Turismoa Euskal Autonomia Erkidegoan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Guggenheim Bilbao Museoa

Azken urteotan, asko hazi da turismoa Euskal Autonomia Erkidegoan. Eustatek (Euskal Estatistika Erakundea) emandako datuen arabera, 2009an 1.991.790 bidaiariren bisita izan genuen Euskal Autonomia Erkidegoan. 2010eko datuak are hobeak dira, oraindik behin betiko emaitzarik ez badaukagu ere. Urtero etortzen direnetatik % 71 Espainiar estatutik etortzen dira, gehienak honako autonomia erkidego hauetatik: Madrilgo erkidegoa (% 14,2), Katalunia (% 11,1). Nazioartekoak dira gainerako bisitariak (% 29); gehienak Frantziako herritarrak (% 7,2). Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegora etortzen diren gehienek autonomia erkidegoko hiru hiriburuetako bat bisitatzen dute; % 27 barrualdera joaten da, eta % 11 kostaldera. Bisitarien batez besteko egonaldia 1,88 egunekoa izaten da eta Gipuzkoa da egonaldi luzeenak egiten diren lurraldea: batez beste 2,01 egun.[1]

Turismo-zerbitzuen kalitateari dagokionez, 272 establezimenduk dute turismo-kalitatearen Q bereizgarria, Espainiako turismo-sektorean kalitatea adierazten duen marka, hain zuzen.[2] Euskal Autonomia Erkidegoan, gainera, 140 turismo-establezimenduk dute irisgarritasun-zigilua, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak garatutako Irisgarritasun Programaren barruan. Programa honek establezimendu turistikoei aholkularitza eta trebakuntza eskaintzen die zailtasun fisikoak, ikusmenezkoak, entzutekoak eta intelektualak dituzten bezeroei arreta hobea eskaintzeko. Horrela, establezimenduei zerbitzuak bezero horiei nola bideratu erakusten die programak, bezero horiek egonaldi osoa eta haien beharretara egokitutakoa izan dezaten. Hor sartzen dira, besteak beste, hotelak, turistentzako apartamentuak, turismo-bulegoak eta interpretazio-zentroak.

Turismo baliabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gastronomia eta ardoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pintxoak

Euskal Autonomia Erkidegoko gastronomia hemengo ezaugarririk estimatu eta unibertsalenetakoa da. Euskal kulturaren parte da ondo jatea eta hortik dator sasoian sasoiko produktu naturalei eta lehengaiei zaien estimazioa. Horren adibiderik onena Donostian dugu. Donostia da munduan, metro koadroko Michelin izar gehien dituen bigarren hiria.[3] Sukaldaritzaren kalitatearen osagarri, Arabako Errioxako ardoak ditugu, Errioxa Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzailearen kontrolpean eginak. Ardoari dagozkion beste jatorri-izen batzuk ere baditu; esaterako, txakolinarena (Bizkaiko, Arabakoa eta Getariakoa). Ardo zuri pindartsua da txakolina.[4]

Pintxoak ere aipagarriak dira. Miniatura-sukaldaritza esaten zaion honek sofistikazio-prozesu sakona izan du azken urteotan: gero eta pintxo konplexuagoak sortzen dira, gero eta zaporetsuagoak eta sortzaileagoak eta zenbait barratan Euskal Sukaldaritza Berria delakoaren antzeko fenomenoa ari da gertatzen.[5]

Bilbo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Turismoa Bilbon»
Moyua Enparantza

Bilbo da autonomia erkidegoko hiririk kosmopolita eta populatuena, laurogeita hamarreko hamarkadatik izan dituen aldaketek nortasuna eta fisionomia goitik behera eraldatu baitizkiote. Oraingo Bilbo collage bat da eta munduko arkitekturaren abangoardian dauden aditu gorenetako batzuek hartu dute parte hiriari forma ematen. Bizkaiko hiriburuak hainbat osagai ditu: Frank Gehryk diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoa babesten duen titanioa, Norman Fosterrek sortutako metroko sarreretako kristala eta hirigintzako beste hainbat erronka gauzatzeko aukera ekarri duen altzairua; hala nola Isozaki Atea dorreak (Arata Isozaki japoniarrarenak) edo Bilboko Aireportua, Santiago Calatravarena. Arriaga antzokia da hiriaren beste toki erakargarrietako bat; estilo neoklasikoko antzokia. Hortxe hasten da alde zaharra edo Zazpikaleak, Bilboko alde zaharra. Hantxe daude Plaza Berria, Santiago Katedrala eta, mutur batean, Erriberako merkatua. Kale Nagusia ere oso gertu dago. Kale hori da Bilboko kale komertzial nagusia. Azken urteotan, Bilbok itsasadarraren bi ertzak aisialdirako berreskuratu ditu 64 . Garai batean zamaontzien kaiak zeuden tokian orain pasealekuak daude, arkitektura-lanekin hornituta, Calatravaren pasabidea, kasu. Urtero abuztuaren erdi aldean izaten den Aste Nagusia eta San Tomas eguneko feria ospakizun garrantzitsuak dira.[6]

Donostia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia Gipuzkoako hiriburua da. Urgull eta Igeldo mendiek, Santa Klara uharteak eta Kontxako badiak inguratzen dute. Zerbitzu-hiri moderno bat da orain, Zabalguneari bere horretan eusten diona. Frantziar kutsuko kaleak eta XIX. mendearen amaieran Europako burgesiari begira eraikitako eraikinak ditu. Azken urteotan, hainbat proposamen gauzatu dira hirian; hala nola Rafael Moneok diseinatutako Kursaal Zentroa eta Eduardo Chillida eskultorearen Haizearen Orraziaren gisako obra abangoardistak.[7] 2011ko urrian Europako gastronomia-eskaintza onena zuen hiri izendatu zuten Traveller’s Choice 'Gastronomia&Ardoa' Sarien I. edizioan.[8] Nazioartean entzutetsuak diren sukaldari donostiarrek (Pedro Subijana, Juan Mari Arzak, Martín Berasategui…) Donostia, munduan, metro koadroko Mitxelin izar gehien duen bigarren hiri bihurtu dute. Bretxako merkatuan sasoiko produktu freskoak saltzen dituzte. Bertatik sartzen da alde zaharrera ere. Kalexka estuak ditu alde zaharrak eta han daude hiriko eraikin zaharrenetako batzuk; San Bizente eliza eta San Telmo museoa, garai bateko komentu domingotarra kasu. Alde zaharrean daude, hain zuzen, miniatura-sukaldaritzari ospea eman dioten pintxo-taberna gehienak.Agenda kultural zabala izateagatik ere ezaguna da Donostia. Zerbaitegatik izango da 2016ko Europako Kultura Hiriburua.[9] Aipagarriak dira irailean izaten den Nazioarteko Zinemaldia, udako Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia eta udazkeneko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astea.[7] Hiria ondo ikusteko, Igeldo mendira 1912tik abian den funikularrez igo daiteke. Atrakzio-parkea ere hantxe dago.

Gasteiz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteiz

Gasteiz Arabako hiriburua da, autonomia erkidegoko zentro politiko eta administratiboa eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza duen hiria. Eskaintzen duen bizi-kalitateagatik da nabarmena. Oinezkoentzako gune asko ditu eta Europa osoan biztanleko berdegune-indizerik handienetakoa duen hiria da. Europako Batzordeak 2010eko urriaren 22an 2012ko Europako Hiriburu Berde izendatu zuen Gasteiz.[10] Hiriaren altxorrik handiena alde zaharra da. Erdi Aroan sortua da eta muino baten gainean dago eraikia. Kalexkaz beteta dago, eta garai bateko ofizioen izenak dituzte (Aiztogile kalea, Errementari kalea, Zapatari kalea…). Almendra forma du eta jauregitxo errenazentistak eta eraikin erromanikoak ditu; baita dendak, tabernak eta gune kulturalak ere. Gasteizko Alde Zaharrean dago San Migel parrokia, Andre Maria Zuria zaindaria babesten duena. Santa Maria katedrala ere bertan dago. Eraberritze-lanak jendaurrean ari dira egiten eta horrexek ekarri zion Ken Follett galestar idazleari 2007an “Amaierarik gabeko mundua” eleberria idazteko inspirazioa. Erdi Aroko hiriaz haratago, XIX. mendeko zabalgunea da hiriko merkataritza-gune nagusia, bertan Gasteizko Katedral Berria edo Maria Sortzez Garbiaren katedrala kokatzen da. Oinezkoentzako gune zabalak ditu eta bertan daude Andre Maria Zuriaren plaza eta Espainia plaza ere; azken hori arkupeduna eta neoklasikoa da. Hiriko lorategiez gain, zazpi parkek osatzen duten Gasteizko Eraztun Berdea ere esanguratsua da (Alegria, Armentia, Errekaleor, Olarizu, Salburua, Zabalgana eta Zadorrako parkea). Hiriburuaren periferian ingurumena leheneratzeko eta bere onera ekartzeko gauzatutako plan baten emaitza da Eraztun Berdea.[11]

Arabako Errioxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marqués de Riscal

Duela hogei mende, erromatarrak Arabako Errioxara iritsi eta mahatsondo-landareak ekarri zituzten. Betirako aldatu zen eremu haren patua. Kantabriako mendilerro harritsuaren eta Ebro ibaiaren artean dago Arabako Errioxa. Europako ardo-saltzaileen tradizio errotuenetako baten jabe da. Arabako Errioxan nahi adina upategi daude. Upategi askotan instalazioak berritzeko lanak izen handiko arkitektoen esku utzi dituzte eta hortik sortu da uzta biltzaileen tradizioaren eta ikusizko modernitatearen arteko nahasketa berezia. Iraultza arkitektoniko horren adierazgarri nagusiak Santiago Calatravaren Ysios upategiak; Frank Gehryren Marqués de Riscal; Philippe Mazieresen Viña Real eta Iñaki Aspiazuren Baigorri dira. Arabako Errioxako ardo-eskaintza beste hainbat motatako upategiek ere osatzen dute. Horietako batzuk enpresa txiki gisa kudeatzen dituzte eta beste batzuek, aldiz, familiako tradizioa dute. Gehienek bisitaldiak egiteko aukera eskaintzen dute, instalazioak ikusi eta ardoaren kulturari buruz ikasteko.

Arabako Errioxan aztarnategi eta monumentu megalitikoak ere badira. Kantabriako mendilerroen inguruko lurretan dago Euskadiko trikuharri-kontzentraziorik handienetakoa. Horren erakusgarri da ekialdetik, Meanotik gertu hasi eta mendebaldera, hainbat kilometrora, Lezaraino iristen den bizkarrezurra. Monumentu megalitikoak dira: El Sotillo, San Martin, Los Llanos eta Sorginaren Txabola. Beste muturrean, Bastidatik gertu, haitzetako aztarnategi garrantzitsu bat dago. Dolareak daude eta garai batean bertan zanpatzen zuten hain estimu handitan zuten mahatsa. Arabako Errioxan Erdi Aroko hainbat herrixka ere bisita daitezke. Guardia eskualde guztitik ikusten da eta hori da ardoaren ibilbidea egiteko abiapuntua. Ibilbide horrek biltzen du eskualdeko ondare historiko-kulturala eta ardoaren munduari dagokion guztia. Turistentzat interesgarriak izan daitezkeen beste herri batzuk ere badira; hala nola Urizaharra, Labraza, Bastida, Bilar, Samaniego eta Eltziego.[12]

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gune naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txindoki mendia

Euskal Autonomia Erkidegoak dituen 7.200 km2 pasatxotan, bi paisaia mota daude, batez ere: batetik, kostako aldea, berdea, hezea eta menditsua (hor daude Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Mendialdea) eta, bestetik, Araba hegoaldeko lautada zabal eta lehorrak. Bi paisaien artean Arabako lautada dago, trantsizio gunea.19 gune natural daude guztira.[13] kategoria ezberdinekoak, autonomia erkidegoko azalera guztian banatuta, eta guztietan egin daitezke bisitaldiak. Horietako hamar parke naturalak dira: Aiako Harria, Pagoeta eta Aralar Gipuzkoan; Izki, Valderejo eta Entzia Araban; Gorbeia eta Urkiola Araban eta Bizkaian; Armañon Bizkaian eta Aizkorri Gipuzkoan eta Araban. Horiez gain, sei biotopo babestu ere badira: Inurritza, Leizaran eta marearteko zabalgunea Gipuzkoan; Itxina eta Gaztelugatxe Bizkaian; eta Guardiako aintzirak Araban.

Landagune horretan daude erlijio-monumentu garrantzitsuenetako batzuk; besteak beste, Zumarragako Antioko baseliza erromanikoa, Gipuzkoako zaindaria den Arantzazuko Andre Mariaren Santutegia, eta Loiolako San Inazioren basilika. Asko dira euskal kultura tradizionala sakon ezagutzeko aukera ematen duten museoak; adibidez, Astigarragako (Gipuzkoa) Sagardoetxea, Agorregiko (Gipuzkoa) edo El Pobaleko (Bizkaia) burdinolak, Elosuko (Araba) Euskal Eltzegintza Museoa…[14]

Turismo aktiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Surfa

Euskadin turismo aktiboa eta abentura-kirolak egiteko aukera eskaintzen duten enpresa ugari dago; bai maila tekniko eta espezializatukoak, bai ohiko modalitateak eskaintzen dituztenak; adibidez, surfa,[15] mendiko bizikleta,[16] mendi-ibiliak[17] eta hegaztien behaketa.[18] Hamahiru mendiko ibilbide luze (GR) daude, marka txuri-gorriekin seinaleztatuta eta balizatuta.

Bide horiei jarraituz autonomia-erkidegoa norabide guztietan zeharka daiteke, Gipuzkoako mugak (GR 121), Arabako Lautada mendien hegaletatik (GR 25) edo Urdaibai biosfera-erreserba, GR 98ren bidez ezagutuz. Ibilbide laburreko (PR) bideak ere badira, marka txuri-horiekin markatuta. Horiek ibilbide laburragoak eta edozeinentzako modukoak dira, baina luzeak bezain interesgarriak dira. Bizikletazaleek 130 kilometro dituzte Bide Berdeetan ibiltzeko. Garai batean trenbide ziren eta orain erabiltzen ez diren bide egokituak dira eta bederatzi daude guztira. Horietako batzuk Leizaran ibaiaren bailara zeharkatzen duen Plazaolako bidea, garai bateko Vasco Navarro trenbidea, Arabako urtegien artean dagoen Zadorrako bide berdea eta Anboto mendiaren inguruan dagoen Arrazolako Bide Berdea dira.


Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko kosta»
Gaztelugatxe

Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeak 250 km-tik gora ditu eta hondartzak, hareatzak, irlak, itsasadarrak, padurak, itsaslabarrak, arrantzale-herriak eta munduan bakarrak diren harkaitz-formazioak ditu (ikus Flysch). Autonomia erkidegoko kostaldean, oraindik ere, itsas-munduari lotutako ekonomian oinarritutako herriak daude; besteak beste, Bermeo, Ondarroa eta Getaria. Horiez gain, tradizionalki turistikoak izan diren beste herri batzuk ere badaude; Zarautz, Lekeitio eta Mundaka kasu. Itsas-munduari lotutako Bizkaiaren sinboloetako bat Gaztelugatxe da, kaskoan ermita bat duen uhartea, lehorrera pasabide mailadun batekin lotuta. Biosfera-erreserba izendatutako Urdaibai gune naturaleko itsasadarra itsasoratzen den tokitik gertu dago irlatxo hau. Gipuzkoan, Zarauzko hondartza aipagarria da; hondartza zabala eta surflari ugari erakartzen dituena, Bizkaiko Mundakako hondartzak bezala. Zumaia eta hango marearteko zabalgunea eta Plaiaundiko hezeguneak Hondarribian ere aipagarriak dira. Horiez gain, kirol-portu modernoak egin dituzte Hondarribian, Orion eta Getxon. Itsas-inguruko kultura eta historia ezagutzeko maketa eta objektu ugari daude Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, Arrantzaleen Museoan eta Donostiako Ontzi Museoan, besteak beste. Gainera, Donostiako Aquariuma ezaguna da ozeanario ikusgarriagatik. Metakrilatozko hodi batek zeharkatzen du eta bertatik ikus daitezke Kantauri itsasoko espezie ugari. Done Jakue bideak (214,2 km) autonomia erkidegoko kostalde osoa zeharkatzen du eta erromesbide primitiboenetako bat da. Hondarribiko (Gipuzkoako) kaian hasten da ibilbidea, lehen aldiz itsasoz iritsi ziren erromesen urratsak gogoratuz.[19]

Zarautz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako kostaldean, Zarautz dago. Bere hondartzak, bere hedadura handiagatik eta itsas pasealekuan aire zabalean dauden eskulturengatik udako postalik hoberenak merezi dituenak, mundu osoko milaka surflari erakartzen ditu. Gipuzkoako kostaldeko dunen biotoporik handiena Zarautzen egin daiteke, ia kilometro bateko egurrezko pasabide irisgarri baten gainean. Alde Zaharrean dago Santa Maria La Real monumentu-multzo arkeologikoa: Zarauzko Arte eta Historia Museoa eta Santa Maria La Real Parrokia eta aztarnategi arkeologikoa; Photomuseum, Europako zinema eta argazki museorik onenetakoa; eta Torre Luzea. Hondartzan, Narros Jauregia, Zarautzek bizi izan zuen belle époque-aren ikurra. Horrez gain, Zarauzko azoka bisitatuko du, kalitatezko lehengaien eta tokian tokikoaren gurtzaren benetako erakusleihoa. Zarauzko kostaldeari jarraituz, Cristobal Balenciaga Museoa bisitatzea derrigorrezkoa da, bertan baitago modako arkitekto ospetsuaren lanak. Gainera, Zarautzen izenari oso pertsonaia ezagunak lotzen zaizkio, hala nola Karlos Arguiñano sukaldaria eta Aritz Aranburu surflaria, 2007an Espainiako lehen surflari bihurtu zena eta WCTra (ASP WorldChampionshipTour) sartu zen bosgarren europarra.

OIASSO Erromatar Museoa

Hondarribia-Irun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengoa La Marina auzoa bisitatzeko gotortutako herri ederra da, bertako arrantzaleen etxe koloretsuak eta pintxo tabernak eta jatetxeak. Arrantzaleen Elkarteak kalitate oneko produktuak eskaintzen dituen arrantza portu honen jarduera erakusten du. Bere Hirigune Historikoa paseatu behar da bere plaza ederrak eta bere aberastasun monumentala ezagutzeko: Arma Plaza, Carlos V enperadorearen gaztelua (egungo Parador Nacional) eta Jasokundeko Andra Mariaren eliza. Esperientzia atsegina, denborak ahalbidetzen badu, itsasontziz zeharkatzea Hendaiako inguruko Frantziako hiribururaino Txingudi badian barrena nabigatzen da. Uztailean Hondarribia Blues Festival jaialdia ospatuko da. Egutegian nabarmena da hitzordua.

Irunek bizitza komertzial biziarekin harritzen du eta eskaintza kultural eta monumentala ere badu. Irun bisitatzean, merezi du OIASSO Erromatar Museoa bisitatzea, Euskal Herriko erromatar aztarnategi garrantzitsuenen aurkikuntzen zati handi bat biltzen baita.

Negozio turismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BEC, Bilbao Exhibition Centre

Donostiak, Gasteizek eta Bilbok esperientzia zabala dute biltzarren, bileren eta konbentzioen arloan. Hirurek dituzte biltzar-bulegoak ekitaldiak antolatzen laguntzeko. Hiru hiriburuek egin dute diseinuzko aretoen aldeko apustua. Horren adierazgarri dira Rafael Moneoren Donostiako Kursaal Jauregia, Gasteizko Europa Jauregia edo Bilboko Euskalduna Jauregia, etengabeko eraikuntza-prozesuan dagoen ontzi baten itxura duena. Edukiera eta baldintza ezberdineko dozena bat areto ere badira, mota guztietako hitzorduak hartzeko; Irungo Ficoba kasu. Bilbon, gainera, Bilbao Exhibition Center zentroa ere badago; mota guztietako ekitaldietarako gune zabala eta erabilera anitzekoa.[20]




Ekitaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jaiak Euskal Herrian»
Gasteizko Jaiak

Erkidegoak jarduera kulturalen eskaintza zabala eta askotarikoa du. Estilo guztietako eta goi mailako musika, antzerki, dantza, komiki eta zinema emanaldiak eskaintzen ditu. Donostian irailean egiten den Nazioarteko Zinemaldia da hitzordurik ezagunena. Ehunka film aurkeztu dituzte Zinemaldian eta zinema-munduko izarrak ere izan dira bertan; esaterako, Lauren Bacall, Alfred Hitchcock, Robert Mitchum eta Woody Allen.[21] Jazzaldia (uztailean) eta Musika Hamabostaldia (abuztuan) dira Gipuzkoako hiriburuko beste bi ekitaldi entzutetsuenak. Aipagarria da, halaber, Donostiako Aste Nagusia (abuztuan) ere. Bertan izaten dira ikusgai uneko su artifizialik onenak.Bilbon, musikak toki berezia hartzen du udan; BBK Live Festival eta Azkena Rock Festival rock-jaialdietan goi mailako artistek jotzen dute.OLBEren opera denboraldi tradizionala, Bizkaiko Abesbatzen Astea eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren urte osoko kontzertuak. Zinemazaleek maiatzean izaten dute hitzordua Fantasiazko Zinema Jaialdian eta azaroan, Nazioarteko Zinema Labur eta Dokumentalaren Lehiaketan. Toki berezia du Bilboko Aste Nagusiak. Abuztuan izaten da eta jarduera eta emanaldi ugari izaten dira beti. Gasteizen ekitaldi kultural garrantzitsuenetakoa urritik azarora antolatzen duten Nazioarteko Antzerki Jaialdia da, eta Nazioarteko Jazzaldia ere, jazz musikari onenak biltzen dituena, ezin da aipatu gabe utzi. Arabako hiriburuan bada galdu ezinezko beste hitzordu bat: Andre Mari Zuriaren Jaia, hain zuzen. Abuztuaren hasieran izaten da eta jaiak hartzen du hiri osoa.[22]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.eustat.es/estadisticas/tema_231/opt_0/ti_Movimientos_turisticos/temas.html#axzz1b7yumNg1
  2. http://zaraobedigital.com/not/13425/[Betiko hautsitako esteka]
  3. http://nikazetari.diariovasco.com/2010/edicion2010/haga-da-sojo/817-behin-berriro-donostia-michelin-izarrez-bete-da.html[Betiko hautsitako esteka]
  4. https://web.archive.org/web/20111019070558/http://www.txakoli.com/
  5. http://paperekoa.berria.info/plaza/2007-12-15/052/884/Euskal_sukaldaritza_berria.htm[Betiko hautsitako esteka]
  6. http://turismoa.euskadi.net/x65-15474/eu/s12PortalWar/buscadoresJSP/buscadorH5.jsp?r01kLang=eu&marks=4
  7. a b http://turismoa.euskadi.net/x65-15474/eu/s12PortalWar/buscadoresJSP/buscadorH5.jsp?r01kLang=eu&marks=5
  8. http://gastronomiavasca.eu/2011/10/donostia-de-las-mejores-ciudades-europeas-para-comer/
  9. http://zuialde.wordpress.com/2011/06/29/donostia-hautatuta-2016ko-kultur-hiriburua/
  10. http://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/526103/gasteiz-europako-hiriburu-berdea-2012/
  11. https://web.archive.org/web/20111006011331/http://turismoa.euskadi.net/gasteiz/
  12. http://turismoa.euskadi.net/arabako-errioxa/
  13. http://www.cuervoblanco.com/parques_naturales.html
  14. http://turismoa.euskadi.net/berdea-naturala/
  15. www.surfingeuskadi.com
  16. www.btteuskadi.net
  17. www.senderismoeuskadi.net
  18. www.birdingeuskadi.net
  19. http://turismoa.euskadi.net/euskal-kostaldea/
  20. http://turismoa.euskadi.net/x65-18706x/eu/s12PortalWar/buscadoresJSP/buscadorN1.jsp?r01kLang=eu&labelOtros=r01epd011ed090bf9b68f22e41c33b09a5ead21d3
  21. http://www.sansebastianfestival.com/es/
  22. https://web.archive.org/web/20111006011124/http://turismoa.euskadi.net/x65-20418x/eu/s12PortalWar/buscadoresSubhomeJSP/s12Inicio.do?pagina=agendaNP&lang=eu

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]