Tsunami

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Tsunamia olatu edo olatu talde bat da, itsasoko ur kopuru handia bertikalki eta laster desplazatzen denean sortua. Fenomeno natural hau lurgaineko zein itsaspeko lurrikara, luizi, sumendi erupzio zein meteorito handien talka batek sortua izan daiteke. Itsaspeko eztanda atomikoek ere sortu omen ditzakete. Horregatik, nahiz eta olatu erraldoi itxura izan, ez dira egiazko olatuak, hauek haizeak eragindakoak baitira.

Kanagawako uhin handian (Kanagawa-oki nami-ura 神奈川沖 浪裏) XIX mendeko ukiyo-e edo zur-irarlan ezaguna, Katsushika Hokusai artista japoniarrak egina. Bertan tsunamia haizeak sortu eta xaxatutako olatu erraldoi bezala irudikatzen da, ez benetan den lur mugimendu handi batek sortutako itsas mailaren goratzea bezala

Hitza japonierazkoa da: portu (tsu, 津) eta uhin edo olatu (nami, 波 edo 浪). Grafiari dagokionez euskarak hitza maileguan hartu du, ohiko forma hartuz: tsunami bat, tsunamia, tsunamiak; ahoskerari dagokionez euskarazko tz-tik hurbilago dago. Japoniako arrantzaleek sortu zuten hitza, noizean behin portura itzultzean kaiko inguruak urak suntsituta aurkitzean, nahiz eta haiek olatu bakar bat ere ez nabaritu itsasoan zeudenean. Tsunamiek uhin garaiera (anplitude) txikia dute itsaso barruan eta uhin luzera handia (maiz ehunka kilometro luze), horregatik nabarigaitzak suertatzen dira itsasoan, pasatzen den konkortxo samur bat bezala agertuz.

Fenomeno hau sarrien pairatzen duen eskualdea Ozeano Bareko kostak dira, bertan kokaturik baitago Suzko Eraztuna edo aktibitate sismiko handien duen bi plaka tektonikoen talka lerroa, batez ere Asiako ekialdea.

Garrantzitsua da jakitea ez dela nagusiki tsunamiaren garaiera suntsitzaile egiten duena, baizik-eta ur mailaren igoeraren iraupena eta honek desplazatutako ur kopurua: hainbat metro garaierako olatuak, agian hamar metro ingurukoak, sarri agertzen badira ere Ozeano Bareko kostetan, ez dute nahiko ur eramaten lur barnera sartzeko haina. Kontrakoa, olatuak bi metro eskas izanik ere, ur kopuru handia badu, suntsitzailea izan daiteke oso, ehunka metro lur barnera sartuz leku laua eta oztopo naturalik gabea bada. Hori bera gertatu zen Indonesiako Banda Aceh estatuan 2005eko abenduan, itsasoa hainbat kilometro sartu zelarik.

Tsunamien sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edozein fenomenok eragin dezake tsunamia, ur kopuru handi bat laster desplazatzen badu: lurgaineko zein itsaspeko lurrikarak, luiziak, sumendi erupzioak zein meteorito handien talkak. Hala ere, lurrikarek sortzen dituzte tsunami kopuruaren %90a (tsunami tektoniko deritzatenak). Tsunami bat sortzeko txikiegia den lurrikara batek itsaspeko luizi handi bat sortu dezake, eta honek tsunamia.

Itsaspeko plaka ozeanikoa bortizki igotzen edo jaisten bada, plaka tektonikoen talka dela eta, gainean duen ur masa desplazatzen du. Grabitatearen eraginez, ur masa handi honek oreka bilatzen du eta alboetara hedatzen da, putzuan botatako harri koxkorrak bezala. Lurrikara eragile hauek batez ere sortzen dira plaka ozeaniko bat plaka kontinental baten azpian irristatzen denean, subdukzio izeneko prozesuan. Ur desplazamendua hurbildik hurbilera lekualdatzen da eta uhin luzera handiko (askotan ehunka kilometro luze) eta periodo handiko (hamarka minutu) mugimendua sortzen.

Itsaspeko luiziak pentsa baino ur kopuru handiagoa desplazatu dezakete, tsunamia sortzeraino. Sumendi erupzioek eta meteorito talkek sortutakoak bezala energia kontzentrazio erraldoia izatea iritsi daitezke, baina lurrikarek sortutakoak baino lasterrago sakabanatzen dira, urrutiko kostetara iritsi gabe. Hala ere, iturburutik gertu talka-uhin erraldoiak (solitoiak) altxa ditzakete, Lituya Badiako (Alaska) megatsunamia bezala, zeinek 50–150 metro inguruko olatua sortu baitzuen, inguruko 524 metroko mendietara iritsi zelarik.

Izandako tsunamiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tsunami gehienak Ozeano Bareko kostetan gertatzen dira, baina mundu osoan gerta daitekeen fenomenoa da, ur kopuru handiak dauden lekuetan (itsaso, ozeano, aintzira). Ehunka tsunami sarri izaten dira, baina hain dira txikiak ezen ez diren arriskutsuenak ere detektatzen,ekipamendu espezializatuarekin ez bada.

1650 K.a. - Santorini edo Thera (Grezia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1650 eta 1600 K.a. tartean (oraindik eztabaidagai), Greziako Santorini sumendi-uharteak eztanda egin zuen, uhartearen bi herenak ur azpian jaurtiz. 100-150 metroko tsunamia sortu zuen eta Kretako kosta suntsitu (70 kmra), kultura minoikoa ia ezabatuz. Gertaera hau jotzen da Platonen iturburu bezala Atlantisen mitoa idazteko Kritias bere liburuan.

1755 - Lisboa (Portugal)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1755eko Lisboako lurrikara»

Milaka lisboatar hil ziren, 1755eko Lisboako lurrikararen ondoren sortutako tsunamiak. Lurrikarak sortutako txikizio eta anabasak milaka portugaldar bultzatu zituen Lisboako kostara, sutetik ihesi. Han, lurrikarak eragindako olatu erraldoiak harrapatu zituen. Katastrofe hartan Lisboako Baixa auzo guztia deuseztatu zen, Pombal markesak berreraiki zuelarik.

1883 - Krakatoa (Indonesia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krakatoa sumendi-uhartea guztiz lehertu zen, barneko magma poltsak presio izugarri handiak jasan ondoren. 40 metroko olatu erraldoia sortu zuen eta 36.000 hildako.

2004 - Indiako ozeanoko Tsunamia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2004ko Indiako ozeanoko lurrikara»
2004ko tsunamia

2004ko abenduaren 26an Indonesiako mendebaldean dagoen Banda Aceh hiritik kilometro batzuetara epizentroa zuen 9,2 Richter eskalako lurrikarak sortua. 320.000 hildako (210.000 Indonesian bakarrik). Ozeano Indioko kosta guztietan pairatu zuten: Indonesian, Malaysia, Thailandia, Bangladesh, India, Sri Lanka, Somalia, Kenia, Tanzania. Ozeano Barean ez bezala, Indiako ozeanoko herrialdeek ez zuten tsunami alerta zerbitzu garaturik.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tsunami Aldatu lotura Wikidatan