Tuvaluko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nukufetauko gizon bat, 1831n.

Tuvaluko historia duela 2.000 urte inguru hasi zen, uharte hauetan Tonga eta Samoatik etorritako polinesiar talde batzuk kokatu zirenean. Europarren aurreko garaian, uharteen arteko kanoa bidaiak sarritan egiten ziren. Tuvaluko 9 uhartetik 8 jendeztatuak zeuden, horregatik Tuvalu izena, tuvalueraz zortziak batera esan nahi duena.

Europarrek 1568. urtean bisitatu zuten aurrenekoz, Alvaro de Mendaña y Neyra espainiarraren esku. Niue irla aurkitu zuen, baina ez zen lehorreratzeko gai. Europarrak ez ziren itzuli XVIII. mendearen amaiera arte. Esklabo merkatariak eta bale-arrantzaleak maiz joaten ziren Ozeano Barera, baina koloniarik ez zen finkatu irletan lehorreratzeko zailtasunak zirela kausa. 1850 eta 1875 bitartean, trafikanteek milaka gizon harrapatu eta Peruko fosfato guneetara guanoa erauztera eta Txileko gesaltzetara eraman zituzten behartuta lan egitera; uharteko biztanle kopurua 20.000tik 3.000ra gutxitu zen. 1865ean, beste inbasio bat izan zen: Britainia Handiko eta Estatu Batuetako misiolariak iritsi ziren. 1892rako uharteak Britainia Handiaren babespean zeuden. 1892. urtean babes britainiarreko Gilbert eta Ellice uharteetako parte izatera igaro zen eta kolonia bihurtu zen 1915ean.

Bigarren Mundu Gerran, Aliatuek Tuvaluko irlak erabili zituzten Japoniaren kontrako kanpainarako.

1974. urtean Ellice uharteetako polinesiarrek, Gilbert uharteetako mikronesiarretatik banatzeko bozkatu zuten. Hurrengo urtean, Gilbert uharteak Tuvalu bihurtu ziren. Tuvaluko lehenengo hauteskundeak 1977an egin ziren, eta Toaripi Lauti hautatu zuten Lehen ministro. Independentzia 1978. urtean izan zen onartua.

Tuvalutarrak, Londrestik bereizita, Australiaren eragin eremuaren barruan geratu ziren. 1981eko abenduan, Tomasi Puapuak hartu zuen Lautiren lekua. 1985eko irailean, hauteskundeak egin ziren hirugarren aldiz, eta Puapua hautatu zuten berriro. 1986ko otsailean, gobernuak bere desadostasuna agertu zuen Frantziak Mururoan (Polinesia) egin behar zituen saio nuklearren aurrean.

1989an, Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren (12 kide). 1990eko urrian, Taripi Lauti gobernadore nagusi izendatu zuten. 1990ean, zikloi batek eraso zuen, eta zuhaitzak eta etxebizitzak eraitsi zituen, Vaitupu atoloikoak batez ere; 360 familia etxebizitzarik gabe geratu ziren Vaitupun.

1993an, Kamuta Laatasi izendatu zuten Lehen Ministro. 1994an, haren gobernuak kargutik kendu zuen gobernadore nagusia, Tomu Sione, antzinako erregimeneko pertsona zela argudiatuz. Sioneren ordez Tulaga Manuella izendatu zuten.

1995eko urrian, Independentzia egunaren ospakizunetan, bandera berri bat igo zuten, britainiarren Union Jacken ordez. 1996an, beste Lehen ministro batek, Bikenibeu Paeniuk, ofizialtasuna eman zion berriro britainiar banderari. 1997ko ekainean, Kelly zikloiak Niulakita uharteko etxebizitzak suntsitu zituen. Garai hartan, Paeniuren gobernuaren zeregin nagusia Nuaruko fosfato hobiak agortuta lanik gabe geratu ziren 1.000 herritarrentzat lana bilatzea zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]