ULMA Construction

Wikipedia, Entziklopedia askea
ULMA Construction
Datuak
Motanegozioa eta enpresa
Jarduera sektoreaeraikuntza
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Enplegatuak2.029 (2014)
Ekoizpena
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formakooperatiba
JabeaULMA Taldea
Historia
Sorrera1961
webgune ofiziala

ULMA Construction enpresak eraikuntzarako, obra zibilerako eta eraberritze lanetarako enkofratu eta aldamio sistema industrialak egiten eta merkaturatzen ditu, Europan, Ameriketan, Asian, Afrikan eta Australian. Enkofratuak eta aldamioak saldu eta alokatu egiten ditu, proiektu teknikoak egiten ditu eta eraikuntza lanetan aholkulari gisa jarduten du. Gaur egun ULMA Taldea osatzen duten 9 enpresetan lehena izan zen.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ULMA Construction 1961ean sortu zen, Oñatin (Gipuzkoan). Bere izena Cooperativa Industrial Talleres ULMA zen eta bilgarriak egiten zituen. 1963an eraikuntzaren sektorean sartu zen eta Espainiako Estatuko lehen aldamio prefabrikatua merkaturatu zuen, JJEIP izenekoa. Hamarkada horretan zehar, izen bereko euskarri metaliko luzagarriak egiten hasi zen eta karga-igogailuak ere bai. 1969rako hainbat egoitza zituen Estatuan zehar, Zaragozan, Granadan, Valentzian, Sevillan, Toledon eta Mallorcan.[2]

1970. hamarkadan bere bigarren fabrika zabaldu zuen, Oñatin, eta nazioartekotze prozesuari ekin zion, Portugalen hasita. Hantxe sortu zen lehen eskumendeko enpresa, 1980an. Gero etorriko ziren Frantziakoa, Argentinakoa eta Txilekoa. Hamarkada horren bukaerarako bete- betean ari zen ULMA eraikuntzaren alorrean: enpresak sasoi hartan 134 milioi pezeta fakturatu zituen eta horietatik 119 ziren eraikuntzari lotuak. Bestelako negozioen artean, bilgarriena zen garrantzitsuena.

1984 eta 1985 bitartean banatu ziren bitan kooperatibaren negozioak eta sortu ziren gaur egun ULMA Packaging eta ULMA Construction direnak. Hasieran, ULMA Maquinaria eta ULMA Elementos Metálicos izenekin, hurrenez hurren. Urtebete geroago, ENARA S. kooperatibarekin batera Oñalan Taldea sortu zuten eta 1992tik aurrera taldeak ULMA izena hartu zuen. 1990. hamarkadan zehar nazioartekotze prozesuak bultzada handia hartu zuen. 1995ean fabrikak jarri zituen atzerrian, 1997an TMC enpresa erosi zuen obra zibila hasteko eta 1999an New Jerseyko bulegoa zabaldu zuen, Estatu Batuetan ireki zuen lehena. 2000. urtetik aurrera, nazioarteko zabalkunde hori Hego Ameriketara iritsi zen eta Europa osora hedatu. 2005ean Afrikan saltzen hasi zen eta Asiako lehen bulego komertziala zabaldu zuen, Shangain (Txinan). Urte horretan, nekazaritza arloko negozioek beste kooperatiba bat sortu zuten[3][4].

Zifra ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Estatuko talde industrial handienetakoa da ULMA. ULMA Construction eta beste zazpi kooperatibek osatzen dute eta mundu osoko 80 herrialdetan jarduten du. Guztira, 4.500 langile inguru ditu eta 700 milioi euroko negozio bolumena. Honako kooperatiba hauek osatzen dute: ULMA Construction, ULMA Agrícola, ULMA Architectural Solutions, ULMA Carretillas Elevadoras, ULMA Conveyor Components, ULMA Handling Systems, ULMA Packaging eta ULMA Piping.

2014.urtearen bukaeran ULMA Construction kooperatibak 2.029 langile zituen.

Produktuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ULMA Construction kooperatibaren jarduera nagusia eraikuntza sektorerako aldamioak alokatu eta saltzea da, era guztietako lanetarako: etxebizitzak, bestelako eraikinak eta obra zibila. Egun katalogoan agertzen diren produktuak eraikitze proiektuak, eraikuntza industrialak, komertzialak eta lan hidraulikoak, araztegiak, urtegiak, etxe-orratzak, zubiak eta tunelak egiteko dira[5]. Honako hauek dira:

  • Horma eta zutabeen enkofratuak[6][7]
  • Enkofratu igokariak
  • Lauzako enkofratuak
  • Zubien kofratzeak
  • Tunelen enkofratua
  • Eskorak eta zinbriak
  • Egurrezko habeak eta taulak
  • Aldamioak

Proiektuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ULMA Construction kooperatibak eraikuntza, eraberritze eta mantentze lanak egiten ditu era guztietako eraikin eta azpiegituretan. Zubiak, tunelak, urtegiak, araztegiak, dorreak, etxe-orratzak, eraikin erlijiosoak edo industria arlokoak. Hona hemen sortu zenetik egindako proiektuen adibide batzuk:

  • Hudson Yards, New York: 1990. eta 2000. hamarkadan, Manhattanen egin den hirigintza proiektu handiena da Hudson Yards. ULMAk 4 igogailurentzako zuloak dituen C dorrean egin du lan, ATR sistema autoigokariak erabilita, MK egiturekin eta Megaform enkofratu modularrekin [8].
  • Bayovar Proiektua, Peru: MK egiturentzako enkofratuak egin ziren zubibidean, azpitik pasatzen zen trafikoa eten gabe[9].
  • Brasiliako Mané Garrincha futbol zelaia (Brasil): Enkofratze modularrak egiteko Orma sistema erabilita, altueran 46 metro zituzten 288 zutabe jarri ziren, zabaleran 22 metro zituen konpresio eraztuna, 12 metro altuerako harmailak eusteko zutabeak eta era askotako hormak.
  • Mumbai hiriko World One King Tower (India): Etxebizitzentzako munduko eraikinik altuenean bi enkofratze sistema erabili ziren solairu guztietako harlauzak egiteko. CC-4 (modularra, aluminiozkoa) eta Enkoflex (egurrezko habeekin)[10].
  • Bocas del Toro-ko Changuinola I urtegia (Panama): Uretan gora enkofratze modularrak egin ziren panel metalikoen sistema igokaria erabilita. Urtegiaren azpian, panel metalikoekin egindako sistemak erabili ziren MK sistemako elementuekin batera[11].
  • Limako tren elektrikoa (Peru): Peruko hiriburua zeharkatzen duen trena egiteko hainbat egitura sortu ziren, denbora epe motzetan[12].
  • Bahía de Cádiz zubia (Espainia): Planifikazioa, ingeniaritza eta laguntza “Pepa” izenarekin ezagutzen den zubian. Espainiako handiena izateaz gain, munduko handienetarikoa da, 3.082 metro ditu luzeran eta 69 altueran, tamaina handiko itsasontziak azpitik pasa daitezen.
  • Versalles-eko Jauregiaren eraberritzea (Frantzia): Norabide askotako BRIO aldamioa erabilita hainbat elementu eraberritu ziren. Versalles Frantziako Erregetzaren jauregia izan zen eta Gizateariaren Hondare da, UNESCOk izendatuta[13].
  • Pragako metroa (Txekia): A linearen tunel luzeena egiteko MK sistemarekin egin ziren lanak. Tunelak 220 metro ditu luzeran, 16 metro altueran eta 22 zabaleran[14].
  • Varsoviako Q22 Dorrea (Polonia): Poloniako hiriburuaren erdigunean dagoen estatu osoko dorrerik altuenetakoa, Q22 izenekoa. Etxe-orratz honek 155 metroko altuera izango du eta 47 solairu, horietatik 5 lur azpian[15].
  • Datteln Zentral Elektrikoa (Alemania): Hormigoizko bolumen handiekin egindako lanak, Datteln zentral elektrikoan, Renanian. Zentral elektriko hau eraikitzea izan da lurralde horretan azken urteetan egin den lanik handiena.
  • El Cajón urtegia (Mexiko): Urtegira iristeko lanak, zirkuituetarako lanak, ibaia desbideratzeko tunelak, ur-agorrak, zubi bat eta beste hainbat lan egin ziren, baita ingurumena babesteko lanak eta gizarte garapenaren arlokoak ere. Guzti hori El Cajón proiektu hidroelektrikoa aurrera eramateko, azken hamarkadan Mexikon egindako lanik handiena.
  • Zubi tinkatua Wislok ibaian (Polonia): Rzeszów hirian egindako proiekturik handienetakoa. Lan honen berezitasuna 26 fasetan antolatu zen dorre luze baten eraikuntza izan zen: 108,5 metro altuera zituen, hormigoi armatuzkoa zen eta lanak 26 fasetan antolatu behar izan ziren.
  • Kempinski hotela, Yedan, (Saudi Arabia): 260 metroko altuera duen erabilera askotako eraikina. 4 muin edo gune ditu, bat nagusia eta beste 3 laguntza emateko. Denak ATR sistema igokaria erabilita egin ziren. Eta babes moduan HWS panelak erabili ziren.
  • Gateway Motorway Southbound Busway Upgrad edo GUSBUS (Australia): Queensland lurraldeko errepide eta autobideen arteko loturak hobetzeko lanak, MK sistemak eta Uni-span sistema erabilita (lehen eta bigarren fasean, hurrenez hurren)[16].
  • Jaworzno III zentral elektrikoa (Polonia): Ingeniaritza arloko soluzioak, enkofratzeko sistemak eta aldamioak eta gainbegiraketa lanak, makinen aretoan zein instalazio elektrikoen eta osagarrien nabean[17].
  • Amaranto eta Porto arteko A4 autobidea (Portugal): Lau erraildun tunel berri bat egiteko eta aurreko tunelak berritzeko eta noranzko bietarako egokitzeko lanak[18].
  • Milango metroa (Italia): Argonne geltokiko lanak, metroaren 4. Ibilbidean, Blu izenekoan, lurrazpitik 14 metrora[19].
  • Torre Harborside (New York, EAB): 69 solairuko eraikinerako lanak, sistema autoigokariak erabilita, New Jerseyko dorrerik altuenean[20].
  • Brasiliako estadio nazionala (Brasil): Egituraren zati handi baterako lanak: 46 metroko garaierako 288 zutabe, 22 metroko zabalerako konpresio-eraztuna, 12 metroko garaierako habeak harmailetarako eta hainbat horma[21].

Ziurtagiriak eta kalifikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ULMA Construction-ek honako agiri hauek ditu[22]:

  • Kalitatea Kudeatzeko Sistemen ziurtagiriak:
    • ISO 9001 Kalitatea Kudeatzeko Sistema, 1994. urtetik
    • EN 3834-2, EN 1090-2, EN1090-3 Soldatzea Kudeatzeko Sistema
    • OHSAS 18001, Lan Arloko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistema
    • ISO 14001 Ingurumena Kudeatzeko Sistema (Oñatin diseinatuta eta fabrikatuta)
  • Produktuen ziurtagiriak:
    • Aldamioak – EN 12810, EN 12811
    • Zinbriak – EN 1065
    • Babes sistemak – EN 13374, EN 1263-1
    • Egurrarekin egindako produktuen ingurumen arloko ziurtagiriak - FSC, FEPC
    • Alemaniako estandarretara egokituta beste produktu batzuk (egokitutako araudirik gabekoak)

Nazioartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa, Amerika, Afrika eta Asia kontuan hartuta ULMA Construction-ek 25 eskumendeko enpresa ditu munduan zehar. Zerbitzu teknikoa eta logistikoa ematen dute, baita stock zerbitzua ere. Beste askotan saltzen duen arren, ULMA 25 herrialdetan dago, atzerrian fabrika bat dauka eta 52 negozio-zentro. Hona hemen ze herrialdetan dagoen ULMA Construction:

Gizarte erantzukizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010ean ULMA Construction-ek ULMA Fundazioa sortzen lagundu zuen. Fundazio honen bidez bere etekinen %10a bideratzen du gizarte laguntzara edota interes publikoa duten kirol eta kultura proiektuetara[23]. Sortu zenetik ULMA Fundazioak gizartegintza arloko hainbat proiektu lagundu ditu, besteak beste, honako hauek: Txernobileko haurrei laguntza ematea (Banoia Txernobilekin Elkartea), Nikaraguaren garapena sustatzeko proiektuak (AMS Elkartea) eta ezgaitasunak dituzten Bogota hiriko haurrei gizarteratzen laguntzea (Kainabera Elkartasuna). Horrez gain, hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunderekin eta gizartean laguntza ematen duten elkarte askorekin lan egin du, besteak beste, honako hauekin: Gautena (Autismoaren Gipuzkoako Elkartea), Aspace (Burmuineko Paralisia duten pertsonei arreta egiteko elkarteen konfederazioa) edo Ademgi (Esklerosi Anizkoitzaren Gipuzkoako Elkartea). Hezkuntzaren, euskararen eta kulturaren arloan lan egiten duten tokiko erakundeekin ere harreman estua du ULMA Fundazioak, besteak beste, Oñatiko Haur Eskolarekin, Arizmendi Ikastolarekin edo Mondragon Unibertsitatearekin. Horrez gain, euskararen erabilera sustatzea ere ULMAren helburuetako bat izan da, bai enpresa barruan[24] eta langileen artean[25] zein bere inguruan[26].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]