien galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, Euskal Onomastikaren Datutegia, http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_eoda&Itemid=191&lang=eu&nonkodea=1.7&view=toponimia. Noiz kontsultatua: 2010-08-10 .
  2. a b   Euskaltzaindia, 150. araua: Arabako herrien izendegia, ikus 20. oin-oharra. Udalaren izen ofizialaren euskal ordaina Trebiñu Konderria dela zehazten da, http://www.euskaltzaindia.org/dok/arauak/Araua_0150.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-08-10 .
  3. Trebiñu 2011 Treviño Batzordea eta Trebiñuko Konderriko Udala (antolatzaileak), Trebiñuko Konderriko Ikasketa Historikoen I. Kongresua, Euskal Herriko Unibertsitatearen webgunea. Eskuratze data: 2011-07-28. Ikus «Organizadores / Antolatzaileak» atala: Trebiñuko Udalak euskaraz eta gaztelaniaz erabiltzen du udalaren logoa.
  4.   Euskaltzaindia, 150. araua: Arabako herrien izendegia, ikus 20. oin-oharra: "Berezi behar denean Trebiñu Uda ere erabil liteke", http://www.euskaltzaindia.org/dok/arauak/Araua_0150.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-08-10 .
  5. Espainiako Estatistika Institutua (INE).
  6. (Gaztelaniaz) González de Viñaspre, R. (1999), 55. orr. Trebiño: claves para un contencioso inacabado 2011/07/25ean kontsultatua
  7. (Gaztelaniaz) Datos recogidos del año medio en la estación BU102 - Condado de Treviño (Burgos) 2011-08-01ean kontsultatua
  8. (Gaztelaniaz) Sáenz de Buruaga, Andoni (2000), El Paleolítico Inferior y Medio en el País Vasco: síntesis de datos y algunas reflexiones. 2011/07/21ean kontsultatua
  9. (Gaztelaniaz) Baldeón, Amelia (1990), El Paleolítico Inferior y Medio en el País Vasco. Una aproximación en 1990..2011/07/21ean kontsultatua
  10. (Gaztelaniaz) Alday Ruiz, A. El campamento prehistórico de Mendandia: Ocupaciones mesolíticas y neolíticas entre el 8500 y el 6400 b.P (before present)
  11. (Gaztelaniaz) Alday, A. et al. (2008), El túmulo funerario Neolítico de San Quílez. San Martín Zar – Treviño: un dispositivo y unos ritos originales en el cuarto milenio a. C. 2011/07/22an kontsultatua
  12. (Gaztelaniaz) González de Viñaspre, R. (1999), 41. orr. Trebiño: claves para un contencioso inacabado 2011/07/25ean kontsultatua
  13. (Gaztelaniaz) González de Viñaspre, R. (1999), 42. orr. Trebiño: claves para un contencioso inacabado 2011/07/25ean kontsultatua
  14. (Gaztelaniaz) Gil, E. (1997) El poblamiento en el territorio alavés en época romana 2011/07/25ean kontsultatua
  15. (Gaztelaniaz)   Azkarate, Agustin, Excavaciones arqueológicas en el exterior de los conjuntos rupestres de Las Gobas (Laño, Burgos), http://aespa.revistas.csic.es/index.php/aespa/article/download/43/43. Noiz kontsultatua: 2011/07/28 .
  16. (Gaztelaniaz)   Saenz de Urturi Rodriguez, Francisca, La Arqueología Histórica (Medieval) en Alava en los últimos 25 años., http://www.aranzadi-zientziak.org/fileadmin/docs/Munibe/1990365372AA.pdf. Noiz kontsultatua: 2011/07/28 .
  17. (Gaztelaniaz) La Reja de San Millán (1025). Toponimia alavesa del siglo XI. Celtiberia.net
  18. (Gaztelaniaz) Expertos del campus de Vitoria descubren que Trebiño es la villa 'navarra' más antigua en Álava
  19. SAGREDO, Iñaki. Navarra. Castillos que defendieron el Reino. Tomo III. Lehenengo argitaraldia. Iruñea: Pamiela, 2007. 125. orr. ISBN 978-84-7681-536-6
  20. (Gaztelaniaz)   Burgueño, Jesús (1995), «Euskadi, Navarra y La Rioja en la reodenación provincial del Estado (1800-1850)», Lurralde 18: 85-111, http://www.ingeba.org/lurralde/lurranet/lur18/burgue18/18burgue.htm. Noiz kontsultatua: 2011/08/01 .
  21. (Gaztelaniaz)   Quirós Castillo, Juan Antonio (2008), Informe de la primera campaña de excavación del castillo de Treviño, http://www.arqueologiadelasaldeas.com/documentos/TRE.pdf. Noiz kontsultatua: 2011/08/02 .
  22. (Gaztelaniaz)   Ahaztuak en Trebiñu: recuperando la verdad, 2008, http://ahaztuak1936-1977.blogspot.com/2008/04/ahaztuak-en-trebiu-recuperando-la.html. Noiz kontsultatua: 2011/09/01 .
  23. Eusko Jaurlaritza (2007), 10. orr. Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2011/07/30ean kontsultatua
  24. (Gaztelaniaz)   INE, 1999ko nekazaritza zentsua., http://www.ine.es/jaxi/menu.do?type=pcaxis&path=/t01/p042/prov09/&file=pcaxis#9. Noiz kontsultatua: 2011/07/28 .
  25. Eusko Jaurlaritza (2007), 10. orr. Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2011/07/30ean kontsultatua
  26. Eusko Jaurlaritza (2007), 12. orr. Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2011/07/30ean kontsultatua
  27. Eusko Jaurlaritza (2007), 12. orr. Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2011/07/30ean kontsultatua
  28. Albistea berria.info webgunean 2012/12/23ean kontsultatua
  29. Albistea eitb.com webgunean 2012/12/23ean kontsultatua
  30. Albistea berria.info webgunean 2015/03/09an kontsultatua
  31. 2014ko otsailaren 6a. Berria.info
  32. 2014ko otsailaren 6a. Berria.info
  33. (Gaztelaniaz) 2011ko udal hauteskundeen emaitzak mir.es webgunean 2011/07/20an kontsultatua
  34. Eusko Jaurlaritza (2007), 13. orr. Trebiñuko enklabeari buruzko azterketa soziolinguistikoa 2011/07/25ean kontsultatua

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Trebiñu
Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa