Tunisia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tunisiako Errepublika
الجمهورية التونسية
( al-Jamhuriya at-Tunisia )
Tunisiako bandera
Bandera

Tunisiako armarria
Armarria

Goiburua: نظام، حرية، عدال
( Ordena, Askatasuna eta Justizia )
Nazio ereserkia:
Himat Al Hima
( Aberriaren babesle )
Tunisia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Tunis
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika
Moncef Marzouki
Mehdi Jomaa
Independentzia
- Frantziatik

1956ko martxoaren 20an
Eremua
• Guztira
• Ura

163.610 km² (89.)
% %0.6
Biztanleria
• Zenbatespena (2005)

Herritarra

10.074.951 (80.)

tunisiar
Dirua Tunisiar Dinarra (TDN)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +1)
Bai (UTC +2)
Interneteko domeinua .tn
Telefono aurrezenbakia +16

Tunisia[1] Afrika iparraldeko Mediterraneo itsasoko kostaldean dagoen estatua da. Hiriburua Tunis du. Hiri nagusiak Sfax, Ariana, Susa, Bizerta, Kairuan.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tunisiaren orografia erakusten duen mapa.

Tunisia Ipar Afrikan kokatua dago, Mediterraneoaren itsasertzean, Ozeano Atlantikoaren eta Nilo ibaiaren erdibidean. Mugakide da mendebaldean Aljeriarekin eta hegoalde eta ekialdean Libiarekin. Kostak bira bortitza egiten du, Mediterraneorantz bi aurpegi erakutsiz, ipar eta ekialdean (1.000 km inguruko itsasertza). Gutxi gorabehera 750 km luze eta 350 km zabaleko lurraldea hartzen du.

Nahiz eta oso eremu zabalekoa ez izan, Tunisiak aniztasun klimatiko eta geografiko handia du, oro har herrialde laua izan arren, iparraldearen salbuespenarekin. Hala, zenbait lurralde desberdin bereiz daitezke iparretik hegora. Atlas mendien hedapenak Tunisia zeharkatzen du Aljeriako mugatik mendebaldean ekialdeko penintsularaino: Tell-eko Atlasa. Azken honetan dago herrialdeko gailurrik garaiena: Chambi djebela (1.544 m). Mendi hauen iparraldean ordokiz eta mendixkaz osatua dago, nahiz eta ipar-mendebaldeko kostan mendiak 1.050 m garai izatera iritsi daitezkeen. Sahil ekialdeko kostaldearen izena da, olibondo labore bakarrekoa. Lur barnerantz estepa hedatzen da. Tunisiaren hegoaldea, estatuaren %40a, Sahara basamortuak hartzen du.

Iparraldean Mejerda ibaia herrialdeko ur-laster iraunkor bakarra da; Aljerian sortzen da eta Tunisko golkoan itsasoratzen da ibar emankorra moldatu ondoren. Mendikateetatik hegoaldera estepa-ordokia hedatzen da, mendebaletik ekialdera jaisten delarik. Ordokiaren oinetan zerrenda laua eta behea dago, batez ere chot edo aintzira gaziek eta maiz askotan lehortuek osatua dena. Handik hegoaldera basamortua hedatzen da, Aljeriako Ekialdeko Erg Handiaren jarraipena, gizakien bizileku bakarrak putzu artesiar zenbaiten inguruetan aurkitzen direla. Itsasertz ebakiak, lurmuturrak (Zuria, Bon) eta golkoak (Hammametekoa, Gabeskoa) moldatzen ditu eta handik hurbil zenbait uharte (Jerba, Kerkenna) aurkitzen dira.

Iparraldeak Mediterraneoko klima du negu arinak eta uda lehor beroak eta mendietako iparraldean urteko 1.000 mm eta gehiago euri ur biltzen da. Zenbat eta hegoalderago joan gero eta klima gogorragoa da; estepan urteko 150-400 mm ur biltzen bada, hegoaldeko basamortu eremuetan ez da 100 mm-ra iristen urteko euria. Kostaldeko klima, oro har, ihintzak, lainoek eta halako fenomenoek gozatua izan ohi da. Iparraldean Mediterraneoko basoari dagozkion zuhaitzak heltzen dira (artea, artelatza, olibondoa eta beste); estepak gehienbat espartzuak estaliak dira, basamortuan ia landarerik batere ez dela.

Gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio ofiziala islama da (sunniak % 99,4). Biztanleen banaketa hau da: arabiarrak % 98,2; berberiarrak % 1,2. Gizarte aurrerakuntzen (biztanleriaren % 7 bizi da bakarrik pobretasun mailatik behera) eta aurrerakuntza juridikoen (emakumearen estatutuaren erreforma) bidez, Tunisiak hazkunde demografikoa kontrolatu ahal izan du. 1966an familia plangintza jarri zen abian eta hazkundea berehala jaitsi zen: % 2,5etik % 1,8ra jaitsi zen hamar urtetan. Hala ere, jaiotza tasak garaia izaten jarraitzen du, eta 15 urtetik beherakoek biztanleriaren % 35 hartzen dute. Irakaskuntza eta alfabetatze maila Aljeria eta Marokokoa baino hobeak dira. Analfabetoak biztanleen % 33 besterik ez dira 15 urtetik gorako biztanleetan; 1993-1994 urteetan kanpaina handiak egin ziren ehuneko hori jaisteko. Tunisiako biztanleria oso homogeneoa da (berebere gutxi dago). Biztanle gehienak kostaldean bizi dira. 1972ko liberalizazioaren ondoren gizarte mailen arteko aldeak nabarmendu egin ziren. 1970-1980 urteen bitartean, berriz, nahaste handiak izan ziren gizartean, inflazioaren eta erosteko ahalmena jaistearen ondorioz. 1990eko hamarraldiaren hasieran gizartearen egoera zaila zen oraindik; hala ere, hainbat hitzarmen izenpetu ziren sindikatuekin eta horrek baretu egin zuen zertxobait egoera. Biztanle aktiboen laurdena langabetua da. Gobernuak 1970eko hamarraldiaren hasieran Europarako emigrazioa eten bazuen ere, mugak itxiz, emigrazio horrek ezkutuan jarraitzen du. Zine el-Abidine Ben Ali-ren erregimenak 1995. urteaz geroztik saio ugari egin ditu pobretasunari aurre egiteko: solidaritate funts nazionala osatu eta mikrokredituetarako banku bat sortu du, nekazari guneak zabaldu ditu, nazioarteko laguntza eta egitasmo sozialak bultzatu ditu, etab.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Djem erromatar anfiteatroa Tunisian.

Berberiar nomadak dira lehen biztanle ezagunak. K.a. XII. mendetik K.a. II. mendera feniziarrek merkataritzarako portuak ezarri zituzten Tunisiako kostaldean. K.a. VIII. mendean Kartago sortu zuten: Tiroko kolonia zen hasieran; bi mende geroago, zenbait portuk osaturiko itsas inperio baten buru zen, gutxi gorabehera egungo Tunisia hartzen zuen lurraldea bere mende zuelarik. Gerra Punikoetan galtzaile irtenik (K.a. 146), Kartagok, mendeko lurraldea barne, Erromako Afrikako probintzia osatu zuen. Erromako gerra zibilen ondoren, hango nekazaritzak garapen handia izan zuen inperioarentzat laboreak, olioa eta ardoa ekoizten zituela. Herrialdea ia erabat erromatartua, latinizatua eta kristautua izan zen. Behe Inperioan, ordea, pobretu zen eta 429-433 aldian bandaloek beren mende hartu zuten; horren ondorioz erromatarturiko berberiar asko lehengo ohituretara bihurtu ziren. Bizantzioren nagusitasunak (533 - 698) ez zuen joera hori galarazi ahal izan.

Islama Tunisian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiarren inbasioa 647an abiatu zen. 670ean Kairuan sortu zuten eta 705erako, berberiarren eta bizantziarren erresistentzia hautsirik, herrialde osoaz jabetuak ziren. Islama laster zabaldu zen Tunisia osora. Hiri berriak sortu zituzten kostaldean: Susa, Monastir, Sfax. Arabiarren azpian, Tunisiak eta Aljeriako ekialdeak Ifriqiya probintzia osatu zuten. Gobernariek, omeiarrak lehenik eta abbasiarrak gero, Kairuanen zuten egoitza. 800etik 909ra Sizilia ere mendean hartu zuen hango dinastia batek, aglabiarrak, aginpide autonomoa osatu zuen. 909an fatimatarrak nagusitu ziren eta kaliferri xiita ezarri zuten Kairuanen. 972an fatimatarrek beren meneko ziren ziriar berberiarren esku utzi zuten Tunisia. 1160an Abd al-Mumimek, almohadiarren dinastia berberiarreko kalifak, bere inperioaren barne ezarri zuen Tunisia. 1236tik aurrera hafsiarrek estatu sendoa egituratu zuten eta haien mendean herrialdea aurreratu zen, ekialdeko elementuak eta zibilizazio hispano-arabiarraren ezaugarriak batzen zituen arte originala garatu zutelarik.

Otomandarren aginpidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendearen hasieran, Espainiak eta Otomandar Inperioak Siziliako itsasarteaz nagusitu nahiak hafsiarren azkena ekarri zuen. Tunis hiriburua Bizargorri pirata turkiarrak hartuak zituela (1534), Karlos V.a, hafsiar agintariak deiturik, zenbait hiriz jabetu zen. Gudu eta gorabehera askoren ondoren, 1574an otomandarrak lurralde osoaz jabetu ziren eta haien mende izan zen XIX. mendea arte. Hasieran Aljeriaren zatia bazen ere, geroago, bey edo gobernari baten aginpidean, autonomia gero eta handiagoa lortuz joan zen.

Frantziaren mende[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen hasieratik izatez burujabetasuna erabatekoa zen. Garai hartan mendebalarekiko merkataritza eta kultura harremanak areagotu ziren. Administrazio txarraren ondorioz, porrot ekonomikoa gertatu zen eta zorrak zirela eta, Frantziak, Ingalaterrak eta Italiak haren gaineko finantza batzorde bat osatu zuten. 1881ean muga gatazka batzuen aitzakiarekin, Frantziako tropak herrialdean sartu ziren; denbora laburraren buruan Tunisia protektoratu izendatu zuten, frantses administrazioa ezarri zuten eta kolono europarrak hango lurrez jabetzen hasi ziren. XX. mendearen hasieratik Tunisiako abertzaleak herrialde askearen alde azaltzen hasi ziren. 1920an Destour alderdi abertzaleak gobernuan parte hartzea eskatu zuen. Zapalkuntzaren ondorioz higikunde nazionalista desegin zen, baina 1934an Habib Bourguiba buru zuen Neo-Destour alderdia eratu zen, Frantziako Herri Fronteak aintzat hartzen zuela. Bigarren Mundu Gerran borroken gertalekua izan ondoren (1942-1943) berriro azaldu zen higikundea eta, zenbaitetan erresistentzia armatua ere erabiliz, 1956an burujabetasuna lortu zuen.

Tunisia burujabe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Alik sasidemokraziaz gobernatu zuen 1987tik 2011ra arte. Herritarren matxinada batek Tunisiatik ihes egitera beharytu zuen.

Konstituziogintzako batzarrak errepublika aldarrikatu zuen eta 1957an Bourguiba izendatu zuen lehendakari. 1964an frantses kolonoen lurrak nazionalizatu zituzten. Bourguiba lehendakari zenbait aldiz hautatua izan ondoren, 1975ean bizi arterako lehendakari izendatu zuten. Hala eta guztiz, erregimenaren aurkako oposizioa gero eta handiagoa zen eta matxinada zenbait lehertu ziren. 1987an Bourguiba bere kargutik kendu zuten eta Zine al-Abidine Ben Ali lehen ministroak hartu zuen haren lekua. 1989ko hauteskundeak burujabetasunaz gero aginpidean zen alderdiak irabazi zituen, eta Ben Ali lehendakaria bere karguan berretsi zuten. Hala ere, hauteskunde haietan argi eta garbi ikusi zen Tunisian zegoen polarizazio politikoa: batetik Elkarte Konstituzional Demokratikoa zegoen (RCD), alderdi ofizialista hain zuen, eta bestetik Hezb Ennahda higikunde islamiarra; legez kanpo bazegoen ere, hauteskundeen %15 hartu zuen hautagai independenteen bidez. 1990ean Amnesty International erakundeak Tunisiari buruzko txosten bat aurkeztu zuen, atxilotuek jasaten zituzten torturak salatuz, eta heriotza zigorrak aldatzea eskatuz. Baina Ben Alik zapalkuntzaren aldeko legedia indartzen jarraitu zuen. 1993an lehendakariak oinarrizko eskubideak mugatzen zituen lege bat osatu zuen. Testuinguru horretan, 1994an Ben Alik botoen %99 lortu zuen. Ben Alik ekonomiaren liberalizazioarekin jarraitu zuen, eta baita gogortasunarekin ere politikaren alorrean. 1999an Munduko Diru Funtsak ekonomia erreformak bizkortzeko eskatu zion gobernuari, batez ere pribatizazioak. Azken hauteskundeak (2004an) botoen % 94,5ekin irabazi zituen, baina oposizioak iruzurra salatu zuen berriz ere.

2011. urtean izandako matxinadak Ben Ali agintetik kendu zuen. Ondoren, prozesu demokratiko bati ekin zitzaion. 2014ko urriaren 26an, Tunisiak 2011ko iraultzan demokraziarantz hasitako bidea hauteskunde legegile bidez amaitu behar zuen. Nida Tunis ezkerreko alderdi laikoa zen faborito inkestetan; Ben Aliren garaiko politikari eta enpresariak ere batu zitzaizkion. Baina ez zuen urruti Ennahda alderdi islamista moderatua[2]. Bestalde, Alerta egoera gorenean zegoen Tunisia, jihadisten mehatxuagatik. Ansar al-Xaria talde salafistaren jarduna txikiagoa zen Tunisian, Estatu Islamikoa sortu zenetik. Baina segurtasun indarrak alerta gorenean ziren hauteskundeengatik, bereziki azken egunetan izandako erasoen ondorioz. Urriaren 24an, bezperatik etxe batean gotortuta zegoen ekintzaile talde baten kontrako operazioan sei pertsona hil zituen —tartean bost emakume— Terrorismoaren aurkako Brigadak[3]. Urriaren 27an, Al-Nahda Tunisiako alderdi islamistak hauteskundeak galdu izana onartu zuen, eta Nida Tunis alderdi laikoa zoriondu zuen garaipenagatik. Emaitza ofizialak eman ez zituzten arren, inkesta guztiek zuten garailetzat Nida Tunis. Al-Nahdak azaldu zuen ez zizkiola «trabak» jarriko gobernu berriari, eta haiekin eta beste alderdiekin elkarlanean aritzeko prest zeudela, «herrialdearen interesen alde»[4].

Urriaren 30ean, koalizio sekularra edo islamistekiko aliantza, aukera bakarrak ziren Tunisian. Nida Tunis alderdi laikoak irabazi zituen hauteskundeak, baina ez zuen gehiengo absolutua lortu[5]. Azaroaren 23an, 2011ko matxinadarekin hasitako erregimen aldaketari azken oinarria jartzeko presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten[6]. Azkenik, bigarren itzulia egon zen, izan ere, Beji Caid Essebsi, Nida Tunis koalizio sekularreko hautagaiak lortu zuen boto gehien, baina ez zuen %50ko muga igaro. Bigarren itzulian, Moncef Marzuki azken presidentearekin aurrez aurre izango zen[7]. Lehia estua espero zen bigarren itzulirako[8].

Abenduaren 21an, Presidentea aukeratzeko hauteskundeen bigarren itzulia zuten Tunisian. Ben Aliren osteko trantsizioaren azken urratsa zen, baina herrialdea polarizatuta zegoen[9]. Lehen emaitzek Essebsiri ematen zioten garaipena hauteskundeetan botoen %55,5 eta %56,5 artean ematen eskuratuta[10].

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala arabiera moderno estandarra da, baina arabiera tunisiarra edo tunisiera izeneko dialektoa bertako hizkuntza nagusia, malterarekin estuki lotuta dagoena. Halaber, badaude herrialdean amazigeraren aldaera den xelhazko hiztunen komunitate txikiak, djerbi, matmata (tamezret) eta douiri azpialdaerak egiten dituztenak.

Bestela, frantziar kolonizazioaren eraginez frantsesak paper garrantzitsua dauka Tunisian, ofiziala ez den arren, eta Hezkuntzan, hedabideetan eta negozioen esparruan erabiltzen da modu zabalean. Herritar gehienek badakite, bai eta italiera ere neurri txikiago batean, hurbiltasun geografikoa dela-eta.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bourguibaren aldiaren (1957-1987) hasierako esperientzia kolektibistan ugariak izan ziren nahasmendu sozialak, elkarte pribatuak nazionalizatu egin ziren, 800.000 hektareako lur kolonialak kooperatibetan antolatu ziren, elkarte publiko handiak sortu ziren. 1969. urteaz geroztik erabat aldatu ziren gauzak, eta 1972an inbertsio kode oso liberala jarri zen abian, zeinaren bidez atzerriko inbertsioak asko handitu ziren eta industria sare handi bat (ehungintza, elikagaiak) osatu zen. Berehala industriak nekazaritzari hartu dio lekua. Mahatsaren eta laboreen ekoizpena asko jaitsi da, eta garia eta elikagaiak inportatu egin behar dira. Hala ere, oliba-olioaren munduko laugarren ekoizlea da Tunisia. Lurpeko ondasunei dagokionez, herrialde aberatsa da fosfatoetan (Gafsa eskualdea) eta petrolioan. Bestalde, Aljeriako gasa Italiara eramateko bidea zabaltzen du Tunisiak. 1986. urteaz geroztik, trantsizioak eraginda, nahasmendu sozial handia izan bada ere, ekonomiaren hazkundea % 3 izan da urteko, eta eskulangintzako esportazioak asko hazi dira. Hirugarren sektorea da gaur egun nagusi (langileen % 40), turismoari esker batez ere. Jarduera horri esker Tunisiak zailtasun handiegirik gabe igaro ahal izan zituen 1986ko diruaren balioa galtzea, bankuen eta meatzaritza sektorearen berregituratzea, ekonomiaren liberalizazioa. Tunisiak, bestalde, Europako laguntza izan du, Frantziarena batez ere, eta baita Espainia eta Italiarena ere. Golkoko gerrak Kuwaiteko eta Saudi Arabiako inbertsioak geldiarazi eta Ekialde Hurbileko tunisiarrak itzultzea eragin bazuen ere, Magreb, Afrika eta arabiar munduaren barruko plataformatzat hartzen da Tunisia; horrez gainera, harreman estuak ditu herrialde horiekin. 1990. urtetik aurrera, ekonomiaren liberalizazioa nabarmendu egin zen: % 17ko BEZa 1996. urteaz geroztik, pribatizazioak, lantegien berritzea, inbertsioak handitzea, aduana zergak desagertzea, defizita apaltzea, zergak igotzea. Hazkundea % 4ra eta % 6ra iritsi zen, 1995eko nekazaritza krisiaren garaian izan ezik. Hala ere, zorrak ezin izan ziren gainditu (BNPren % 52,5). Kanpo merkataritzari dagokionez, defizitarioa da guztiz, inportazioak esportazioen gainetik baitaude. Hori dela-eta, Munduko Bankuaren iritziz, motelegia da berrikuntzen erritmoa. Estatuaren iritziz, aldiz, ekonomiaren liberalizazioa gauzatzeko ezinbestekoa da estatua sendotzea.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tunisia governorates cropped.png

Tunisia 24 probintziatan antolatua dago:

  1. Ariana
  2. Beja
  3. Ben Arus
  4. Bizerte
  5. Gabes
  6. Gafsa
  7. Jenduba
  8. Kairuan
  9. Kasserine
  10. Kebili
  11. Kef
  12. Mahdia
  1. Manuba
  2. Medenine
  3. Monastir
  4. Nabeul
  5. Sfax
  6. Sidi Bu Zid
  7. Siliana
  8. Susa
  9. Tatauine
  10. Tozeur
  11. Tunis
  12. Zaguan

Probintziak 262 barrutitan (mutamadiyat) banatzen dira eta hauek udalerritan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tunisia Aldatu lotura Wikidatan