Txinera

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txinera
汉语 Hànyǔ, 中文 Zhōngwén'
Non mintzatzen den: Txinako Herri Errepublika (Txina kontinentala, Hong Kong eta Macao), Txinako Errepublika (Taiwan eta beste uharte batzuk), Malaysia, Indonesia, Thailandia, Vietnam, Birmania, Kanbodia, Singapur, baita ere Japonia, Ipar Korea, Hego Korea, Filipinak eta txinatar taldeak mundu osoan zehar 
Eskualdea: (gehiengoak): Ekialdeko Asia eta Hego Asiako zati batzuetan
(gutxiengoak): Txinatar taldeak Mendebaldeko Asia, Amerika, Afrika, Europa eta Ozeania
Hiztunak: 1.300 milioi baino gehiago 
Rankina: 1 (hizkuntza bakar bezala hartuz gero)
Hizkuntza familia: Sino-Tibetarra 
Estatus ofiziala
Hizkuntza ofizialtzat duten lurraldeak: Txina, Taiwan, Singapur, Nazio Batuak
Erakunde araugilea: Txinan: hainbat agentzia
Taiwan: Mandarinera Babesteko Kontseilua
Singapur: Mandarinera Babesteko Kontseilua Mintzatu Mandarinera Kanpaina
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1: zh
ISO 639-2: chi (B)  zho (T)
ISO 639-3:

 

New-Map-Sinophone World.PNG
Txinera hiztunen mundua.

Argibidea:

   Txinera administratiboki nahiz ama hizkuntza gisa nagusia den herrialdeak

   5.000.000 txinera hiztun baino gehiago dituzten herrialdeak

   1.000.000 txinera hiztun baino gehiago dituzten herrialdeak

   500.000 txinera hiztun baino gehiago dituzten herrialdeak

   100.000 txinera hiztun baino gehiago dituzten herrialdeak

   Txinera hiztun kopuru handia dituzten kokapenak

 
Zhongwen.svg
Hemengo testu batzuk txineraz daude.
Euskarri eleaniztun egokirik gabe, galdera
ikurrak ikusiko dituzu txinera ikurren ordez.

Txinera[1][2] edo hizkuntza senitiarrak ( 汉语 edo 漢語 / Hànyǔ, 中文 / Zhōngwén) hizkuntza bat edo hizkuntza familia bat kontsidera daitezke, eta jatorriz han etniaren hizkuntzak dira. Hizkuntza sino-tibetarren adar bietako bat da. Munduko populazioaren seiren batek, 1.300 milioi pertsona inguruk, txineraren formetako bat darabil ama-hizkuntza lez. Hizkuntza familia bezala, txinerak 1,2 mila milioi hiztun inguru ditu; mandarinerak bakarrik 850 milioi hiztun inguru ditu, munduko beste edozein hizkuntza gaindituz.

Ahozko txinera bere barne desberdintasunengatik da ezaguna, halere, aldaera guztiak dira tonalak eta analitikoak. Sei eta hamabi talde erregional bitartean dago (sailkapen eskemaren arabera); handiena mandarinera da (850 milioi pertsona), jarraian wu aldaera legoke (90 milioi), ondoren min mintzaira (70 milioi) eta azkenik kantonera (70 milioi). Talde hauetako asko elkarrekiko ulergaitzak dira, baina batzuk, esaterako xiang eta hego-mendebaldeko mandarinera, zenbait adiera eta ulergarritasun maila jakin bat partekatzen dituzte. Txinera hiru azpimintzairadun makrohizkuntza lez dago klasifikaturik ISO 639-3 kodean, baina txineraren aldaeren identifikazioa hizkuntza edo dialekto moduan nahiko eztabaidatua da.

Ahozko txineraren era estandarizatua mandarinera estandarra da (普通话 / pǔtōnghùa, 国语 / gúoyǔ), Beijing hiriko dialektoan oinarritua. Hau Txinako Herri Errepublikako eta Txinako Errepublikako hizkuntza ofiziala da, eta baita Singapurreko lau hizkuntza ofizialetako bat ere. Txinera NBEko sei hizkuntza ofizialetako bat ere bada. Beste aldaeretatik, kantonera estandarra ohikoa eta eragingarria da itsasoz haraindiko kantonera-hiztunen komunitateetan, eta Hong Kongeko hizkuntza ofizialetako bat da ingelesarekin batera, eta Macaun portugesarekin. Hegoaldeko min mintzaira, min talde linguistikotik dator eta oso hedatuta dago Fujian hegoaldean, Taiwanen eta Hego-Ekialde Asiarrean.

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zhōngwén-ez gainera, bertako hainbat izen daude hizkuntza txinatarrarentzako. Txinako Herri Errepublikan hànyǔ (汉语 / 漢語, "hantarren hizkuntza") izena ere erabiltzen da. Idazteko Txinera sinplifikatua erabiltzen da.

Bestalde, Txinera normalizatuari pǔtonghuà (普通話 / 普通话, "ohiko hizkuntza") deitzen zaio Txinako Herri Errepublikan, eta Taiwanen berriz, guóyǔ (國語 / 国语, "hizkuntza nazionala"). Huáyǔ (华语 / 華語, "txinatar hizkuntza") izena, Singapur, Malaysia eta hego-ekialdeko beste leku batzuetan erabiltzen da. Herrialde hauetan Txinera tradizionala erabiltzen da idazteko. ho ho ho

Gramatika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal honek mandarinerari edo pūtōnghuà-ri (普通话, "ohiko hizkuntza") egiten dio erreferentzia, Txinako Herri Errepublikako hizkuntza ofiziala.

Txineraren gramatika euskararena edo ingelesarena baino askoz errazagoa da. Txinerak ez dauka ez generozko ez zenbakizko aldaketarik. Bere aditzak aldagaitzak dira edozein kasu eta edozein denbora gramatikaletan. Esaterako shi aditza ("izan" emendiozko aditza), ez da inoiz aldatzen, subjektua edozein izanik edo iragana zein oraina izan.

Honek abantaila ugari eskaintzen ditu, beste hizkuntza askorekin alderatuz, ikasterako orduan, izan ere hitz gutxi batzuk ezagutuz eta oso sinpleak diren arau gramatikal bakan batzuk jakinda, edonork eraiki ditzake hainbat esapide.

Txinatar idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatar kaligrafia desberdinak.

Txinera idatziaren eta ahozko txineraren arteko erlazioa konplexua da, izan ere ahozkoa asko aldatu den arren, idatzizkoa askoz gutxiago aldatu da. Txinatar literatura klasikoa Udaberri eta Udagoienen Sasoian hasi zen, baina K.a. XIV. mendetik XI.era bitarteko idazkiak aurkitu dira, Shang dinastiakoak. Shag dinastian garatutako txinatar idazkerak bere eboluzioa jarraitu zuen Zhou dinastia garaian. Garai honetan karakteristikoak ziren banaketa politikoen ondorioz, karaktereak itxura eta estilo oso ezberdinetan garatu ziren, karaktere bakoitzarentzako hainbat aldaera egonik. Garai honetako idazkera estiloari dàzhuànshū (大篆書, "zigilu handiko idazkera") deritzo.

Qin Shi Huang Lehen Enperadorearen Txinako bateratzearekin, normalizazio arau anitzetako batek idazkerari eragin zion. Li Si Lehen Ministroaren zuzendaritzapean, karaktereen forma normalizatuak biltzen zituzten zerrendak argitaratu ziren. Idazkera sistemaren bateratze honek xiǎozhuànshū (小篆書, "zigilu txikiko idazkera") kaligrafia estiloa sortu zuen, trazu bihurriagoak erabiliz.

Han dinastian, gaur egunera arte mantendu diren beste kaligrafia estilo batzuk sortu ziren: lìshū estiloa (隸書, "administrazio idazkera"), xíngshū estiloa (行書, idazkera erdi etzana, literalki "ibiltaria"), eta cǎoshū estiloa (草書, idazkera etzana, literalki "belarrezkoa").

Garatutako azken kaligrafia estiloa kǎishū (楷書, idazkera erregularra) izan zen, gaur egungo itxura Iparraldeko Wei dinastian hartuko zuena. Hauxe da gaur egungo estilo nagusia, egunkari eta liburuetan erabiltzen dena, edota formatu elektronikoetan.

Ahozko txinera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, dialekto ezberdinen artean ez dago muga nabaririk, baina mandarinera iparraldeko eta hego-mendebaldeko dialekto nagusia da, gainontzeko dialektoak erdialdeko eta hego-ekialdeko Txinan erabiltzen direlarik. Sarritan, Guangdong probintzian gertatzen den bezala, aldaera nagusien hiztun natiboak gainjartzen dira. Denbora askoz linguistikoki desberdinak ziren guneei dagokienez, ez dago beti argi zelan klasifikatu behar diren Txinako hainbat tokitako berbetak. Ethnologuek 14 bereizten ditu guztira, baina kopuru hau aldatu egiten da zazpi eta hamazazpiren artean, erabilitako klasifikazio-eskemaren arabera. Adibidez, Min aldaera sarritan iparraldeko Min dialektoan eta hegoaldeko Min dialektoan banatzen da, hizkuntzalariek ez baitute zehaztu elkarrekiko ulergaiztasuna nahikoa handia den aparteko hizkuntzak kontsideratzeko.

Orokorrean, hegoaldeko Txina menditsuak iparraldeko Txina lauak baino hizkuntza aniztasun handiagoa erakusten du. Hegoaldeko Txinako hainbat lekutan, hiri handi bateko dialektoa hurbileko auzokoek baino ezin dute ulertu. Esaterako, Wuzhou hiria Guangzhou hiritik 193 km-ra dago, baina bertako dialektoak antzekotasun gehiago ditu kantonera estandarrarekin Taishan hiriko dialektoak baino, Guangzhou hiritik 97 km-ra dagoena hego-mendebalderantz eta hainbat ibaik separatua.

Txinatar "dialektoak"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatar hizkuntzen hedadura.

Tradizioz, txinatarrek dialekto (方言, fāngyán) deitu izan diote errealitatean elkarrekiko ulergaitzak diren hizkuntza talde bati. Noizik behinean, "dialekto" hauen arteko ezberdintasunak hizkuntza erromanikoen arteko ezberdintasunekin alderatu izan dira. Edonola ere, "dialekto" hauek Txinako beste hizkuntzetatik bereizi beharra dago, esaterako tibeteratik edota uigureratik. Horregatik, hizkuntzalari askok "dialekto" adiera nahiago dute sino hizkuntza anitzei buruz mintzatzeko.

Txinatar dialektoen bereizketa ezberdinak daude, ulergaiztasunaren irizpidea zein zorrotza denaren araberakoa, eta askotan oso zaila da definitzen. Ohiko bereizketa bat hurrengo hau dugu:

  • Mandarinera (北方話 / 北方话), 836 milioi hiztun
  • mintzaira (吳語 / 吴语), 77 milioi hiztun
  • Kantonera edo yuè mintzaira (粵語 / 粤语), 71 milioi hiztun
  • Mǐn dialektoak (閩語 / 闽语), 60 milioi hiztun
  • Jìn mintzaira (晉語 / 晋语), 45 milioi hiztun
  • Xiāng mintzaira edo Hunanera (湘語 / 湘语), 36 milioi hiztun
  • Hakka edo kèjiā mintzaira (客家語 / 客家语), 34 milioi hiztun
  • Gàn mintzaira (贛語 / 赣语), 31 milioi hiztun
  • Huī mintzaira (徽語 / 徽语), 3,2 milioi hiztun
  • Pínghuà mintzaira (平話 / 平话), 2 milioi hiztun

Badira oraindik klasifikatu gabeko dialektoak, hala nola Danzhou dialektoa, Danzhou-n erabilia, Hainan uhartean; Xianghua dialektoa (乡话), mendebaldeko Hunan-en erabilia; eta Shaozhou Tuhua dialektoa, Guangdong erdialdean erabilia. Dungan hizkuntzak, Erdialdeko Asian erabilia, harreman oso estua du mandarinerarekin. Nolanahi ere, ez da txineratzat hartzen alfabeto zirilikoan idazten delako eta etnikoki txinatarra ez den Dungan herriak darabilelako.

Mandarinera estandarra eta diglosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Mandarinera»

Pǔtonghuà edo guóyǔ, normalean mandarinera deitua, Txinako Herri Errepublikako, Txinako Errepublikako eta Singapurreko hizkuntza ofiziala da. Azken honetan huáyǔ deitzen zaio. Pekingo dialektoan oinarritzen da, Pekin hirian hitz egiten den mandarineraren aldaera dena. Txinerazko aldaera guztien hiztunek komunikaziorako mintzaira komun bezala erabil dezaten ari da saiatzen gobernua, beraz gobernuko erakundeetan, hedabideetan eta eskoletan erabiltzen da.

Txinan eta Taiwanen, diglosia ezaugarri arrunta da: ohikoa da txinatar batentzat bi edo hiru dialektotan hitz egiteko gai izatea, mandarinera estandarrarekin batera. Adibidez, pǔtonghuà-z gain, Shanghai hiriko biztanle batek shanghaiera ezagutuko luke eta, jaiotzez hangoa ez baldin bada, bere jaioterriko aldaera ere. Guangzhou-ko natibo batek kantonera estandarra eta pǔtonghuà ezagutuko lituzke, eta Taiwango biztanle batek ziur aski taiwanera eta guóyǔ mintzaira. Taiwanen bizi den norbaitek, normalean mandarinera estandarreko eta taiwanerako ahoskera, esaldiak eta hitzak nahasten ditu, eta nahasketa hau sozialki zuzena da kasu askotan. Hong Kongen, mandarinera estandarra toki hartzen ari zaie ofizialak diren kantonera estandarrari eta ingelesari.

Fonologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silaba bakoitzeko egitura fonologikoa bokal batean oinarritutako nukleo batean datza (monotongoa edo diptongoa, baita triptongoa ere zenbait aldaeretan), abiada eta koda kontsonanteekin eta baita tonu batekin ere. Zenbait kasutan bokala ez da nukleo bezala erabiltzen. Honen adibide bat kantonera da, /m/ eta /ŋ/ sudurkari sonanteak bakarrik egon daitezkeelako silaba lez.

Ahozko aldaera guztietan, silaba gehienek irekiak izateko joera dute (hau da, ez dute kodarik), baina koda duten silabak hurrengo hauetara daude mugatuta: /m/, /n/, /ŋ/, /p/, /t/, /k/, edo /ʔ/. Aldaera batzuek koda hauetako gehienak onartzen dituzte, baina beste batzuk, hala nola mandarinera, bitara daude mugatuta, /n/ eta /ŋ/ alegia. Talde kontsonantikoak, normalean, ez dira ez abiadetan ez kodetan gertatzen. Abiada kontsonantea kontsonante afrikatu bat edo erdibokal batez jarraitutako kontsonante bat izan daiteke, baina hauek ez dira talde kontsonantikotzat jotzen, jeneralean.

Ahozko dialekto ezberdinen soinuen kopurua aldakorra da, baina orokorrean Erdi Aroko Txineratik hona soinuak gutxiagotzeko joera eman da. Mandarineraren aldaerek bereziki jasan dute soinuen gutxiagotze hori, ondorioz ahozko beste edozein aldaerak baino hitz multisilabiko gehiago izatera behartuz. Horrenbestez, zenbait aldaeratan silaba guztien kopurua mila ingurukoa da bakarrik, bariazio tonalak barne.

Ahozko txineraren aldaera guztiek tonuak darabiltzate. Txina iparraldeko dialekto gutxi batzuk hiru tonutara baino ez dira iristen, Txina hegoaldeko zenbait dialektok 6tik 10era bitartean dituztelarik. Salbuespen bat shanghaiera da, zeinak bitara murriztu duen tonu taldea.

Txineraren tonuen erabilera irudikatzeko adibide arrunt bat, mandarinera estandarrak "ma" silabarentzat darabiltzan lau tonu nagusiak dira. Tonuok hurrengo bost karaktereei dagozkie:

4 Toene des Hochchinesischen.svg
  • 媽/妈(mā) "ama". Tonu eutsia (1)
  • 麻 (má) "kalamua" edo "traketsa". Goranzko tonua (2)
  • 馬/马(mǎ) "zaldia". Beheranzko-goranzko tonua (3)
  • 罵/骂(mà) "errieta egin". Beheranzko tonua (4)
  • 嗎/吗(ma) "galdera partikula". Neutroa

Historia eta bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalari gehienek sino-tibetar hizkuntza familiaren parte bezala sailkatzen dituzte egungo txineraren aldaera guztiak, eta hasiera batean Proto-sino-tibetar izeneko hizkuntza bat existitzen zela uste dute. Jatorrizko hizkera honetatik etorriko lirateke hizkuntza sinitikoak eta tibeto-burmarrak. Txineraren eta beste sino-tibetar hizkuntzen arteko erlazioa ikerkuntza sakonak jasaten ari den arloa da, proto-sino-tibetarra berreraikitzeko saiakeran. Ahalegin honen zailtasun nagusia antzinako txineraren eta eta proto-sino-tibetarraren arteko banaketa jasotzen duen idazkirik ez egotea da, bestalde antzinako txineraren soinuak berreraikitzeko haina dokumentu dagoelarik. Gainera, ez dago ezagutza nahikorik proto-sino-tibetarra berreraikitzen lagunduko liguketen hizkuntza zaharragoen inguruan.

Zenbait hizkuntzalarik indoeuropar loturak ere proposatu dituzte. Ikuspegi honek sino-tibetar hizkuntza familiarekiko kidetza ukatzen du, eta baita familia honen existentzia ere; antzinako txinera proto-indoeuroparraren erabileratik jaio zela proposatzen du, proto-txinerarekin nahastua. K.a. III. milurtekoan Mongoliatik Europara zabaltzen zen indoeuropar presentzia indartsua zegoela jakinik, lurralde honetako beste lehenengo biztanle batzuk proposatzen ditu (tai, vietnamdar, miao etab.). Biztanle hauek ezaugarri fonetiko bertsuak eta txineraren sinpletasun gramatikal bera izango lituzkete, eta indoeuropar inbasioen ondorioz, Txina iparraldetik hegoaldeko lurretara migratuko zuketen, baina sakonki indoeuropartutako eragin txinatarrari ihes egin gabe.

Txineraren garapenaren sailkapena jakintsu askoren eztabaidagaia da. Lehendabiziko sistemetako bat Bernhard Karlgren hizkuntzalari suediarrak sortu zuen XX. mende hasieran, eta gaur egungo sistema askok bere metodoetan dute oinarria.

Antzinako txinera (TT: 上古漢語, TS: 上古汉语, P: Shànggǔ Hànyǔ) Zhōu dinastiaren hastapenetan eta erdialdean (K.a. 1122 - K.a. 256) ohiko hizkuntza izan zen, eta garai honetakoak dira brontzezko lanabesetan eginiko idazkunak, Konfuzioren Bost Klasikoak bildumako Shī Jīng olerki-liburua eta Shujing historia-liburua, eta bilduma bereko I Ching liburuaren atal batzuk. Karaktereetan aurkitutako elementu fonetikoek antzinako txineraren ahoskera zer nolakoa zen jakiteko pistak ematen dituzte. Japonierak, vietnamerak eta koreerak hartutako txinatar karaktereen ahoskera ere laguntza handikoa da. Antzinako txinera ez zen deklinaezina. Soinu sistema aberats bat zeukan, non aspirazioak kontsonanteak bereizten zituen, baina ziur aski tonurik gabe. Antzinako txinera berreraikitzearen lana Qing dinastiako filologoekin hasi zen.

Ertaroko txinera (TT: 中古漢語, TS: 中古汉语, P: Zhōnggǔ Hànyǔ) Suí, Táng eta Sòng dinastietan erabilitako hizkuntza da (K.o. VI. eta X. mendeen bitartean). Bi garaitan bana daiteke: garai goiztiarra, 切韻 "Qièyùn" errima-oholtxoak (K.o. 601) markatua, eta X. mendeko garai berantiarra, 廣韻 "Guǎngyùn" errima-oholtxoak markatua. Linguistak ertaroko txineraren soinuak berreraiki izanaz seguruago daude. Ertaroko txineraren ahoskeraren ebidentzia iturri askotatik datorkigu: egungo aldaera dialektalak, itzulpen atzerritarrak, sistema fonetikoa laburtzeko antzinako filologo txinatarrek eginiko "errima-taulak" edota hitz arrotzen itzulpen fonetikoak. Nolanahi ere, berreraiketa oro esperimentala da.

Hurbileko garai historikoetatik gaur egunera ahozko txinerak jasandako bilakaera konplexua izan da. Txinatar gehienek mandarineraren aldaeretako bat darabilte gutxienez ama-hizkuntza lez. Txina iparralde osoan mandarinera gailentzearen arrazoi nagusia lautada handiak egotea da, erdialde eta hegoaldeko ibai eta mendiek hizkuntza aniztasun handia sortu baitute.

XX. mendearen erdira arte, hegoaldeko txinatar gehienek euren aldaera lokala bakarrik ezagutzen zuten. Nanjing izanik hiriburua Ming dinastia garaian, hiri hartako mandarinera gailendu zen, ofizialki mantxu-hiztuna zen Qing dinastiaren azken urteak arte. XVII. mendetik, Inperioak ortoepia akademiak ezarri zituen (TT: 正音書院, TS: 正音书院, P: Zhèngyīn Shūyuàn), Qing dinastian hiriburu izaniko Pekingo ahoskera zabaltzeko. Arrakasta gutxi izan zuten, alabaina. Qing dinastiaren azken berrogeita hamar urteetan, XIX. mendearen bukaeran, Pekingo mandarinerak Nanjing-ekoa ordezkatu zuen azkenik gorte inperialetan. Oro har, hala ere, jendearentzat ez zen mandarinera estandarrik existitzen. Mandarineraz ez zekiten hegoaldeko pertsonek euren aldaera erabiltzen jarraitu zuten bizitzako maila guztietan. Pekingo gorteetako mandarinera estandarra ofizialek eta zerbitzariek bakarrik zerabilten, eta nahiko mugaturik zegoen.

Egoera hau ez zen aldatu XX. mendeko erdialdera arte, mandarinera estandarrean irakasten zuen derrigorrezko hezkuntza-sistema sortu baitzen orduan (THEn eta TEn, baina ez Hong Kongen). Emaitza lez, gaur egun praktikoki gazte eta adin ertaineko guztiek dakite mandarineraz mintzatzen, Txina kontinentalean eta Taiwanen. Hong Kongen, britainiarren kolonia garaian, kantonera estandarra izan zen erabilitako hizkuntza, ez mandarinera; gaur egun oraindik hezkuntzako, egoera formaletako eta eguneroko bizitzako hizkuntza da, baina 1997ko Entregaz geroztik, mandarinera geroago eta eragingarriagoa ari da bihurtzen.

Behiala, txinera Ekialde Urruneko herrialdeen lingua franca izan zen, XIX. mendean europarren eragina gailendu zen arte.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Txinera Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikipedia
Hizkuntza honek bere Wikipedia du.
Bisita ezazu.