Txelba hortzandi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txelba hortzandi
Iraute egoera

Kaltebera (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSpariformes
FamiliaSparidae
GeneroaDentex
Espeziea Dentex dentex
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa

Txelba hortzandia edo urta (Dentex dentex) Sparidae familiako ur gaziko arraina da, ekialdeko Ozeano Atlantikoaren ekialdea, Mediterraneo itsasoan eta Itsaso Beltzan bizi dena[1].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lineok deskribatu zuen 1758. urtean Systema Naturae liburuan eta Sparus dentex izena eman zion. Gerora genero propioa esleitu zitzaion[2]. Izen zientifikoak zein hizkuntza gehienetan duen izenak hortz handiei egiten die erreferentzia.

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txelba hortzandia izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian[3]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
buruzbeherako Bermeo, Mundaka
dentoi Mundaka
lentoi Lekeitio, Ondarroa
lamote Donostia
tanborrero Santurtzi, Mundaka
txelba hortzandia
urta
zapata Getaria

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txelbaren hortzak.

Metro bete inguru luzea eta bisiguaren antzekoa da. 14 kilogramotako pisua har dezake[4]. 2023an Ceuta aldean 18'7 kg pisuko txelba hortzandia harrapatu zen, inoizko handiena[5].

Gorputz garaia du eta sarde itxurako isatsa. Bizkarraldea urdinxka du, sabelaldea, aldiz, zilar koloreko zurixka. Bizkarraldeko hegatsean 11 arantza eta 11-12 erradio bigun ditu[4].

Burua handia eta pikoa du helduaroan, gazteek buru zuzenagoa dute. Ar zaharrek bekoki aldean bulbo eratzen dute[6]. Izena ematen dioten letagin antzeko hortz zorrotzak ditu, baraila bakoitzean 4-6 artean[4]. Beheko ezpaina handiagoa du[6]. Begiak txikiak dira[7].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi da, Britainiar uharteak eta Mauritania artean batez ere. Batzuetan Kanarietan eta Madeiran ere aurkitu izan da, bai eta Senegalen ere. Bestalde, Mediterraneo osoan ere hedaturik dago[4].

Hondo arrokatsuetan bizi da, harea eta harri artean ezkutatzen da. 200 metroko sakonera artean aurkituko dugu baina ohikoena ur azaletik gertu aurkitzea izango da, gehienez ere 50 metrotako sakoneran[4].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txelba gazteak taldekoiak dira baina helduak bakartiak izan ohi dira. Txelba arroka artean ezkutaturik zelatan egoten da eta eraso bortitza eginez[8] arrain txikiak eta krustazeoak eta moluskuak, batez ere txipiroiak, jaten ditu[6]. Krustazeoen oskol gogorra txikitzeko dituzte hortz handi horiek[3].

Sexu determinazioa badute ere ale batzuk hermafroditak izan daitezke. Martxoa eta maiatza artean izaten da errunaldia[7] eta enbrioiaren garapenak 3 egun hartzen ditu 17ºC-tako tenperaturan. Kostaldetik gertu gertatzen da[4].

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrantzatzen zaila denez esparidoen artean balio handiena duen espeziea da[5]. Buzoen arrantza lehiaketatan ere arrantzatzen da eta oso zuhurra denez ez da batere erraza, beraz erronka handia izaten da[8]. Akuikultura jardueretan arrakasta handiz haztea lortu da[9].

Gastronomia aldetik ere oso preziatua da, haragi trinkoa eta zaporetsua du. "Papillote" erara, gatzetan edo parrillan egiten da[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Louisy, Patrick. (2006). Guida all'identificazione dei pesci marini d'Europa e del Mediterraneo. Milano: Il Castello ISBN 888039472X..
  2. «WoRMS - World Register of Marine Species - Dentex dentex (Linnaeus, 1758)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  3. a b «urta» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  4. a b c d e f «Dentex dentex, Common dentex : fisheries, aquaculture, gamefish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Capturan en aguas de Ceuta el pez dentón de mayor peso en el mundo: 18,7 kilos» ELMUNDO 2023-01-07 (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  6. a b c (Gaztelaniaz) «Dentex Dentex o Dentón / Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  7. a b «Dentón :: Dentex dentex / Especies / Mar, Pesca, Sub y Ecología / Portada - masmar» www.masmar.net (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  8. a b c (Gaztelaniaz) Yuste, Francisco González. (2017-11-10). «El dentón, un manjar marino del Mediterráneo» El Periódico Mediterráneo (Noiz kontsultatua: 2024-01-01).
  9. Frimodt, C.. (1995). Multilingual illustrated guide to the world's commercial warmwater fish. Fishing News Books, Osney Mead, Oxford, England, 215 or..