Turbo-folk

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Turbo-folk (serbieraz: Турбо-фолк), jugofolk edo narodna muzika bezala ere ezaguna, jatorria Balkanetan duen musika azpi-genero eta azpikultura da. Jugoslavia ohiko errepublikatan (Bosnia eta Herzegovina, Eslovenia, Kroazia, Mazedonia, Montenegro eta Serbia) dago bereziki errotua. Hala ere, Balkanetako beste herrialdeetan izen ezberdinez antzeko musika estiloak aurkitu daitezke; Albania (tallava), Bulgaria (chalga eta pop-folk), Errumania (manele), Grezia (skiladiko eta laïkó) eta Turkia (arabesc).

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rambo Amadeus musikari montenegroarrak 1980. hamarkadan erabili zuen lehen aldiz turbo-folk izena bere musika estiloa umorez eta sarkasmoz definitzeko ahaleginean. “Turbo” hitzak musika elektronikoaren ekarpenak azpimarratzen zituen bitartean “folk” hitzak musika tradizionalarekin zituen loturak ekarri nahi zituen gogora.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Novokomponovana muzika" (berriki konposatutako musika) deiturikoa folk musikaren hiritartzearen ondorioz sortu zen. Hasiera batean instrumentu nagusienak akordeoia eta klarinetea ziren eta kantuen letrak amodioaz mintzatzen ziren (halaber zenbait letren bihotzean mezu monarkiazale eta antikomunistak topatzea ere ohikoa zen). Genero honetan hastapeneko artista nagusiak Šaban Šaulić, Silvana Armenulić eta Toma Zdravković izan ziren. Dragana Mirković, Lepa Brena eta Vesna Zmijanac bezalako musikariek pop musika, ekialdeko musika eta beste genero batzuen ekarpenak bereak egin zituztenean turbo-folk musika estiloak forma hartzen hasi zela esan liteke.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turbo-folkaren lehen urratsak 1991an Novi Belgradeko Blokovi auzunean hasi ziren. Bertan kokatutako legez kanpoko hainbat irratiek folk eta dance nahasketak igortzen hasi ziren. Pare bat urte beranduago, 1993an, irrati haietako jabe eta musika jartzaile batek, DJ W-ICE delakoa hainbat bideo komertzialetan azaldu zen folk eta dance erritmo nahasketak egiten. Garai hartan, Jugoslaviako Errepublika Federalak egoera ekonomiko kaxkar batetik pasatzen ari zen gerra eta nazioartearen merkataritza enbargoa zela eta; herritar askok musika komertzialean topatu zuen arazoei ihesbidea.

Kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turbo-folka musika estilotik baino urrunago dijoan fenomenoa da eta beste edozein azpikultura bezala aspektu psikologikoak, sozialak eta antropologikoak hartzen ditu bere baitan. Hori dela eta, turbo-folka sortu zenetik arrakastaz aldarrikatzen duen bizitz ereduak kritikaz josita egon da.

Herrialde hauetako kultur eliteek festak, hedonismoa, matxismoa edertasuna gurtzea, sexua, materialismoa eta aberats bide azkarretik bihurtzea aldarrikatzen duen azpikultura kitsch baten modukoa ikusten dute. Ildo horretatik hainbat kantarik gazte, emakume eta gizartearentzat turbo-folkak izan ditzakeen arriskuak azpimarratu ohi dituzte. Ivana Kronja ikerlariaren arabera adibidez, turbo-folka abesten duten emakumeak objektu sexual hutsak bezala agertzen dira jendaurrean.

Bestalde, turbo-folkari maiz kriminal taldeekin loturak izatea ere egotzi izan zaio. Tesi hori defendatzen dutenek, Svetlana Ražnatović “Ceca” abeslariaren adibidea aipatu ohi dute. Ceca 1980. hamarkada amaieran herri mailako folk txapelketa bat irabazi ostean ezagutarazi zen Jugoslavia ohiean. Famara berriz, Željko Ražnatović "Arkan", “tigreak” talde paramilitar serbiarraren buruzagiarekin ezkondu zenean iritsi zen. Arkanek zuzendutako unitate militarrak Bosniako Gerran sarraski ugari burutzen zituzten bitartean, Cecak, bere emazteak, milaka diska saldu zituen Bosnia eta Herzegovina osoan. Halaber, 2003an, poliziak Cecaren etxean arma ugari aurkitu zituen. Antzeko zerbait pasa zitzaion Aleksandar Vuksanović, turbo-folkaren ahots maskulinoetako bati, arma ilegalak edukitzeagatik poliziak atxilotu zuenean.

Turbo-folka gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000ko urriaren 5an Slobodan Milošević presidentzia kargua uztearekin batera turbo-folkak bere trantsizio propioa hasi zuen. Musika estilo hau Miloševićen agintaldiarekin estu loturik egon izanagatik zenbait hedabideek turbo-folkari minutu gutxiago eskaintzen hasi ziren euren saioetan. Ez ziren gutxi izan jarrera berri horren atzean agintari berriak lausengatzeko asmoa ikusi zutenak, horien artean besteak beste Pink TV delakoa.

Musika estiloari dagokionean, testuinguru soziopolitiko berri horrek turbo-folka egiten zuten musikariei ere eragin zien. Kantariek mendebaldeko pop musikaren ezaugarri gehiago sartzen hasi ziren mendebaldeko poparen eta turbo-folkaren arteko ezberdintasunak inoiz baino gehiago txikiagotuz. Svetlana Ražnatović “Ceca”, turbo-folkaren izar esanguratsuenetakoak ere bide berri horri ekin zion bere lan berrietan.

Bestalde, Payne Music eta Ara Audio & video disketxeei esker musika genero honek inoiz baino zabalkude handiago izan du eta kitsch fenomeno huts bat izateari utzi dio parte batean jatorrizko herrialdeetako eliteek musika erabiltzen hasi direlako.

Hainbat turbo-folk musikari[aldatu | aldatu iturburu kodea]