Uda txiki

Wikipedia, Entziklopedia askea
Altweibersommer Alemanian, 2006an

Uda txikia, Hego Euskal Herrian San Martinetako uda txiki edo San Martin hegoak ere deitua, mendebaldeko Europako herrialdeetan eguraldia ustez berotu ohi duen denboraldi laburra da, gehienetan azaroaren 11 inguruan, San Martinetan, izaten dena.[1] Bero-bolada hau singulartasun moduan hartzen dute.

Fenomeno honi esker, Euskal Herrian 20-25 °C-ko tenperaturak ohikoak dira azaroaren hasieran, hau da, bataz bestekoa baino 5-10 gradu gehiago.

Indiar uda ez da nahastu behar aldi berean hostoen kolore-aldaketarekin.

Ipar hemisferioko herrialde gehienetan gertatzen da baina latitude eta altueraren arabera denboraldiz aldatzen da baina beti udazkenean. Iberiar penintsulan San Migeleko uda txikia (gaztelaniaz: Veranillo de San Miguel) ere deitzen diote, hain zuzen ere santu horren omenezko irailaren 29 inguruan.

Ipar hemisferioko izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan indiar uda (ingelesez: indian summer) diote[2], baina ez dago izenaren jatorriari buruzko azalpen zehatzik. Edonola ere, "San Martineko uda txiki" ere erabiltzen dute. Kanadan eta Frantzian antzeko egoera dago: l'été indien edo l'été de la Saint-Martin diote. Italian, Portugalen edo Galizian "San Martineko uda txiki" da erabiltzen duten esamoldea: estate di San Martino, verão de São Martinho eta veraninho de San Martinho hurrenez hurren.

Alemanian eta Austrian, berriz, beste esamolde bat erabiltzen dute: "atsoen uda" (alemanez: Altweibersommer). Eslaviar herrialdeetan ere antzeko izenak ditu: Errusian (Бабье лето), Polonian (babie lato), Kroazian (bablje ljeto) edo Hungarian (vénasszonyok nyara).

Txinan, denboraldi honek "tigrearen udazkena" (txinera tradizionalez: 秋老虎; pinyinez: qiū lǎohǔ) du izena. Liqiu edo udazkenaren hasiera (txinatar egutegiaren arabera, abuztuaren 7 edo 8) eta gero gertatzen ohi da baina hegoaldeko eskualdeetan urri edo azaroraino zabaltzen da.

Hego hemisferioko baliokideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego hemisferioan antzeko fenomeno gertatzen da neguaren hasieran. Hori dela eta, "San Joaneseko uda txiki" diote (gaztelaniaz: veranito de San Juan), Joan Bataiatzailearen eguna inguruan delako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltermen definizioa
  2. Deedler, William. (1996). Just What Is Indian Summer And Did Indians Really Have Anything To Do With It?. National Weather Service Detroit office.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]