Twitter

Wikipedia, Entziklopedia askea
Twitter
MotaKomertziala
SektoreaMicroblogging
Sorrera2006ko uztaila
SortzaileaJack Dorsey, Noah Glass, Biz Stone Evan Williams
EgoitzaSan Frantzisko, Kalifornia
PresidenteaOmid Kordestani
MerkatuakInternet
Salmentak2.21 bilioi $
Irabaziak-521 milioi $
Langileak3.638 (2015)
EskumendekoakVine
Webguneahttp://www.twitter.com

Twitter gizarte-sare eta mikroblogintza zerbitzu bat da, erabiltzaileei testu soileko mezu laburrak, txio izenekoak, bidaltzea ahalbidetzen diena, gehienez, 140 karaktere idatziz. Mezuak bidaltzeko, SMSez, bat-bateko mezularitzaz, Twitterren webguneaz eta hainbat aplikazioz (adibidez, Twitterrificez) baliatzen dira. Twitterren erabiltzaileari txiolari edo tuiterlari deritzo.

Mezuak txiolariaren profilean erakusten dira, eta jasotzeko aukera hautatu duten beste txiolariei ere bidaltzen zaie. Jatorrizko txiolariak mezu horiek berak aukeratutako lagunei soilik bidaltzea aukera dezake, edo txiolari guztien eskura jartzea.

Euskal txiolariak, 2013ko apirilaren bukaeran, 5.500-6.500 ziren. 2010. urtean, berriz, 500 txiolari inguru zebiltzan euskaraz. Benetako eztanda 2011-2012 bitartean gertatu zen. Gizarte sare bazterrekoa izatetik gutxienez ezagun izatera igaro zen eta 2012ko udarako, UMAPek berak 3.000 inguru euskal txiolari zituen bere datu-basean. Ziurrenik gehixeago ere izango ziren. Geroztik, euskal txiolarien kopuruak etengabe egin du gora.[1]

Historia

Sorrera

Twitter 2006ko martxoan sortu zen San Frantziskon (Kalifornia), Jack Dorseyren, Evan Williamsen, Biz Stoneren eta Noah Glassen eskutik. Urte bereko uztailean aurkeztu eta ezagutarazi zen. 2007az geroztik, Twitter enpresa Delawareko jurisdikziopean dago.[2]

Garapena

Sortu zenetik, gizarte sare horren ospea handituz joan da. Jendartean lekua oso azkar eta erraz egin zuen mikroblogintza sare horrek. 2011n, 500 milioi erabiltzaile baino gehiago zituela balioztatu zen eta 65 milioi txio baino gehiago zituela. Era berean, egunean 800.000 bilaketa inguru egiten zirela baietsi zuten.[3]. Handik bi urtera, Twitter web orrialde bisitatuenen artean zegoenez, egungo "Interneteko SMSa" jotzen da. [4].

2013ko irailaren 12an, Twitterrek beharrezko dokumentazioa aurkeztu zuen SECen, burtsan sartu baino lehenago.[5]

Azken inkestek, nolanahi ere, erakusten dute gaur egun 500 milioi erabiltzaile baino gehiago daudela eta haietako 332 milioi soilik aktiboak direla.[6].

Logoa

Twitterren identifikatzaile nagusia txori urdina da, "Larry Txoria". Haren hastapenetatik logoak aldaketa gutxi izan ditu, kasik berdin mantentzen da.

2012ko ekainaren 5ean "Larry Txoria" "Twiterreko Txoria" izatera pasatu zen. Era berean, "Twitter" hitza eta haren "t" letra xehea aldatuz joan dira: egun, ez dira erabiltzen[7].

Twiterreko diseinatzaile Douglas Bowman-en hitzetan, gizarte sare horretako logoak gero eta antza handiagoa du Sialia currucoides txoriarekin [8].

Hizkuntzak

Twiterrek erabiltzen dituen hizkuntza nagusiak Estatu Batuetako ingelesa eta Kanadako frantsesa dira. Hala ere, beste zenbait hizkuntzaz ere erabilgarri dago: ez dira Twitter taldekoek eginak, erabiltzaileek itzultzen eta proposatzen dituztenak baizik, irabazteko asmorik gabe. Lan hori Translation web orrialdearen bitartez egiten dute: https://translate.twitter.com/[9]. Euskarazko bertsioan hainbat hobekuntza egin behar dira oraindik ere: adibidez, "degesin" egiteko aukera proposatzen da, "desegin" aditzaren ordez; erabiltzaileak kontua noiz sortu zuen oso trakeski adierazten da ("2015(e)ko maiatzak(e)tik Twitterren" eta antzekoak ageri dira)...

Ezaugarriak

Txioa edo tweeta

Txiolariak beste txiolarien txioak ikusteko, bestearen profilean “jarraitu” botoia sakatu behar dute, geroago haien hormetan txio guztiak ager daitezen. Behin txioak horman daudela, txiolariek erabaki dezakete zein txio partekatu nahi duten “bertxio” edo retweet botoia sakatuz. Horrela, besteen txioak haien jarraitzaileen hormetan agertuko dira, bertxio ikurrarekin. Era horretan, ideia onak, bereziak edo barregarriak parteka daitezke.

Horretaz aparte, “Atsegin dut” botoia ere erabil daiteke: haren bidez, txioak ez dira partekatzen baina “Atsegin dut” izeneko karpeta publikoan gordetzen dira.

Twitterren ospearen ondorioz, web orri horrek aplikazioak sortzeari ekin zion. Gaur egun, aplikazioa mugikorretan zein tabletetan gehien erabiltzen direnetako bat da. Izan ere, Twitterren erabilera haren sinpletasunari lotuta dago.

Edukia

Pear Analystics firmak Estatu Batuetan idatzitako 2.000 txiotako edukia ikertu zituen. Hauexek izan ziren ondorioak:

Edukia
2009ko ikerketaren ondorioak.

Formatua

Txiolariek gai bakar eta berezi bati buruz hitz egiteko, normalean momentuan dagoen gaia, hashtageko ("joera", euskaraz) # ikurra erabiltzen dute. Beste ikur ezagun bat @ (a bildua) da: haren bidez, txiolariek elkarri idatz diezaiokete. Erabiltzailearen izenaren aurrean jartzen da, beste norbaitek aipatu egin duela jakin dezan.

Era berean, 2009 urtean Twitterren “zerrendak” sortzeko aukera eskaini zuen. Horiek erabiliz, erabiltzaileak haien barruan dauden txiolarien txioak soilik ikusteko aukera du.

Trending topica

Txiolari askok hitz edo esaldi berbera behin eta berriz erabiltzen dutenean, hitza edo esaldia Trending topic bihurtzen da. Zerbitzu horrekl aguntzen du Twitter elkarteak gai berrien berri izan dezan eta, era berean, elkarrizketan segi dezan. Halere, batzuetan abeslari edo pertsonaia famatu baten jarraitzaileek lan egiten dute, haien izenak Trending topic gisan ager daitezen.

Erabilera

Erabiltzaileei dagokienean, 2009an Jeremiah Owyangek azpimarratu zuen gehienak helduak zirela, aurretik horrelako sarerik sekula erabili gabeak, hain zuzen ere. comScoreren arabera, erabiltzaileen % 11 soilik 12-17 urte bitarteko tartean da. [10].

Horrez gain, 2009ko ekainean egindako beste ikerketa batek jakinarazi zuen emakumeak gizonak baino zaletuagoak zirela, hurrenez hurren, % 53 eta % 47ko ehunekoetan, hain zuzen [11].

2012ko artikulu batean ezagutarazi zenez, Twitter Japoniako gizarte sarerik handiena da, Facebooken aurretik. Halaber, erabiltzaile gehienak Estatu Batuetan dira. [12].

Estatistikak

Kontu bisitatuenak

2016ko martxoaren 7ko ikerketa baten arabera, jarraitzaile gehien dituzten kontuak hauek dira[13]:

  1. Katy Perry: 84.010.474 jarraitzaile
  2. Justin Bieber: 76.688.901 jarraitzaile
  3. Taylor Swift: 72.438.027 jarraitzaile
  4. Barack Obama: 70.809.357 jarraitzaile
  5. YouTube: 60.275.084 jarraitzaile
  6. Rihanna: 56.953.903 jarraitzaile
  7. Lady Gaga: 56.733 198 jarraitzaile
  8. Ellen DeGeneres: 55.210.753
  9. Twitter: 53.224.558 jarraitzaile
  10. Justin Timberlake: 52.575.083 jarraitzaile

Kontu zaharrenak

Twitterreko kontu zaharrenak hamalau dira, denak ere 2006ko martxoaren 21ean sortuak. Twitterreko langile zein sortzaileenak dira, hala nola, @jack (Jack Dorsey), @biz (Biz Stone) eta@noah (Noah Glass)[14].

Erreferentziak

  1. «Zenbat euskal tuiterlari gara?», Umap.eu webgunea, 2013-05-02.
  2. California Secretary of State (2011ko otsailak 18). «California Secretary of State, Business Entities - Business Entity Detail». 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  3. Shiels, Maggie (2011ko martxoak 11). «bbc.co.uk». BBC. «Twitter co-founder Jack Dorsey rejoins company». 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  4. "Top Sites". Alexa Internet Imc. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  5. «Twitter tuitea que empieza a prepararse para salir a bolsa». 2013ko irailak 13. La Vanguardia. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  6. «Twitter MAU Were 302M For Q1, Up 18% YoY - Twitter (NYSE:TWTR)»| Benzinga". 2015eko Apirilak 28. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  7. Griggs, Brandon (2012ko ekainak 7)«Twitter's bird logo gets a makeover». CNN. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  8. Bowman, Douglas (2012ko ekaink 6). «Birds:What is the new Twitter bird logo's species?». Quora. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  9. «El País - Facebook ya habla español». El País. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  10. Miller, Claire Cain (2009ko abuztuak 25).«Who's Driving Twitter's Popularity? Not Teens». The New York Times. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  11. Cheng, Alex and Evans, Mark (2009ko ekaina).[www.sysomos.com «Inside Twitter – An In-Depth Look Inside the Twitter World»]. Sysomos. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  12. «Semiocast — Twitter reaches half a billion accounts — More than 140 millions in the U.S.». Semiocast. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  13. «Twitter Top 100 Most Followers». Twittercounter.com. 2016ko martxoak 7. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua
  14. «Search by Twitter bio, name, URL, location, more». Followewonk. 2016ko apirilaren 26an kontsultatua

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Twitter Aldatu lotura Wikidatan