Txad

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txadeko Errepublika
République du Tchad
جمهوريّة تشاد
(Yumhūriyyat Tashād)
Txadeko bandera
Bandera

Txadeko armarria
Armarria

Goiburua: Unité, Travail, Progrès
( Batasuna, Lana, Garapena )
Nazio ereserkia:
La Tchadienne
Txad: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
N'Djamena
12°6′N 15°2′E / 12.100°N 15.033°E / 12.100; 15.033
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Frantsesa1
Gobernua
Presidentea
Lehen ministroa
Diktadura konstituzionala
Idriss Deby
Djimrangar Dadnadji
Independentzia
- Frantziatik
- Gaur egungo gobernua

1960ko abuztuaren 11
1996ko martxoaren 31
Eremua
• Guztira
• Ura

1.840.000 km² (20.)
% 1,9%
Biztanleria
• Zenbatespena (2005)
• Dentsitatea

Herritarra

9.826.419 (82.)
7,2 biztanle/km² (96.)

txadar
Dirua CFA Frankoa (CFA)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC +1)
Ez (UTC +0)
Interneteko domeinua .td
Telefono aurrezenbakia +235
1 Gainera, ofizialak ez diren beste hizkuntza txiki batzuk ere badira.

Txadeko Errepublika (arabieraz تشاد, frantsesez Tchad), Afrikako erdialdeko estatua, itsasbazterrik gabea. Iparraldean Libiarekin egiten du muga, Sudanekin ekialdean, Afrika Erdiko Errepublikarekin hegoaldean, Kamerun eta Nigeriarekin hego-mendebaldean eta Nigerrekin mendebaldean.

Hiririk handiena eta hiriburua N'Djamena da. 200 talde etniko eta linguistiko daude, baina arabiera eta frantsesa dira hizkuntza ofizialak.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txaden banaketa administratiboa»

Txadek 2008az geroztik 22 eskualde ditu:

Zkia. Eskualdea Hiriburua Departemenduak Mapa
1 Batha Ati Ekialdeko Batha, Mendebaldeko Batha, Fitri
Chad regions map-numbered 2008-02.svg
2 Chari-Baguirmi Massenya Baguirmi, Chari, Loug Chari
3 Hadjer-Lamis Massakory Dababa, Dagana, Haraze Al Biar
4 Wadi Fira Biltine Biltine, Dar Tama, Kobé
5 Barh El Gazel Moussoro Iparreko Barh El Gazel, Hegoko Barh El Gazel
6 Borkou Faya-Largeau Borkou, Borkou Yala
7 Ennedi Fada Ennedi, Wadi Hawar
8 Guéra Mongo Barh Signaka, Guéra
9 Kanem Mao Kanem, Iparreko Kanem, Wadi Bissam
10 Lac Bol Mamdi, Wayi
11 Mendebaldeko Logone Moundou Dodjé, Lac Wey, Ngourkosso
12 Ekialdeko Logone Doba La Nya Pendé, La Pendé, Monts de Lam, Lanya
13 Mandoul Koumra Barh Sara, Mendebaldeko Mandoul, Ekialdeko Mandoul
14 Ekialdeko Mayo-Kebbi Bongor Mayo-Boneye, Kabbia, Mont d'Illi, Mayo Lemie
15 Mendebaldeko Mayo-Kebbi Pala Lac Léré, Mayo-Dallah
16 Moyen-Chari Sarh Barh Köh, Grande Sido, Lac Iro
17 Ouaddaï Abéché Assoungha, Djourf Al Ahmar, Ouara Departamendua
18 Salamat Am Timan Aboudeïa, Barh Azoum, Haraze Mangueigne Departamendua
19 Sila Bardaï Djourouf Al Ahmar, Kimiti
20 Tandjilé Laï Ekialdeko Tandjilé, Mendebaldeko Tandjilé
21 Tibesti Goz Beïda Ekialdeko Tibesti, Mendebaldeko Tibesti
22 N'Djamena N'Djamena 10 barruti

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txad satelite irudian

Txad hiru eskualde geografikotan banatu ohi da: basamortua iparraldean, Sahel eskualde lehorra erdialdean eta sabana, emankorragoa, hegoaldean. Saharak lurraldearen % 40 hartzen du. Han, Tibesti sumendi handia nabarmentzen da. Erdialdeko eskualdea (Sahel) trantsizio-sabana da, eta larrez larreko artzaintza egiten da, Txad aintziraraino.

Txad aintzira, Afrika osoko bigarren aintzira handiena eta herrialdeko handiena dena, sakontasun gutxiko zingira handi bat da, antzinako itsaso baten aztarna. Aintziraren arroaren erdia Txadeko lurraldean dago, eta Lagone eta Chari ibaietatik hartzen du ur gehiena. Ibai horien bazterrak, ur goraldietan ongarrituak, herrialdeko lur onenak eta jendeztatuenak dira. Mendi garaiena Emi Koussi sumendia da (3.415 m).

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amaetxe bat Txaden.

Txadek biztanle gutxi ditu hain lurralde zabala izateko: 7,2 biztanle kilometro karratuko. Bestalde, inguruko herrialdeetako demografia-ezaugarri berak ditu: hazkunde handia (% 2,3 urtean), bizi-itxaropen txikia (47 urtekoa), eta alfabetizazio-maila txikia (% 40). Txaden bizi diren etniak bi talde nagusitan bereiz daitezke: musulmanak eta ez musulmanak. Musulmanak iparraldean eta ekialdean bizi dira, eta ez musulmanak (kristauak eta animistak) hegoaldean. Txadeko etnia nagusia, baina, sara herria da. Sarak hego-mendebaldean bizi dira, Chari ibaiaren inguruan; biztanleria osoaren % 30 dira, eta lurraldearen zati txiki bat hartzen dute; hori da, hain zuzen, Txadeko inguru jendeztatuena.

Txadeko kulturak biztanle beltzen herentzia etnikoa islatzen du, baina islamaren eta frantsesen eragina ere nabarmena da. Biztanleriaren % 21 inguru hirietan bizi da eta % 6 nomadak dira. Hiriburuak, N'Djamenak, bost milioi biztanle baino gehiago ditu. Burujabetasunaz gero, hiria izugarri handitu da, estatu berriaren ekonomiaren, politikaren eta kulturaren erdigune bihurtu baita; herrialdearen hego-mendebaldean dago, Kamerungo mugatik gertu. Hiriburuaz gainera, Sarh (104.831 biztanle), Mundu (282.000 biztanle) eta Abéché (187.000 biztanle) dira hiri nagusiak. Txadeko hizkuntza ofizialak arabiera eta frantsesa dira, baina, horietaz gainera, 100 hizkuntza eta dialekto baino gehiago erabiltzen dira, etnia-ugaritasunak hizkuntza-ugaritasuna baitakar.

Gobernua eta politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Txadeko gobernua eta politika»

Txadek independentzia eskuratu eta gero, alderdi bakarreko sistema ezarri zen herrialdean. 1979 eta 1982 artean, iparraldeko eta hegoaldeko tropen arteko gerrate zibila izan zen, Libiaren nahiz Frantziaren parte hartzearekin. 1975etik 1982ra estatu-kolpeak eman zituzten, azkena Hisséne Habrék egina. Habrék boterean iraun zuen 1990era arte. Urte horretan, Idriss Débyk eskuratu zuen boterea. 1992an alderdi politiko guztiak legeztatu ziren. 1996an Déby presidente aukeratu zuten, eta iparraldeko tribu nomaden altxamendu bati aurre egin zion.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitoan Txadeko iparraldean bizi izan ziren gizataldeen ondorengoak lurralde oparoagoetara aldatu ziren eskualde horiek lehortzean (K.a. 2500. urtea aldean). Tubu etniakoak bakarrik geratu ziren Txadeko iparraldean (Tibesti). K.o. I-V. mendeen bitartean, berriz, berbereak sartu ziren eta Txad aintziraren inguruetara hedatu ziren. Haien gizarte-antolaketa, islamera bihurtu zirenez gero batez ere, oso zentralista izan zen. Txadeko hegoaldeko gizarte-antolaketa berriz, leinuka eratua zen. Txad aintziraren iparraldean, XI. mendean, Kanem erresuma sortu zen, muga eta antolaketa nahiko zehatzak zituena. Garai berean, hegoaldean zen gizarte-antolaketarik sendoena Buguirmiko erresuma zen, neurri handi batean esklabo-salerosketarako eratua zegoena. Kanem erresuma hegoaldeko eskualdeetara zabalduz eta haietako erresumak mende hartuz joan zen. Hala ere, gizarte horiei egitura bateraturik ez zien ezarri ahal izan.

Txad aintzira.

Frantziarrak sartu zirenean, Txad aintziraren inguruan lehenik, (XIX. mendearen bukaeran), sultanatotan banatuak zeuden eskualde haiek. Beren artean konponezin handiak zituztenez, frantziarrek ez zuten eragozpenik izan sultanato batzuk bereganatzeko. Hala ere, ez zuten lurralde osoa 1920a arte kolonia bihurtu. Konkistatu ahala, leinu-antolaketa aldatzen saiatu ziren, militarrak administrazioko buru jarriz, lekuan lekuko buruzagiei administrazioan bigarren mailako karguak emanez eta ekonomia eta merkataritza beren probetxurako antolatuz. Benetako kargu politikoak (diputatuak, etab.) hautatu ahal izatea 1946an lortu zuten Frantziako kolonietako biztanleek. Eskubide horren eraginez, Txaden ere, kolonietako beste lurraldeetan bezala, alderdi politikoak sortzen hasi ziren: Parti Progresiste Tchadien (PTT), Rassemblement Démocratique Africain (RDA), Union Démocratique Tchadienne (UDT). Frantziako 1958ko konstituzioaren arabera, Txadek ere burujabe izateko eskubidea zuen, eta txadarren % 98k baiezkoa eman zionez, errepublika autonomo bihurtu zen urte horretan. Baina txadarren arteko tirabirak gehitu ziren horretaz; lau gobernu izan ziren 1958ko abendutik 1959ko martxora bitartean. Urte horretan, François Tombalbaye hautatu zuten lehen ministro. Hilabete batzuk geroago Frantziako legebiltzarrak eta senatuak kolonietako herriei burujabetasuna ematea erabaki zuten. Nekazari bakoitzari lurzati bat ematen zioten kotoi-kantitate jakin bat ekoizteko, gero frantsesek salerosteko. Txadarren oinarrizko nekazaritza handizkako produkzio bilakatu zen indarrez. Ekonomia tradizionala desagertzeak gosea ekarri zuen; kotoi gehiegi zegoen, eta oinarrizko elikagai gutxiegi.

Frantziak Txaden independentzia onartu zuenean, 1960an, hegoaldeko buruzagiek hartu zuten agintaritza. Lehenengo lehendakariak, François Tombalbayek, ezin izan zuen mugak konkistatzaileen nahierara jarrita zeuden herrialde horren batasuna lortu. Garai hartan, 1966an, tirabira sozial gero eta handiagoen eta hegoaldeko nekazarien matxinaden ondorioz, nekazariak kotoiaren esportazioaren monopolio frantsesaren (Cotonfran) kontra matxinatu ziren. Txadeko Nazioaren Askapenerako Frontea (FROLINAT) sortu zen. FROLINATen oinarri politiko nagusia iparraldeko herriak ziren. 1970ean, FROLINATek herrialdearen bi heren kontrolatzen zituen, eta 1972an hiriburua inguratzen hasi zen.

Tombalbaye 1975ean hil zen, Frantziak gidaturiko estatu-kolpe batean, eta Félix Malloumek hartu zuen haren lekua. Gerrillaren ekintzak ez ziren eten, baina Frontea taldeetan bereizten hasi zen, eta Frantzia zatikatze horretaz baliatzen hasi zen. Frantziak Hissène Habréri lagundu zion, FROLINATeko buru Goukouni Oueddeiri aurre egiteko. Azken horrek Libiako gobernuaren laguntza zuen. Habré Iparraldeko Indar Armatuetako buru zen, eta Oueddei Herri Indar Armatuena. 1977an, Frantziak 3.000 soldadu eta gerra-hegazkinak bidali zituen. Frantziako gobernuak adierazi zuen bere gudarosteak ez zuela esku hartuko FROLINAT barruko bi talde armatu horien arteko guduetan. Aldi berean, Malloumen gobernuak lehen ministro izendatu zuen Habré. 1979an, FROLINATeko 11 talde nagusiak zazio-batasunerako behin-behineko gobernu batean elkartu ziren, Frantziaren gogoaren kontra. Habré defentsa-ministro izendatu zuten. Frantziak interes estrategikoak zituen Txaden, 60ko hamarraldian aurkitutako uranioa eta petrolioa bereziki, eta horiek defendatu nahi zituen. 1980ko martxoan, Habrék bere karguaren dimisioa eman zuen, ituna hautsi zuen, eta gerra zibila abiarazi zuen, hegoaldea menderatuta. Behin-behineko gobernua hiru taldetan banatu zen. 1980ko maiatzean, Oueddeik, Herri Indar Armatuen buruak, Libiako 2.000 soldaduren laguntza jaso zuen. Habrék hiriburua bonbardatu zuen, eta 100.000 pertsona inguruk ihes egin zuten beste herrialde batzuetara.

1980ko urrian, Afrikako Batasunaren Aldeko Erakundearen(OUA) bitartekaritzak porrot egin ondoren, Libiako gudarosteak hiriburura iritsi ziren. Abenduan, Habré Kamerunera joan zen ihes. Frantziak Libiaren espantsionismoa salatu zuen, eta Estatu Batuen, Egipto, Sudan eta Afrikako beste herrialde batzuen laguntza izan zuen, Libiako lehendakari Muammar al Kadafiren proiektua Saheleko herri islamiar pobreetara, Sahara hegoaldera, zabalduko ote zen beldurrez. Habré ustelkeriaz akusatu zuten, baina Libiatik jaso zuen laguntza zela-eta, Frantziak Oueddeiren aliatuak zatitzea lortu zuen. 1981eko apirilean, Habré eta bere jarraitzaileak berriro hasi ziren Sudanen prestatzen. Uztailean, Nairobin, OUAk Txadera bake-gudarosteak bidaltzea erabaki zuen, Frantziaren eta Afrikako sei herrialdetako gudarosteen laguntzarekin. Baina behin-behineko gobernuaren barruko tirabirak areagotzea besterik ez zen lortu. Azaroan, Oueddeik bere gudarosteak erretiratzeko eskatu ziton Kadafiri. 1982ko ekainean, Habréren gudarosteek Oueddeirenak menderatu zituzten, eta Oueddeik, erbestean, Nazioaren Salbaziorako Behin-behineko Gobernua antolatu zuen, Habréren aurka borrokatu ziren 11 talde haietako zortziren laguntzarekin. Berriz ere herrialdea bitan banatu zen: iparraldeak, Nazioaren Askapenerako Batzorde baten mendean, Libiaren laguntza zuen, eta hegoaldeak, Habréren mendean, Frantziako gudarostearena. Gerra zibilaren fase horren amaieran, herrialdea hondamendian zegoen. Hiriburuan 40.000 biztanle besterik ez ziren, eta enpresen erdiak itxita zeuden. Hirietatik kanpo, 2.000 putzu eta ur-dorre guztiak suntsituta zeuden. Osasun- eta hezkuntza-sistemen azpiegiturarik ia ez zegoen. Gainera, lehorte handia izan zen, eta Estatu Batuen eta Frantziaren laguntza gorabehera, nekazarien protestak eta matxinadak izan ziren hegoaldean. Errepresioa zela eta, 25.000 txadar mugaz bestaldera joan ziren babes bila, Afrikako Erdiko Errepublikara.

1987an, hegoaldeko indarrek, Frantziaren laguntzarekin, Fada, Faya Largeau eta Auozou-ko lur zerrenda, Libiako mugan, hartu zuten. 1989an, Txadek eta Libiak, Auzouko lurraldeari buruzko auzia konpondu nahiz, presoak itzultzea eta lurraldeari buruzko auzia Hagako Nazioarteko Auzitegian aurkeztea hitzartu zuten. 1990ean, Idriss Débyk, Salbaziorako Mugimendu Abertzalearen buruzagiak, Habré menderatu zuen hiru hilabeteko guduen ondoren, Frantziaren laguntzaz. Habréren agintaldian 40.000 pertsona inguru hilarazi edo desagerrarazi zituztela uste da. Habré Senegalen babestu zen, eta beste matxinada baterako prestatzen hasi zen. Lehendakari ohiaren aldeko 5.000 matxinatu N'Guimi eskualdean bildu ziren, Txad aintziraren ondoan, eta handik zenbait eraso jo zituzten. 1992an, gobernuaren gudarosteek Habréren aldeko 400 soldadu hil zituzten, eta beste 100 atxilotu. 1993an, Débyk Txad demokratizatzeko konferentzia nazional bat inauguratu zuen. Konferentzian oposizioko 40 bat taldek, beste 20 erakundek eta matxinatutako sei talde armaturen ordezkariek parte hartu zuten. Adoum Maurice El-Bongo izendatu zuten konferentziako lehendakari. Epaimahai berezi bat izendatu zen Habré epaitzeko, eta Fidèle Moungar hautatu zuten lehen ministro trantsizioaldirako. 1994ko otsailean, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak Aouzouko lur-zerrenda Txadi zegokiola erabaki zuen. Maiatzean, Libiak ofizialki itzuli zion lur-zerrenda hura Txadi.

Zenbait atzerapenen ondoren, 1996ko ekainean eta uztailean, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren, eta Déby atera zen garaile, botoen % 69 eskuratuta. Adiskidetze-urtea izan zen hura. Urtarrilean, gerrilla-talde batek armak utzi eta alderdi politiko bihurtu zen, gobernuaren onespenarekin. Martxoan, Gabonen, beste zenbait taldek bake-hitzarmenak egin zituzten gobernuarekin, eta abuztuan, Débyk itun bat egin zuen hegoaldeko indar armatuekin errepublika federala sortzeko. 1997an, egoera nahastu egin zen ostera. Amnesty International taldeak jakinarazi zuenez, urte haren bukaeran gutxienez 80 pertsona hil ziren indar matxinatuen eta gobernuaren gudarostearen arteko borroketan, herrialdearen hegoaldean. MDJT gerrilla gogor borrokatu zen 1998az geroztik gobernuaren aurka. 2001eko hauteskundeak Débyk irabazi zituen berriz ere; oposizioko hautagaiek iruzurra salatu zuten, baina nazioarteko begiraleek aintzat hartu zituzten emaitzak. 2002ko otsailean MDJTk eta gobernuak bake-hitzarmen bat sinatu zuten, baina maiatzean hautsi zuten hitzarmena. 2003an, gobernuak bake-hitzarmen bat egin zuen ERN gerrillarrekin. 2003ko abenduan, MDJTk eta gobernuak beste bake-hitzarmen bat sinatu zuten. 2005ean erreferendum bat egin zen konstituzioa aldatzeko, hala Déby lehendakaritzarako hautagai aurkeztu ahal izan zedin. 2006an, gerrilla hiriburu ingurura iritsi ziren. 2006ko maiatzean, herrialdea banatuta zegoela, hauteskunde-deialdia egin zen, baina oposizioak boikota egin zien. 2007an, Sudanek eta Txadek NBEk kontrolatutako segurtasun-eremu bat ezarri zuten Darfur eskualdean.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txadeko ekonomia lehen sektorean oinarritzen da (biztanle aktiboen % 80), eta batez ere produktu batean: kotoia. Frantses kolonoek sartu zuten kotoia herrialdean, XX. mendearen hasieran, eta hirien eta industriaren garapena ekarri zuen. Kotoiaz gainera, kakahuetea eta azukre-kanabera ere esportatzeko lantzen dira. Bizibiderako lantzen diren gaien artean, arroza eta mandioka dira zabalduenak. Abeltzaintzak garrantzi handiagoa du iparraldean hegoaldean baino, eta aintziran eta ibaietan arrantza egiten da. Dena dela, bi jarduera horiek ez dute pisu handirik nazioaren ekonomian. Dagoen industria apurra nekazaritzako eta abeltzaintzako gaiak eraldatzekoa da.

Txad Frantziaren kolonia izan zen garaian, Txad aintziraren inguruan bildu zen jarduera ekonomiko guztia. Esportatzeko gai nagusia kotoia da, baina nekazaritza gehiena bizibidea ateratzeko egiten da, eta lehorteen mendean dago. Azkeneko urteetan, mea-baliabideek (uranioa, tungstenoa, petrolioa) transnazionalen arreta erakarri dute. Basamortuaren zabaltzeak eta maizko lehorteek bizitzako alderdi guztietan dute eragina. Lantegi gehienak hiriburuan daude.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Txad Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]