Jose Manuel Lujanbio

Wikipedia(e)tik

(Txirritatik berbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txirrita (ezkerrean) eta Saiburu (eskuinean) bertsolariak (Indalecio Ojanguren argazkilari).

Jose Manuel Lujanbio Retegi "Txirrita" bertsolaria, 1860an Hernanin jaio eta Altzan zendu zen 1936an.

Hernaniko Ereñozu auzoan jaio eta oraindik umea zela Oreretako Txirrita baserrira aldatu zen; hortik hartu zuen ezizena. Bere azken urteetan Altzako Gazteluene baserrian bizi izan zen. Nahiz eta bere etxeko premua izan, baserritar bizimodua utzi eta hargintzan hasi zen. 14 urte zituenetik hasi zen bertsolari zaharragoekin herriz herri saioetara joaten.

Mingain zorrotz eta bizkorreko bertsolari gisa nabarmendu zen, eta haren ateraldi umoretsuak herriaren gogoan gorde dira. Gai sozialak lantzen diren bertsoetan garai hartako herri-klaseen pentsamolde eta sentimenen berri ematen da.

Antonio Zabalari kontatu ziotenez, Txirritagana jende asko joaten omen zen norbaiten kontrako bertso-paperak jar zitzan eskatzera. Enkargatutako gaiaren gainean bertso-sorta bat buruz konposatzen zuen Txirritak eta bere ilobak paperean jarri, gero inprentara eraman eta azoka egunetan saltzeko. Bertso asko galdu ez izana herriaren oroimenari eta Antonio Zabala bezalako bertso-paper biltzaileei zor diegu.

Eskola zaharreko bertsolari mutilzahar, parrandazale eta pikaroaren prototipoa bihurtu da Txirrita euskal iruditerian. Hargin ona izan arren, ez omen zitzaion lan egitea asko gustatzen eta ahal zuen guztietan jai hartzen omen zuen tabernan edanean eta jokoan aritzeko. Eskolarik gabea zen; inprentako hizkiak irakurtzeko gai bazen ere, ez zekien idazten eta bertsoak ilobari diktatzen zizkion.

1936ko maiatza aldean Goizuetan izandako krisi baten ondorioz 1936ko ekainaren 3an hil zen Altzako Gazteluene baserrian.

Bilbon, Hernanin eta Altzako hiru kalek bere izena daramate. Oreretan bada Txirrita-Maleo izeneko industrialde bat: Bere izena Txirrita eta Maleo baserrien artean egoteagatik datorkio.

Eduki-taula

[aldatu] Sariak

  • Bertsolari Txapelketa Nagusiaren txapelduna, 1936. urtean.

[aldatu] Adibideak

Ezagutzen al dezu

Pedro Latze-kua?

Ez gizon altua,

motza ta sendua;

aren semea nazu

onlako trapua

aitak etxian nai ez ta

bialitakua.


[aldatu] Hil da Canovas

Batere sinesgarria ez den istorio baten arabera, Txirritak honako bi bertso hauek kantatu omen zizkion Antonio Canovas del Castillo politikari espainiarraren alargunari, kasualitatez Donostiako terraza batean eserita aurkitu zuenean.

Hil da Cánovas, fuera Cánovas

pikaro gaizki heziya,

galdu zituen gari zelaiak,

gailendu zaio sasiya;

galdu zituen ipar garbiak,

gailendu trumoi nasiya,

galdu zituen fueruak eta

Jaungoikuaren graziya,

galdu zituen bizi-lekuak,

galdu du bere biziya.


Hiru reloju, hiruna kate,

hiru mailakin bakoitza,

buruan hiru korona eta

petxuan hiru horratza;

Amoriyua hiru dobletan

tximista bezin zorrotza,

hiru tirokin utzi zizuten

zure senarra hilotza,

hiru ezpatak zulatzen dute

señora, zure bihotza.

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Beste hizkuntzak