Uda-txirta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Uda-txirta
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMotacillidae
GeneroaAnthus
Espeziea Anthus trivialis
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 22 g (helduen pisua)
emea: 25 g (helduen pisua)
Zabalera0,27 m
Kumaldiaren tamaina4
Errute denbora13 egun

Uda-txirta (Anthus trivialis) motacillidae familiako hegazti paseriformea da, Europa osoan eta erdialdeko eta mendebaldeko Asian bizi dena[1].

Txori liraina da, bizkarralde arrea eta orban arrez apaindutako sabel zurixka du. Intsektuak jaten ditu (bere moko finak hori esaten du) eta habia lurrean egiten du. Baso-ertzetan eta zuhaitz gutxi batzuk dituzten larreetan bizi da eta migratzailea da. Euskal Herrian oson arrunta da, baina leku lehorrenetan ez da ageri.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txolarre baten tamainakoa, baina silueta lirainagoko txoritxo arre honen ezaugarririk nabarmenena , beharbada (15 cm-ko neurria) bere kantu ozena da, eta batez ere, kantatzen duen bitartean egiten duen hegaldi berezia.

Zuhaitz edo zuhaizka baten gainetik, normalean isolatuta, uda txirtak goranzko hegalaldi txiki bat hasten du, “piuak” botatzen dituen bitartean, jaitsieran ere berdin egiten du, kantu bereizgarri batekin amaituz: “sii-er, sii-er, sii-er, edo “chiu-chiu-chiu”. Jaitsiera hori hegaldi planeatu batean egiten du, eta poliki-poliki erortzen uzten da, ibilbide zeiharra eginez, hegalak erdi irekita eta buztana zabalduta, erortzeko abiadura arintzeko. Azkenik, zuhaizka baten puntan edo zuzenean lurrean pausatzen da.

Erakargarri kantua “tzii” nahiko luze bat da, kantu honek txoria identifikatzen ere laguntzen du.

Lumajea eta itxura, oro ar, negu txirtaren (Anthus pratensis) oso antzekoa du, hemen ez du habiarik egiten, baina negu garaian nahas daiteke. Tonu arreak ditu gainetik, beltzez nabarmenki marratua, ipurtxuntxurrean izan ezik; begiaren gainean, bekain zuri-horixka bat. Azpitik argiagoa da, krema edo okre-antzeko tonukoa eta marra arre-ilunak ditu bularrean eta alboetan. Buztan arrea ertz zuriekin. Hanka argiak, tonu horixkakoak edo haragi kolorekoak. Negu txirtaren hankak ilunak izaten dira, eta bularrean hondo kolorea eta alboak zertxobait zuriagoak, ez hain okre-antzekoak.

Uda txirta, txori intsektujalea da, bere janaria normalean lurrean bilatzen duena, ohikoa da zuhaitz gutxiko landazabaletan, basoen ertzetan, zuhaitz sakabanatuak dituzten hegaletan eta, oro har, zuhaitz edo zuhaizka batzuekin dauden era guztietako eremu irekietan.

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hazketa garaia maiatzaren erdialdean hasten da espezie honentzat eta txitaldi bat edo bi egiten dituzte.

Habia lurrean egiten dute, eremu irekietan, normalean zuhaitz edo zuhaizkaren batetik gertu. Belar finez egiten du eta oinarria goroldioz estalita. Errunaldian, normalean, 4-6 arrautza egiten dituzte, oro har ilunak, tonalitate oso aldakorreko tanto edo orbanekin. Errunaldia amaitu ondoren, 12-14 egunez txitatzen du emeak.

Txitak 23 egun ematen dituzte habian, eta beste bizpahiru egun inguruan mugitzen dira hegan egin dezaketen arte.

Udako espezie bat da, negualdia Sahararen hegoaldean igarotzen dute, Afrika tropikalean. Eremu horretaraino migrazio bidaia irailean eta urrian egiten dute.

Banaketa, habitata eta estatusa.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uda txirtaren ugalketa eremua Europako klima boreal eta epeleko eremuetan hedatzen da eta Asiako mendebaldean, Europan Mediterraneoko zenbait toki hartzen ditu, baina beti habitat menditarrak. Ohikoa da Iberia iparraldeko zerrenda heze osoan eta batzuk erdi aldeko mendietaraino jaisten dira.

Espezie honek Euskal herrian duen banaketak argi eta garbi adierazten du eremu epel eta hezeak nahiago dituela. Oso ohikoa da isurialde kantauriar osoan, itsas mailatik mendietaraino, Arabako zati handi batean ere ohikoa da, baina eskualde idorrenetan ez dira ikusten edo leku horietan hezegune eta ibar hezeetan edo mendi garaietan. Ebroko bailara osoan falta da, Mediterraneoko baldintzak aurkituko ditu.

Belar estalkia duten eremu irekiak eta zuhaitzak edo zuhaizka handiak dituzten lurretan ezartzen den espeziea da. Beraz, oso ondo doakio Kantauriko landazabala bezalako pasaia mota, belardiak, larreak eta zuhaiztiak tartekatzen dira, zuhaitz sakabanatuak eta heskai altuak. Basoen ertzak eta soilguneak ere gustatzen zaizkio.[3]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BirdLife International (2008). Anthus trivialis. IUCN 2008. IUCN Red List of Threatened Species
  2. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E.. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 102 or. ISBN 84-87114-09-1..
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 178 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]