Trikiti

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Trikitilaria eta pandero jotzailea Eibarren.

Trikitia[1] (zenbait euskalkitan, trikitixa), eskusoinu txikia edo soinu txikia, botoidun akordeoi diatonikoa da, italiar jatorrikoa. Euskal Herrian XIX. mendetik erabiltzen den haizezko instrumentua da. Europan eta Ameriketan ere ezaguna da, aldaera askorekin.

Gehienetan pandero batekin jotzen da, hau da, pandero-jotzaile bat lagun izanik. Berez, tresnarentzat baino areago, bikote horrek sortzen duen musika motari esateko erabili da trikiti izen onomatopeikoa. Euskal Herriko erromerietan jotzen den musika tresna da.

Historia

Euskal Herrian hasi zen hedatzen XIX. mendearen amaieran. 1889an lehenengo aipamen idatzia dugu, Urkiolako erromeria batekoa. Teoriarik zabalduenak dio tresna hau Alpeetatik etorri zela, Frantzia eta Italia arteko mugatik. Euskal Herrian, hainbaten ustez Bizkaitik Gipuzkoara egin zuen zabaltze prozesuak. Gaur egun, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea Zarautzen kokaturik dago.

Trikitia gutxietsia eta gaizki ikusia zegoen jendartean: apaiz katolikoek "infernuko hauspoa" esaten zioten, gazte jendea dantza lotuan egitera tentatzen baitzuen, Elizak dantza horiek debekatzen zituen garaietan. Eliza, udala eta gobernu zibila baturik zeuden eskusoinuaren kontrako gerra batean, erromeriak debekatuz eta kasuren batean, baita dantzariak eta musikariak atxilotuz ere. Eusko nazionalismoak ere ez zuen eskusoinua euskal soinu-tresna jatortzat hartu gerraostera arte. Gainera, "soinu handi" edo akordeoi monotonikoak "soinu txikiak" baino ospe handiagoa zuen jendartean, akordeoilariak solfeoa ikasitakoak izan ohi baitziren, besteak ez bezala.

Trikitixa Euskal Herrian

Akordeoi diatonikoari buruzko lehen datu idatzia 1889.urtekoa da. Bertan Juan Carlos Guerrak Urkiolako erromerian kokatzen du “novisimo acordeón edo akordeoi diatoniko berri bat” deitzen duena. Nondik etorri eta zabaldu ote zen berriz, ez dago argi. Bi teoria nagusi daude honen inguruan. Zabalduena, trenbidea egitera etorri ziren Alpeetako langileek (Frantses nahiz Italiarrek) bidez etorri zena da. 1890.urtean Altsasun ateratako argazki batean soinu txikia azaltzen da. Beste teoria batzuen arabera zabalkundea Bilbotik Gipuzkoara izan zen. Bilbotik Arratiara, Zornotzara, Gernikara, Lea Artibaira eta ondoren Elgoibarrera, Gelatxoren ingurura eta Eibarrera, Elgetaren ingurura. Zengotita denda Bilbon zegoen, seguruenik Honner markakoak ziren lehen soinuak eta Zengotitak komertzializatzen zituen. Garbi dago akordeoi diatonikoa Europa guztira zabaldu zela XIX.mendearen amaieran, itsasontziz, trenez eta modu guztietan.

Trikitilariak

Musika tresna honen joleak trikitilariak dira. Hauexek dira ezagunenetarikoak:

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Trikiti Aldatu lotura Wikidatan


Euskal Herria Artikulu hau Euskal Herriko kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.